Kaligrafia

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Kaligrafia txinatarra

Kaligrafia (antzinako grezierazko κάλλος kallos "eder" + γραφή graphẽ "idazkera") modu egokian idazteko artea da, orokorrean eskuzko tresna batekin, hala nola luma estilografiko bat, brotxa bat edo arkatz bat[1]. Ekialdean antzinatik txit aintzat harturiko antzea izan da. Txinan eta Txinaren eragina duten idazketa-sistemetan, kaligrafia pinturaren eta eskulturaren parekotzat hartu izan da.

Herrialde musulmanetan, Koran liburu sakratua kopiatu beharrak itzal handia eman zion kaligrafiari eta bide horretatik arte-mailara iritsi zen.

Mendebalean, greziarren artean idazketa silabikoa K.a. VIII. mende inguruan agertu zen. Bizantzion erabili zen lehen aldiz letra xehea. Erdi Aroan eta lehen Errenazimentuan kaligrafia monasterioetako kopiatzaileen lanari esker garatu zen batez ere. XVI. mendeaz gero, inprentaren hedapenak kopiatzaileen lana murriztu zuen eta kaligrafia gehiegizko apaingarriz hornitu zen ondoko 300 urteetan. XIX. mendearen amaierarekin kaligrafiaren tradiziozko formen errenazimentua etorri zen.

Pedagogiaren alorrean, garai guztietan kaligrafiak garrantzi handia izan badu ere, haren irakaskuntza galduz joan da gure egunotan ikasleen artean boligrafoa sartu den heinean. XVI. mendean Joanes Itziar bizkaitar kaligrafoa nabarmendu zen antze honetan Espainian eta Europan.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tradizioaren arabera, karaktere txinatarrak –gaur egun ezagutzen diren idazketen artean zaharrena– Cang Jie-k asmatu zituen (K.a. 2650. urte inguruan). Beste tradizio baten arabera, Fuxi Txinako lehen enperadorearen garaikoak dira.

Txinatar kulturan garrantzi handia ematen zaio kaligrafiari. Hauetan oinarritzen da: ideogramen edertasun bisualean, horiek egiteko teknikan eta Txinako kultura tradizionalaren arau metafisikoetan.

Mendebaldeko kaligrafia modu guztiz independentean garatu zen. Jatorrian latindar alfabetoa du; hori baliatzen zuten Erdi Aroan monje kopistek pergaminoan idazteko. Sasoi bertsuan, islamdar kulturak bere kaligrafia propioa garatu zuen, arabiar alfabetoan oinarritua, eta, izaki bizidunak irudikatzeko debeku erlijiosoaren ondorioz, arkitekturan asko erabilitako dekorazio-arte bihurtu zen.

Beste kultura batzuetan, beste alfabeto batzuk garatu ziren, eta gaur egun ere badaude, gehienak Asian, eta beren herrialdeetan erabili ohi dira, nahiz eta askoz gutxiago zabaldu diren munduan.

Gutenbergek inprenta asmatu ondoren, liburuek ordura arte baino zabalkunde are eta handiagoa lortu zuten, eta tipografiak garrantzia irabazi zuen kaligrafiaren kaltetan.

Lehenik boligrafoak eta ondoren idazmakina eta ordenagailuek kaligrafia gure eguneroko bizitzatik desagertzea eragin dute. Nolanahi ere, gaur egun oso bizirik dago arte hori; idazketa eta beste arte plastiko batzuk (marrazketa eta pintura) uztartzen dituen adierazpide artistikoa da, eta edertasun plastiko handiko obrak sortzeko aukera ematen du. Tipografia berrien sortzaileek, adibidez, sarri bilatzen dute inspirazioa kaligrafian. Era berean, kaligrafia presente dago gure inguruan: publizitatean, enpresen logotipoetan eta produktu askoren etiketetan. Nolanahi ere, denborak aurrera egin ahala, gero eta gutxiago erabiltzen da.

Kaligrafiak gaur egun duen adierazpenetako bat «kaligrafiti» deritzona da. Kaligrafiaren antzea grafitiarekin fusionatu duen mugimendu artistikoa da, oro har, giro urbanoarekin lotua; hala, tradizioa eta modernitatea uztartzea lortu dute.

Tresnak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Luma eta pintzela dira kaligrafoen tresna nagusiak. Kaligrafiako lumek luma-mutur lauak, biribilak edo zorrotzak izan ditzakete.[2][3][4] Dekorazio-helburu zehatz batzuetarako, punta anitzeko lumak edo altzairuzko pintzelak erabil daitezke. Hala ere, errotulagailuekin edo boligrafoekin ere sortu izan dira lanak, nahiz eta horiek ez dituzten baliatzen lerro angeluarrik. Kaligrafia-estilo batzuek, hala nola idazketa gotikoak, puntadun lumak erabiltzea eskatzen dute.​

Idazteko tintari dagokionez, ur-oinarria izaten dute, eta ez dira inprentan erabiltzen diren olio-oinarridunak bezain likatsuak izaten. Zenbait paper berezik (tinta xurgatzen dutenak eta testura konstantekoak) trazu garbiagoak ahalbidetzen dituzte; hala ere, pergaminoa erabili ohi dira sarritan, akatsak ezabatzeko labana erabil daitekeelako eta ez delako argi-kutxarik behar lerroek zeharka dezaten. Normalean, argi-kutxak eta txantiloiak erabiltzen dira, lerro zuzenak egiteko eta arkatzez egindako lerroek ez dezaten lana hondatu. Paper marradunetan (izan argi-kutxekin erabiltzeko edo zuzenean), marren artean hazbete erdiko edo laurdeneko tarteak egoten dira, eta, batzuetan, hazbete beteko tarteak ere erabiltzen dira. Hori da litterea uncialesen kasua (hortik datorkio izena), eta eskoletako paper marradunak ondo funtzionatzen du gidalerro gisa.

Hauek dira kaligrafiako luma eta pintzel ohikoenak:

  • Luma
  • Tinta-pintzela
  • Idazluma
  • Luma estilografikoa

Kaligrafia-motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kaligrafia-motak sailkatzeko, hainbat irizpide erabil daitezke: irudikapena, erabilera eta zertarako diseinatu ziren.[5]

Sorburuaren arabera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arabiar kaligrafia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arabieraz, فن الخط fann al-jatt, "lerroaren artea". Kaligrafia arabiarra arte-trebetasun, -gaitasun eta -talentuen azterketa eta garapena eskatzen duten arau eta kanon estetikoek zuzentzen dute.[6] Kaligrafia kufikoa arabiar kaligrafia mota bat da, eta arabiar hizkuntza horren idazketa-motarik zaharrenetzat jotzen da. Kufa hirian (gaur egungo Iraken) garatu zen, eta hortik datorkio izena. Siriar alfabeto zaharraren aldaketa batetik abiatuta sortu zen, eta Koranaren lehen aleak idazteko erabili zen.

Hebrear kaligrafia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Rashi רבי שלמה יצחקי Rabi Shlomo Yitzjaki-ren akronimoa da; Rashiren iruzkinak Talmuden nahiz Tanakhen inprimatzeko erabiltzen diren letra erdi-etzana da. Beraren izena badarama ere, Rashik ez zuen inoiz erabili idazkera hori: letra-tipoa XV. mendeko eskuzko semi-kurtsiba sefardian oinarrituta dago.

Txinatar kaligrafia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

書法 shūfǎ gisa ezagutzen den kaligrafia. Karaktere txinatarrak bost estilo historikoren arabera marraz daitezke. Normalean, guztiak pintzelez eta tintaz trazatzen dira. Estilo horiek txinatar idazketaren historiari lotuta daude, intrintsekoki.

Estiloetan zaharrena (zigiluaren idazkera izenez ezaguna; 篆書, zhuànshū) brontzearen edo harriaren gainean grabatzen (ezen ez margotzen) ziren karaktereen egokitzapenari dagokio. Lerroak finak eta zorrotzak dira ertzetan; kurbadura ez dago baztertua, eta karaktereen forma nahiko librea da: marra mota horrek ez ditu betetzen gainerako estiloetan aipatzen diren eta funtsean pintzelari zor zaizkion jarraibideak. Karaktereak piktogramatik nahiko hurbil daude oraindik: haien formari ezin zaio atzeman beti forma modernotik, forma zaharrak baitira eta hainbat aldaketa jasan baitituzte gaur egungo formara iritsi arte. Beraz, karaktereak bakarka ikasi behar dira, eta karaktere modernoak besterik ezagutzen ez dituenarentzat, ezinezkoak dira irakurtzen. Estilo horrek Qin dinastiaren garaian (K.a. 221-K.a. 206) izan zuen goren unea.

Japoniar kaligrafia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Shodō (書道 shodō?) izenez ezagutzen den kaligrafia. Japonian artetzat jotzen da, eta perfekzionatzen oso zail den diziplinatzat. Lehen hezkuntzan, haur japoniarrei beste irakasgai bat bezala irakasten zaie.

Ohiko idazketa (楷書 kaisho?) (pinyin, kǎishū): izenak dioen moduan, estilo hau jotzen da estandarrentzat, eta egunerokoan erabiltzen da Japonian eta Txinan. Trazuen doitasunaren ondorioz, ulertzen errazena den estiloa da. Gainera, apaingarri gutxien dituen estiloa da, idazleari ematen dion libertate artistiko txikiaren eta dituen arau zorrotzen ondorioz (trazoen ordenari zorrotz jarraitu behar zaio). Japonian, Heian garaitik (794-1185) erabiltzen da, eta Zen monjeek hedatu zuten, harik eta Japoniako idazteko estilorik ohikoena bihurtu zen arte.

Korear kaligrafia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hangul edo Hanjako idazketa artistikoaren tradizio korearra da, hurrenez hurren, Korean K.o. bigarren edo hirugarren mendean sartutako alfabeto korearra eta karaktere txinatarrak.

Georgiar kaligrafia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Georgieraren kaligrafia edo idazkera artistiko mota bat da, hiru alfabeto georgiarretan erabili izan dena. Bada mendeetako tradizio bat arte horretan, eta kristautasunak literatura-bizitza georgiarrean zeregin garrantzitsua izan du; izan ere, eliza ortodoxo georgiarreko monjeek eta beste erlijioso batzuek eskuizkribu eta erregistro historiko asko utzi dituzte.

Mendebaldeko kaligrafia edo latindarra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mendebaldeko kaligrafia edo kaligrafia latindarra alfabeto latindarraren erabileran oinarritzen da, eta erromatarrek sortu zuten; zentzu zabalagoan, alfabeto grekoa erabilita egindako lanak ere hartzen ditu bere baitan. Idazkera kaligrafiarekin osatzen duten elementuak bost dira: morfologia, idazketa-angelua, duktusa, modulua eta idazketaren pisua.

  • Jatorria: Erromatarrek, zintzelez, harri gainean zizelkatzen zuten alfabetoa, eta gaur egun letra larri deitzen ditugunez osatzen zen; proportzio harmonikoei esker, gaur egunera ia aldaketarik gabe iritsi dira. Ordenagailuetako Times New Roman tipografia hedatuaren oinarri zuzena letra erromatarrak dira; izenak ere argi adierazten du jatorri hori
  • Teknika: Harrizko inskripzioez gain, erromatarrek papirozko biribilkien gainean ere idazten zuten, letra larria imitatuz (trazuen muturretako apendizeek, harriaren gaineko tailerrean, horietako bakoitza "ixteko" balio zuten, harkaitza trazuaren bukaeratik harantzago ez zedin pitzatu) edo antzeko forma batean, baina "Landatar" izeneko euskarri-materialera egokituago. Dokumentu informalagoetarako, erromatarrek letra etzanak erabiltzen zituzten, eta, mendeetan zehar, gaur egungo letra xehe bihurtu ziren.

Erromatarrak, papiro-biribilkien ordez, erditik tolestutako pergaminoz (animalien larru ondua) egindako lehen liburuak erabiltzen hasi ziren. Erdi Aro osoan, monjeek kodexak kopiatu zituzten eskuz, gehienetan testu sakratuak, monasterioetako scriptoriumetan. Haientzat, kaligrafia lana baino askoz gehiago zen: errezatzeko modu bat zen.

Monjeen dedikazioaren emaitza arte-mota bat izan zen: hasierako letra ederrak, kapitularrak edo bertsalak izenekoak, bertsoaren hasieran kokatuta zeudelako, eta iluminazio deituriko ilustrazio ñimiñoak.

Beste irizpide batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egilearen arabera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esate baterako:

Haurren kaligrafia: haurrek eta, oro har, hizkuntza baten idazketan hasten direnek ikasi behar dituzten ezaugarri eta elementuei dagokienez behar bezala eratutako idazketa da..

Estiloaren arabera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esate baterako, hauek daude Mendebaldekoen artean:

  • Kaligrafia gaelikoa
Kaligrafia gaelikoa

Latindar alfabetoko 26 letrez gainera, letra gaelikoak azentu zorrotza duten bokalak ditu (Áá Éé Íí Óó Úú), bai eta puntu diakritikoa duten kontsonante multzo bat ere (Ḃḃ Ċċ Ḋḋ Ḟḟ Ġġ Ṁṁ Ṗṗ Ṡṡ Ṫṫ) eta agusen erabiltzen den zeinu tironianoa ere: irlanderaz eta esan nahi du. Era berean, s eta r letren forma insularrak erabiltzen dira, eta horietako batzuek hasierako kaligrafian erabiltzen ziren ligatura zenbait dituzte, zeinak eskuizkribuen tradiziotik datozen. i xehea punturik gabe idazten da (nahiz eta ez den turkierazko punturik gabeko turkierazko i-a [ı]). Eta d, f, g eta t letrek forma intsularrak dituzte. Letra tipo gaeliko askok forma zeltiarrak dituzte letra hauentzat: j, k, q, v, w, x, y eta z; beste hizkuntza zeltiar batzuetako bokalentzako euskarri gisa balio izaten dute. Halaber, & eta zeinuak bereizi egiten dira (hala gertatzen zen tipografia tradizionalean ere), nahiz eta letra mota moderno batzuetan, errakuntzaz, et-en ordez zeinu tironianoa erabiltzen dute, biek eta esan nahi dutelako.

Kaligrafia untziala (latineko unciālis hitzetik; ‘hazbete batekoa’) idazketa mota bat da, non testua letra larriz erabiltzen zen, maiuskularen zentzu paleografikoan, hau da, bi lerro paralelo horizontalek mugatutako letra mota (xeheak edo minuskulak lau behar ditu). Ohiko erabilera izan zuen K.o. III. mendearen eta VII. mendearen artean, batez ere eskribau latindar eta grekoen artean. K.o. VIII. mendetik XIII. mendera arte, letra mota ohikoa zen izenburu eta letra nagusietan.

Gaiaren araberako kaligrafia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikuspuntu artistiko batetik:

Kaligrafia modernoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Berpizkundea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Edward Johnston, Mendebaldeko kaligrafia modernoaren sortzailea, lanean, 1902an.

XV. mendetik aurrera inprenta leku guztietan zegoen zerbait bihurtu zela-eta, eskuizkribuen ekoizpena jaisten hasi zen.​ Hala ere, inprentaren gorakadak ez zuen kaligrafiaren amaiera ekarri.

Mendebaldeko kaligrafiaren berpizkundea XIX. mendearen amaieran hasi zen, William Morrisen estetikak eta filosofiak eta Arts and Crafts mugimenduak eraginda. Edward Johnston kaligrafia modernoaren aitatzat hartzen da.[7][8] William Harrison Cowlishaw arkitektoaren eskuizkribuen kopia argitaratuak aztertu ondoren, William Lethaby ezagutu zuen 1898an, Arte eta Ofizioen Eskola Zentraleko zuzendaria, eta Britainiar Museoan eskuizkribuak aztertzea gomendatu zion.

Horrek Johnstonen interesa piztu zuen kaligrafiaren artean, aho zabaleko boligrafoa erabiliz. Southampton Row-eko (Londres) Central School-en kaligrafiako ikastaro bat hasi zuen 1899ko irailetik aurrera, eta bertan eragina izan zuen Eric Gill diseinatzaile tipografiko eta eskultorearengan. Frank Pick-ek agindu zion diseina zezala Londresko metrorako letra-mota bat, eta gaur egun ere horixe erabiltzen da (moldaketa txiki batzuekin).[8]

Kaligrafiaren eta hizki modernoen artea inoren laguntzarik gabe berpizteko merezimendua eman zaio bere liburu eta irakaskuntzen bidez: gaiari buruzko bere eskuliburuak —Writing & Illuminating, & Lettering (1906)— eragin berezia izan zuen tipografo eta kaligrafo britainiarren belaunaldi batean, besteak beste, hauengan: Graily Hewitt, Stanley Morison, Eric Gill, Alfred Fairbank eta Anna Simons. Johnstonek idazkera kaligrafiko biribila ere asmatu zuen: era soilean landua, luma zabal batekin idatzia, gaur egun Fundazio-eskua deitzen dena. Hasieran, Johnstonek angelu lauko arkatz bat erabiliz irakatsi zien ikasleei esku untziala, baina, gero, angelu inklinatuko arkatz bat erabiliz.[9] Lehenik, horri deitu zion "Fundazio esku", bere 1909ko argitalpenean (Manuscript & Inscription Letters for Schools and Classes and for the Use of Craftsmen).[10]

Ondorengo garapenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Graily Hewittek Arte eta Lanbideen Eskola Zentralean irakatsi zuen, eta Johnstonekin batera argitaratu zituen lanak mendearen lehen erdian. Hewitt funtsezkoa izan zen kaligrafiaren berpizte oparoan, eta, era berean, diseinu tipografikoen ekoizpen oparoa izan zuen 1915 eta 1943 bitartean. Hewittek Eskribauen eta Irudiztatzaileen Elkartea (SSI) sortzen lagundu zuen 1921ean; munduko kaligrafia elkarterik garrantzitsuena izan liteke.

Kaligrafia adibide bat, Graily Hewittena.

Hewittek kritikoak[11] eta aldekoak[12] izan zituen Cennino Cenniniren Erdi Aroko igeltsu-errezeten bere interpretazioari dagokionez.[13] Donald Jackson kaligrafo britainiarrak iragan mendeetako igeltsu-errezetak eskuratu ditu; horietako batzuk ez daude itzulita egun ingelesera.[14] Graily Hewittek sortu zuen Felipe printzeari Edinburgoko duke titulua ematea iragartzen duen patentea, 1947ko azaroaren 19an, Isabel erreginarekin ezkondu baino egun bat lehenago.[15]

Johnstonen ikasle Anna Simons funtsezkoa izan zen Alemanian kaligrafiarekiko interesa pizteko, alemanera itzuli baitzuen 1910ean Writing and Illuminating, and Lettering.[7] Rudolf Larisch austriarrak sei letra-liburu argitaratu zituen, eta eragin handia izan zuen kaligrafo aleman hiztunengan. Larisch Vienako Arte Eskolako letra-irakaslea zen. Alemanez hitz egiten zuten herrialdeek utzi gabe zeukaten gotikoaren eskua inprimategian, eta gotikoak ere eragin handia izan zuen haien estiloetan.

Rudolf Koch Larischen lagun eta garaikidea zen (hura baino gazteagoa). Liburuen, diseinu tipografikoen eta irakaskuntzaren ondorioz, Koch XX. mendeko Europa iparraldeko eragin handieneko kaligrafoetako bat izan zen, eta, ondoren, AEBetakoa ere bai. Larisch eta Kochek asko irakatsi zieten Europako kaligrafo askori, bereziki Karlgeorg Hoeferri eta Hermann Zapfi.[16]

Gaur egungo ordenagailuek gehien erabiltzen dituzten letra-mota garaikideek (izan testu-prozesatzaileetan, adibidez, Microsoft Word, Apple Pages, nahiz diseinu profesionaleko software-paketeetan, Adobe InDesign, esaterako) zor izugarria daukate iraganarekin eta gaur egungo letra-mota profesionalen diseinatzaile zenbaitekin.[17][18][19]

Unicodek kaligrafiarako erabil daitezkeen "Script" eta "Faktur" alfabeto latindarrak eskaintzen ditu.


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Mediavilla, Claude. (1996). Calligraphy : from calligraphy to abstract painting. ISBN 90-803325-1-8. PMC 36585304. (Noiz kontsultatua: 2022-02-10).
  2. Reaves, M.; Schulte, E. (2006). Brush Lettering: An instructional manual in Western brush calligraphy. New York: Design Books.
  3. Child, H., ed. (1985). The Calligrapher's Handbook. Taplinger Publishing Co.
  4. Lamb, C.M., ed. (1976). Calligrapher's Handbook. Pentalic.
  5. Juárez Hernández, 2016, 44. or.
  6. «Escritura y caligrafía | Antonio Giménez Reíllo» www.um.es (Noiz kontsultatua: 2022-02-13).
  7. a b «The Legacy of Edward Johnston» www.ejf.org.uk (Noiz kontsultatua: 2022-02-14).
  8. a b «The Eric Gill Society: Edward Johnston (1872-1944)» web.archive.org 2008-10-10 (Noiz kontsultatua: 2022-02-14).
  9. Gilderdale 1999
  10. Baines & Dixon 2003: 81
  11. Tresser 2006
  12. Whitley 2000: 90
  13. Herringham 1899
  14. Jackson 1981: 81
  15. Hewitt 1944-1953
  16. Cinamon 2001; Kapr 1991
  17. Mediaville, Claude (1996). Calligraphy: From Calligraphy to Abstract Painting. Belgika: Scirpus-Publications. ISBN 978-90-803325-1-5.
  18. Zapf, H. (2007). Alphabet Stories: A Chronicle of technical developments. Rochester, NY: Cary Graphic Arts Press. ISBN 978-1-933360-22-5.
  19. Henning, W.E. (2002). Melzer, P., arg. An Elegant Hand: The Golden Age of American Penmanship and Calligraphy. New Castle, Delaware: Oak Knoll Press. ISBN 978-1-58456-067-8.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]