Kakitzat
Kakitzat edo Euskal Herriko Koordinakunde Antimilitarista 1980ko hamarkadan Gipuzkoan sortu eta Hego Euskal Herriko hainbat udalerritan aritu zen erakunde antimilitarista da.
1980ko hamarkadan Espainiako soldadutzaren aurkako talde asko sortu ziren herriz herri: batzuk Kontzientzia Eragozpen Mugimendua KEM-MOC taldearen barnean antolatzen ziren, eta beste batzuk soilik tokian tokiko esparruetan. Talde horien sorreran jende anitzek hartu izan zuten parte: kontzientzia eragozleek, alderdi politikoetako gazteek, gazte asanblada edo irrati libreetakoek, beste taldeetan parte hartzen ez zuten gazteek...
Gipuzkoako KEM eta herrialde honetako beste talde batzuk (Orereta, Azkoitia...) elkarlanean hasi ziren, eta horrela sortu zen Gipuzkoako Koordinadora Antimilitarista. Ondoren, Koordinakunde horretako hainbat taldek Kakitzat sortu zuten. 1980ko hamarkada bukatu baino lehen Bizkaian, Nafarroan eta Araban Kakitzateko talde berriak sortu ziren.
1990eko hamarkada hasieran kontzientzia eragozpena barik, intsumisioa borrokaren ardatza izan zen, bai soldadutzari, eta baita objetoreentzat Espainiako Legeak asmatu zuen Ordezko Zerbitzu Sozialari (gaztelaniazko sigletan, PSS) ere. Urteak aurrera joan ahala, beste gai batzuk lantzen hasi ziren: gastu militarra, eragozpen fiskala, gerrateak... 1994tik aurrera Intsumisio Eguna antolatzen hasi zen Kakitzat. Intsumisio Egunak honako herri hauetan egin ziren: Oiartzunen, Bermeon, Berriozarren, Agurainen, Usurbilen eta Abadiñon. 2000. urtean derrigorrezko soldaduskaren amaiera jaia egin zen Usurbilen, eta 2001ean Bilboko Erakustazokan jaialdia ere bai.
1990eko hamarkadaren bigarren erdian Nafarroa, Araba eta Gipuzkoako Kakitzat desagertu ziren. XXI. mendean, Bizkaiko Kakitzatek gerrak, gastu militarra eta eragozpen fiskala landu ditu, besteak beste.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Gaztelaniaz) Kakitzat: azken eguneraketa, 2002. urtekoa.