Jupiter (mitologia)
| Jupiter (mitologia) | |
|---|---|
| Antzinako Erromako erlijioa | |
| Ezaugarriak | |
| Jatorrizko izena | Iuppiter |
| Sexua | gizonezkoa |
| Ikonografia | tximista, arranoa eta hasta (en) |
| Baliokideak | Zeus, Perun (en) |
| Familia | |
| Aita | Saturno |
| Ama | Ops |
| Ezkontidea(k) | Junon |
| Bikotekidea(k) | Latona (en) |
| Seme-alabak | Vulkano, Diana, Herkules, Bako, Iuventas (en) |
| Anai-arrebak | Junon, Vesta, Pluton, Neptuno eta Zeres |
Jupiter[1] (latinez: Iuppiter, Iovis genitiboa) erromatar panteoiko jainko gorena da, eta italikoen jainko zaharra, Saturnoren eta Rearen semea. Erromatarrentzat eta Italiako beste herrientzat zeruaren, eguneko argiaren, eguraldiaren, tximistaren eta trumoiaren jainkoa zen[2].
Gero, greziarren Zeus jainkoarekin elkartu zuten, eta haren genealogia eta gertaerak erantsi zizkioten. Erromako tradizio literarioan, Zeusen irudikapena Jupiterrenaren gainetik jartzen da, halako moldez non mitoek eta ikonografiak nahasten baitituzte bi jainkoek. Horregatik, Jupiterri, ordura arte ia mitologiarik edo ahaidetasunik gabea, Zeus jainko grekoaren ezaugarri mitologikoak egozten zaizkio. Hala, Jupiter Junon arrebarekin ezkonduta dago. Jupiter Neptunoren eta Plutonen anaia zen, Poseidonen eta Hadesen baliokide erromatarrak, hurrenez hurren. Bakoitzak unibertsoko hiru erresumetako bat zuzendu zuen: zerua, urak eta azpimundua.
Iuppiter Optimus Maximus deitzen zioten, Erromako Estatuaren patroia zelako: legea eta ordena sozialaz arduratzen zen.
Etimologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Iuppiter, Iovis izena indoeuropar jatorriko izen konposatu baten bilakaeratik dator *Dyus ph2ter, "aita zeru" esan nahi duena. Izen hori grekoz Ζεύς πατὴρ eta sanskritoz Dyauṣ Pitā da. Konposatuaren lehen zatia *dyew- sustrai indoeuroparretik sortutako hitz familiari dagokio, "eguneko argia", "zeru argitsua" esan nahi duena; horren gainean sortzen da, halaber, dies "eguna" latindar hitza. Diespiter ere agertzen da Plauto eta Varronen testuetan, Jupiter izendatzeko[3].
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jainko subiranoak, arranoa eta tximista ditu ezaugarri. Arranoak beste hegazti batzuen aurretik jarri zituen augurioen zantzuak interpretatzerakoan, eta erromatar armadaren sinbolo arruntenetako bat bihurtu zen (aquila). Bi ikurrak maiz konbinatu ohi ziren jainkoa arrano baten forman irudikatzeko, atzaparretan tximista bat eutsiz, sarritan txanpon greko eta erromatarretan ikusia.
Haren zuhaitz sakratua haritza zen, berak, Saturnok bezala, ezkurrekin elikatzen irakatsi baitzien gizon-emakumeei[4].
Zetro bat eskuan duela irudikatzen da; batzuetan, hala ere, lau zaldi zurik daramaten zalgurdi batean ageri da. Zeruaren jainkoa zenez, euriaren, tximistaren eta trumoiaren jabe zela uste zuten antzinako erromatarrek eta Kapitolino muinoan Iuppiter Optimus Maximus tenplua eraiki zuten haren ohoretan.

Gainera, Jupiter zen Italiako mahastietako ardoaren zaindaria, eta, horregatik, ardoa biltzeko erritualek izaera publikoa zuten eta erromatar populuko apaizen aurrean egiten ziren.[5] Vinalia Prioria (Lehen Vinaliak) jaialdian (ardoaren lehen dastaketa egiteko jaia)[6] Jupiterri ardo gaztea eskaintzen zioten, eta Vinalia Rustica jaialdian nekazariek uzta ona eskatzen zioten. Danuta Musiał poloniar historialariak dio, K.a. III. mendearen amaieran eta II.aren hasieran latinezko autoreak grezierazko testu literarioak Erromako errealitatera egokitzen ari zirenean, (interpretatio romana aplikatzen ari zirenean) ezin izan zuten, "ageriko arrazoiengatik", Dionisos Jupiterrekin parekatu, ezin zuten esan Dioniso eta Jupiter antzekoak zirenik, eta horren ordez, Liber jaikoa izan zen, nola edo hala, jainko grekoaren izaerarekin identifikatu ahal izan zuten italiar jatorriko jainko bakarra.[5]
Epitetoak eta zereginak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jupiter Elicius bezala, lehorte garaian euria bidaltzeko eskatzen zioten erritual berezi batekin; Jupiter Fulgur bezala, aldare bat zuen Marteren Zelaian, eta tximistak jotako leku guztiak bere jabetza bihurtzen ziren eta profanoengandik babesten zituzten horma zirkular bat eraikiz.
Italia osoan muinoen gailurretan gurtzen zuten; horrela, Erromako hegoaldean zegoen muinoan Albanoetan (Alba Longa hiria egon zen bertan), Jupiter Latiaris izeneko bere gurtzaren antzinako egoitza bat egon zen, eta hura zen 30 hiri latindarren ligaren erdigunea, eta Erroma, hasieran, kide arrunta zen.
Erroman bertan, Kapitolio muinoan, zegoen bere tenplurik zaharrena; han zegoen bere zuhaitz sakratuaren, haritzaren, tradizioa, Zeusen eta Jupiterren gurtzan ohikoa zena, eta hor ere gordetzen ziren lapides silices, suharrizko harriak, fetiales deituriko apaizek zeremonia sinbolikoetan erabiltzen zituztenak. Fetialeek erromatar estatuaren izenean gerra ofizialki deklaratzen edo itunak egiten zituzten.
Jupiter ez zen latindarren babesle handia bakarrik, bere gurtzak kontzepzio moral bereizi bat gorpuzten zuen ere. Bereziki zinak, itunak eta ligak (hirien arteko elkartasunak) gainbegiratzen zituen, eta bere apaizaren aurrean egiten zen ezkontza formarik zaharrena eta sakratuena (confarreatio).[7]

Artea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Artean oso sarritan agertzen da Jupiterren irudia, bai eskulturan bai margolanetan. Aipagarriak dira eskulturan: Vatikanoko Iupiter Verospi, Napoliko eta Louvre museoko eskulturak, Kapitolioko museoko irudia (Jupiter zutik, tximista eskuan duela), edota Joan Boloniakoaren Iupiter Pluvius ospetsua. Pinturan aipatzekoak dira: Rafaelen Jupiter eta Antiope (Vatikanoan), Tizianorena (Louvre museoan), Bronzinorena (Munichen), eta abar.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Euskaltzaindia. 82. araua. Grezia eta Erromako pertsonaia mitologikoak. .
- ↑ Grimal, Pierre. (1981). Diccionario de mitología griega y romana. (Ed. rev., con bibliografía actualizada por el autor. argitaraldia) Paidós ISBN 84-7509-053-2. PMC 9435709. (kontsulta data: 2022-04-06).
- ↑ Ernout-Meillet, Dictionnaire étymologique de la langue latine, Paris, Klincksieck, 1967.
- ↑ Humbert, Jean. ((1982 printing)). Mitología griega y romana. (Versión de la 24. ed. francesa por B.O.O. argitaraldia) G. Gili ISBN 84-252-0218-3. PMC 9701239. (kontsulta data: 2022-04-06).
- 1 2 (Ingelesez) Musial, Danuta. (2013). «Divinities of Roman Liberalia» Przeglad humanistyczny 2: 95-96. (kontsulta data: 2026-04-15).
- ↑ «LacusCurtius • Ancient Roman Festivals — The Vinalia (Smith's Dictionary, 1875)» penelope.uchicago.edu (kontsulta data: 2026-04-15).
- ↑ (Ingelesez) «Jupiter | Roman God of Thunder & Sky | Britannica» Encyclopedia Britannica (kontsulta data: 2026-04-19).
