Kálmán Tisza
Kálmán Tisza (Nagyvárad, 1830eko abenduaren 16a – Budapest, 1902ko martxoaren 23a) hungariar politikaria izan zen. Hungariako lehen ministroa izan zen 1875etik 1890era.
Hungariako erlijio kalbindarrako nobleziako familia batean jaio zen. 1848ko Hungariako Iraultzaren ondoren, postu bat jaso zuen gobernu iraultzailearen instrukzio ministerioan. Iraultzaren porrotaren ondoren, Tiszak atzerrira ihes egin zuen familiarekin. 1855ean Hungariara itzuli zen.
1861ean Tisza parlamentuko kide hautatu zuten eta alderdi erradikaleko buru bihurtu zen. 1867an Austria-Hungariako Konpromisoa onartzeko negoziazioetan parte hartu zuen eta 1875ean Alderdi Liberala sortu eta Hungariako lehen ministro aukeratu zuten.
Hamabost urtez egon zen boterean, gobernuaren boterea sendotu zuen burokraziaren aurrean eta erreforma ekonomikoak egin zituen, herrialdearen porrota saihestuz eta zergen bidez estatuaren diru-sarrerak handituz. 1878an Bosnia eta Herzegovinaren okupazioa gertatu zen eta 1879an Alemaniarekin aliantza sinatu zen.
Nazionalitate hungariarrari buruzko lege bat onartu zuen, atzerrian hamar urte baino gehiago eman zituztenei hungariar nazionalitatea kentzeko. Kaltetuetako bat Lajos Kossuth zen, Turinen bizi zena. Legearen aurkako protestek Tiszaren dimisioa eragin zuten 1890. urtean. Tiszak 1901era arte jarraitu zuen parlamentuan.