Karlos III.a Napolikoa
Karlos III.a Napolikoa (Durazzo, 1345 – Visegrád, 1386ko otsailaren 24a) Napoliko erregea izan zen 1382 hil zen arte; Karlos II.a izenarekin Hungariako errege 1385etik hil zen arte, Karlos II.a izenarekin Jerusalemgo errege titularra 1382tik hil zen arte eta Akaiako printzea 1383tik hil zen arte ere izan zen.
Luis Durazzokoa eta Maria Sanseverinokoaren semea izan zen, Joan Durazzokoaren biloba eta Karlos II.a Napolikoaren eta Maria Hungariakoaren birbiloba.
Karlosek 1364an jaso zuen bere lehengusu urrun Luis I.a Hungariakoak Hungariara joateko gonbidapena. Bertan bi ezkontza eskaintza jaso zituen eta azkenean Margarita Durazzokoarekin ezkondu zen. Karlos, gainera, 1371n Eslavonia, Kroazia eta Dalmaziako gobernadore izendatu zuten duke tituluarekin.
1379 eta 1381 artean Napoliko tronua lortzeko borroka bat gertatu zen. Joana I.a Napolikoa erreginak Klemente VII.a antipapari babesa eman zion Urbano VI.a aita santuaren aurrean. Urbanok Joana eskumikatu zuen eta erresuma Karlosi eman zion, honek 1382an Napoli hartu eta Joana itotzeko agindu zuelarik. Hala ere, Karlosek aurre egin behar izan zion Luis I.a Anjoukoari, zeinak Savoia, Milan, Klemente VII.a eta Frantziaren laguntzarekin erresuma inbaditu zuen. 1384an Luis Anjoukoa hil zenean, gatazka amaitu zen. Gainera, Karlosek Urbano VI.aren aurka egin zuen.
Luis I.a Hungariakoa hil ondoren, Karlos Hungarian aurkeztu zen, Maria I.a Hungariakoa kanporatu zuen eta errege koroatu zuten. Hala ere, Elisabet Bosniakoak, Mariaren amak, Karlos hiltzea planifikatu eta lortu zuen.