Judaismo

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Argimutilak, etrog kutxa, xofarra, Tora erakuslea, Tanakha, natla (eskuak garbitzeko pitxerra).

Judaismoa erlijio abrahamdarra, monoteista eta etnikoa da, juduen zibilizazioak eta tradizio erlijioso, kultural eta legalak osatzen dutena.[1][2][3] Jatorria erlijio antolatu gisa Ekialde Hurbilean dauka, Brontze Aroan.[4] Hainbat adituren arabera judaismo modernoa yahvismotik garatu zen, K.a. 500 urte inguruan, antzinako Israel eta Judeako Erresumetako erlijioa zenetik, eta horregatik bizirik dauden erlijio monoteistatatik zaharrena dela iritzi ohi da.[5] Judaismoaren doktrina, profezia eta historian oinarritzen dira beste erlijio abrahamdar guztiak, adibidez kristautasuna eta islama.[6][7] Judu fededunek judaismoa Jainkoak israeldarrekin, beren arbasoekin, ezarri zuen itunaren adierazpentzat jotzen dute.[8]

Tora (hebreeraz: תורה‎, «legea» edo «irakaskuntza»[9]) judaismoaren liburu fundatzailea da eta Tanakh deritzonaren zati bat osatzen du. Adituek Hebrear Biblia izena erabili ohi dute Tanakha izendatzeko. Idatzizko Toraz gain, ahozko tradizioa ere garrantzitsutzat jotzen dute juduek, esaterako, midrax (Tanakhari egindako iruzkinak) eta Talmuda. Hebreerazko Tora izenak hainbat esanahi izan ditzake, nahiz eta berez Moisesen bost liburuak, hau da, Tanakharen lehen zatia, izendatzeko erabiltzen den. Horregatik, batzuetan ahozko tradizioari «Ahozko Tora» esaten zaio.

Judaismoaren baitan erlijio-mugimendu ugari daude, horietako gehienak judaismo errabinikotik datozelarik.[3][10] Judaismo errabinikoaren arabera, Jainkoak legeak eta mandamenduak Sinai mendian eman zizkion Moisesi, Tora Idatzia eta Ahozko Tora gisa.[11] Historikoki, hainbat taldek zalantzan jarri dute baieztapen hau, esaterako saduzearrek eta judaismo helenistikoak Bigarren Tenpluaren (edo Herodesen Tenpluaren) garaian;[3][12] judu karaitek;[13] eta gaur egungo denominazio ez-ortodoxo batzuek.[13] Horrez gain, judaismo modernoaren adar batzuk, esaterako, judaismo humanistikoa, laikoak edo ez teistak dira.[14][15] Gaur egungo judaismoaren mugimendu handienak judaismo ortodoxoa (haredi eta judaismo moderno ortodoxoa), judaismo kontserbadorea eta judaismo erreformista dira. Hauen arteko desberdintasun iturri nagusiak halakha (lege judua), tradizio errabinikoaren autoritatea eta Israelgo Estatuari ematen dioten garrantzia dira.[16][17][18] Judaismo ortodoxoak berresten du Tora eta halakha jainkotiarrak, betierekoak eta aldaezinak direla jatorriz eta erabat jarraitu behar direla. Judaismo kontserbadore eta erreformistak ikuspuntu liberalago bat bultzatzen dute, nahiz eta judaismo kontserbadoreak oro har ikuspuntu tradizionalagoa daukan. Orokorrean, erreformisten iritzia da halakha jarraibide bat besterik ez dela eta ez debekuen eta betebeharren sorta bat.[19]

Juduak talde etnoerlijiosoa dira. 2019an, munduan 14,7 milioi judu zeudela kalkulatzen da, hau da, munduko biztanleriaren %0,19.[20] Horietatik gehienak Israelen eta Estatu Batuetan bizi dira.[21]

Etimologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

«Eleazarren heriotza», Gustave Doré (1866). Makabearren matxinadako irudia.

Judaismo terminoa latineko iudaismus hitzetik dator, eta hau antzinako grezierako Ἰουδαϊσμός (ioudaismos; ἰουδαΐζειν aditzetik, «judearren alde jartzea edo haiek imitatzea»)[22] hitzetik. Funtsezko oinarria hebreera klasikoko יהודה (yehudah, «Judea») hitzetik dator,[23] eta bertatik dator, baita ere, hebreeraz judaismoa izendatzeko hitza: יַהֲדוּת (yahadut). Ἰουδαϊσμός terminoa koinez idatzitako Makabearren II. liburuan agertzen da lehen aldiz, K.a. II. mendean, eta bere antonimoaren itxura dauka, Ἑλληνισμός (hellenismos) hitzarena, hain zuzen ere. Hellenismos hitzak jendeak arau kultural helenistikoei men egitea adierazten zuen. Iudaismos eta hellenismos-en arteko gatazka Makabearren matxinadaren arrazoia izan zen, eta ondorioz iudaismos hitza sortu zen.[24]

Shaye J. D. Cohen-ek zera idatzi zuen The Beginnings of Jewishness liburuan:

Tentatuta gaude, jakina, [Ioudaïsmós] «judaismo» moduan itzultzeko, baina itzulpen hau hertsiegia da, zeren eta terminoaren lehen jazoeran, Ioudaïsmós oraindik ez zen erlijioaren izendapenera mugatu. Aitzitik, «judearrak judear (edo juduak judu) egiten dituzten ezaugarri guzti horien osotasuna» esan nahi du. Ezaugarri hauen artean, noski, gaur «erlijiozko» izendatuko genituen praktika eta sinesmenak daude, baina praktika eta sinesmen hauek ez dute terminoaren eduki osoa kontuan hartzen. Beraz, Ioudaïsmós ez litzateke «judaismo» moduan itzuli behar, baizik eta judeartasun moduan.[25]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Juduen historia»

Erlijio-testuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alepoko Kodexa, X. mendean Tiberiaden idatzitako Tanakh bat.

Hauek dira judaismoaren testu nagusiak:

Lege-literatura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Halakha»

Tradizioaren eta halakharen oinarria Tora da. Tradizio errabinikoaren arabera, Toran 613 mandamendu daude. Hauetako batzuk gizonezkoei edo emakumezkoei bakarrik zuzenduta daude, beste batzuk antzinako apaiz-taldeei (Kohanim eta Leviim) bakarrik, eta beste batzuk Israelgo Lurraldeko nekazariei. Mandamendu horietako asko Jerusalemen Tenplua zegoenean bakarrik bete zitezkeen eta, ondorioz, gaur egun 369 soilik aplika daitezke.[26]

Mendeetan zehar, Tora ahozko tradizioarekin batera transmititzen zen testu gisa soilik erabiltzen zen. Ahozko irakasketak ahaztu egingo zirelakoan, Judah ha-Nasi errabinoa askotariko iritziak idazten hasi zen lege multzo batean, ondoren Mixna izenaz ezagutuko zena.[27]

Mixna 63 tratatuz dago osatua, halakha kodetzen dutenak eta Talmudaren oinarria direnak. Abraham ben Daviden iritziz, Mixna Judah ha-Nasi errabinoak bildu zuen Jerusalemen suntsiketaren ondoren, 189. urtean (anno mundi 3949).[28]

Tora idatzian hainbat hitz zehaztugabeak daude eta hainbat prozedura azalpen edo argibiderik gabe aipatzen dira. Honelako fenomenoak, batzuetan, Tora idatzia ahozkoarekin batera transmititua izan denaren ikuspuntua balioztatzeko erabili izan dira, irakurleak beste iturri batzuk, hau da, ahozko iturriak, ezagutzen dituenaren suposizioa argituz.[29]

Filosofia judua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maimonidesen estatua, Kordoban.

Filosofia judua filosofiaren eta teologia judua elkarrekin aztertzean datza. Judu filosofo garrantzitsu batzuk Filon Alexandriakoa, Salomon ben Gabirol, Saadia Gaon, Yehuda Halevi, Maimonides eta Gersonides dira. Ilustrazioari erantzunez, aldaketa handiak gertatu ziren XVIII-XIX. mendeetan zehar eta post-Ilustrazioko filosofo juduak deritzenak agertu ziren. Filosofia judu modernoa ortodoxiaren adarretik zein ez-ortodoxiaren adarretik jorratzen da. Filosofo judu ortodoxoen artean Eliyahu Eliezer Dessler, Joseph Soloveitchik eta Yitzchok Hutner daude. Filosofo ez-ortodoxoen artean, aldiz, Martin Buber, Franz Rosenzweig, Mordecai Kaplan, Abraham Joshua Heschel, Will Herberg eta Emmanuel Levinas aurki ditzakegu.

Hermeneutika errabinikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Batez ere judu ortodoxoek, baina beste batzuek ere, ez dute sinesten emandako Tora idatzitako edukiez bakarrik osatuta dagoenik, baina baita haren interpretazioez ere. Toraren ikasketa (zentzu zabalenean ulertuta, poesia, narratiba eta legea eta baita Hebrear Biblia eta Talmuda ere biltzen dituena) garrantzi handia duen ekintza sakratua da judaismoan. Mixna eta Talmudeko jakintsuentzat eta beren gaur eguneko ondorengoentzat, Tora ikastea ez da Jainkoaren errebelazioaren edukia ikasteko era soilik, baizik eta helburua bera. Talmudaren arabera:

Gauza hauengatik pertsonak dibidenduak gozatzen ditu mundu honetan, eta etorriko den munduan geratzen da garrantzitsuena; hauek dira: gurasoak ohoratzea, adeitasunezko ekintzak maitatzea, eta bakeak egitea pertsona baten eta beste baten artean. Baina Tora ikastea guzti horien parekoa da. (Talmud Shabbat 127a).

Judaismoan, Tora ikastea Jainkoa sentitzeko modua izan daiteke, batzuen arabera[30]. Amoraim eta Tanaim jakintsuen ekarpenari buruz hausnartuz, Jacob Neusner katedradunak zera esan zuen:

Errabinoaren ikerketa logiko eta arrazionala ez datza neurriz gaineko argudio ahulak erabiltze hutsean. Huskerietan Jainkoaren borondatearen oinarrizko printzipioak aurkitzeko eta ohikeriazko munduan ekintza espezifiko eta konkretuenak bideratu eta donesteko ahalegin seriosa eta funtsezkoa da. Hona hemen judaismo talmudikoaren misterioa: adimena ez dela fedegabetasunaren instrumentua, baizik eta santutzearen instrumentua denaren konbikzio arrotz eta lausoa.[3]

Tora Idatziaren eta Ahozko Toraren ikasketa, batak bestea kontuan izanik, beraz, Jainkoaren izena nola ikasi ikastea da. Toraren ikasketan, jakintsuek hainbat printzipio logiko eta hermeneutiko formulatu eta jarraitu zituzten. David Stern-en arabera, hermeneutika errabiniko guztiak bi axioma basikotan oinarritzen dira:

Lehendabizi, Eskrituraren oro-esanguran sinesmena, bere hitz, letra, eta baita (txosten famatu baten arabera) eskriben errubriken adierazkortasunean ere; bigarren, Eskrituraren batasun esentziala, borondate jainkotiarraren adierazpena dena.[13]

Bi printzipio hauek interpretazio aniztasun handia ahalbidetzen dute. Talmudaren arabera:

Bertset bakoitzak hainbat esanahi ditu, baina ez daude bi bertset esanahi berarekin. R. Ishmaelen eskolan zera erakutsi zen: "Nire hitza sua bezala da, harkaitza txikitzen duen mailua bezala. Hala diot nik, Jaunak" (Jeremias 23:29). Mailuak harkaitza kolpatzean txinparta asko sortzen dituen moduan, bertset batek esanahi asko izan ditzake (Talmud Sanhedrin 34a).

Judu praktikanteek, beraz, Tora dinamikotzat jotzen dute, bere barnean interpretazio ugari dituelako.[3][13][31][32]

Tradizio errabinikoaren arabera, Tora idatziaren baliozko interpretazio guztiak ahoz eman zitzaizkion Mosesi Sinai mendian, eta irakasleek ikasleei transmititu zizkieten denboran zehar. Errabino ezberdinek interpretazio kontraesankorrak igortzen zituztenean, batzuetan printzipio hermeneutikoetara jotzen zuten beren argudioak legitimatzeko; errabino batzuek baieztatu zuten printzipio hauek berak Jainkoak ezagutarazi zizkiola Moisesi Sinain.[13]

Hillel-ek zazpi printzipio hermeneutiko ezagutarazi zituen, legeen interpretazioan maiz erabiltzen zirenak (Sifra hasierako baraitan dioenez, Sifra Lebitarren liburuaren midrax halakhikoa izanik); Rabbi Ishmaelek, berriz, hamahiru (Hillelek esandakoaren hedapena da hau).[32][33] Eliezer ben Jose ha-Gelilik 32 zerrendatu zituen, nagusiki Toraren elementu narratiboen exegesirako erabiliak. Talmudean eta Midraxean sakabanatutako arau hermeneutiko guztiak Malbim-ek jaso zituen Ayyelet ha-Shachar-en, berak Sifrari egindako iruzkinen sarreran. hala ere, Rabbi Ishmaelen 13 printzipioak dira, agian, gehien ezagutzen direnak; logikari, hermeneutikari eta jurisprudentziari egindako ekarpen garrantzitsua osatzen dute, judaismoan izandako lehenetako bat.[31][32][33] Judah Hadassik Ishmaelen printzipioak judaismo karaitara txertatu zituen XII. mendean.[32] Gaur egun, Ishmaelen 13 printzipioak juduen otoitz-liburuetan agertzen dira eta judu praktikanteek egunero irakurtzen dituzte.[34][35][36]

Fedearen oinarriak eta ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kennicott Biblia,1476eko Tanakh bat, Coruñan idatzitakoa.[37]

Antzinako Ekialde Hurbileko beste jainko batzuek ez bezala, hebrear Jainkoa unitario eta bakarti gisa deskribatzen da. Ondorioz, hebrear Jainkoak harreman nagusiak ez ditu beste jainko batzuekin, baizik eta munduarekin eta, zehatz-mehatz, hark sortutako pertsonekin.[38] Judaismoa, hortaz, monoteismo etikoarekin hasten da, hau da, Jainkoa bat denaren eta gizateriaren ekintzekin arduratzen denaren sinesmenarekin.[39] Hebrear Bibliaren arabera, Jainkoak Abrahami hitzeman zion bere ondorengoak nazio aparta bihurtuko zituela.[40][41] Hainbat belaunaldiren ondoren, Israelgo nazioari agindu zion Jainko bakar bat maitatu eta gurtzeko; hau da, nazio juduak Jainkoari hark munduarekiko duen ardura itzuli behar diola.[42] Halaber, juduei agindu zien elkar maite zezaten, Jainkoak pertsonekiko duen maitasuna imitatuz.[43] Agindu edo manamendu hauek manamendu eta lege corpus zabal bateko bi adibide baino ez dira, horiek guztiek judaismoaren substantzia den ituna osatzen dutelarik.

Orduan, nahiz eta badagoen tradizio esoterikoa judaismoan (Kabala), Max Kadushin aditu errabinikoak judaismo normatiboa "mistizismo normal" gisa bereizi zuen, Jainkoaren eguneroko esperientzia pertsonalak dakartzalako, judu guztientzat komunak direnak.[30] Hau halakha edo lege juduaren praktikaren bidez burutzen da, eta baita Birkat Ha-Mitzvot (manamendu positibo bat egiten denean esaten den bedeinkazio motza) ahoz esatearen bidez ere.

Bizi ditugun eguneroko gauza eta gertaera arrunt eta ohikoak Jainkoa sentitzeko aukerak dira. Eguneroko elikagaiak izatea eta eguna bera Jainkoaren maitasun-adeitasunaren seinaletzat jotzen dira, berakhot edo bedeinkazioak eskatzen dituena. Kedushah, saindutasuna, Jainkoaren imitazioa baino ez dena, eguneroko jokabidearekin arduratzen da, adeitsua eta errukitsua izatearekin, eta norbera idolatriatik, adulteriotik eta odola isurtzearen profanaziotik urrun egotearekin. Birkat Ha-Mitzvot esatean erritu errabiniko bat saindua denaren kontzientzia sorrarazten da, baina erritu hauetan erabiltzen diren objektu gehienak ez dira sainduak, izaera orokorrekoak baizik [...]. Eta gauza eta gertaera arruntak ez dira Jainkoaren esperientzia ekartzen duten bakarrak. Norbaiti gertatzen zaion edozerk sorrarazten du esperientzia hori, izan gaiztoa zein ona, berakha gauza gaiztoak gertatzean ere esaten baita. Horregatik, nahiz eta Jainkoaren esperientzia beste ezeren modukoa ez izan, Hura sentitzeko aukerak, Hurarekiko kontzientzia izatea, askotarikoak dira, berakha eskatzen dutenak bakarrik kontuan hartzen baditugu ere.[30]

Filosofo juduek askotan eztabaidatzen dute ea Jainkoa immanentea edo haraindikoa den, eta ea pertsonek erabakimena duten edo haien bizitzak jada zehaztuta dauden, baina halakha sistema bat da, zeinaren bidez edozein juduk Jainkoa mundura ekartzeko jarduten duen.

Monoteismo etikoa funtsezkoa da judaismoko testu sakratu eta normatibo guztietan. Haatik, monoteismoa ez da beti praktikatua izan. Hebrear Bibliak antzinako Israelen beste jainkoei egiten zitzaien gurtza hedatuaren berri ematen du eta kondenatu egiten du.[44] Greziar-erromatar garaian, monoteismoaren interpretazio ugari zeuden judaismoaren baitan, kristautasunari hasiera eman ziotenak barne.[45]

Bestalde, batzuek argudiatu dute judaismoa kredorik gabeko erlijioa dela eta ez dela beharrezkoa Jainkoarengan sinestea.[46][47] Beste batzuentzat, halakha jarraitzea garrantzitsuagoa da per se Jainkoarengan sinestea baino.[48] Gaur egungo garaian, mugimendu judu liberal batzuek ez dute onartzen historian aktibo egon den jainko pertsonifikatu baten existentzia. Bai historialariek bai judu erlijiosoek eztabaidatu dute benetako judaismo edo judaismo normatibo baten existentziaren inguruan.[49]

Oinarrizko printzipioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sinesmena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tora irekia sinagogan.

Jainko sortzaile batengan sinesten dute, espirituala eta hilezkorra dena. Egun batean Jainkoak Mesias bat bidaliko dutela sinesten dute, pertsona hori Daviden tribuko ondorengoa izango da. Une horretatik aurrera guztiak bakean eta Gogaidetasunean biziko garela uste dute, Jainko bakarrarengandik lotuta.

Hamar Aginduak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Hamar Aginduak»
  1. Jainkoa maitatuko duzu gainontzeko guztiaren gainetik.
  2. Ez duzu Jainkoaren Izena alferrik erabiliko.
  3. Jaiegunak santuetsiko dituzu.
  4. Aita eta ama ohoratuko dituzu.
  5. Ez duzu hilko.
  6. Ez duzu ekintza lizunik egingo.
  7. Ez duzu lapurtuko.
  8. Ez duzu testigantza faltsurik egingo, ezta gezurrik esango.
  9. Ez duzu pentsamendu edo ekintza lizunik onartuko.
  10. Ez dituzu besteren ondasunak desiratuko.

Betebeharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Judu talde eta gizabanako guztiek ez dituzte otoitz egiteko ohitura eta maiztasun berberak, baina egunean hiru aldiz egiten dute otoitz:
    • Goizean (shaharit).
    • Arratsean (minja).
    • Gauean (maariv).
  • Mezuza (otoitz kutxa) jartzen dute etxeko sarreran, horrela Jainkoa leku guztietan dagoela adierazi nahirik.
  • Jainkoarenganako errespetua adierazteko, burua estaltzen dute otoitz egitean.
  • Bedeinkazio asko egiten dituzte.
  • Juduek ez dute zenbait animaliaren okelarik jaten.
  • Ezin dituzte haragia eta esnea batera jan.

Ohiturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kippa eta zazpi besoko menorah.
  • Brit milah: ume juduentzat oso zeremonia garrantzitsua da eta umeak zortzi egun dituenean ospatzen da. Abrahamen ituna deitzen zaio; izan ere, erdainkuntza Jainkoarekin ituna egiten delako seinalea da. Judu bihurtzen diren gizonek ere erdaindu behar dute.
  • Bar Mitzvah: zeremonia bat da, manamenduaren semea esan nahi duena. Heldutasun erlijiosora eta juridikora iritsi dela esan nahi du eta egoera hartara iristen dira 13 urte eta egun bat betetzen dutenean.
  • Kippa edo yarmulke (gizonen burukoa): judu ortodoxoen iritziz, burua estaltzea leialtasun eta tradizio juduaren seinalea da. Tanakh-ak ez du horri buruz ezer esaten, baina Talmud-ak, berriz, ohitura dela dio. Janztea ala ez janztea aukeran dago.

Jaiegunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sabbat edo Shabbat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sabbatean, judu astearen zazpigarren egunean, sinagogara joaten dira Tora irakurtzera eta otoitz egitera.

Shalosh Regalim[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Pesakh: Pazko juduaren jaia da. Juduak egiptoarrengandik askatuak izan zirela ospatzen da. Festa handiena eta zaharrena da juduentzat. Nisan hilabetearen 14an ospatzen da, oro har, martxoaren bukaeran edo apirilaren hasieran. Familia juduak Seder-a edo afaria egiteko elkartzen dira. Hurrengo zazpi egunetan zehar ez dute inolako legamiarik jaten.
  • Xavuot.
  • Sukkot: uzta eta laborantza urtearen bukaera ospatzen da festa horretan. Festa hau tishrei hilabetean izaten da.

Yamim Noraim[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Yom Kippur, Juduak sinagogan otoitzean, (Maurice Gottlieb, 1878)
  • Rosh Hashana.
  • Yom Kippur: egun horretan baraua eta hausnarketa nagusi dira. Penitentziazko hamar egunen hasiera da eta Rosh Hashanah-rekin hasten da, hau da, urteberri juduarekin. Egun hori tishrei hilabetean hasten da, hebrear egutegiaren arabera; egutegi gregorianoan irailean edo urrian izan ohi da.

Purim[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Purim zortearen festa da. Adar hilabetean (otsailean edo martxoan) ospatzen da. Juduak Persiatik askatuak izan zirela ospatzeko egiten da festa hau.

Hanukkah[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kislev-aren 25ean hasten den zortzi eguneko ospakizuna.

Barau egunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Tisha B'Av.
  • Tamuz-aren 17ko baraua.
  • Tevet-aren 10eko baraua.
  • Gedaliaren baraua.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) Kohler, Kaufmann. «Judaism» The Jewish Encyclopedia (Noiz kontsultatua: 2022-04-02).
  2. (Ingelesez) Jacobs, Louis. (2007). Judaism. Encyclopaedia Judaica ISBN 978-0-02-866097-4..
  3. a b c d e (Ingelesez) Schiffman, Lawrence H.. (2003). Understanding Second Temple and Rabbinic Judaism. KTAV Publishing House, Inc. ISBN 978-0-88125-813-4. (Noiz kontsultatua: 2022-04-02). Aipuaren errorea: Invalid <ref> tag; name ":0" defined multiple times with different content
  4. (Ingelesez) "History of Judaism until 164 BCE".. BBC.
  5. (Ingelesez) Religion: Three Religions, One God. PBS.
  6. (Ingelesez) Busse, Heribert. (1998). Islam, Judaism, and Christianity: Theological and Historical Affiliations. Markus Wiener Publishers ISBN 978-1-55876-144-5..
  7. (Ingelesez) Zeitlin, Irving M. (2007). The Historical Muhammad. Polity ISBN 978-0-7456-3999-4..
  8. (Ingelesez) Judaism. Berkley Center for Religion, Peace, and World Affairs..
  9. (Ingelesez) Fried, Yerachmiel. (2011-08-18). «What is Torah?» aish.com (Noiz kontsultatua: 2022-04-03).
  10. (Ingelesez) «Rabbinic Judaism» www.britannica.com (Encyclopædia Britannica) (Noiz kontsultatua: 2022-04-03).
  11. (Ingelesez) Silberberg, Naftali. What is the "Oral Torah"?. chabad.org.
  12. (Ingelesez) «Sadducee» www.britannica.com (Encyclopædia Britannica) (Noiz kontsultatua: 2022-04-03).
  13. a b c d e (Ingelesez) Kohler, Kaufmann; de Harkavy, Abraham. (1906). Karaites and Karaism. Jewish Encyclopedia (Noiz kontsultatua: 2022-04-03). Aipuaren errorea: Invalid <ref> tag; name ":1" defined multiple times with different content
  14. (Ingelesez) Ackerman, Ari. (2010). «Eliezer Schweid on the religious dimension of secular Jewish renewal» Modern Judaism (Oxford University) 30 (2): 209–228. ISSN 0276-1114. (Noiz kontsultatua: 2022-04-03).
  15. (Ingelesez) Myers, David N., ed. (2018). «Can We Excommunicate God?: April 30, 1965» The Eternal Dissident (University of California Press): 69–74. ISBN 978-0-520-29745-6. (Noiz kontsultatua: 2022-04-03).
  16. (Ingelesez) Mendes-Flohr, Paul. «Judaism» www.encyclopedia.com (Noiz kontsultatua: 2022-04-03).
  17. (Ingelesez) Ferziger, Adam S. (2009). «From Demonic Deviant to Drowning Brother: Reform Judaism in the Eyes of American Orthodoxy» Jewish Social Studies 15 (3): 56–88. doi:10.2979/jss.2009.15.3.56. ISSN 0021-6704. (Noiz kontsultatua: 2022-04-03).
  18. (Ingelesez) Cohen, Steven M; Bubis, Gerald B. (1990). The Impact of Denomination: Differences in the Israel-related Opinions of American Rabbis and Jewish Communal Workers. , 137-163 or..
  19. (Ingelesez) Lachoff, Irwin. (2019). Reform in Mid Nineteenth-Century Jewish New Orleans. Louisiana Historical, 171-198 or..
  20. (Ingelesez) World Jewish Population, 2019. jewishdatabank.org.
  21. (Ingelesez) «Jewish Population of the World» www.jewishvirtuallibrary.org (Noiz kontsultatua: 2022-04-03).
  22. (Ingelesez) Liddell, Henry George; Scott. «Ἰουδαίζω» www.perseus.tufts.edu (An Intermediate Greek-English Lexicon) (Noiz kontsultatua: 2022-04-03).
  23. «AskOxford: Judaism» web.archive.org 2008-05-31 (Noiz kontsultatua: 2022-04-03).
  24. (Ingelesez) Skarsaune, Oskar. (2002). In the Shadow of the Temple: Jewish Influences on Early Christianity. InterVarsity Press (Noiz kontsultatua: 2022-04-03).
  25. (Ingelesez) Cohen, Shaye J. D. (1999). The Beginnings of Jewishness: Boundaries, Varieties, Uncertainties. University of California Press.
  26. (Ingelesez) Danzinger, Eliezer. How Many of the Torah's Commandments Still Apply?. Chabad.org.
  27. (Ingelesez) Kantor, Máttis. (2005). Codex Judaica. Zichron Press ISBN 9780967037837..
  28. (Hebreeraz) ben David, Abraham. (1971). Seder Ha-Kabbalah Leharavad. .
  29. (Ingelesez) Student, Gil. (2001). «Proofs For The Oral Law» www.aishdas.org (Noiz kontsultatua: 2022-04-03).
  30. a b c (Ingelesez) Kadushin, Max. (1972). The Rabbinic Mind. Bloch Publishing.
  31. a b (Ingelesez) Steinsaltz, Adin. (1976). The Essential Talmud. Basic Books.
  32. a b c d (Ingelesez) Strack, Hermann. (1980). Introduction to the Midrash and Talmud. Atheneum.
  33. a b (Ingelesez) Cohen, Abraham. (1949). Everyman's Talmud. E.P. Dutton & Co..
  34. (Ingelesez) Jonathan, Sacks. (2006). The Koren Sacks Siddur: Hebrew/English Prayer Book. Harper Collins Publishers.
  35. (Ingelesez) Scherman, Nosson. (2003). The Complete Artscroll Siddur. Mesorah Publications.
  36. (Ingelesez) Zalman of Liadi, Schneur. (2003). Siddur Tehillat Hashem. Kehot Publication Society.
  37. (Ingelesez) Kennicott Bible. Facsimile Editions (Noiz kontsultatua: 2022-04-10).
  38. (Ingelesez) Sarna, Nahum M.. (1966). Understanding Genesis. Schocken Books ISBN 978-0-8052-0253-3. (Noiz kontsultatua: 2022-04-11).
  39. (Ingelesez) Neusner, Jacob; Avery-Peck, Alan. (2003-03-07). The Blackwell Companion to Judaism. Wiley ISBN 978-1-57718-059-3. (Noiz kontsultatua: 2022-04-11).
  40. (Hebreeraz) «Genesis 17:3-8» mechon-mamre.org (Noiz kontsultatua: 2022-04-11).
  41. (Hebreeraz) «Genesis 22:17-18» mechon-mamre.org (Noiz kontsultatua: 2022-04-11).
  42. (Hebreeraz) «Deuteronomy 6:5» mechon-mamre.org (Noiz kontsultatua: 2022-04-11).
  43. (Hebreeraz) «Leviticus 19:18» mechon-mamre.org (Noiz kontsultatua: 2022-04-11).
  44. (Ingelesez) Tanakh: The Holy Scriptures. JPS.
  45. (Ingelesez) Newman, Carey C.; Davila, James R.; Lewis, Gladys S.. (1999). The Jewish Roots of Christological Monotheism: Papers from the St. Andrews Conference on the Historical Origins of the Worship of Jesus. BRILL ISBN 978-90-04-11361-9. (Noiz kontsultatua: 2022-04-11).
  46. (Ingelesez) Maimens, Steven. (2013). Is There a Jewish Theology or Not?. (Noiz kontsultatua: 2022-04-11).
  47. (Ingelesez) Septimus, Daniel. «Must a Jew Believe in God?» My Jewish Learning (Noiz kontsultatua: 2022-04-11).
  48. (Ingelesez) Steinberg, Milton. (1947). Basic Judaism. New York: Harcourt Brace Jovanovich.
  49. (Ingelesez) Langton, Daniel R. (2011). Normative Judaism? Jews, Judaism and Jewish Identity. Gorgias Press ISBN 978-1-60724-161-4..

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]