Karlomagno

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Karlomagno
Karlomagno

Karlomagnoren irudia zilarrezko denario batean


800eko abenduak 25 – 814ko urtarrilak 28
Ondorengoa Luis I.a Errukitsua

774ko uztailak 10 – 814ko urtarrilak 28
Aurrekoa Desiderio
Ondorengoa Luis I.a Errukitsua

768ko urriak 9 – 814ko urtarrilak 28
Aurrekoa Pepin Laburra
Ondorengoa Luis I.a Errukitsua

Jaiotza 742
Heriotza 814ko urtarrilaren 28a
Akisgran
Sinadura Karlomagno-ren sinadura

Karlomagno edo Karlos I.a Handia[1] (latinez: Carolus edo Karolus Magnus; 742 - Akisgran, 814ko urtarrilaren 28a) Frankoen erregea izan zen 768-814 bitartean, Lombardiarren erregea 774-814 bitartean, eta Mendebaldeko enperadorea 800-814 bitartean. Europako sartaldeko ia lurralde kristau guztiak batu zituen, eta Karolingiar dinastiaren sortzailea izan zen.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pepin Laburra-ren semea zen. Aitak ez bezala, oso ikasketa laburrak izan zituen. Hura hildakoan, erresuma banatu zen Karlomagno eta Karloman anaien artean. Karlomagnok Austrasia, Neustria eta Akitaniaren zati bat hartu zituen erregetzarako; Karlomanek Akitaniaren gainerakoa, Alemania, Alsazia, Burgundia eta Septimania jaso zituen. 771ean, Karlomanen heriotzaren ostean, haren lurraldeen jabe egin zen, bere ilobak desjabetuta. Beraz, Frankoen errege bakar bihurtu zen. Italian sartu eta lonbardiarren lurraldeak konkistaturik, 774an Frankoen eta Lombardiarren errege izendatu zuen bere burua.

Lupo II.a, Baskoniako dukea menperatu eta Akitaniako Erresuma sortu zuen. Abd ar-Rahman I.a Kordobako emirraren eta haren Zaragozako gobernadore baten arteko liskarrez baliatuz, musulmanen konkista geldiarazten saiatu zen. Horretarako, Nafarroan zehar sartu zen, aldi berean beste gudaroste batez Kataluniatik eraso egiten zuela. Zaragozarako bidean zihoala Iruñeko harresiak suntsitu zituen. Baina, Zaragozan porrot egin ostean atzera zihoanean, Pirinioak pasatzen ari zela, baskoiek Orreagan prestatutako segadan erori zen, eta Karlomagnoren iloba Errolan, Bretainiako Markako dukea, hil zen guduan. Ondorioz, 778ko abuztuaren 15ean bere armadaren atzeragoardia galdu zuen[2]. Gertakizun hori ezusteko handia izan zen frankoentzat, eta hura estaltzearren Errolanen kantua izeneko kantu epikoa asmatu zuen Turoldek.

Pirinioen hegoaldean musulmanak gerarazteko segurtasun-eremua ezarri zuen, Hispaniako Marka, eta Bretainian gauza bera egin zuen Iparraldeko herrien aurka, Bretainiako Marka (789-790). Bavarian manupekotasuna ezarri (787), Saxonia anexionatu (799), eta frisiarrak (785), Panoniako abaroak (791-796) eta saxoiak (804) garaitu eta kristautu zituen. Frankoen erresumaren zabaldunde etengabeagatik, Aita Santuari eskaini zion babesagatik, eta hark Bizantzioko enperadoreari kontrajartzeko Mendebaldean beste enperadore bat izateko zuen nahiagatik, 800. urteko Gabon egunez, Leon III.a aita santuak Mendebaldeko enperadore koroatu zuen Karlomagno.

Mendebaldeko Inperioa izenez besterik ez zen, ordea, Erromako Inperioaren jarraipen; batasunik ez baitzuen, izan ere; moldez anitza zen, frankoa gehienbat, eta kristatutasunean (Karlomagnok «Jainkoak koroatua» deitu zion bere buruari) eta Europako indar orekan zituen bi oinarriak. Konkista aldia buruturik, bere mendeko lurraldeak, Hispaniako Markatik Danubio eta Elba ibaietaraino, eta Italiar penintsulatik Danimarkaraino, antolatzen ahalegindu zen. Errege absolutua izan zen, zaldun frankoen arteko aholkulari batzar bat baldin bazuen ere; «Jainkoak koroatua» deitu zion bere buruari; berak izendatzen zituen apezpikuak eta abadeak; berak deituta bildu ziren kontzilioak, eta berari fideltasuna zin egitea inposatu zien pertsona libre guztiei. Konkista leku bakoitzean konderria antolatu zuen, eta legeak araudi batean bildu zituen.

Bestalde, Karolingiar Pizkundea deitutako berpizkunde kultural garrantzitsuaren bultzatzailea izan zen. Izan ere, bere jauregian eskola bat sortu zuen, monasterioetan arte-lantegiak ugaldu zituen, eta garaiko jakintsuak biltzen ahalegindu zen: Alkuino Yorkekoa, Petri Pisakoa, Paulo Diakonoa, Eginhardo... Nekazaritza, industria eta merkataritza sustatu zituen. Hala, bada, alde batetik kristautasuna hedatu zuen; bestetik, Ekialdearekin merkataritza harremanak berrabiarazi zituen. Hil aurretik, 813an, Ludoviko Pio semea koroatu zuen. Eginhardok idatzi zuen Karlomagnoren biografia.

Ondorengoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Karlomagnoren 10 emazte eta ohelagun ezagutzen dira; haietako zortzirekin 20 seme-alaba izan zituen.

Karlomagno, Albrecht Düreren margolana, 1512, Germanisches Nationalmuseum, Nuremberg
Data Bikotea Seme-alabak
768 Himiltrude (ohelaguna edo emaztea)
769 Désirée Lombardiakoa (emaztea)
771 Hildegarde Vinzgaukoa (emaztea)
  • Karlos Gaztea (772 aldean–811)
  • Adelaida (774an hila)
  • Rotrude (775 aldean–810eko ekainaren 6a), Rorgon I.a Mainekoarekin ezkondua
  • Pepin (777-810), Italiako erregea
  • Luis Errukitsua (778-840), Mendebaldeko enperadorea
  • Lotario (778-779), Luisen anaia bikia
  • Berta (779 aldean– 823), Saint-Riquierko abade Angilbertoren emaztea
  • Gisela (781–814 ondoan)
  • Hildegarda (782-783)
783 Fastrada Frankoniakoa (emaztea)
  • Théodrada (785 aldean–853 aldean), Argenteuilgo abadesa
  • Hiltruda (787 aldean jaioa), Faremoutiersko abadesa
794 aldean Luitgarda Alemaniakoa (emaztea)
 ? Madelgarda (ohelaguna)
  • Rothilda 790 aldean–852), Faremoutiersko abadesa
 ?  ? (ohelaguna)
  • Rothaida (784 aldean–814 ondoan)
 ? Gerswinda Saxoniakoa (ohelaguna)
  • Adeltruda
800 aldean Regina
  • Drogon (801-855), Metzeko apezpikua
  • Hugues (802-844), Luis Errukitsua-ren kantzeler-ordea
806 aldean Adelinda
  • Thierry edo Teodoriko (807–818 ondoan)

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Karlomagno Aldatu lotura Wikidatan