Károly Khuen-Héderváry
Károly Khuen-Héderváry (Gräfenberg, 1849ko maiatzaren 23a – Budapest, 1918ko otsailaren 16a) hungariar politikaria izan zen. Hungariako lehen ministroa izan zen 1903an eta 1910etik 1913ra.
Karoly Khuen-Héderváry hungariar nobleziako familia batean jaio zen. 1883an Kroaziako Ban izendatu zuten eta gobernuan eman zituen hogei urteetan politika arbitrario eta ustela egin zuen. Kroaziarrak bortizki zapaldu, autonomia galarazi eta hungariera inposatu zuen. Serbiarrak ere gobernu postuetan jarri zituen etnien arteko lehiak sustatzeko eta, horrela, kroaziarrak Austria-Hungariako Inperioari aurka egitea eragozteko. 1903an istilu larriak izan ziren eta enperadoreak Khuen-Héderváry kargutik kendu zuen.
Ban kargutik kendu zuten egun berean, Karoly Khuen-Héderváry Hungariako lehen ministro izendatu zuten. Gobernu honek hilabete batzuk besterik ez zuen iraun oposizioko kideak erosteko saiakera bat aurkitu zenean.
1910ean gutxiengoan zegoen gobernu bat zuzendu zuen, bi urte iraun zuena.