Julia Volkova

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Julia Volkova
Julia Volkova.jpg
Bizitza
Jaiotza Mosku1985eko otsailaren 20a (32 urte)
Herrialdea  Errusia
Lanbidea
Lanbidea aktorea, abeslaria eta musikagilea
Genero artistikoa popa
Ahots mota sopranoa
Musika instrumentua pianoa
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioa Ortodoxia
IMDb nm1290094
http://www.juliavolkova.com

Julia Olegovna Volkova (errusieraz: Юлия Олеговна Волкова; Mosku, Errusiako SESF, SESB, 1985eko otsailaren 20a), Julia Volkova (Юлия Волкова) soilez ezagunagoa, errusiar abeslari, musikagile eta pianista da. t.A.T.u. musika taldeko bi kidetako bat izan zen hamaika urtez, 1999tik 2010era, eta honi esker ospe handia eskuratu zuen nazioartean. Abesti entzutetsu eta polemika bizien ondorioz, taldeak munduko musika zerrendetako postu gorenak lortu zituen 2000ko hamarkada hasieran, eta 2014 arte, guztira, 15 milioi disko baino gehiago saldu zituzten[1]. 200 km/h in the Wrong Lane albuma, esaterako, neskek soilik osatutako talde batek argitaratu duen album salduenetakoen zerrendako lehenengo postuetan dago[2]. 2003an, gainera, abeslariak Errusiaren ordezkariak izan ziren Eurovision Lehiaketan; hirugarren postua lortu zuten, irabazletik hiru puntura, eta beste behin, gatazka handia sortu zen abeslarien eta puntuazioen inguruan. Azken urteotan bakarlari bideari ekin dio, eta berriki Errusian ezagunak egin diren hainbat abesti kaleratu ditu.

Abeslariaren ibilbidea bere ahots berezi eta hauskorrak markatu du hasieratik. t.A.T.u. taldearen lehenengo album arrakastatsuetan, nota altu eta oihu garbiak izan ziren abestien bereizgarri eta berritasun nagusiak; dena den, 2003. urtean eztarriak arazoak ematen hasi zitzaion. Grabaketa berrietan, Juliak ahotsa komeni zena baino gehiago behartu zuen nota altuenetara iristeko. Garrasi etengabeek kistea eragin zioten hots-kordetan, eta horrek abeslariaren ahotsa marrantatu zuen. Medikuek aurreneko ebakuntza egin zioten orduan, kistea kendu, eta hainbat injekzio eman zizkioten Eurovisionen ahotsa berreskuratu ahal izateko. Dena den, ordutik, arazo gehiago eman dizkio eztarriak eta tratamendu ugari jaso behar izan ditu.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hastapenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Julia Olegovna Volkova[3] 1985eko otsailaren 20ean jaio zen Moskun, erdi mailako klaseko familia batean[4]. Ama, Larissa Volkova, ile-apaintzailea eta estetizista da eta aita, aldiz, Oleg Volkov, enpresaria. Sei urte zituela, gurasoek irakaslea zen bizilagunarengana eraman zuten musika ikasketak has zitzan; hala ere, maisua erabat harritu ostean, zazpi urterekin musika eskolara bidaltzea erabaki zuten. Bertan, abesten eta pianoa jotzen ikasteari ekin zion Julia Volkovak. Musika eskolan ere gailendu eta graduatu ostean, bederatzi urterekin haurrentzako Neposedy errusiar musika taldean sartzea lortu zuen "Oi, to ne vetxer" folk kantari esker; han, beste hainbat artista txikiren artean, etorkizunean t.A.T.u. taldeko kide izango zuen Lena Katina abeslaria ezagutu zuen. Lena Neposedyn Julia baino urtebete beranduago sartu bazen ere, berehala lagun egin ziren[5][6][7].

Hamaika urte baino ez zituela, Julia Volkovak oinarrizko eskola utzi zuen eta, irakasleen aholkua jarraituz, gurasoek talentu artistikoa bultzatzen duen eskola batean izena eman zuten. Bi urteren buruan, iragarkietan parte hartzen hasi zen eta hamahiru urterekin Jeralax izeneko komediazko telebista programan agertu zen. Bost urteko klase, entsegu eta ekitaldi ugariren ondoren, Julia Volkova Neposedy taldean graduatu zen. Beranduago, t.A.T.u. taldean zegoenean, Neposedytik portaera txar onartezinaren ondorioz kanporatua izan zela zabaldu zen; dena den, bai haurrentzako musika taldeak, baita Julia Volkovak berak ere, zurrumurru hau gezurtatu dute[5][8].

Ivan Xapovalov eta Alexander Voitinski ekoizleek Errusian abian jarri behar zuten musika egitasmoak erakarrita, Juliak entzuketa probetara aurkeztea erabaki zuen hurrengo urtean. Hasiera batean hautatua Lena Katina bakarrik izan zen; dena dela, proiektuan zer edo zer falta zelakoan, Xapovalovek eta Voitinskik bigarren aukeraketa fasean Julia batu zuten 1998. urtean. Orduan, abeslariak gaur egun duen itxura bereizgarria hartu zuen, bere ile hori luzea moztu eta belztu egin zuen. t.A.T.u. musika taldearen sorrera izan zen[5][7].

Volkova eta Katinaren 2003ko irudia.

Kanta eta pianoaz gain, Julia Volkova izotz gaineko patinaje artistikoan, aretoko dantzetan eta igeriketan ibili zen, eta, gainera, bost urtez tenis klaseak jaso zituen[8].

t.A.T.u.[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «t.A.T.u.»

Lehen urteak: 1999-2001[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2000ko udazkenean "Ja Soxla S Uma" ("Burua Galdu Dut") izeneko lehen kanta grabatu zuten abeslariek, hala ere, ez zen abendura arte argitaratu. Abestiak hautsak harrotu zituen Errusian, letrak beste neska bat maite duen eta gizartearen eta gurasoen erantzunaren beldurrez dagoen gazte baten sentimenduak adierazten baititu. Eztabaida bizia izan zen, batez ere kantaren bideoklip gatazkatsua Errusiako MTV sarean kaleratu ondoren. Bertan, abeslariak, eskola uniformez jantzita, euripean, bata besteari musuka agertzen dira. Grabaketak 2000. urte hasieran egin ziren, Juliak hamalau eta Lenak hamabost urte baino ez zituztela, eta prentsak pederastatzat eta homosexulitatearen aldeko propagandatzat hartu zuen emanaldia[5][7]. Urte batzuk beranduago, Juliak ondorengoa esan zuen kanta eta bideoari buruz:

« Ehunka gutun jaso genituen orduan, eskerrak emateko gutunak. Eskerrak ematen zizkiguten ezkutuan zeramaten zama azaleratzen lagundu genielako. Erotuta zeudela uste zuten, ez baitzen ohikoa neska batek beste neska bat maitatzea edo mutil bat beste baten atzetik ibiltzea. Ohikoa edo behintzat publikoa. Burua galtzen ari zirela uste zuten, baina guk, abesti honi esker, askori euren burua onartzeko bidea erakutsi genien[5].  »

Bat-bateko arrakastaren ostean, ekoizleek arau zorrotzak ezarri zizkieten taldekideei; besteak beste, jarraitzaileei autografoak sinatzea debekatu zieten, kazetariei erantzun motzak ematera behartu zieten eta, batik bat, abeslarien bizitza pertsonala ezkutatu egin zuten. Hitzarmen horrek neska gazteen bizimodua guztiz baldintzatzen bazuen ere, abeslariek onartu egin zuten. Dena den, izaera oldarkorragoa izateagatik, Julia hertsiago lotu zuten ekoizleek eta kazetariei erantzutea ere debekatu izan zioten zenbaitetan[5][8].

Hurrengo urtean iritsi ziren gainontzeko lehen abestiak: "Nas Ne Dogoniat" ("Ez Gaituzte Harrapatuko") eta "30 Minut". Azkenean, maiatzaren 21an 200 Po Vstretxnoi (200 km/h Zirkulazioaren Aurka) disko arrakastatsua kaleratu zuten. Hilabete berean, "200 Po Vstretxnoi Tour" luze eta gogorrari ekin zioten, eta, hala nola, Errusia zeharkatu, eta Polonia, Alemania, Errumania eta Txerkiar Errepublikan izan ziren. Eskuratu zuten arrakasta erabatekoa izan zen Ekialdeko Europa osoan, guztira, 2,5 milioi kopia saldu zituzten nazioartean, zilarrezko hiru disko, eta beste sari ugari lortu zituzten[8][9][10].

Azken abestia kaleratu ostean, 2001. urteko udan, t.A.T.u. taldeak ingelesezko lehen albuma grabatzeari ekin zion. Juliak garai hartan ingelesa ez zekienez, irakasle baten beharra izan zuen abestietako letrak ikasi eta beharrezko ahoskera lortzeko[11][12].

Nazioarteko arrakasta: 2002-2003[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Disko berriko lehenengo arrakastak argitaratu aurretik, errusiar gizartea beste behin asaldatu zuen polemika bat piztu zuten abeslariek 2002. urtean. "Prostye Dvizhenia" ("Mugimendu Soilak") laugarren kanta kaleratu zuten maiatzean, gaitzetsia izan zen bideokliparekin batera. Bertan, Julia Volkova, orduan hamazazpi urte baino ez zituela, bainuontzi baten barruan agertzen da eta bideokamerak bere aurpegiaren lehen planoa hartzen du abeslaria masturbatzen ari den bitartean. Zentsurarik gabeko ikus-entzunezkoan, gainera, Juliaren bularrak azaltzen dira agerian. Horrek aurreko urtean izandako pederastia eta gehiegizko lizunkeria akusazioen kondarrak berpiztu zituen[13].

Julia 2003ko kontzertuan.

Polemikak polemika, 2002. urteko abenduaren 10an, 200 Po Vstretxnoi diskaren ingelesezko kidea argitaratu zen: 200 km/h in the Wrong Lane. Disko honek, Ekialdeko Europan ez ezik, erabateko arrakasta izan zuen Europa mendebaldeko eta Ipar Ameriketako herrialdeetan ere, eta t.A.T.u. taldeari nazioarteko ospea ekarri zion albuma izan zen. Guztira, sei milioi kopia saldu zituzten eta albumak munduko merkatu nagusietako top 10ean sartzea lortu zuen. Abesti ospetsuenak "All the Things She Said" ("(neska) Hark Esandako Guztia"), "Not Gonna Get Us", "Show Me Love" ("Maitasuna Erakuts Nazazu") eta "How Soon Is Now?" ("Ze Goiz Da Orain?") The Smiths taldearen bertsioa izan ziren. 2003an, bestalde, diskoa promozionatzeko tourra jarri zuten martxan: "Show Me Love Tour". Besteak beste, Erresuma Batua, Alemania eta AEBetan izan ziren; azken honetan, t.A.T.u.-ren anatomia dokumentala grabatu zuten[12][14].

Promozio tourrean ere gatazkaren erdigune bilakatu ziren Julia eta Lena. Telebista kate desberdinetan eskaini zituzten gaueko elkarrizketetan lotsagabe eta zakar agertu ziren; besteak beste, abeslariek euren artean errusieraz hitz egiten zuten eta elkarrizketatzailearen galderei entzungor egiten zieten. Estatu Batuetako zenbait telebista kate pribatutan, gainera, elkarri musu ematea debekatu zieten; eta neskek, hala ere, zentsuraren aurka egin eta musu bustiak eman zituzten. Musika munduko neska gaiztotzat hartu zituzten. AEBetako tourrak iraun zuen bitartean, "Khui Voine!" ("Gerra Puta!") leloa zeraman kamiseta zuriak jantzi zituzten, orduan hasi zen Irakeko Gerraren aurka protesta egiteko. Horrek gaitzespena ekarri zuen amerikar gizartean eta elkarrizketa asko bertan behera gelditu ziren. Jimmy Kimmelen programan, adibidez, kamisetak janztea debekatu zitzaien eta abeslariak "Censored" ("Zentsuratuak") leloa zeraman elastikoarekin agertu eta aurkezleari berari eskuan esaldia idatzi zioten zuzeneko emanaldian. Polemika guztiekin batera, diskoaren salmentek goraka egin zuten eta urrezko, platinozko eta diamantezko diskoak lortu zituzten hainbat herrialdetan. Gainera, Industria Fonografikoaren Nazioarteko Federazioak errusierazko diskoaren milioi bat kopia saltzeagatik, Platinozko Saria eman zion taldeari. Saria lortu zuen lehen talde errusiarra izan zen[15][16][17].

Garai horretan, oraindik, euren sexualitateari buruzko kontua nahasia zebilen; alde batetik, elkarrizketa batzuetan etiketak ez zitzaizkiela gustatzen zioten, besteetan, aldiz, itxura baino ez zela. Azkenik, 2003. urtean eginiko elkarrizketa batean, abeslariek euren sexualitateari buruzko galderarik ez zutela erantzungo jakinarazi zuten. Dena den, t.A.T.u.-ren anatomia dokumentala argitaratu zenean eta ekoizleek eta abeslariek beranduago elkarren arteko harremana moztu zutenean, Juliak eta Lenak dena marketing hutsa izan zela onartu zuten. Juliak, hala ere, bisexuala dela esan du zenbait elkarrizketatan, eta gaztaroan neska bat baino gehiago maite izan zituela[18][19].

2003ko maiatzean t.A.T.u. taldeak Eurovision Abesti Lehiaketan partu hartu zuen. Foku eta mesfidantza guztien jomuga izan ziren abeslariak izendapenaren lehenengo egunetik; erabat zuzenean abestuko zuten lehenengo aldia izango zen eta, gainera, Juliaren eztarriak arazoak ematen hasi zen garaia izan zen. Estudioan grabatzen ari ziren abesti berrietan, Juliak ahotsa komeni zena baino gehiago behartzen zuen nota altuenetara iristeko. Garrasi eta oihu etengabeek kistea eragin zioten hots-kordetan, eta horrek Juliaren ahotsa marrantatu zuen. Medikuek ebakuntza egin, kistea kendu, eta hainbat injekzio eman zizkioten Eurovisionen ahotsa berreskuratu ahal izateko, baina ekitaldiko egunera arte hotsik ez ateratzea gomendatu zioten. Hala, taldeak ez zuen lehiaketako entseguetan parte hartu eta ikus-entzuleek txistuka hartu zituzten finalean. Azkenean, leihaketaren unean, Juliarena ez, Lenaren ahotsa eta desafineak izan ziren emanaldi kaskarraren erantzuleak. Dena den, aurkeztu zuten "Ne Ver, Ne Boisia" ("Ez Sinetsi, Ez Izutu") abestiak hirugarren postua lortu zuen, 164 puntu. 2003ko Eurovisioneko polemika, hain zuzen ere, puntuazioek ekarri zuten. t.A.T.u. taldeak musika zerrendetako lehen postua lortu zuen herrialdetako batean, Irlandan, telefono bidezko botoak zenbatzerakoan arazoak izan ziren, hala, irlandar botoak entseguetan izan ziren epaileek erabaki zituzten, eta Juliak eta Lenak entseguetan parte hartu ez zutenez, euren abestiak 0 puntu jaso zuen. Taldea lehenengo postutik, alegia, irabaztetik hiru puntura baino ez zen gelditu[16][20][21].

Julia kontzertuan Novosibirskin (2006).

Aldaketa: 2003-2006[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eurovisioneko porrotaren ondoren, taldeak hurrengo hilabeterako itzartuta zituen kontzertuak bertan behera utzi zituen; Alemanian, Rigan, Japonian. Juliaren ahotsa okerrera egiten ari zen eta eztarriko ebakutzaren ondoren, medikuak hainbat hilabeteko isiltasuna agindu zion. Hala ere, 2003. urteko MTV Movie Awards ekitaldian parte hartu zuten abeslariek, nahiz eta abestu beharrean, Juliak eta Lenak itxura egin zuten. Azkenean, Japoniako tourra hilabete batzuk beranduago burutu zuten[22][23][24].

2003. urteko amaieran, t.A.T.u. album berria prestatzen hasi zen. Era berean, grabazioaren hastapenetan, bigarren dokumentala filmatu zuten: Podnebesnaia (Zerutiar) izenekoa. Ikus-entzunezkoa 2004ko urtarrilaren eta martxoaren bitartean agertu zen errusiar telebistan, baina disko berria ez zen inoiz argitaratu; izan ere, Juliak eta Lenak Ivan Xapovalov ekoizle eta taldearen sortzailearekin hautsi zuten urtearen hasieran. Zurrumurru ugari izan ziren banantzearen inguruan. Abeslariek interes falta egotzi zioten Xapovalovi eta grabatzen ari ziren abesti berriak txarrak eta balio gabeak zirela gaineratu zuten. Badirudi Juliaren bigarren haurnaldiak ere garrantzi handia izan zuela erabaki horretan; aurreko urtean, Julia abortu-klinika batetik ateratzen harrapatu zuten kazetariek eta t.A.T.u.-ren anatomia dokumentalean abortu bat izan zuela iradoki zuen. Prentsak Xapovalovek haurdunaldia bertan behera uztera derrigortu zuela zabaldu zuen, baina ez ekoizleak, ezta abeslariak ere, ez dute honi buruzko adierazpenik egin[25][26][27]. Juliak eskaini zuen elkarrizketa batean ondorengoa adierazi zuen banantzeari buruz:

« ...berarekin (Ivan Xapovalovekin) hautsi dugu, gure lan artistiko berriak prestatzen baino denbora gehiago pasatzen zuelako eskandalu berriak antolatzen. Ziur gaude gure zaleek nahiago dituztela abesti eta album berriak entzun, eskandalu eta polemika berriak baino[27].  »

Abeslariaren lehen alaba 2004ko irailean jaio zen[7]. Juliak erditu eta berehala, bi abeslariek, Sergio Galoian musikagilearekin batera, disko berria antolatzeari ekin zioten estudioan. "All About Us" ("Guztia Guri Buruz") eta "Liudi Invalidy" ("Minusbaliatuak" edo "Ezinduak"), hurrenez hurren, ingelesezko eta errusierazko diskoen kanta nagusiak 2005. urteko abuztuan egin zuten debuta. Harrera ona izan zuten bi abestiek, batik bat, lehenengoak, eta Europako musika zerrendetan azkar batean egin zuen gora. Ingelesezko albuma, Dangerous and Moving (Arriskutsuak eta Mugimenduan), urte bereko urriaren 5ean kaleratu zen; errusiar kidea, aldiz, Liudi Invalidy urriaren 19an atera zen. Diskoek ez zuten aurrekoen arrakasta bera eskuratu, baina, guztira, 2,5 milioi kopia saldu zituzten nazioartean. "Dangerous and Moving Tour" arrakastatsua 2006ko apirilaren 28an hasi zuten San Petersburgon. Diskotik bakarka aurkeztu zituzten beste abesti batzuk "Friend or Foe" ("Laguna ala Etsaia"), "Gomenasai" (japonieraz; "Barkatu") eta "Loves Me Not" ("Ez Nau Maite") izan ziren; dena den, proiektu berriaren euskarri nagusia "All About Us" aurreneko abestia izan zen[28][29].

2007ko irailaren 12an, Truth: Live in St. Petersburg izeneko DVDa argitaratu zuten, San Petersburgon aurreko urtean eman zuten zuzeneko kontzertua dakarren bideoa[30].

Amaiera: 2007-2010, 2014[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urtearen bukaeran, Juliak bere bigarren semea izan zuen[31], eta honekin batera, hirugarren albumeko lehen kanta kaleratu zuen: errusierazko "Bely Plastxik" eta ingelesezko "White Robe" ("Mantal zuria"). Brasil, Mexiko eta Ekialdeko Europako zenbait musika zerrendetan lehengo postua lortu zuen arren, abesti honen arrakasta oso xumea izan zen eta ez zen nahikoa izan 2008ko ekainaren 30ean kaleratu zen Vesiolye Ulybki (Irribarre Zoriontsuak) albuma goratzeko. Diskoak bakarkako beste hiru abesti utzi zituen: "220", "You and I" ("Zu eta Ni") eta "Snegopady" ("Elurteak"). 2008ko MTV Russia Music Awardsen MTVko Legenda saria jaso zuten abeslariek, baina t.A.T.u. taldearen proiektu berria porrota izan zen, ozta-ozta argitaratu zuten 2009an ingelesezko kidea: Waste Management (Hondakinen Kudeaketa); eta Juliaren eztarriak izan zuen beherakadarekin batera, musika taldearen ibilbidea ezbaian jarri zen[19][32].

Bacardi B-LIVEn (2008).

2009. urte hasieran bananduko ziren esamesa zabaltzen hasi zen. Abeslari bakoitzak bakarkako proiektuari ekin nahi zion, eta euren arteko harremana ere garrazten hasi zen. Publikoki eztenkadak bidaltzen zizkioten batak besteari; hala nola, Juliak eginiko ebakuntza estetikoen aurka agertu zen Lena, eta batak bestearen bakarkako bidea kritikatu zuen. Hala eta guztiz ere, maiatzean Errusian ospatu zen 2009ko Eurovision Lehiaketako lehenengo finalerdian "Not Gonna Get Us" eta "Ne Ver, Ne Boisia" kantak abestu zituzten, Errusiar Armadaren Abesbatzarekin batera. Azkenean, 2011. urteko martxoan, t.A.T.u.-k webgunean jakinarazi zuen taldea bertan behera gelditzen zela. Bi nesken arteko gatazkek eragin zuten haustura, eta bakoitzak bere bidea jarraituko zuela gaineratu zuten[33]. Urte berean, 2008an grabatutako, Julia eta Lena bera agertzen diren eta Mischa Barton protagonista duen filma kaleratu zen, You and I izenekoa[34].

Azken emanaldia eskaini zutenetik hiru urte igaro ondoren, 2012ko abenduaren 11n, Lena eta Julia berriz elkartu eta Errumaniako "The Voice" programan elkarrekin abestu zuten. Hala ere, une horretan bat egitea ez zela posible adierazi zuten, abeslari bakoitza bere bakarlari proiektuan buru-belarri zebilela. Gainera, harremanik ez zutela ere adierazi zuten, aspaldiko laguntasuna bukatu zela, eta lan kontuengatik baino ez zutela hitz egiten aitortu zuten[12][35].

2013an hainbat kontzertu eman ostean, Sotxin ospatu ziren 2014ko Neguko Olinpiar Jokoen inaugurazio ekitaldian parte hartu zuten elkarrekin. Hala ere, harremana berriro garraztu zen eta aurkeztu behar zuten "Liubov V Kazhdom Mgnovenii / Love In Every Moment" ("Maitasuna Uneoro") abestiaren bideoa argitaratu zen arren, eszenak bereizita grabatu zituzten[36][37].

Abeslaria 2008ko elkarrizketan.

Bakarlari bidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Waste Management albuma kaleratu ostean, t.A.T.u. taldea bertan behera gelditzen zela adierazi zuten Juliak eta Lenak. Abeslari bakoitzak bere bakarkako proiektuari ekin nahi zion. Juliaren lehen abestiak "Rage" ("Amorrua") eta "Woman All The Way Down" ("Emakumea Barruraino") izan ziren, 2011. urtean Moskuko pub batean aurkeztu zituenak. Dena den, etorkizunean atera behar zen albumean ez zirela gehitu esan zuen abeslariak[38].

Ondoren, hainbat hilabete isilen ostean, "All Because Of You" ("Dena Zuregatik") eta "Sdvinu Mir" ("Mundua Aldatuko Dut") kaleratu zituen azaroaren 29an, eta abenduaren 2an, aldiz, abesti hauen bideoklipa ere argitaratu zuen. Abestiak ez zuen arrakasta handirik lortu, errusiar zerrendan 247. posturaino iritsi zen. Abeslariak album berria 2012 bukaeran argitaratuko zuela adierazi zuen[39].

Hala ere, 2012. urtean Julia beste proiektu batzuetan ibili zen buru-belarri. Dima Bilan abeslariarekin batera, martxoaren 1ean, "Back To Her Future" ("Bere Etorkizunera Atzera") kanta aurkeztu zuen Eurovision Lehiaketarako sailkatze fasera. Bigarren lekua lortu zuten, 29,25 puntu, "Party For Everybody" garailetik bederatzira. Abestiak eta bere errusierazko kideak, "Liubov-Suka" ("Maitasun Madarikatua"), 47. postua lortu zuten herrialdeko musika zerrendan. Gainera, urte berean, Juliak errusiar film batean parte hartu zuen: Zombie Kanikuly - 3D, protagonista gisa. Abeslariak ere aurretik You and I filmean parte hartu zuen, baina aktore lanetan ibili zen lehenengo filma izan zen[40][41].

Uztailean, "Didn't Wanna Do It" ("Ez Nuen Egin Nahi") abestia eta Kuban grabatu zen bideoa aurkeztu zituen. Bideoklipak polemika piztu zuen eduki sexualaren ondorioz, eta Errusian 18 urteko beherakoentzat debekatua izan zen[40].

Singleak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • 2011 - "Rage"
  • 2011 - "Woman All The Way Down"
  • 2011 - "Sdvinu Mir / All Because Of You"
  • 2012 - "Davai Zakrutim Zemliu / Didn't Wanna Do It"
  • 2012 - "Liubov-Suka / Back to her Future" (Dima Bilanekin)

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. "t.A.T.u., Russian Pop Duo, Opening Sochi 2014 Winter Olympics Ceremony" US Magazine. 2014.09.17
  2. "IFPI Platinum Europe Awards" International Federation of the Phonographic Industry. 2009.09.04
  3.   156. araua - Alfabeto zirilikoz idatzitako izenak euskarara aldatzeko transkripzio-sistema (errusiera, bielorrusiera, ukrainera eta bulgariera), Euskaltzaindia, http://www.euskaltzaindia.net/dok/arauak/Araua_0156.pdf. Noiz kontsultatua: 2014.09.04 .
  4. "Юлия Волкова (Julia Volkova) - биография и фото Юлия Волкова, статьи на". Wday.ru. 2012.11.15
  5. a b c d e f Julia Volkova. About Official site. 2014.09.05
  6. Julia Volkova Lastfm. 2014.09.05
  7. a b c d t.A.T.u. History Official site. 2014.09.05
  8. a b c d t.A.T.u. UK Askmen. 2014.09.05
  9. "Oficjalna lista sprzedaży :: OLIS - Official Retail Sales Chart". Polish Society of the Phonographic Industry. 2014.09.05
  10. "Album certifications – t.A.T.u – 200 Po Vstrechnoy" (ZPAV). 2014.09.05
  11. Julia Volkova Wordpress. 2014.09.09
  12. a b c "10 years in the Wrong Lane: An Interview with t.A.T.u." Muumuse. 2014.09.09
  13. "t.A.T.u. presents a naughty video" Russia Journal. 2014.09.09
  14. "t.A.T.u and Special Guest Eduard Romanyuta to Perform in Concert on September 27, 2013" Prnewswire. 2014.09.09
  15. Hiatt, Brian (2003ko martxoaren 7a). "t.A.T.u. Ewww". EW.com. 2014.09.09
  16. a b "Russian body and soul: t.A.T.u. performs at Eurovision 2003" A song for Europe. 2014.09.09
  17. "Talk Talk: t.A.T.u. on Jimmy Kimmel Live (2003)" aux. 2014.09.09
  18. YouTube Anatomy of t.A.T.u. 2014.09.07
  19. a b "t.A.T.u. - Happy Smiles (staff review)" Sputnikmusic. 2014.09.09
  20. Vote switch 'stole Tatu's Eurovision win' The Guardian. 2014.09.09
  21. "UK act hits Eurovision low" BBC News. 2014.09.09
  22. "t.A.T.u. Concerts in Germany Cancelled/Delayed" Tatysite. 2014.09.09
  23. "Another lawsuit - t.A.T.u. cancellations in Riga" Tatysite. 2014.09.09
  24. "Russian pop duo t.A.T.u. panned in Japan" smh. 2014.09.09
  25. YouTube Podnebesnaia. 2014.09.09
  26. "Julia Volkova – Tatu Singer Is Pregnant" ContactMusic. 2014.09.09
  27. a b Ananova Ltd (2003). "Tatu seeking new name and manager". ananova 2003
  28. "Dangerous and Moving - t.A.T.u" Discogs. 2014.09.09
  29. "t.A.T.u. - Dangerous and Moving" Allmusic Review. 2014.09.09
  30. En vivo Tatu - Live In St. Petersburg - Truth DVD (2006) JukeBox. 2014.09.09
  31. "Julia presenta una gran entrevista acompañada de fotos exclusivas con sus dos hijos, Vika y Samir" Facebook (Hello). 2014.09.09
  32. "t.A.T.u. – «Веселые улыбки». Рецензия Гуру Кена - Новости рока". Newsmusic.ru. 2012.03.13
  33. "Yulia Volkova calls Katina's solo project "silly" ! (Subtitled)" Youtube. 2014.09.09
  34. You and I IMDb. 2014.09.11
  35. "Vocea Romaniei. Rusoaicele de la trupa t.A.T.u. au facut spectacol pe scena. Cine merge mai departe" (errumanieraz) - Pro TV. 2014.09.09
  36. "Yes, the Pseudo-lesbian Band t.A.T.u. Sang at Sochi’s Opening Ceremony" TheDailyBeast. 2014.09.09
  37. "t.A.T.u se despide con Love in every moment" (gaztelaniaz) - Los40. 2014.09.09
  38. "Twitter / JuliaVolkova: We've just announced the title" Twitter 2014.09.09
  39. "Основные параметры ротации трека на радиостанциях, работающих в системе" (errusieraz) - Tophit.ru. 2014.09.11
  40. a b Julia Volkova’s interview with KM.ru KM 2014.09.11
  41. "Eurovision 2012 Final de Rusia Julia y Dima" Only-tatu. 2014.09.11

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Julia Volkova


Aurrekoa
Premier-Ministr 2002an
Northern Girl abestiarekin
EuroRusia.svg
Errusia 2003ko Eurovision Abesti Lehiaketan
Ne Ver, Ne Boisia abestiarekin
Ondorengoa
Julia Savitxeva 2004an
Believe Me abestiarekin