Jugoslavia
| Jugoslavia | |
|---|---|
|
1918 – 1941 1992 – 1992 | |
|
| |
| Geografia | |
| Hiriburua | Belgrado |
| Telefono aurrizkia | +38 |
| Domeinua | .yu |
| Ekonomia | |
| Dirua | Jugoslaviar dinar |
| Historia | |
| Garai historikoa | XX. mendea |
| Sorrera | 1918ko abenduaren 1a |
| Ardatzaren inbasioa | 1941eko apirilaren 6a |
| Monarkiaren abolizioa | 1945eko azaroaren 29a |
| Desegitea | 1992ko apirilaren 27a |
Jugoslavia (serbokroazieraz: Jugoslavija/Југославија; eslovenieraz: Jugoslavija; mazedonieraz: Југославија; Panoniako errutenieraz: Югославия) XX. mendean Europako Hegoekialde eta erdialdean zegoen herrialde bat izan zen.
Etimologikoki, "Eslaviako hegoaldea" esan nahi du.
Jugoslaviako Erresuma[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Lehen Mundu Gerraren ostean sortu zen, 1918an, Serbiarren, Kroaten eta Esloveniarren Erresuma izenarekin, Esloveniarren, Kroaten eta Serbiarren estatua (Austria-Hungariako Inperioaren lurraldez osatua) Serbiako Erresuma independentearekin batu zenean. Serbiako errege etxean agintzen zuen Karađorđević etxea bilakatu zen Jugoslaviako lehen errege-dinastia. 1922ko uztailaren 13an Parisen ospatu zen Enbaxadoreen Konferentzian nazioarteko onarpena jaso zuen. Herrialdearen izena Hegoaldeko eslaviarrei zor zaio. Mendeetan zehar Otomandar Inperioaren eta Austria-Hungariaren esku egon ziren lurralde banatuak batu zituen lehenengo estatua izan zen. 1929ko urriaren 3an izena Jugoslaviako Erresumara aldatu zitzaion.
Errepublika sozialista[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1941eko apirilaren 6an, Bigarren Mundu Gerran, Ardatzeko potentziek herrialdea inbaditu zuten. 1943an Jugoslaviako partisanoek Jugoslavia Federal Demokratikoa aldarrikatu zuten. 1944an erregeak partisanoen gobernua legitimoki onartu zuen eta 1945eko azaroan monarkia ezeztatu zuten. 1946an Jugoslaviako Herri Errepublika Federala sortu zen, gobernu komunista batekin. Italiaren esku zeuden Istria, Rijeka eta Zadar euren kontrolpean gertu ziren. Josip Broz Tito partisanoa izan zen presidentea 1980an hil zen arte. 1963an Jugoslaviako Errepublika Federal Sozialista izena hartu zuen.
Herrialdea sei errepublika sozialistek osatzen zuten: Bosnia-Herzegovinako Errepublika Sozialista, Kroaziako Errepublika Sozialista, Mazedoniako Errepublika Sozialista, Montenegroko Errepublika Sozialista, Serbiako Errepublika Sozialista eta Esloveniako Errepublika Sozialista. Serbia, bere aldetik, bi Probintzia Autonomo Sozialista zituen bere barnean, Vojvodina eta Kosovo. 1974tik aurrera azken bi hauek beste seien egoera legal parekoa izan zuten.
Desegitea[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1980ko hamarkadan egondako krisi ekonomiko eta politikoaren ostean nazionalismo ezberdinak piztu ziren, eta Jugoslaviaren barne mugak hautsi ziren, lehenengo bost herrialde ezberdinetan, Jugoslaviako Gerrak izena duen gatazka segida baten ondorioz. 1993tik 2017ra bitarte Antzinako Jugoslaviarako Nazioarteko Auzitegi Penala osatu zen, gerra hauetan emandako gerra krimenak eta genozidioak ikertzeko.
Bereizketaren ostean Serbia eta Montenegroko errepublikek federazio bat sortu zuten, Jugoslaviako Errepublika Federala. Euren helburua zen federazio hori aurreko errepublika sozialistaren oinordeko legala izatea, baina beste errepublikek aukera horri ezezkoa eman zioten. Beranduago Jugoslaviako Errepublika Federalak Badinter Batzorde Arbitralaren iritzia onartu zuen, eta errepublika guztiak izendatu zituzten oinordeko. 2003an izena aldatu eta Serbia eta Montenegroko Estatu Elkartea izena hartu zuen. 2006an Montenegro independizatu zen, Serbiatik bereiztuz. 2008an Kosovok ere independentzia aldarrikatu zuen.