Edukira joan

Katalunia Erdialdeko Geoparkea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Katalunia Erdialdeko Geoparkea
Motageoparkea
Geografia
Estatu burujabe Espainia
Autonomia Katalunia
Probintzia Bartzelonako probintzia
EskualdeaBages

Katalunia Erdialdeko Geoparkea (katalanez: Geoparc de la Catalunya Central) UNESCOk Katalunian izendatuta dituen bi geoparkeetariko bat da. Bartzelonako probintzian kokatuta dago, Bages eskualdean, eta 1.300 km² inguruko azalera hartzen du.[1] Geoparkeko dokumentazio eta ikerketa zentrua Manresako Unibertsitateko Kanpuseko Liburutegian (BCUM) dago.[2]

Geoparkearen sorrera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2011n "Katalunia Erdialdeko Parke Geologiko eta Meatzaritza" (Parc Geològic i Miner de la Catalunya Central) izenarekin sortu zen eta 2012an UNESCOren babesean Geoparke bihurtu[3] eta Europako Geoparkeen Sarean (EGN) eta Munduko Geoparkeen Sarean (GGN) sartu zen.

Geografia eta klima

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Geoparkeak 1.315 km² inguruko azalera du eta 190.000 biztanle bizi dira han. 36 udalerri daude barnean,[1] aipagarrienak Cardona, Súria, Moià, Collbató eta Sallent dira. Montserrat eta Sant Llorenç del Munt mendilerroak ere geoparkearen barnean daude.

Llobregat eta Cardener ibaien haranak ditu eta 500 metrotako altuera duten lur garaien multzoak ere badaude, batzuk lauak eta besteak aldapatsuak. Punturik altuena Saint Jeroni (1.236m) da. Biztanleria eta industria lautadetan eta ibaiertzetan kokatu izan da historian, hala ere lurraldearen %75a basoak estaltzen du eta %17,5a nekazaritzarako erabiltzen da. Altuera baxuetan mediterranear basoa nagusitzen da, artadiak eta hariztiak, altueran gora egin ahala pinu gorria agertzen da.

Klima kontinental mediterraneoa du. Udaren eta neguaren artean aldaketa termiko nabarmena dago eta prezipitazioak urriak dira, mendi gainaldetan ezik.

Geoparkearen ondare geologikoa eta meatzaritza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Cardonako gatz meategia.

Ebroren arro geologikoan kokaturik dago eta arroka sedimentarioak dira nagusi. 40 milioi urtetako eboluzioa erakusten dute geoparkean dauden arrokek. Zaharrenak itsas ingurunetan metatutako sedimentuez eratu ziren. Beranduago, itsasoa lehortu ahala, sulfatoen (igeltsu) eta kloruroen (halita, silbita, karnalita...) metaketak gertatu ziren.[1]

Horregatik historian zehar gatz meatzaritza handia garatu da antzinarotik. Neolitokoak dira lehenengo meategiak, Cardonako gatz mendian, eta erromatarrek ere atera zuten gatza, besteak beste Plinio Zaharrak aipatzen du.[4]

Moiàko Toll leizean Kuaternarioko ornodunen fosil eta aztarna garrantzitsuak aurkitu dira, hala nola, elefanteak, errinozeroak, hipopotamoak, hienak...[5]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c «Catalunya Central | Geoparque Mundial de la UNESCO en España» Geoparques Mundiales de la UNESCO en España (kontsulta data: 2025-10-07).
  2. «BCUM - Biblioteca del Campus Universitari de Manresa - Ajuntament de Manresa» www.manresa.cat (kontsulta data: 2025-10-07).
  3. «Geoparc de la Catalunya Central - Sallent Turisme» www.sallentturisme.cat (kontsulta data: 2025-10-07).
  4. (Gaztelaniaz) Elisa. (2024-05-14). Cardona, el fascinante mundo subterráneo de la Montaña de Sal.. (kontsulta data: 2025-10-07).
  5. (Gaztelaniaz) «Museu Arqueològic i Paleontològic» Coves del Toll (kontsulta data: 2025-10-07).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]