Judith Butler

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Judith Butler
Judith Butler cropped.jpg
Bizitza
Jaiotza Cleveland1956ko otsailaren 24a
Herrialdea  Ameriketako Estatu Batuak
Hezkuntza
Heziketa Yale Unibertsitatea
Hizkuntzak ingelesa
Lanbidea
Lanbidea filosofoa, idazlea, unibertsitateko irakaslea, soziologoa, literatura kritikaria, feminista eta kazetaria
Enplegatzailea(k) Wesleyar Unibertsitatea
Kaliforniako Unibertsitatea Berkeleyn
European Graduate School
Jasotako sariak
Influentziak Michel Foucault
Mugimendua Postestrukturalismoa
IMDb nm3110693

Judith Butler (Cleveland, 1956ko otsailaren 24a - ) estatubatuar filosofo postestrukturalista da, bereziki generoari, etikari eta politikari buruzko ikerketak eta hausnarketak egin dituena. Batez ere, Gender Trouble: Feminism and the Subversion of Identity (1990) eta Bodies That Matter: On the Discursive Limits of Sex (1993) liburuek egin dute ezagun; generoaren bitasuna zalantzan jarri, eta generoaren teoria performatiboa proposatzen du

1993 urteaz geroztik, Judith Butlerrek irakaskuntzan dihardu Kaliforniako Unibertsitatean (Berkeley); Maxine Elliot Katedraduna da Literatura Konparatua Sailean eta Teoria Kritikoaren Programan. Horrez gain, Hannah Arendt Katedraduna eta filosofia-irakaslea da Suitzako European Graduate School (EGS) unibertsitatean.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Judith Butler Ohion (Cleveland) jaio zen, 1956ko otsailaren 24an.[1] Guraso baten aldetik arbaso hungariar-judutarrak ditu, eta bestearenetik, ostera, errusiar-judutarrak; izan ere, amaren amonaren familiaren zati handi bat Holokaustoan hil zen.[2] Umetan eta gaztetan hebreera-eskolak eta etika judutarrarenak jaso zituen; azken horietan izan zuen lehenengo kontaktua filosofiarekin. 1978an Filosofian lizentziatu zen Yale Unibertsitatean, eta 1984an doktoretza lortu zuen unibertsitate berean. Zenbait unibertsitatetan (Wesleyan University, George Washington University, Johns Hopkins University) irakasle jardun ondoren, 1993an Berkeley hiriko Kaliforniako Unibertsitatera iritsi zen, eta gaur egun ere han jarraitzen du lanean. 2002an, Amsterdamgo Unibertsitateak Spinoza Filosofia Irakasle izendatu zuen. Geroztik, beste izendapen batzuk ere jaso ditu hainbat unibertsitatetan.

Generoaren teoria performatiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Judith Butler bi liburuk egin dute ezagun, nagusiki, biak ere hogei hizkuntzatara baino gehiagotara itzuliak: Gender Trouble: Feminism and the Subversion of Identity (1990) eta Bodies That Matter: On the Discursive Limits of Sex (1993). Bi lan horietan, zalantzan jartzen du generoaren dikotomia eta, horrekin batera, generoaren teoria performatiboa garatzen du, subjektuaren identitatea nola eratzen den azaltzen duena. Teoria horren arabera, genero-identitatea ez da biologikoa edo naturala, ez da barne-esentzia baten adierazpena, ezpada eraikuntza sozial eta kultural bat, garaian garaiko ekintza eta jarrera estilizatuen errepikapenaren ondorio; hau da, performatibitatearen ondorio. Horrela, bada, teoria performatiboak genero-identitatearen izaera esentziala deseraikitzen du.

Teoria performatiboak arrasto sakona utzi du ikerketa akademikoan. Hainbat akademiko eta aktibista politikoren ustez, generoaren dikotomiatik erabat aldendu eta generoaren ikuskera ez-esentzialista aldarrikatzeak teoria feministek beren oinarriak birformulatzea eragin zuen; horrez gainera, Butlerren testu batzuk queer mugimenduaren zutabetzat jotzen dira.[3]

Feminismoan abiarazitako iraultzaz gain, Butlerren lanak eragin handia izan du kulturaren ikerketan eta filosofia kontinentalean. Horrekin batera, beste diziplina batzuetan ere ekarpen garrantzitsuak egin ditu, hala nola psikoanalisian, literaturan, zinemagintzan, performance-an eta arte bisualetan, besteak beste.

Aktibismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Butlerrek hainbat gairi buruzko iritzia agertu du publikoki. Lesbianen eta gayen eskubideen defendatzaile aktiboa da, eta feminismoaren aldeko eta gerraren aurkako mugimenduetan parte hartu izan du. Bestalde, sionismoaren eta Israelgo Gobernuaren politikek israeldar eta palestinarren arteko gatazkan duten eraginari buruzko iritzi kritikoa agertu du. Gainera, ezberdintasun sozial eta ekonomikoaren aurka eta demokrazia-eredu berrien alde 2011n sortutako Occupy mugimenduan parte hartu du.

2015eko urtarrilean, Black Lives Matter (Beltzen Bizitzak Axola Du) mugimenduari buruz galdetu zioten The New York Times egunkariko elkarrizketa batean[4], 2004ko Precarious Life: The Powers of Mourning and Violence liburuan idatzitakoak aintzat hartuta.

Lan hautatuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • (1987) Subjects of desire: Hegelian reflections in twentieth-century France
  • (1990) Gender trouble: feminism and the subversion of identity
  • (1993) Bodies that matter: on the discursive limits of "sex"
  • (1997) Excitable speech: a politics of the performative
  • (1997) The psychic life of power: theories in subjection
  • (2000) Antigone's claim kinship between life and death
  • (2004) Precarious life: the powers of mourning and violence
  • (2004) Undoing gender
  • (2005) Giving an account of oneself
  • (2009) Frames of war: when is life grievable?
  • (2012) Parting ways: Jewishness and the critique of Zionism
  • (2015) Senses of the subject
  • (2015) Notes toward a performative theory of assembly

Euskaraz[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   Judith Butler wins Mellon Award, http://berkeley.edu/news/media/releases/2009/03/19_butler.shtml .
  2.   Interview with Judith Butler, the American philosopher, http://www.lolapress.org/elec2/artenglish/butl_e.htm .
  3.   Feminist theorist Judith Butler rethinks kinship, http://www.columbiaspectator.com/2012/04/19/feminist-theorist-judith-butler-rethinks-kinship .
  4.   Butler, George Yancy and Judith (1421114458), What's Wrong With 'All Lives Matter'?, https://opinionator.blogs.nytimes.com/2015/01/12/whats-wrong-with-all-lives-matter/. Noiz kontsultatua: 2017-07-19 .

Oharra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikulu hau osatzeko, iturri hauek erabili ditugu:

Ikus, halaber[aldatu | aldatu iturburu kodea]