Kapitulu-gela

Kapitulu-gela[1] monasterio, katedral edo kolegiata baten gela da, oro har klaustroaren ekialdeko hegalean edo galerian eraikia. Oso pieza zabala izan ohi da monje edo kabildoko kide guztiei lekua egiteko, eta apaingarri arkitektoniko onekin egiten dute. Erromaniko edo gotiko estiloko monasterio batzuetan, sarrera batetik sartzen da gela horretara. Sarrera hori fatxada txiki bat da, arkiboltadun atea eta dekorazio asko dituena.
Kapitulu-gelako galeria monasterioko klaustroan eraikitzen zuten lehena zen. Elizaren burualdea altxatu eta gutxira hasi ziren eraikitzen.
Erabilera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Monasterioetan, gela horretan monje-komunitatea biltzen zen abadearekin kapitulua egiteko, hau da, ordenaren arauaren eskriturak gogoratzeko eta monasterioari eta bertako biztanleei buruzko gaiei buruz hitz egiteko. Bilerak, normalean, meza ondoren egiten zituzten, goizean. Monjeak hormetan zehar esertzen ziren, antzinatasun-ordena zorrotz bati jarraituz. Ekitaldia monjeen aitorpen publikoarekin amaitzen zuten, egindako hutsegiteak beren buruari leporatu nahi zizkiotenak edo beste kideren bat salatu nahi zutenak, kasu horretan izenik gabe. Era berean, isiltasun-botoa hausten zen gela bakarra zen, hala araututa zuten komunitateetan.