Artikulu hau "Kalitatezko 1.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da

Jules Verne

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Jules Verne
Félix Nadar 1820-1910 portraits Jules Verne.jpg
Bizitza
Izen osoa Jules Gabriel Verne
Jaiotza Nantes1828ko otsailaren  8a
Herrialdea  Frantzia
Bizilekua Nantes
Paris
Amiens
Maison de Jules Verne Itzuli
Talde etnikoa Frantziarra
Lehen hizkuntza frantsesa
Heriotza Amiens1905eko martxoaren  24a (77 urte)
Hobiratze lekua Cimetière de La Madeleine d'Amiens Itzuli
Heriotza modua berezko heriotza: diabetes mellitusa
Familia
Ezkontidea(k) Honorine du Fraysne de Viane  (1857-01-10 -
Seme-alabak
Hezkuntza
Heziketa lycée Georges-Clemenceau Itzuli
(1844 - 1846) : Erretorika, filosofia
Hizkuntzak frantsesa
esperantoa
Jarduerak
Jarduerak eleberrigilea, antzerkigilea, poeta, libretista, haur literaturaren idazlea, geografoa, idazlea, zientzia-fikzio idazlea eta esperantista
Lan nabarmenak Hogei mila legoako bidaia itsaspetik
Lurraren bihotzeraino
Lurretik ilargira
Munduari bira 80 egunetan
Irla misteriotsua
Bost aste globoan
Mikel Strogoff
Jasotako sariak
Influentziak James Fenimore Cooper, Edgar Allan Poe, George Sand, Daniel Defoe, Victor Hugo eta Walter Scott
Kidetza Académie des sciences, des lettres et des arts d'Amiens Itzuli
Société de Géographie Itzuli
Genero artistikoa zientzia-fikzioa
antzerkia
abentura-nobela
Fikzio espekulatiboa
olerkigintza
zientzia-dibulgazioko literatura
merveilleux scientifiquea Itzuli
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioa katolizismoa
IMDb nm0894523
Firma de Julio Verne.svg

Jules Verne (Nantes, Bretainia, Frantzia, 1828ko otsailaren 8aAmiens, Pikardia, Frantzia, 1905eko martxoaren 24a) frantsesezko idazlea izan zen. Zientzia-fikziozko nobelaren aitzindaritzat jotzen da[1] eta, XIX. mende erditik aurera, abenturazko nobelaren ordezkaririk garrantzitsuena[2]. Frantziako idazlerik itzuliena izateaz gain, bere lanek egokitzapen ugari izan dituzte, eta, horren ondorioz, Verneren lanetan oinarrituta sortu dira komiki eta haurrentzako bertsio anitz, edo zine eta antzerkirako moldaketa ugari[3]. Vernek garaiko jakintza eta teoria zientifikoetan oinarrituta sortzen zituen bere fizkioak, eta, horri esker, berak deskribatutako asmakizun asko errealitate bihurtu dira.[1]

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasierako urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1828ko otsailaren 8an, Nantes hirian jaio zen familia burges batean[4]. Aita abokatua zen eta ama armadoreen familia bateko alaba. Bost anai-arreben artean zaharrena zen Jules[5]. Biografia askotan jasotzen da hamaika urterekin Indiara zihoan itsasontzi batean ihes egin zuela, baina ez da egia. Gertaera hori Marguerite Allotte de la Fuÿe biografoak jaso zuen[6], baina ondorengo beste biografo batek, Charles-Noël Martinek[7], agerian utzi zuen pasadizo hori ez zela inoiz gertatu, Allote de la Fuÿeren liburuan deskribatzen diren beste hainbat gertakari bezala.

Aitak, gizon autoritarioa eta zorrotza, semea jaio bezain pronto abokatua izango zela eta bere abokatu-langela jarauntsiko zuela erabaki zuen, eta bere horretan mantendu zen, nahiz eta Julesek, nerabezaroan, itsas-bidaiekiko grina azaldu zuen.[5]  

Ikasketak Parisen eta ezkontza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Théâtre Historique, Paris, 1847

1847an, Parisera joan zen, zuzenbide-ikasketetako lehenengo azterketa egitera; dena den, ziur aski, Julesek beste asmo bat ere bazuen bidaia hartan, hain zuzen, bere lehengusina Carlolinengandik aldentzea. Izan ere, Verne maiteminduta zegoen neskarekin, baina azken hori, urte horretan bertan, gizon aberats batekin ezkondu zen, idazle gaztearen etsipena sorraraziz. Aditu batzuen ustez, misoginia antzematen da Verneren lanetan, eta Carolinerekin izan zuen desengainua arrazoietako bat izan daiteke [8]. Parisen, bestalde, literaturaren inguruan zeukan interesa ahal izan zuen asetu, liburudendetara eta antzokietara maiz joanez. Horretaz gain, giro literarioetan murgildu zen, eta Alexandre Dumas, aita eta semea, ezagutzeko aukera izan zuen. Harreman horiek bere antzezlanak estrenatzea ahalbideratu zuen, Dumas aitak Théâtre Historique izeneko antzokia zuzentzen zuelako. [9]

1850ean, zuzenbideko ikasketak amaituta, aitak Nantesera itzul zedin eskatu zion, baina semeak aurre egin zion, literaturan lan egin nahi zuela esanez. Aita-semearen arteko eztabaidak hainbat gutunetan irakur daitezke. [9]

Vernek zientziaren aroaren literatura idatziko zuela erabaki zuen, eta Liburutegi Nazionalean pasatzen zuen denbora kimika, botanika, geologia, geografia, astronomia, etab. ikasten. Walter Scott edo Edgar Allan Poe idazleen fikzioa eta zientzia uztartu nahi zituen, eta nobela-genero berri bat sortu. Dirua irabazteko, antzerkiak eta operetak idatzi zituen, arrakasta eta kalitate gutxikoak asko. [1]

1856an, Honorine du Fraysne de Viane, bi alaba zeuzkan alarguna, ezagutu zuen; hurrengo urtean ezkondu ziren eta Parisen finkatu zuten beraien bizitokia. Garai hartan, burtsako aferetan hasi zen. Horretarako, aitari dirua eskatu zion, eta azken horrek, semearen asmoen kontra egon arren, amore eman zuen eta 500.000 libera eman zizkion. 1961ean, Jules Verneren seme bakarra jaio zen: Michel.[7]

Jules Hetzelekin elkartzea eta bidaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pierre-Jules Hetzel

1862an, Pierre-Jules Hetzel editorea ezagutu zuen. Idazleak Cinq semaines en ballon (Bost aste globoan) eskuizkribua aurkeztu zion, baita azkeneko hamar urteetan garatzen ari izan zen proiektua ere: zientzia nobelatzea. Hetzelek liburua argitaratu zuen hurrengo urtean, egundoko arrakastaz, idazlea eta editorearen arteko harreman oparoari hasiera emanez. Elkarrekin sei kontratu sinatu zituzten 1862 eta 1875 urte bitartean, eta akordio horien ondorioz, Vernek liburu ugari idazteko konpromisoa hartu zuen, urtero bi edo hiru, kontratu bakoitzaren arabera, eta Magazine d'éducation et de récréation aldizkarian kolaboratzeko. Bere lanek ospe handia eman zioten[10]. 1972an, Amiensen finkatzen du bere behin betiko bizitokia, bere emaztearen nahia betez.

Hurrengo urteetan lan eskerga egin zuen idazten, baina aukera izan zuen bidaiatzeko ere, umetako ametsa betez. Horrela, 1867an, Amerikara joan zen anaiarekin «Greant Eastern» itsasontzian; 1880an, itsas bidaia egin zuen Mediterraneon zehar, Saint Michel III bere ontziaz (lehenago beste bi izan zituen: Saint Michel eta Saint Michel II); 1881ean, Ipar itsasoan eta Baltikoan barrena ibili zen; eta 1884an, Mediterraneon berriz ere.[11]


Oinazeak eta politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Helduaroan, zorigaitzak jasan behar izan zituen. Bere semea Michelek buruhauste ugariak eman zizkion, eta, beste neurrien artean, zentzategi batean sartu zuen denbora batez. 1886an, beste gazte batek ere, hain zuzen, bere iloba Gastonek, oinaze handia eragin zion: burutik nahastuta, pistola batez tiro egin zion, eta herren utzi zuen bizitza guztirako. Urte horietan, bereziki mingarriak izan ziren galerak jasan zituen, gertuko pertsona hauek hil baitzitzaizkion: Parisen bisitatzen zuen emakume bat (1885), Jules Hetzel (1886) eta ama, Sophie (1887). Horregatik guztiagatik, tristuran murgildu zen, eta hortik aurrerako lanetan sentimendu hori isladatu zen.[5]

Askoren harridurarako, 1888an, Amiens udaleko kontseilurako aurkeztu zuen bere burua, eta hautatua izan zen 1888, 1892, 1896 eta 1900 urteetan. Urte horietan, bere lanean nabarmendu zen, eta jardun horrek lagundu zion azkeneko urteetako malenkonia uxatzeko. Izan ere, gogorra zen Vernerentzat ikustea kritikak ez zuela bere lana aintzat hartzen. [5]

Verne senar-emazteak

Azken urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1897an, Paul, anairik maiteena hil zitzaion. Horretaz gainera, bere osasuna nabarmen okertu zen. Bizitzan eramandako lan erritmoak, ziur aski, bere gaitzetan eragina izan zuen: urdailetako minez, zorabioez eta aurpegiko paralisiaz kexatu zen bere lan-bizitzan zehar. Zahartzaroan, diabetesak, apurka-apurka, ikusmena eta entzumena galarazi zizkion, eta, horren ondorioz, irakurtzeari —haren zaletasun nagusiari— utzi behar izan zion. Verne gero eta bakarrago sentitu zen eta, idatzi arren, ez zuen aurreko erregulartasuna mantendu.

1905eko martxoaren 24an hil zen eta Amienseko La Madeleine hilerrian lurperatu zuten.

Lana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Verneren lan literarioen hastapenak antzerkian izan ziren. 1850ean, berak idatzitako Pailles rompues (lasto hautsiak) komedia Théâtre Historique antzokian estrenatu zen. Lan horrekin arrakasta izan zuela esan daiteke, eta idazleak pentsatu zuen antzerkian zuela etorkizuna. Hurrengo hamar urteetan 24 obra idatzi zituen (komediak, dramak eta operetak), bakarrik edo elkarlanean. Hala ere, horietatik zazpi bakarrik taularatu ziren. Aipatzekoa da ere, garai horretan, oraindik ezkutuan zegoen eleberrigilea antzeman daitekeela idatzi zituen artikulu eta errelatoetan, Les Musée de Familles aldizkarian argitaratu zirenak, hain zuzen ere.

Vernek, antzerkiarekin espero zituen emaitzak ez zituela lortzen ikusita, uko egin zion, eta beste ibilbide bati ekitea erabaki zuen. Momentu hartan, ezin zuen igarri idatziko zituen eleberrien antzerkirako moldaketekin lortuko zuela, urte batzuk beranduago, publikoaren arrakasta eta, horri esker, dirua. Izan ere, Munduari bira 80 egunetan (1872) eta Mikel Strogoff (1874-1875) lanak urte askotan taularatu ziren Chätelet antzokian.[5]

Azala Aventures du Capitaine Hatteras au pôle nord. Editions Hetzel. Voyages Extraordinaires

Baina eleberriak idazten hasi baino lehen, urte luzeak eman zituen ezagutza zientifikoak bereganatzen, zientziaren eleberria idaztea baitzen bere helburua. Asmo hori Jules Hetzel argitaratzaileari aurkeztu zion Vernek, baita bere lehenengo eleberria ere: Bost aste globoan (1863). Lan hori Les Voyages extraordinaires (bidaia harrigarriak) serieko estrainekoa izan zen, guztira 64 tituluz osatutako bilduma bilakatuko zena.[12]

Horien artean, hauek dira nabarmendu daitezkeen batzuk:

Lurraren bihotzeraino (1864), kalitate literarioaren ikuspuntutik, Verneren onenetarikoa; Lurretik ilargira (1865), popularitate izugarria eman ziona; Hogei mila legoako bidaia itsaspetik (1869), idazlearen aurrea hartzeko gaitasunaren adibide ezagunenetarikoa (urpekaria), baita bere pertsonaiarik ospetsuenetarikoa: Nemo kapitaina; Munduari bira 80 egunetan (1872), beste protagonista ezagun bat eman zuen eleberriak: Phileas Fogg; eta Uharte misteriotsua (1873-1875), Daniel Defoe idazlearen Robinson Crusoe eleberrian inspiratuta, eta aurreko beste bi lanen (Grant kapitainaren semeak eta Hogei mila legoako bidaia itsaspetik) triologiaren azkena. Aipatutako lan horietan guztietan, abentura, fantasia eta ezagutza zientifikoak uztartzen dira. Horregatik, Verneren obra sailkatzerakoan, abenturazko eta zientzia-fikziozko eleberriak idatzi zituela esan ohi da. Horien artean, esplorazio geografikoetan murgiltzen direnak daude, baita biziraupen eta ausardi gaiak lantzen dituztenak: Deux ans de vacances (1888), edo Un capitaine de quinze ans(1878). Baina horietaz gainera, beste motatako eleberri idazle gisa ere har daiteke Verne. Izan ere, historian kokatutako idatziak ere baditu (historikoak): Mikel Strogoff (1874-1875), edo misteriozko edo poliziakoak kontsidera daitezkeenak: Un drame en Livonie (1893). [13]

« Batek irudika dezakeen oro, beste batzuek errealitate bihur dezakete »
Jules Verne

Jules Verne 1905eko martxoaren 24an hil zen, baina bera hil ondoren idazleak bukatutako edo erdi idatzitako hainbat eleberri publikatu ziren. Horietako asko, bere seme Michelek birmoldatuta.

Eleberriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ipuinak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzezlanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Berrogei bat dira Verneren antzezlan guztiak. Zerrenda osoa kontsultatu daiteke Centre International Jules Verne webguneko Le Théâtre et les livrets de Verne atalean.

  • 1850: Les Pailles rompues
  • 1861: Onze jours de siège
  • 1874: Le Tour du monde en quatre-vingts jours
  • 1880: Michel Strogoff

Euskarazko itzulpenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egokitzapenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Le Voyage dans la lune filmaren fotograma, 1902

Verneren lana ezaguna da, hein handi batean egokitzapenei esker. Milaka bertsio egin dira, besteen artean komikirako, zinerako eta antzerkirako. Komikirako egokitzapenak direla eta, nabarmendu daitezke 70ko hamarkadatik aurrera Editorial Bruguera argitaletxeko Joyas Literarias bilduman gazteleraz argitaratu zirenak, izan zuten arrakastarengatik.

Zinerako, 100 pelikula inguru egin dira Verneren liburuetan oinarrituta. Horietako lehenengoa Verne oraindik bizirik zegoela: Le Voyage dans la Lune, 1902, Georges Méliès zuzendari, gidoigile eta ekoizlearen filma.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c   «Jules Verne, zientzia-fikzioaren aita - Zientzia.eus» zientzia.eus . Noiz kontsultatua: 2019-07-16 .
  2.   Aldekoa, Iñaki, Literatura Unibertsala : Batxilergoa 1 ISBN 9788491090571 PMC 1080944474 . Noiz kontsultatua: 2019-07-16 .
  3. [1]  González, Luis Daniel, 1955- (2006) Bienvenidos a la fiesta : diccionario-guía de autores y obras de literatura infantil y juvenil (2. ed. argitaraldia) CiE Dossat ISBN 8496437418 PMC 70768330 . Noiz kontsultatua: 2019-07-18 .
  4.   «Jules Verne - Bizitza. Beste fikzio bat» julesverne.gipuzkoakultura.net . Noiz kontsultatua: 2019-07-16 .
  5. a b c d e   Salabert, Miguel (1995) [www.cervantesvirtual.com/obra/clij.../2dad55f4-aa7a-11e1-b1fb-00163ebf5e63.pdf Verne en familia] CLIJ 8-22. or. ISBN 0214-4123 .
  6.   H., R. T.; Fuye, M. Allotte De La (1929) «Jules Verne, sa Vie, son Oeuvre» Books Abroad (3): 240 doi:10.2307/40068903 ISSN 0006-7431 . Noiz kontsultatua: 2019-07-16 .
  7. a b   Martin, Charles-Noël (1978) La Vie et l'œuvre de Jules Verne M. de L'Ormeraie .
  8.   Carrero, Natalia (2017) Jules Verne. Tomo I. Breve viaje al centro de la misoginia Graphiclassic 132-137. or. ISBN 978-84-697-6832-7 .
  9. a b   Castillo, Montserrat (1995) Cronología de Jules Verne CLIJ 32-37. or. ISBN 0214-4123 .
  10.   «Viaje al centro del Verne desconocido - La bibliografía completa de Jules Verne - Los contratos Verne-Hetzel» jgverne.cmact.com . Noiz kontsultatua: 2019-07-17 .
  11.   «Jules Verne - Mikel Strogoff» www.armiarma.eus . Noiz kontsultatua: 2019-07-18 .
  12.   «Les Voyages Extraordinaires» www.jules-verne.net . Noiz kontsultatua: 2019-08-21 .
  13. (Gaztelaniaz)  Lacassin, Francis Julio Verne y la novela policial | Julio Verne . Noiz kontsultatua: 2019-08-26 .
  14.   «Iruzkinak Jules Verne» Behinola aldizkaria ISSN 1575-8168. 34.zkia (2016ko abendua) 57 orr. .

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Jules Verne Aldatu lotura Wikidatan