Kashbad

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Kashbad
Datuak
Jatorria Errenteria (Gipuzkoa)
Musika mota Rock
Urteak 1991-2001, 2014-
Produkzioa
Diskoetxea(k) Esan Ozenki
Taldekideak
Sorkun Rubio
Gorka Sesma
Luba
Txiki
Gorka Lazkano
Karlos Osinaga
Informazio gehigarria
MusicBrainz b24585ca-b807-4944-8019-6e997ec3fd13

Kashbad 1990eko hamarkadan Errenterian (Gipuzkoa) sortutako euskal rock musika taldea da. Luba, Txiki, Gorka Sesma eta Gorka Lazkanok sortu zuten taldea, eta laster emakumezko abeslaria gehitu zitzaien, Sorkun.

Taldeak maketa bat grabatu zuen, eta Fermin Muguruzak hauxe entzun zuenean, Negu Gorriak taldearen Ideia Zabaldu (1995) diskoan parte hartzera deitu zuen Sorkun, ahotsa gustoko zuela-eta. Ondoren, hiru disko argitaratu zituzten, Kashbad, Distantzia eta Hesiak.

Zazpi urteko ibilbidearen ondoren taldea uztea erabaki zuten, proiektu berriei ekiteko.

Taldea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kutsu arabiarreko izena duen talde hau 1991n sortu zuten, Errenterian (Gipuzkoa). Hardcoretik abiatuta, intentsitate eta melodia handiko kantuak idatzi zituzten, baina, horrez gain, abeslari Sorkun Rubio izateak asko lagundu zien. Zer esanik ez, Euskal Herriko rockean sexuen arteko berdintasunaren aldeko bidea zabaldu zuten, askorentzat eredu bihurtuz. Taldeak hiru disko grabatu zituen eta 2001. urtean desegin zen, baina 2007an berriz elkartu zen hiru kontzertu emateko.

1991n hasi ziren Gorka Sesma (gitarra), Igor Elizondo Txus (baxua), Haritz Beristain Txiki (bateria) eta Iban Jimenez (gitarra) Errenteriako lokal batean instrumentuak jotzen ikasten. Abeslari batzuk probatu zituzten, baina ez zuten benetan aurrera egin bi urteren ostean Sorkun Rubio taldera batu arte. Hardcorea egiten zuten, azkarra, eta abeslariaren ahots tinbreak leundu eta goxotu egin zuen emaitza. 1995ean EMTEk (Errenteriako Musika Taldeen Elkartea) kaleratutako bilduman kantu bat sartu zuten; eta handik hilabete gutxira maketa grabatu zuten. Radio Terror taldean aritutako Mikel Gonzalez eta Jon Miner arduratu ziren soinua hartzeaz Errenteriako Soinu Tailerrean. Kasetean zortzi kantu propio batu zituzten, eta salgai jarri. Zabaldutako 600 aleak berehala saldu ziren, eta oso harrera ona izan zen.

Euskal Herrian Jingo de Lunch, Bad Brains eta halako taldeak hain ezagunak ez baziren ere, doinu gogorrei neska ahotsa gehitzeak erraztu egin zuen onespen zabala jasotzea. Nonahi jotzen hasi ziren, eta Esan Ozenki diskoetxea haiekin harremanetan jarri zen. Horren ondorioz, Negu Gorriak, Banda Bassotti, Radio Bemba eta beste talde batzuekin egin zituzten emanaldiak. Are gehiago: Egin Txotx lehiaketako finalera heldu ziren 1996an.

Kashbäd (Esan Ozenki, 1996) Kaki Arkarazorekin grabatu zuten, Azkarateko Katarain estudioan. Ordurako Gorka Lazkano (baxua) batu zitzaien taldera, eta Txus ordezkatu. Hamabost kantu grabatu zituzten, horietatik bost maketatik berreskuratuta. Hardcorea batez ere, eta reggae apur bat: "Hegaz" kantua izan zen ospetsuenetako bat. Manolo Gilek lagundu zien diseinu grafikoan, eta diskoaren haria lurra eta askatasuna ziren. Dagoeneko, Kashbad gelditu ezin zen makina zen, eta bidean ikasi behar izan zuten, beraiek gerora aitortu egin zuten moduan: "Hasieran ez genituen zuzenekoetarako tabla nahikorik, eta kontzertu handiak eman behar izan genituen. Behin baino gehiagotan pentsatu genuen maketa azkarregi grabatu genuela".

Hurrengo urtean, 1997an, Iban Jimenezek taldea utzi zuen, eta, atsedenaldi baten ondoren, laukote gisa jarraitu zuten, gitarra bakarrarekin. Distantzia bigarren diskoa ere (Esan Ozenki, 1997) Kaki Arkarazorekin grabatu zuten. Izenburuarekin irudikatu nahi izan zuten hirietan denok fisikoki gertuago baina benetan banatuago gaudela. Hardcore azkarra apur bat alboratu, eta, rocka oinarri hartuta, bestelako erritmoak lantzen hasi ziren. Hala ere, reggaeren bat ere aurki daiteke bertan, eta, PI.L.T. taldeko Rafa Rueda eta Xanperen laguntzarekin, "Lau hatz" kantua idatzi zuten, Saharako hassania dialektoan. 11 kantuez gain, diskoak bost pieza instrumental gordetzen ditu ezkutuan. Bitxikeria gisa eta musika ikuspegia zabaltzen ari ziren seinale, zuzenean Pixies taldearen "Isla de encanta" jotzen hasi ziren. Euskal Herri osoan ez ezik, Bretainian eta Italian ere kontzertuak eman zituen taldeak.

1999ko martxoan, hirugarren diskoa izango zenaren kantuak idazten hasi zirenean, Gorka Lazkano atxilotu eta espetxeratu egin zuten. Taldekideak zer egin ez zekitela gelditu ziren, baina, azkenean, aurrera egitea pentsatu zuten. Eta Karlos Osinaga (Lisabö) batu zitzaien behin-behineko ordezkapena egiteko. Behin abestiak prestatuta, ordura arte besteak beste PI.L.T. eta Zea Mays taldeekin lan asko egindako Jose Lastraren Tio Pete estudiora jo zuten. Hesiak (Esan Ozenki, 1999) izan zen emaitza, eta ordura arteko abiadura eta amorruari buelta eman zioten: kantu pop (post)rockeroagoak idatzi zituzten, intentsitatearekin gehiago jokatuz; eta lanak kutsu triste eta pentsakorragoa dauka, seguruenik, Gorkaren hutsuneak eraginda. Hala ere, diskoaren aurkezpen kontzertuetarako askatu egin zuten taldekidea, eta luze gabe berreskuratu egin zuen bere lekua taldean. Hala, ohiko kideekin, Gasteizko Gaztetxearen aldeko Gaztetxeak martxan!! bildumarako "Zuen eskaparateetan" kantu berria grabatu zuten, taldeak utzi duen azkeneko alea. Epe laburrera taldeak agur esan zuen, eta taldekideek hainbat proiekturi eutsi zieten: Sorkunek, Fermin Muguruza laguntzeaz gain, bakarkako hiru disko kaleratu ditu, Onna (Metak, 2002), Duna (Metak, 2005) eta Sorkun & Vicepresidentes (Pias, 2008); Txiki Peiremans+ eta Lau Itzal taldeetan ibili da; eta Gorka Sesma, Lau Itzal-en aritu ostean, gaur egun The Hot Dogs! taldeko soinu teknikaria da.

Horrez gain, 2007ko udazkenean hiru kontzertu bakarrik egiteko elkartu ziren: Bilboko Kafe Antzokian, Errenteriako Zumardian eta Gasteizko Gaztetxean.

2014ko urtarrilaren 20an, taldea berriro martxan zela eta kanta berriak sortzen ari zirela zabaldu zuten. Urte berean diska berria plazaratu zuten, Arrakala.

Taldekideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Sorkun Rubio - abeslaria.
  • Gorka Sesma - gitarra.
  • Luba - gitarra.
  • Txiki - bateria.
  • Gorka Lazkano - baxua.
  • Karlos Osinaga - baxua.

Diskografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kolaborazioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Gaztetxeak martxan!! (2001, Gasteizko Gaztetxea)
  • Ihes puntua. Aitzol Gogorza preso lagunari musika, gutuna, bertsoak (2013)

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal musika
Artikulu hau Euskal musika Wikiproiektuari lotuta dago. Honelako artikuluekin lagundu nahi baduzu, jo ezazu wikiproiektuaren orrira.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]