Edukira joan

Juan del Olmo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Juan del Olmo
epaile

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakJuan del Olmo Gálvez
JaiotzaMurtzia1958ko uztailaren 7a (66 urte)
Herrialdea Espainia
Hezkuntza
HeziketaMurtziako Unibertsitatea
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakepailea

Juan del Olmo Gálvez (Murtzia, 1958ko uztailaren 7a) Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailea da.

Murtziako unibertsitatean zuzenbidean lizentziaturik, Bizkaian hasi zuen ibilbide profesionala. Izan ere, Durangoko Lehen Instantziako Epaitegian 1986 eta 1989 bitartean aritu zen. Gari horretan, auto istripu batek herren samar utzi zuen. 1989ko hastapenean Ciezara (Murtzia) joan zen, hango Lehen Instantziako Epaitegira. Urte horren amaieran, Murtziako Penaleko 3. Epaitegira mugitu zen. Hor, magistratu mailara iritsi zen.

Auzitegi Nazionalean 1998ko uztailaren 28an iritsi zen lehen aldiz, Botere Judizialaren Kontseilu Orokorrak Javier Gomez de Liaño epailea ordezkatzeko hautatu zuenean. 1999ko urrian berriro Murtziara itzuli zen. 2000ko ekainean Auzitegi Nazionalera bueltatu zen, horko horretan Manuel Garcia Castellon epailea ordezkatzera. Urtebete geroago, Botere Judizialaren Kontseilu Orokorrak Auzitegi Nazionalean epaile titular izendatu zuen.

Egunkariaren auzia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2003ko otsailaren 20an, Juan del Olmok Euskaldunon Egunkaria —euskara hutsean argitaratzen zen egunkari bakarra— itxiarazi zuen, ETAren tresna izatea leporatuta, eta Egunkarian zuzendaritzako kide edo arduradun ziren hamar lagun atxiloarazi, ETAri loturik izatea egotzita.[1] Erabaki horiek neurrigabetzat eta eskubideen zapalketatzat jotzen zituen ahots ugari agertu zen Euskal Herrian —bereziki (baina ez soilik) eusko abertzaleen aldetik—[2][3][4][5][6] eta nazioartean.[7][8][9] Euskal Herrian, protestak, diru bilketak, manifestazioak... antolatu ziren, eta laster sortu zen Berria, Egunkaria ordezkatu zuena. Euskal Herrian nahiz nazioartean, askok eta askok[10] (baita PSOEk berak ere)[11] eskatu zuten auzi hori lehenbailehen erabaki zedin, adierazpen askatasuna ez urratzearren, baina epaia ez zen iritsiko zazpi urte igaro arte. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko epaimahaiak 2010ean plazaratutako epaiarekin jakingo zen Del Olmok agindutako neurriak —Egunkaria ixteko eta hamar lagun horiek atxilotzeko neurriak— inolako oinarririk gabekoak zirela, eta ETArekin loturarik ez zutela ez egunkariak, ez egunkariaren arduradunek.[12]

Martxoaren 11ko atentatua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Juan del Olmok Madrilgo 2004ko martxoaren 11ko atentatuak ikertu behar izan ditu. Bere lanak kritika ugari eragin du, batik bat Espainiako eskuinaren aldetik, hainbat ikerbide ez jorratzeagatik.

El Jueves aldizkariaren auzia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiako Estatuko fiskal orokorrak eskatuta, 2007ko uztailaren 20an El Jueves umorezko aldizkariaren aleak kioskoetatik bahitu zituen, azalean Asturiasko Printzea eta Printzesa biluzik eta sexu harremanak izaten ari zirela ageri baitziren. Koroa iraintzea eta haren izen ona kaltetzea leporatu zion aldizkari horri Fernando Grande Marlaskak, Del Olmoren ordezkoak.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «El juez Del Olmo cierra el periódico 'Egunkaria' por ser "instrumento" de ETA», El País, 2003-02-21.
  2. (Katalanez) (Gaztelaniaz) «Dues visions d'una manifestació contra el tancament d'Egunkaria», Contrastant, 2003-02-29.
  3. «Los nacionalistas vascos responden a la clausura con indignación», El País, 2003-02-21.
  4. (Gaztelaniaz) Terra fundazioa eta EFE agentzia: «Reacciones por el cierre del diario Egunkaria», 2003-02-20.
  5. Miguel Ángel BARROSO: «Mikel Buesa-Gorka Landaburu: La manifestación de las víctimas, a debate», ABC, 2005-06-03.
  6. Teresa AGIRREAZALDEGI eta Txema RAMIREZ DE LA PISCINA (2008): «Diario Euskaldunon Egunkaria: Testigo y actor de la cultura vasca», Komunikazio ikasketen aldizkaria, 26. zenbakia, 2009, 185-209. orrialdeak.
  7. Mugarik Gabeko Berriemaileak: «Reporteros Sin Fronteras pide explicaciones sobre el cierre del periódico vasco Euskaldunon Egunkaria», Mugarik Gabeko Berriemaileak, 2003-02-20.
  8. Egunkariaren aldeko Madrilgo plataformako atxikimenduak.
  9. (Gaztelaniaz) «Exdirector de Egunkaria denuncia la situación de encarcelamiento que aún vive el consejero delegado del periódico clausurado por justicia», Noticiasdot.com, 2004-05-21.
  10. Amnesty International: «España: Debe investigarse sin demora el cierre de un periódico vasco»[Betiko hautsitako esteka], Amnesty International, 2003-02-25.
  11. EFE agentzia: «El PSOE espera que el periódico vuelva a editarse lo antes posible: pide 'rapidez' para esclarecer la relación con ETA», El Mundo, 2003-02-21.
  12. (Gaztelaniaz) Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko epaimahaia: 27/2010 Epaia, 2010-04-12.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]