Joanes Uharte Donibanekoa

Wikipedia(e)tik
Juan Uharte» orritik birbideratua)
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu

Joanes Uharte Donibanekoa[1] —nazioartean Juan Huarte izen-deiturez ezaguna[2]— (Donibane Garazi, Nafarroa Behere 1530 - Linares, Jaen, Espainia, 1588) mediku eta filosofoa izan zen. Espainian ikasi zuen, Huescako eta Alcala de Henaresko unibertsitateetan, Giza Zientziak eta Medikuntza hurrenez hurren.

Juan Huarte de San Juan

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oso gazte zela, Espainia aldera jo zuen bere familiak, eta Andaluziako Baezan (Jaen) hartu zuen bizilekua. 1530. urtean egin zion uko Karlos I.a Espainiakoa erregeak Nafarroa Behereari, Fernando Katolikoa Nafarroaz jabetu ondoren (1512), eta, Gaztelako erregearen zerbitzariak zirelako edo, utzi egin behar izan zuten lurralde hura uhartetarrek.

Joanes Uharte Donibanekoak Arte eta Filosofiako ikasketak egin zituen Huescako Unibertsitatean, eta Medikuntzako ikasketak Alcalako Unibertsitatean. Medikua izan zen lanbidez, baina filosofoa izatez. Eskolastikako filosofian ikasia zen arren, etikako eta metafisikako alorretatik aldendu eta naturari buruzko gogoetak egin zituen, filosofia berri baten ildoan.

Idazlan nagusia: Zientzietarako argimenen azterketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1575ean Baezan (Jaen) eman zuen argitara lehenengo aldiz Examen de ingenios para las ciencias (gaztelaniaz idatzia; euskaraz Zientzietarako argimenen azterketa Xabier Kintanaren itzulpena, 1996), Uharteren lan nagusia, handik aurrera argitalpen eta itzulpen ugari izan zuen obra. Psikologia, neurologia, pedagogia, antropologia, patologia eta soziologia arloak jorratzen ditu. Idazlanak arrakasta eta oihartzun handia lortu zuen, eta XVI. mendea amaitu baino lehen Espainian lau aldiz berrargitaratu behar izan zuten, besteak beste Iruñean 1578an. Halaber, hainbat hizkuntzatara itzuli zuten, besteak beste latinera, frantsesera, italierara, ingelesera eta alemanierara.

Kordobako eta Madrilgo Inkisizioaren auzitegiaren aurrean salatua izan zen 1579. urtean, eta Inkisizioak debekaturiko liburuen zerrendan zegoen lau urte geroago. Liburuari zuzenketak egin ziezazkiola agindu zion Inkisizioak, eta agindua bete zuen arren (1594. urtean, Uharte hil ondoan, eman zen ezagutzera bigarren bertsioa), Vatikanoko II. Kontzilioa arte ez zen zentsuraren atzaparretatik libre egon. Debekuak gora-behera, liburuak eragin handia izan zuen hainbat idazlerengan; abidibidez Miguel de Cervantesek Kixotea idazteko inspirazio iturri izan zuen.

Examen de ingenios para las sciencias obra psikologia modernoaren korronte fisiologiko eta esperimentalaren aitzindaritzat hartzen da gaur egun.

Kaleak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Joanes Uharte Donibanekoa: Zientzietarako argimenen azterketa (Xabier Kintanaren itzulpena, 1996).
  2. «Berriz ere Kintanari segituz Joanes Uharte Donibanekoa gomendatzen dugu; nazioartean Juan Huarte erabiltzen da.»
    Irati ICIAR eta Jaione AGIRRE: «Euskal forma onomastiko baten proposamena pertsona izen historikoen azterketan oinarrituta», Euskalgintza XXI. mendeari buruz, Euskaltzaindiaren Nazioarteko XV. Biltzarra.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]