Justizia Administrazioaren letradu

Wikipedia, Entziklopedia askea

Figura honen azalpena Espainiako ordenamendu juridikoaren araberakoa da.

Justizia Administrazioaren letraduak[1] (JAL) (2015eko urriaren 1era arte idazkari judizialak[2] deituak) funtzionario publikoak dira, izaera nazionala duen goi-mailako kidego juridiko nagusi bakar bat eratzen dutenak. Justizia Administrazioaren zerbitzuan eta Justizia Ministerioaren mende daude, eta beren funtzioak autoritate gisa betetzen dituzte. Organo jurisdikzionalean honako eginkizun hauek betetzen dituzte, besteak beste: fede publiko judizialaren jarduna, bulego judizialaren zuzendaritza, autoak eta espedienteak egitea eta prozesua bultzatzea.

Izena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

7/2015 Lege Organikoa indarrean sartu zenean, idazkari judizial izatetik Justizia Administrazioaren letradu izatera pasatu ziren[3]. Aldaketa horren zergatia da lehengo izenak ez zuela garbi erakusten zein zen funtzionario hauen lana; gaur egungo izena ere eztabaidagarria da, ez baitira abokatuak (abokatuei letradu ere esaten zaie). Gehiago hurbiltzen dira notarioaren figurara, haien antzera fede publikoaren emaile izatea baita euren funtzio nagusietako bat, baina soilik arlo judizialean (notarioek arlo estrajudizialean jarduten dute).

JALen figura ez da nahastu behar bake-epaitegietako Justizia Administrazioko letraduekin (horiek ere lehen “idazkari judizial” izena hartzen zuten, baina aldaketak eureri ere eragin die)[4]. Bake-epaitegietakoek kudeaketa prozesal eta administratiboko langile izateko oposizioak gainditu behar izan dituzte; ez dute zertan Zuzenbideko lizentziatuak edo graduatuak izan, eta ez dira Justizia Administrazioko letraduen goi-mailako kidego juridikoko parte. Izatez, JALen funtzioak betetzen dituzten kudeatzaileak dira, eta hortik hartzen dute izena.

Lege-testu batzuetan oraindik ez da aldatu izena, eta idazkari judizial terminoa agertzen da (besteak beste, Idazkari judizialen kidegoaren Erregelamendu Orokorrean).

Izaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Osatzen duten goi-mailako kidego juridikoak izaera nazionala daukanez, funtzionario publikoak dira, baina Espainiako estatukoak (Justizia Ministerioaren menpe daude organikoki). Autoritate-izaera ere badaukate. Botere Judizialaren 6/1985 Lege Organiko eguneratuan, honako hau dio 440. artikuluak:

Justizia Administrazioaren letraduak funtzionario publikoak dira, kidego juridiko nagusi bakar eta izaera nazionaleko bat eratzen dutenak, Justizia Administrazioaren zerbitzuan eta Justizia Ministerioaren mende. Gainera, beren funtzioak autoritate gisa betetzen dituzte, eta bulego judiziala zuzentzen dute.

JALak ezinbestekoak dira epaileek eta magistratuek epaitzeko eta epaitutakoa betearazteko. Horregatik, nahiz eta Justizia Ministerioaren menpe egon organikoki, Botere Judizialaren partaide ere badira; JALak gabe ezin daitezke osatu jurisdikzio-organoak[5].

Funtzioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

JALen funtzioak hiru multzo handitan banatzen dira: fede publikoa ematea, bulego judiziala zuzentzea eta prozesua bultzatu eta antolatzea.

Fede publiko judiziala ematea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiako Konstituzioaren 24. artikuluan adierazten da herritar orok eskubidea duela benetako babes judiziala izateko:

1. Pertsona guztiek eskubidea dute epaileek eta auzitegiek benetan babes eman diezaieten beren eskubide eta interes legitimoen erabileran, eta ezein kasutan ezin gertatuko da defentsa-gabeziarik.

2. Era berean, denek dute eskubidea legeak aurrez ezarritako epaile arrunta izateko; abokatuaren defentsa eta laguntza izateko; beren kontrako akusazioaren berri jasotzeko; prozesu publiko bat izateko, bidegabeko atzerapenik gabe eta berme guztiekin; egoki diren frogabideak erabiltzeko beren defentsan; beren buruaren kontra ez deklaratzeko; beren burua errudun ez aitortzeko, eta errugabetasun-presuntzioa izateko.

Horrek esan nahi du guztiok dugula eskubidea legeek ezarritako eran babestuak izateko. Babes hori jasotzea Justiziaren Administrazioan lan egiten duten guztien esku dago, baina batez ere epaile eta magistratuen esku. Hain zuzen ere, epaile eta magistratuen jarduna kontrolatzeko sortutako figura da Justizia Administrazioko letraduarena. Hein handi batean, fede publiko judiziala emanez kontrolatzen ditu JALak epaile eta magistratuak[6]. Fede publiko judiziala Justizia Administrazioaren barne-kontrola egiteko modu bat, zeinaren bidez JALak ziurtatzen duen jardun judiziala benetan egin dela. Funtzio hori nabariagoa zen teknologia berriak garatu aurretik, JALak ikustaldi-aretoetan egoten zirelako epaile edo magistratuen ondoan, eta ikustaldien akta egiten zutelako. Akta horrek dokumentu publikoaren balioa du, eta horren bidez egiazkotzat jotzen da ikustaldia benetan egin zela. Botere Judizialaren Lege Organikoko 238. artikuluan ezarrita dago deusezak izango direla JALaren presentziarik gabe egiten diren ikustaldiak. Gaur egun, ordea, ikustaldiak grabatu egiten dira, eta horrek ahalbidetu du JALak ikustaldi guztietan egon behar ez izatea, esaten eta gertatzen den guztia idatziz jartzen. Sinadura elektroniko aitortuaren bidez, JALek grabazioak sinatzen dituzte, akta elektroniko bat sortuz, eta euren presentzia birtualaren bidez fede publikoa emanez[7]. Horregatik esaten da JALak epaitegietako notarioen antzekoak direla. Hala ere, ez da ahaztu behar oraindik ere JALak presentzialki egin beharko duela akta erregistroetan, hilotzak altxatzean, eta abarretan. JALa egon ezean ezingo da aktarik egin, eta egintza deuseza izango da. Botere Judizialaren Lege Organikoko 453.1 artikuluan azaltzen da fede publiko judiziala ematearen funtzioa:

Idazkari judizialei dagokie, esklusiboki eta osoki, fede publiko judiziala ematea. Funtzio hori betetzean, auzitegian edo auzitegiaren aurrean gauzaturiko egintza prozesalak eta prozesurako garrantzia duten egitateak jasoko dituzte, dagozkien akta eta diligentzien bidez.

Grabatzeko edo erreproduzitzeko baliabide teknikoak erabiltzen direnean, idazkari judizialak esku hartu gabe egin ahal izango dira ikustaldiak, legean aurreikusitako moduan. Betiere, idazkari judizialak bermatuko du grabatu edo erreproduzitu denaren egiazkotasuna eta osotasuna.

Ikustaldi-aretoetan egon behar ez izateak ahalbidetu du JALek lehen epaile eta magistratuek betetzen zituzten hainbat funtzio hartzea, azken horiek epaitzean eta epaitutakoa betearaztean eraginkorragoak izan daitezen. Aldaketa horri esker, honako hauek dira gaur egun JALen esku dauden egitekoetatik inportanteenak, fede publiko judiziala emateaz gain[8]:

Bulego judiziala zuzentzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bulego judiziala Justizia Administrazioko organoetako bat da, botere jurisdikzionala gauzatzeko behar-beharrezkoa dena. Justizia Administrazioaren Administrazioa izenez ezagutzen denaren parte da, eta horregatik, EAE eta Nafarroako kasuan, autonomia erkidegoek dute bertako baliabide material eta pertsonalen ardura. Euren egitekoa prozesu judizialek aurrera egiteko beharrezkoak diren egintzak gauzatzea da (idazkiak jaso, sailkatu, zitazioak bidali…).

Oro har, epaitegi edo auzitegi bakoitzeko bulego judizialeko lantalde bat dago, JAL baten zuzendaritza tekniko-prozesalaren pean jarduten duena. Kontuan izan bulego judizialaren egitura asko aldatu zuela 2009ko erreformak (ikus Araudia atala), eta horrek JALen funtzioei asko eragin ziela; bulego judizial berrian JAL bakoitzak prozesuko fase zehatzago baten ardura izango du[9].

Dokumentatzea eta prozesua bultzatu eta antolatzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Multzo handi honen barruan sartzen dira 2003ko eta 2009ko erreformek ekarritako aldaketa asko. Hauek dira arlo honetan egun JALek dituzten funtzio eta ahalmenetako batzuen adibideak, jurisdikzio-ordena ezberdinetan:

  • Dekretuak egitea, eta horien bidez demandak izapidetzeko onartzea (lehen epaile eta magistratuek egiten zuten).
  • Prozesuen amaiera ere ezar dezakete dekretu bidez, alderdien akordioa dagoenean edo prozesuz kanpoko asetzea dagoenean (lehen auto bidez egiten zuten epaile eta magistratuek).
  • Ikustaldietarako datak seinalatzea, dagokion epaitegiaren edo auzitegiaren titularraren irizpideak jarraituta (hau ere epaile eta magistratuek eurek egiten zuten lehen, eta askoren artean eztabaida sortu duen erabakia izan da).
  • Kostuen tasazioak egitea.
  • Dokumentazio lana.
  • Prozedura monitorioak ebaztea.
  • Adiskidetzeak eta bitartekaritza lanak egitea.
  • Enkante judizialak elektronikoki egitea, presentzialki egin ordez.
  • Enbargatzea.
  • Auzitarako ahalordeak eskuetsi (gazt. autorizar) eta dokumentatzea.
  • Legez eta erregelamenduz ezartzen den beste edozein funtzio ere beteko dute idazkari judizialek (Botere Judizialaren Lege Organikoko 442. art.).

Sarbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Justizia Administrazioaren letradu izateko betekizun nagusiak hauek dira: a) nazionalitate espainiarra izatea, b) adin nagusikoa izatea, eta c) Zuzenbidean lizentziatua edo graduatua izatea. Baldintza horiek betetzen dituztenek aukera daukate estatu-mailako oposizioetara aurkezteko.

Barne-sustapen bidez ere lor daiteke kidegoaren parte izatea, oposizio-lehiaketa sistema erabilita. Bide hori erabiltzeko aukera daukaten bakarrak kudeaketa prozesal eta administratiboko langileak dira, baldin eta euren postuan gutxienez 2 urte badaramatzate. Pertsona horientzako gordeko da plazen % 30, eta oposizioaren gai-zerrenda murritzagoa izango dute.

Araudia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1978ko Espainiako Konstituzioan justifikatzen da JALen existentzia, eta 6/1985 Lege Organikoan, Botere Judiziala arautzekoan, zehazten da haien araudia. Ordea, Justizia Administrazioaren letraduei eragiten dien araudiak aldaketa sakonak jasan ditu. Aldaketa gehienen ondorioa izan da epaile eta magistratuen hainbat eginkizun Justizia Administrazioaren letraduei transferitu izana.

Lan-eredu berriaren jatorria abenduaren 23ko 19/2003 Lege Organikoan dago, zeinaren bidez Botere Judizialaren Lege Organikoa aldatu zen[10]. Lehenengo aldaketa handi horrekin JALek funtzio gehiago eskuratu zituzten; hor hasi zen bulego judiziala berritzeko bidea. 2009an bi arau garrantzitsu onartu ziren[8]:

  • Batetik, 13/2009 Legea, azaroaren 3koa, Bulego Judizial Berria ezartzeko legedi prozesala aldatzen duena; horrekin Prozedura Zibilaren Legean 380 aldaketa egin ziren, eta baita beste gutxi batzuk ere, 60/2003 Arbitraje Legean, 22/2003 Konkurtso Legean eta 15/2003 Legean.
  • Bestetik, 1/2009 Lege Organikoa, azaroaren 3koa, Bulego Judizial Berria ezartzeko legedi prozesala aldatzen duen legearen osagarria, Botere Judizialaren 6/1985 Lege Organikoa aldatzen duena.

Azken aldaketa garrantzitsua: 7/2015 Lege Organikoa, uztailaren 21ekoa, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzen duena. Lege horri zor diogu “Justizia Administrazioaren letradu” izen berria. Beraz, Espainiako Konstituzioa, Botere Judizialaren Lege Organikoa (V. Liburua, II. Titulua), Idazkari judizialen kidegoaren Erregelamendu Orokorra eta Prozedura Zibilaren Legea (gainerako ordenetako legeekiko ordezko izaera duena) dira arlo honetan garrantzizkoenak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Euskalterm: [Bake Epaitegiak Hiztegia] [2019]
  2. Euskalterm: [Hiztegi terminologikoa] [2006]
  3. Idazkari judizialen izendapen berria. (Noiz kontsultatua: 2020-03-27).
  4. RUÍZ OSTAIKOETXEA, José Luis. «Bake Epaitegietako Idazkari Judizialak eta beren lana» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-27).
  5. ROBLES ACERA, Antonio (2001): El Secretario Judicial como garante de los derechos  e intereses de los ciudadanos reconocidos en el art. 24 dela Constitución Española. Estudios Jurídicos, Secretarios Judiciales VI-2001. Centro de Estudios Jurídicos de la Administración de Justicia, Madrid.
  6. RONCERO LINARES, Ascención. Organigrama de la Nueva Oficina Judizial. Especial Referencia al papel del Secretario en las UPAD y los Servicios Comunes Generales. Los procesos operativos principales. Breves consideraciones sobre la fe pública judicial.
  7. ORTUONDO ROCANDIO, José María (2007): Idazkari Judizialen ikastaroa: “Reformas Procesales y la Nueva Oficina Judicial en las Jurisdicciones Penal y Civil” Vitoria-Gasteiz, 2007ko urriaren 4 eta 5ean.
  8. a b ETXEBARRIA ESTANKONA, Katixa (2010): “XXI. menderako bulego judizial berria. Azken erreforma prozesalak”, Eleria, ISSN 1137-1951, 20 zk., 107-111 orr.
  9. Justizia.eus: Bulego Judizial Berriaren egitura[Betiko hautsitako esteka] (2020/03/27)
  10. PÉREZ ESTRADA, Miren Josune (2017): “Reflexiones sobre la función del Letrado de la Administración de Justicia en el proceso a consecuencia de la STJUE de 16 de febrero de 2017, C-503/2015”. Revista General de Derecho Procesal, ISSN-e 1696-9642 43. zk.

Kanpo estekak[1][aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Aipuaren errorea: Konpondu beharreko erreferentzia kodea dago orri honetan: ez da testurik eman :1 izeneko erreferentziarako