Kaarel Eenpalu
Kaarel Eenpalu, 1935era Karl August Einbund deitua (Vesneri, 1888ko maiatzaren 28a – Vyatlag eremua, Kirov oblasta, 1942ko urtarrilaren 27a) estoniar abokatu, kazetari, militar eta politikaria izan zen. Estoniako estatuburua izan zen 1932ko uztailetik azarora eta lehen ministroa 1938tik 1939ra.
1909 eta 1914 artean zuzenbidea ikasi zuen Tartuko Unibertsitatean eta ondoren Moskuko Unibertsitate Inperialean graduatu zen. Postimees, Tallinna Teataja eta Kaja egunkarietako editorea izan zen.
Lehen Mundu Gerran, Estoniako Artilleriako lehen erregimentuko artilleriako komandantea izan zen, eta Estoniako Independentzia Gerran, Tartuko Goi Eskolako ikasle batailoia eta Estoniako Artilleriako bigarren erregimentua zuzendu zituen.
Estoniako Batzar Konstituziogileko kide (1918-1919), Riikoguko kide (1920-1937), Goi Ganberako kide (1938-1940), Barne ministro eta parlamentuko presidente izan zen.
1932an estatuburu eta 1938tik 1939ra lehen ministro izan zen.
1940an Sobietar Batasunak Estonia okupatu ondoren, Eenpalu atxilotu eta Errusiara deportatu zuten. Atxiloketa-eremu batean hil zen 1942an.