Kamerun

Wikipedia, Entziklopedia askea
Kamerungo Errepublika
République du Cameroun
Republic of Cameroon
Ereserkia: O Cameroon, Cradle of Our Forefathers (en) Itzuli
Goiburua: Paix, Travail, Patrie
Peace, Work, Fatherland
("Bakea, Lana, Aberria")
Flag of Cameroon.svg
Kamerungo bandera
Coat of arms of Cameroon.svg
coat of arms of Cameroon (en) Itzuli
Cameroon (orthographic projection).svg
Kamerungo mapa.png
Geografia
HiriburuaJaunde
3°51′28″N 11°31′5″E
Azalera475.442 km²
Punturik altuenaKamerun mendia
Punturik sakonenaBiafrako golkoa (0 m)
KontinenteaAfrika
MugakideakAfrika Erdiko Errepublika, Txad, Kongoko Errepublika, Ekuatore Ginea, Gabon eta Nigeria
Administrazioa
Gobernu-sistemaerrepublika
Kamerungo presidenteaPaul Biya
Kamerungo lehen ministroaJoseph Ngute (en) Itzuli
LegebiltzarraParliament of Cameroon (en) Itzuli
Harreman diplomatikoakWikidata logo.svg Ikusi mapa Wikidatan
Zeren kide
Demografia
Biztanleria24.053.727 (2017)
Green Arrow Up.svg1.799.768 (2013)
Dentsitatea50,59 bizt/km²
Hizkuntza ofizialak
Erabilitako hizkuntzak
Ezkontzeko adinagizonezko: 15
emakumezko: 18
Emankortasun-tasa4,704 (2014)
Eskolaratu gabeko umeak1.773.968 (2015)
Alfabetizazioa% 75 (2015)
Bizi-itxaropena58,073 (2016)
Giza garapen indizea0,556 (2017)
Ekonomia
BPG nominala34.798.596.482,427 US$ (2017)
Green Arrow Up.svg2.581.058.539,763 (2016)
BPG per capita1.451 US$ (2017)
Green Arrow Up.svg60 (2016)
BPG erosketa botere paritarioa89.538.343.257 nazioarteko dolar (2017)
Green Arrow Up.svg4.681.807.945 (2016)
BPG per capita EAPn3.722,431 nazioarteko dolar (2017)
Green Arrow Up.svg102,146 (2016)
BPGaren hazkuntza erreala4,4 % (2016)
Erreserbak3.196.791.410 US$ (2017)
Green Arrow Up.svg971.082.661 (2016)
Inflazioa0,3 % (2016)
Red Arrow Down.svg−1,2 (2015)
Historia
Sorrera data: 1960ko urtarrilaren 1a
Bestelako informazioa
Aurrezenbakia+237
ISO 3166-1 alpha-2CM
ISO 3166-1 alpha-3CMR
Ordu eremua
Elektrizitatea220 V. 50 Hz.Europlug (en) Itzuli eta Type E (en) Itzuli
Internet domeinua.cm
prc.cm…

Kamerun[1] (frantsesez: Cameroun), izen ofiziala Kamerungo Errepublika (frantsesez: République du Cameroun),[1] Afrikako erdi-mendebaldeko estatu burujabea da. Hego-mendebaldean Gineako golkoa du, Nigeria mendebaldean eta iparraldean, Txad ipar-ekialdean, Afrika Erdiko Errepublika ekialdean, eta Ekuatore Ginea, Gabon eta Kongoko Errepublika hegoaldean. 466.050 kilometro koadroko eremua hartzen du, eta 22,1 milioi biztanle zituen 2015ean.[2] Hiriburua Jaunde da, eta Duala hiri handiena.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mugak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kamerun erdi-mendebaldeko Afrikan dago, ipar latitudeko 1° eta 13° artean, eta ekialdeko longitudeko 8° eta 17° artean. Nigeriarekin du muga mendebaldean eta iparraldean, Txadekin ipar-ekialdean, Afrika Erdiko Errepublikarekin ekialdean, eta Ekuatore Ginearekin, Gabonekin eta Kongoko Errepublikarekin hegoaldean. Hego-mendebaldean 402 kilometroko kostaldea du Ozeano Atlantikoako Gineako golkoaren ertzean.[3]

Erliebea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lau zati bereizten dira Kamerungo lurraldean:

  • Hegoaldeak Sanaga ibaiaren eta itsasertzaren arteko lurraldea hartzen du, eta ordokiak eta baso trinkoko muinoak ditu.
  • Erdialdean, Sanaga ibaiaren iparraldearen eta Benue ibaiaren artean, Adamawa goi-ordoki zabala dago, batez beste 1.300 metroko garaiera duena.
  • Iparraldeak sabanako zabaldiak ditu eta, maldan behera, Txad aintzirara bitarteko zatia hartzen du.
  • Mendebaldea menditsua da; bertan dago mendebaldeko Afrikako mendi garaiena, Kamerun mendia edo Fako sumendia (4.095 metro). 2000. urtean izan zuen azken erupzioa.

Hidrografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ibai nagusiak Sanaga eta Benue dira. Sanaga Atlantiko Ozeanora isurtzen da, eta Niger ibaiaren adarra da Benue.

Klima eta landaredia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kamerungo klima beroa da, ekuatorean baitago. Urtean 21-28 °C bitarteko tenperaturak ditu, mendietan izan ezik. Iparraldean hegoaldean baino euri gutxiago egiten du: itsasertzean, 3.800 mm urtean, eta erdiko ordokian 1.500 mm. Hegoaldean bi sasoi lehor izaten dira (abendua-otsaila eta uztaila-iraila), eta iparraldean bakarra (urria-apirila). Hegoaldean oihanak daude, erdialdean hosto iraunkorreko eta erorkorreko basoak, eta iparraldean sabana da nagusi.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kamerungo lehen biztanleak pigmeoak izan bide ziren. Duela 2.000 urte inguru, Afrikako ekuatore inguruetako bantuak iritsi ziren. 500. urtearen aldean, Sao zibilizazioa garatu zen Txad aintziraren ertzean. Horren ondorengoak izan ziren Kanem eta Bornu inperioak. XV. mendearen bukaeran, portugaldarrak iritsi ziren itsasertzera, eta 1520tik aitzina lur sailak landu zituzten eta esklaboen salerosketan aritu ziren. XIX. mendean britainiarrek esklaboen salerosketa debekatu zutenean, Bioko uhartean kokatu ziren, espainiarren baimenaz, itsasertza zaintzeko.

Alemaniar, britainiar eta frantziar agintaldiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIX. mendean, britainiarrek protektoratua ezarri nahi zuten lurralde horietan, eta Kamerungo barne aldera sartu ziren. Hala ere, Alemaniar Inperioak hartu zuen lurralde osoa 1884an, eta Kamerun izeneko koloniaren barnean sartu. 1887an, Jaunde hiria sortu zuten.

Lehen Mundu Gerraren ondoren, Nazioen Ligak bi zatitan banatu zuen Kamerun, Frantziaren mendekoa bata eta Erresuma Batuaren mendekoa bestea. 1960an, Frantziaren mende zegoen zatiak independentzia lortu zuen. Britainiarren mende zegoen zatia, berriz, bitan banatu zen 1961ean: iparraldea Nigeriari lotu zitzaion, eta hegoaldeak Frantziarena izandako zatiarekin bat egin zuen federazio batean.

Kamerun independentea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erresuma Batuko eta Frantziako koloniak elkartu zirelarik, estatu federal bat osatu zen, 1972an, erreferendum bidez, batu zen arte.[4] 1960az gero agintean zegoen Ahmadou Ahidjo presidentearen esku geratu zen aginpide betearazlea. Ahidjok erregimen gogorra finkatu zuen; gogortasun hori salatu zuten giza eskubideen aldeko europar elkarteek, milaka preso politiko zeudela jakin zutelarik. 1982an, presidenteak dimisioa aurkeztu zuen ustekabean, eta Paul Biya lehen ministro ohiaren esku gelditu zen kargua, nahiz eta Ahidjo izan zen aurrerantzean ere Kamerungo Batasun Nazionala (UNC) legezko alderdi bakarraren burua.

Biyak zenbait estatu kolperi aurre egin behar izan zien. 1983an, Ahmadou Ahidjok erbesteratu behar izan zuen, Biyaren kontrako konplota bultzatu izanaz akusatu baitzuten. 1985ean, UNC alderdiak RDPC (Kamerungo Herriaren Elkartasun Demokratikoa) izena hartu zuen, baina bide politiko berari jarraitu zion, harik eta 1991n oposizioko alderdiak onartu ziren arte. Izan ere, 1990 aldean, herritarren eta oposizioaren kontrako jarrera nagusitzen ari zela ikusirik, zenbait berrikuntza egin behar izan zituen Biyak. Dena dela, oposizioan ez zegoen batasunik, eta 1992ko lehenengo hauteskunde alderdi-anitzetan Paul Biya hautatu zuten berriro. Oposizioak, atzerriko begiraleen onespenarekin, iruzurra salatu zuen, baina gobernuak ez zuen onartu aldaketarik. Ipar-ekialdean John Fru Ndik, FSD (Frente Sozial Demokrata) alderdiko buruzagiak, presidente izendatu zuen bere burua eta, eskualde hartan nagusitzen ari zen nahasmenduari aurre egiteko, larrialdi egoera ezarri zuen gobernuak. Bestalde, koalizio gobernu bat osatu zuen, RDPC nagusi zela, eta zapalkuntza gogorra bideratu zen gobernuaren kontrako adierazpenen aurka.

Paul Biya, Kamerungo presidentea 1982tik.

Oposizioko alderdiek ez zuten batasunik lortzen (Errepublikaren Aldeko Mugimendua zegoen batetik, FSD bestetik, Demokraziaren eta Aurreramenduaren Batasun Nazionala, UNDP ere bai), eta barne zatiketa handiak izan ziren haien baitan; egoera nahasi horrek Biyari indar eman zion 1996ko udal hauteskundeetarako. 1997an, berriro izan zen garaile Biya, beste zazpi urterako. Azpimarratzekoa da, dena dela, hauteskunde haietan hiru milioi biztanlek bakarrik izan zuela botoa emateko eskubidea, gainerako guztiak "atzerritartzat" hartu baitzituen gobernuak. 1998an istiluak sortu ziren Nigeriaren eta Kamerunen artean, bien artean muga egiten duen Bakassi penintsula aberatsaren gaineko nagusitasuna dela-eta. 2004an eta 2011n, berriz ere Biyak irabazi zituen presidentetzarako bozak, baina sektore batzuek zalantzan jarri zuten hauteskundeen garbitasuna.

2014tik aurrera, Boko Haramen eta Nigeriako armadaren arteko gatazkak eragina izan zuen Kamerun iparraldean ere.[5] 2015eko abenduan, milizia islamistak bahiturik zeuzkan 900 gatibu askatu zituen bertako armadak, Defentsa ministroak adierazi zuenez.[6] 2016an, manifestazioak eta grebak egiteari ekin zieten Ipar-mendebaldea eta Hego-mendebaldea eskualdeetako independentista ingeles hiztunek, euren aldarrikapenak entzunarazteko, eta gobernuaren erantzuna errepresioa izan zen. 2017ko urtarrilean buruzagi ugari atxilotu zituzten, eta horren ostean sortu zen independentzia borroka armatuaren bidez aldarrikatzen duen mugimendua. 2017ko urriaren 1ean independentzia aldarrikatu zuten: Ambazoniako estatua. Egoera are gehiago gaiztotu zen orduz geroztik. Hainbat gobernuz kanpoko erakunderen arabera, 2017-2018 bitartean 3.000 zibil hil ziren talde armatuen eta armadaren arteko borroken ondorioz. Amnistia Internazionalarentzat, 400 ziren hildako zibilak.[4]

2018an, zazpigarren aldiz jarraian hartu zuen presidente kargua Paul Biyak.[7]

Gobernua eta administrazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Indarrean dagoen 1996ko konstituzioaren arabera, Kamerun errepublika presidentzialista da. Presidentea da estatuburua, eta lehen ministroa gobernuburua. Presidentetzarako hauteskundeak zazpi urtez behin egiten dira. Parlamentuak bi ganbera ditu: Nazio Biltzarra (Assemblee Nationale, 180 kide) eta Senatua (Senat, 100 kide).[3]

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herrialdea 10 eskualdetan banaturik dago, eta horiek 58 departamendutan azpibanaturik daude.

Mapa Izena Frantsesezko
izena
Hiriburua Eremua[2]
(km2)
Biztanleria
(2015)[2]
Provinces of Cameroon numbered.svg
1 Adamawa Adamaoua Ngaundere 63.701 1.201.000
2 Erdialdea Centre Jaunde 68.953 4.159.500
3 Ekialdea Est Bertua 109.002 835.600
4 Iparralde Urruna Extrême-Nord Marua 34.263 3.993.000
5 Kostaldea Littoral Duala 20.248 3.355.000
6 Iparraldea Nord Garua 66.090 2.442.600
7 Ipar-mendebaldea Nord-Ouest Bamenda 17.300 1.968.600
8 Hegoaldea Sud Eboloea 47.191 749.600
9 Hego-mendebaldea Sud-Ouest Buea 25.410 1.553.300
10 Mendebaldea Ouest Bafussam 13.892 1.921.600
Kamerun Cameroun Jaunde 466.050 22.179.700

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biztanleria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

22,1 milioi biztanle zituen 2015ean.[2] Adinari dagokionez, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak, % 42,3; 15-24 urte bitartekoak, % 20; 25-54 urte bitartekoak, % 30,6; 55-64 urte bitartekoak, % 3,9; eta 65 urtetik gorakoak, % 3,1. Bizi itxaropena 62,8 urtekoa da: 61,1 urtekoa gizonezkoena eta 64,6 urtekoa emakumezkoena (2021eko zenbatespenak).[3]

Banaketa etnikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bamileke etniako Nte dantza.

250 talde etniko daude Kamerunen. Bamileke-Bamu (% 24,3), Beti-Bassa-Mbam (% 21,6), Biu-Mandara (% 14,6), Fula-Hausa (% 11), Adamawa-Ubangi (% 9,8) eta ekialdeko herriak (% 7,7) dira garrantzitsuenak.[3]

Hizkuntzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

24 hizkuntza talde daude herrialdean: bassa, bikya edo furu, kanuriera, ngumba, bamun, fula edo fulfulde, ewondo...)[8] Hizkuntza ofizialak ingelesa eta frantsesa dira: lehenengoa Ipar-mendebaldea eta Hego-mendebaldea eskualdeetako jendeak hitz egiten du (biztanleriaren bostena inguru dira), eta bigarrena gainontzeko kamerundarrek. Hala ere, ingeles hiztunak alor guztietan bazterturik daude.[4] Bestela, Camfranglais izeneko pidgina oso hedaturik dago hirietan.

Erlijioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Katolikoak % 38,3 dira, protestanteak % 25,5, bestelako kristauak % 6,9, musulmanak % 24,4, animistak % 2,2, eta erlijiorik gabeak % 2,2 (2018ko zenbatespena).[3]

Hiri nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dualako portua.

Kamerunek petrolio hobi aberatsak eta nekazaritzarako lurralde aski egokiak ditu: horri esker, Saharaz beheko Afrikako lurraldeetan ekonomia aurreratuenetakoa du. Dena dela, gainerako herri azpigaratuen arazo bertsuei aurre egin behar die, adibidez barne egoera nahasiak negozioetarako sortzen duen giro kaskarra eta administrazio publiko astun-erraldoia. 1990az gero, Nazioarteko Diru Funtsaren programetan parte hartzen du eta, horri esker, industriak indar hartu du eta inbertsioak areagotzen ari dira, nekazaritzaren eta merkataritzaren mesedetan.

Kotoi-biltzea.

Ekonomia indartzeko ahalegin horietan pribatizazioa bultzatu zen, alor publikoko langile asko kaleratu eta beste askoren soldata murriztu zen, eta horrek haserrea sortu zuen herritarren artean. Hasierako aurreikuspenak oso itxaropengarriak ziren arren, gobernuak ez zuen behar adinako arrakastarik izan plangintza horiek aurrera eramatean, arazo ugariri aurre egin behar izan zielako: besteak beste, nahasmenduari, ustelkeriari eta kanpo zor handiari.

Nekazaritza izan da tradizioz jarduera nagusia (barne produktu gordinaren % 16,7 hartzen du, eta langileen % 70 inguru 2001ean), eta industria indartzen ari da: ehungintza eta elikagai industria, aluminioa. Merkataritzarako erabiltzen diren nekazaritzako gaietan, batez ere kafean eta kakaoan (gai horiek hartzen dute kanpo merkataritzako irabazien % 40), eta petrolioan (diru sarreren bi heren) oinarritua da Kamerungo ekonomia. Zura eta haren eratorriak ere garrantzi handiko gaiak dira (esportazioen % 9).

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etnia bakoitzak bere kultura eta ohiturak ditu. Musika mota asko egiten da: hegoaldeko oihaneko jendeen artean danborra, eta iparraldekoen artean xirula dira musika tresna nagusiak. Charlotte Dipandak, Kareyce Fotsok, Manu Dibangok, Sally Nyolok eta Richard Bonak arrakasta lortu dute musika tradizionala eta modernoa fusionatuz.

Era askotako eskulanak egiten dira: fulanien larru lanak ezagunak dira, mendebaleko mendietako kirdien eta matakanien buztin-lanak oso aintzat hartuak dira, eta orobat tikarrek egiten dituzten kobrezko pipak ere. Sartaldeko artea ere, literatura eta zinema, zabaltzen ari da. Aipatzekoak dira Mongo Beti, Calixthe Beyala, Djaïli Amadou Amal eta Léonora Miano eleberrigileak.

Kamerungo futbol selekzio nazionalak sekulako astindua eragin zuen 1990eko Italiako Munduko Txapelketan, final-laurdenetarako sailkatu baitzen, Roger Milla aurrelari beteranoa buru zuela. Afrikako Nazioen Kopan, berriz, bost aldiz lortu du garaipena.[9]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b 38. araua. Euskaltzaindia (Noiz kontsultatua: 2010-03-25).
  2. a b c d e Cameroon. citypopulation.de (Noiz kontsultatua: 2022-3-1).
  3. a b c d e Cameroon. CIA - World Factbook, cia.gov (Noiz kontsultatua: 2022-3-1).
  4. a b c Kamerun ipar-mendebaldeko eskola batean 81 ikasle bahitu dituzte. Berria, 2018ko azaroak 6, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-3-1).
  5. Velte, Samara. Boko Haramekin su-etena sinatu duela dio Nigeriako Gobernuak. Berria, 2014ko urriak 18, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-3-1).
  6. Makazaga, Sabin. Kamerungo armadak Boko Harameko ehun kide hil eta 900 gatibu askatu ditu. Berria, 2015eko abenduak 3, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-3-1).
  7. Paul Biyak presidente kargua hartu du Kamerunen, zazpigarren aldiz jarraian. Berria, 2018ko azaroak 7, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-3-1).
  8. Kamerun. Berria Estilo Liburua, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-3-4).
  9. Manterola, Aitor. Lehoia kaiolatik atera dute. Berria, 2017ko otsailak 7, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-3-4).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]