Juduen historia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Judaismoaren historia» orritik birbideratua)
Juduen tradizioaren arabera, Jakob, Rembrandten koadro honetan aingeruarekin borrokan agertzen dena, Israelgo tribuen aita izan zen.

Juduen historia judu-herriaren eta beren nazio, erlijio eta kulturaren historia da. Nahiz eta judaismoa erlijio gisa lehen aldiz Greziako erregistroetan agertzen den garai helenistikoan (K.a. 323–31), eta Israelen lehenengo aipamena Merneptah-ren Estelan dagoen grabatua (K.a. 1213–1203), israeldarren istorioa kontatzen duen erlijio-literaturak K.a. 1500. urteraino atzera egiten du. Diaspora judua Asiriako gatibualdiarekin hasi zen eta neurri askoz handiagoan jarraitu zuen Babiloniako gatibualdian. Juduak Erromatar Inperio osoan zehar ere egon ziren hedatuta, baita Mediterraneoaren erdialdean eta ekialdean ere, Bizantziar Inperioaren agintepean. 638. urtean Bizantziar Inperioak Sortaldearen kontrola galdu zuen. Rasidar Kalifaldiak, Omar kalifaren ardurapean, Jerusalem eta Mesopotamia, Siria eta Egiptoko lurrak konkistatu zituen. Al-Andaluseko kultura juduaren urrezko aroa eta Europako Erdi Aroa aldi berean gertatu ziren, Iberiar penintsula ia osoa musulmanen mende zegoenean. Garai hartan, juduak orokorrean onartuak zeuden gizartean, eta juduen bizitza erlijioso, kultural eta ekonomikoa loratu egin zen. XII. eta XV. mendeen artean, askenazi juduek jazarpen izugarria jasan zuten Erdialdeko Europan, eta ondorioz Poloniara emigratu zuten masiboki.[1][2]

Otomandar Inperioaren hasieratik aro klasikoaren amaierara arte (1300–1600), juduek, inperioaren beste komunitate gehienekin batera, nolabaiteko oparotasun-maila izan zuten. XVII. mendean, populazio judu garrantzitsu ugari zeuden Mendebaldeko Europan. Pizkundean eta Ilustrazioan aldaketa nabarmenak izan ziren juduen artean. Juduak XVIII. mendean hasi ziren neurri murriztaileen aurka juduen burujabetza aldarrikatzen eta, oro har, Europako gizartean integratzearen alde borrokatzen. Mendebaldeko Europako juduei gero eta berdintasun handiagoa ematen zitzaien legearen aurrean, baina gero eta jazarpen eta lege-murrizketa handiagoak izan zituzten Kokaleku Gunean, pogrom orokortuak barne, eta bi milioi judu baino gehiagok Estatu Batuetara egin zuten ihes 1881 eta 1924 artean.[3] 1870ko eta 1880ko hamarkadetan, Europako juduak Israelera itzultzeko eta nazio judua bertan ezartzeko eztabaidatzen hasi zen. Mugimendu sionista 1897an sortu zen ofizialki. Europako eta Estatu Batuetako juduek arrakasta izan zuten zientziaren, kulturaren eta ekonomiaren alorretan. Famatuenen artean Albert Einstein zientzialaria eta Ludwig Wittgenstein filosofoa daude. Nobel Sariaren irabazle asko juduak izan dira.[4]

1933an, Adolf Hitlerrek eta naziek Alemanian boterea hartu zutenean, juduen egoera gogorragoa bihurtu zen. Krisi ekonomikoek, lege antisemitek eta gertatzear zegoen gerrarekiko beldurrak judu askok Europatik Palestinara, Estatu Batuetara eta Sobietar Batasunera ihes egitea eragin zuten. 1939an Bigarren Mundu Gerra hasi zen eta 1941 urtera arte Hitlerrek ia Europa osoa hartu zuen, Frantzia eta Polonia barne, non milioika judu bizi ziren. 1941ean, Sobietar Batasunaren inbasioaren ondoren, Azken Konponbidea hasi zen. Aurrekaririk gabeko eskala batean antolatutako operazio zabala izan zen, judu-herria suntsitzeko egina. Europa politikoan juduen jazarpena eta hilketa eragin zuen, Europaren mendeko Iparraldeko Afrika barne (Marokoko Protektoratu Frantsesa, Aljeria Frantsesa, Tunisiako Protektoratu Frantsesa eta Libia italiarra). Genozidio horri Holokaustoa edo, hebreeraz, Shoah, deitzen zaio. Sei milioi judu inguru sarraskitu zituzten. Polonian hiru milioi judu hil zituzten guztira sarraski-esparruetako gas ganberetan, eta milioi bat Auschwitzeko sarraski-esparruan soilik.

Palestinara, 1920tik Britainiar Mandatuaren mende egon zen tokira, juduen migrazio-olatu handiak joan ziren Holokaustoaren aurretik eta hura gertatzen ari zen bitartean. 1948an mandatua amaitu ondoren, David Ben-Gurionek maiatzaren 14an Eretz Israel-en Estatu judu baten ezarpena aldarrikatu zuen, Israelgo Estatua deritzona. 1948tik 1949ra lehen gerra arabiar-israeldarra gertatu zen. 1949an amaitu zen gerra, eta Israel estatua eraikitzen hasi zen, mundu osoko milaka judu bertara bizitzera joan ziren bitartean. 2020ean Israelen 9,2 milioi pertsona bizi ziren, eta horietatik 6,7 milioi juduak ziren. Juduen komunitate handienak Israelen eta Estatu Batuetan daude eta komunitate garrantzitsuak daude Frantzian, Kanadan, Argentinan, Errusian, Erresuma Batuan, Australian eta Alemanian.

Judaismoaren aroak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Juduen eta judaismoaren historia bost arotan banatu daiteke:[5]

  1. Judaismoaren aurretiko antzinako Israel, hasierako urteetatik K.a. 586. urtera arte.
  2. Judaismoaren hasiera, K.a. VI. eta V. mendeetan.
  3. Judaismo errabinikoaren sorrera, 70. urteko Bigarren Tenpluaren suntsiketaren ondoren.
  4. Judaismo errabinikoaren aroa, 312. urtean Konstantino I.a Handiaren agintean kristautasuna botere politikora igo zenetik XVIII. mendera arte, kristautasunaren hegemonia politikoaren amaierara arte.
  5. Judaismo ezberdinen garaia, Estatu Batuetako eta Frantziako Iraultzetatik gaur egunera arte.

Antzinako historia (K.a. 1500–K.a. 63)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinako israeldarrak (K.a. 586ra arte)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Israelgo Erresuma edo Samaria (urdinez) eta Judeako Erresuma (laranjaz), K.a. IX. mendean.

Hasierako juduen eta beren inguruko herrien historia Mediterraneo itsasoko ekialdeko kostaldean eta Ilgora Emankorrean kokatzen da, eta Nilo ibaiaren eta Mesopotamiaren arteko eremuan bizi zen jendearekin hasten da. Kanaaneko lurraldea Egiptok eta Babiloniak, Arabiako basamortuek eta Anatoliako goi-lautadek inguratzen zuten eta zibilizazio ezberdinen topalekua zen.

Judaismoaren eta juduen beren historiaren ikuspegi erlijioso tradizionala Hebrear Biblia zaharraren narratiban oinarritu zen. Ikuspegi honen arabera, Abraham lehen hebrearra/israeldarra/judua da, eta, beraz, bera da juduen historia hasten duena, juduen sortzaile gisa. Gero, Moisesek israeldarrak askatzen ditu antzinako Egiptotik, eta Exodoaren ondoren Israelgo nazioa jaiotzen da, hitzemandako Israelgo Lurralderantz doala. Hala ere, gaur egungo ikertzaileen kontsentsuak ikuspegi akademikoaren alde egiten du: ebidentzia arkeologikoak erakusten du Israelen nazioaren jatorri indigena Kanaanen dagoela, eta ez Egipton. Haien arabera ebidentzia hau "erabatekoa" da eta "ez du tokirik [uzten] Egiptoko Exodorako, edo Sinai gurutzatzen duen 40 urteko pelegrinaziorako".[6] Arkeologo askok Moisesen eta Exodoaren ikerketa arkeologikoa alde batera utzi dute, esanez "alferrikako jarduera" dela.[6] Ehun urteko arkeologoen eta egiptologoen ikerketek ez dute ebidentziarik aurkitu Exodoaren eta Egiptoko gatibutasunetik ihes egiteko Exodoarekin eta basamortutik egindako bidaiarekin zuzenean lotu daitezkeenak. Horregatik, proposatzen dute Burdin Aroko Israel (Israelgo eta Judeako Erresumak) Kanaanen dutela jatorria, eta ez Egipton.[7][8] Hasierako israeldar kokalekuen kultura kanaandarra da, beren gurtza-objektuak kanaandar El jainkoarenak dira, buztingintzako hondarrak kanaandar tradiziokoak dira, eta erabiltzen zuten alfabetoa kanaandarra da. Israeldar herrixkak kanaandarretatik desberdintzen dituen seinale ia bakarra txerri hezurrik ez egotea da, nahiz eta honek desberdintasun etnikoa adierazten duen ala ez oraindik eztabaidan dagoen.[9]

Ehunka urtez, Israelgo Lurraldea hamabi tribuko konfederazio batean egon zen antolatuta eta hainbat Epailek gobernatu zuten. Horren ondoren israeldar monarkia ezarri zen, K.a. 1037. urtean, Saul monarkarekin, eta gero David Erregeak eta bere semeak, Salomonek, jarraitu zuten agintean. Daviden erreinaldian, jada existitzen zen Jerusalem hiria Judea eta Israelgo Erresuma Batuko hiriburu nazional eta espirituala bihurtu zen. Salomonek Lehen Tenplua eraiki zuen Jerusalemgo Moria Mendian.[10]

Hala ere, tribuak politikoki hausten ari ziren. Salomon hiltzerakoan, gerra zibila piztu zen iparraldeko hamar tribu israeldarren eta hegoaldeko Judeako eta Benjamingo tribuen artean, K.a. 930. urtean. Horren ondorioz, nazioa bitan banatu zen, iparraldean Israelgo Erresuma eta hegoaldean Judeako Erresuma sortuz. Asiriako agintari Tiglath-Pileser III.ak Israelgo Erresuma menderatu zuen K.a. 720. urtean. Orokorrean onartuta dagoen agiri historiko batek ere ez du azaltzen tribu horien zoria, batzuetan "Israelgo hamar tribu galduak" deritzena, nahiz eta espekulazioa ugaria den.

Babiloniako gatibualdia (K.a. 587-538)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Juduen erbesteratzea eta Lehen Tenpluaren suntsiketa.

Potentzia menderatzaile berriaren aurka matxinatu eta jarraitu zion setioaren ondoren, Babiloniako armadak Judeako Erresuma konkistatu zuen K.a. 587. urtean eta Lehen Tenplua suntsitu zuten. Erresumako elitea eta bertako pertsona ugari Babiloniara atzerriratu zituzten, non beren erlijioa ohizko tenplutik kanpo garatu zen. Beste batzuek Egiptora egin zuten ihes. Jerusalem erori ondoren, Babilonia judaismoaren fokua bihurtu zen hamalau mende inguruz.[11] Babiloniako lehen komunitate judearrak Judeako Tribuaren atzerriratzearekin hasi ziren, lehendabizi Jekonias atzerriratu zutenean, K.a. 597. urtean, eta gero K.a. 586. urtean Lehen Tenplua suntsitu zutenean.[12] Babilonian hiri eta komunitate judu handienetako eta garrantzitsuenetako batzuk sortu ziren, eta bizitza juduaren erdigunea bilakatu ziren. Babiloniak bizitza juduaren gunea izaten jarraitu zuen XI. mendera arte, kultura- eta erudizio-zentraltasuna Europara mugitzen hasi zenean, judaismoaren eta juduen aurkako boladek eraginda. Oraindik judu asko geratu ziren bertan, baina zentraltasuna izan zen Europarantz hurbiltzen hasi zena.[11] XIII. mende ingurura arte jarraitu zuen juduen erdigune nagusietako bat izaten.[13]

K.o. I. mende inguruan Babilonian milioi bat judeatar inguru bizi ziren, eta K.o. 200-500 urteen bitartean bi milioi izatera iritsi zirela kalkulatzen da,[14] bai hazkuntza naturalarengatik bai Israelgo Lurraldeko juduek bertara emigratu izanagatik. Garai hartako juduen biztanleriaren seiren bat osatzen zuten.[14] Bertan idatzi zuten Babiloniako Talmuda, hebreeraz eta arameraz, antzinako Babiloniako juduek hitz egiten zituzten hizkuntzetan, hain zuzen ere.

Juduek Akademia Talmudikoak sortu zituzten Babilonian, Akademia Geonikoak izenez ere ezagunak. 500-1038 urteen bitartean juduen erudizioaren eta juduen legearen garapenaren erdigunea izan ziren Babilonian. Akademia ezagunenak Pumbedita Akademia eta Sura Akademia izan ziren. Yeshiva nagusiak Nehardea eta Mahuzan zeuden.[11]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) Mosk, Carl. (2013). Nationalism and Economic Development in Modern Eurasia. Routledge ISBN 978-0415605182..
  2. (Ingelesez) Harshav, Benjamin. (1999). The Meaning of Yiddish. Stanford University Press.
  3. (Ingelesez) Lewin, Rhoda G. (1979). Stereotype and reality in the Jewish immigrant experience in Minneapolis. .
  4. (Ingelesez) Jewish Nobel Prize Winners. .
  5. (Ingelesez) Neusner, Jacob. (1992). A Short History of Judaism: Three Meals, Three Epochs. Fortress Press ISBN 978-1-4514-1018-1. (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).
  6. a b (Ingelesez) Dever, William. (2002). What Did the Biblical Writers Know and When Did They Know It?. William B. Eerdmans Publishing Company ISBN 978-0-8028-2126-3..
  7. (Ingelesez) Naaman, Nadav; Israel Finkelstein. (1994). From Nomadism to Monarchy: Archaeological and Historical Aspects of Early Israel. Israel Exploration Society ISBN 978-1-880317-20-4..
  8. (Ingelesez) Shaw, Ian; Robert Jameson. (2002). A Dictionary of Archaeology. ISBN 978-0-631-23583-5..
  9. (Ingelesez) Killebrew, Ann E. (2005). Biblical Peoples and Ethnicity: An Archeological Study of Egyptians, Canaanites, Philistines, and Early Israel, 1300–1100 B.C.E.. Atlanta: Society of Biblical Literature ISBN 978-1-58983-097-4..
  10. (Ingelesez) Barton, George A. (1906). Temple of Solomon. Jewish Encyclopedia (Noiz kontsultatua: 2022-01-10).
  11. a b c (Ingelesez) Kantor, Máttis. (2005). Codex Judaica. ISBN 0967037832..
  12. (Hebreeraz) Vermebrand, Mordechai; Betzalel, S. Ruth. (1981). עם ישראל - תולדות 4000 שנה - מימי האבות ועד חוזה השלום. .
  13. (Ingelesez) Moore, Megan Bishop; Kelle, Brad E. (2011). Biblical History and Israel's Past: The Changing Study of the Bible and History. Wm. B. Eerdmans Publishing Co. ISBN 978-0802862600..
  14. a b (Ingelesez) Gryazel, Solomon. (1968). A History of the Jews. .

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikulu hau, osorik edo zatiren batean, ingelesezko wikipediako «Jewish history» artikulutik itzulia izan da, 2021-12-16 data duen 1060644176 bertsioa oinarritzat hartuta. Jatorrizko artikulu hori GFDL edo CC-BY-SA 3.0 lizentzien pean dago. Egileen zerrenda ikusteko, bisita ezazu jatorrizko artikuluaren historia orria.