Kataluniako prozesu subiranistaren kontrako auzia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Kataluniako prozesu subiranistaren kontrako auzia, legez 20907/2017 Auzi Berezia, Espainiako Auzitegi Gorenean egindako epaiketa izan zen, Kataluniako Generalitateko buruzagien kontrakoa. Pablo Llarena epaileak koordinatu zuen instrukzioa 2017ko urritik 2018ko uztailera eta, ondorioz, 18 pertsona izan ziren auzipetuak, tartean zirela Carles Puigdemonten gobernuko kide ia guztiak, Jordi Sànchez eta Jordi Cuixart kultura eta politikako aktibistak, Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko buru ohia, eta bertako hainbat kide.

Epaiketa Madrilgo Auzitegi Gorenean egin zen

2019ko urriaren 14an, epaiak plazaratu ziren, eta auzipetuetatik 13 izan ziren kondenatuak, Katalunian, oro har, eta giro subiranistetan, gogortzat hartutako sententzia. Auzia larritasun politiko goreneko aferatzat hartu zen, oihartzun politiko handiagatik. Generalitateko buruzagien kontrako epaiak aldarri bihurtu ziren auzipetuei babesa adierazteko eta subiranotasunaren eta demokraziaren alde Katalunian, baita Euskal Herrian eta beste zenbait tokitan ere. Epaiek mobilizazio oso jendetsuak harrotu zituzten zazpi egunez Katalunian, Espainiako politika osoa ataka batean jarriz.

Hasiera eta garapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Manuel Marchena epaileak zuzendu zuen epaiketako ahozko ikustaldia; 2019ko otsailaren 12an hasi zen ahozko auzi judiziala. Azken sententzian parte hartu zuten beste epaileak hauexek izan ziren: Andrés Martínez Arrieta, Ana Ferrer, Andrés Palomo, Antonio del Moral, José Ramón Verdugo, eta Luciano Varela.[1] Akusatu batzuk fidantzarik gabe behin-behinean espetxeratu zituzten instrukzioa abiatu zenean.[2][3] Entzunaldiak 2019ko ekainaren 12an amaitu ziren, konklusioak entzun ondoren; fiskaltzak kargu larrienak berretsi zituen: asaldaketa (indarkeria bidezko sedizio edo albaramendua), "estatu kolpea" izan zelakoan.[4]

Auzipetu guztiek zigor eskaeren gogortasuna nabarmendu zuten, eta salatu fiskaltzak gertakariak puztu eta desitxuratu zituela, "mugimendu independentista zigortzearren". Oriol Junquerasek, "guztion onerako", auzia epaitegietatik atera eta politikara itzultzeko eskatu zuen, "elkarrizketa eta adostasunaren bidetik".[5] Amnesty Internationalek[6] eta Giza Eskubideen aldeko Nazio Batuen Goi Komisarioak[7] kezka handia agertu dute politikarien kontra hartutako neurriak eta akusazio larriak zirela eta. Buruzagi subiranisten kontrako herri akusaziorako Vox alderdia aurkeztu zen, kasua bere agenda politikoari publizitatea emateko bitarteko bihurtuz.[8]

Epaiketan, auzitegiak 2.500 euroko isun bana jarri zien CUPeko diputatu ohiei Voxi erantzuteari uko egitearren, legeak nahitaez erantzutea ezartzen baitzien, lekukoak ziren aldetik.[9] 2015eko martxoaren 15ean, Jose Lluis Traperok epaile aurrean deklaratu zuen lekuko gisa, bera Entzutegi Nazionalean baitzen epaitua izatekoa; adierazpenotan, bere burua zuritu ez ezik, urrundu egin zen bere arduradun politiko subiranistekiko, adieraziz haiekin ados ez zegoela eta esanekoa zela.[10] Akusatuetako batzuk, prozesuak aurrera egin ahala, beste auzitegi batzuetara bideratu zituzten.

Epaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2019ko urriaren 14an, Espainiako Auzitegi Gorenak epaituei ezarritako sententzia plazaratu zuen, aho batez emandakoa. Auziperatuei zigor hauexek ezarri zizkien: 9 eta 13 urte arteko espetxe zigor bana bederatziri, sedizioa egotzita. Zigor gogorrenak haietako lauri ezarri zizkieten, diru publikoa bidegabe erabili zutelakoan: Oriol Junqueras, Jordi Turull, Raul Romeva, eta Dolors Bassa.[11] Carme Forcadellek 11 urteko espetxe zigorra jaso zuen, eta Joaquim Fornek zein Josep Rullek, berriz, hamar urte eta erdi. Jordi Cuixartek eta Jordi Sanchezek, Omniumeko eta ANCko buru ohiak hurrenez hurren, Generalitateko beste hiru kontseilariri desobedientzia leporatu zieten, eta urtebete eta zortzi hilabete arteko inhabilitazioa ezarri: Santi Vila, Carles Mundó eta Meritxell Borràs; egunero, gainera, 200 euroko isuna ordaindu beharko zuten egunero 10 hilabetez. Aipatutakoez gain, beste kondenatuek ere inhabilitazio luzeko zigorrak jaso zituzten.13 urte artekoak.[11]

Epaiaren arrazoibidea 493 orritan eman zuten, eta bertan diotenez, ez zen altxamendurik (asaldaketarik) gertatu, "indarkeria instrumentalik egon ez zelako, independentzia aldarrikapena sinbolikoa izan zelako, eta herritarrak engainatu zituztelako". Epaileen ebazpenak kondenatuen zituzten asmoen eta bilatutako helburuen inguruko argudioak ematen ditu sedizio epaia justifikatzeko, adieraziz, adibidez, "indarkeria erabili" zela, "mobilizazio publiko iskanbilatsu" batez, baina "ez Espainiako Konstituzioa arriskuan jarriz" eta ez altxamendua izateraino.[11] Hala ere, badio ere "ordena konstituzionala aldatzea" bilatzen zela, "errepublika bat sortzearen ameskeria" zabaltzea, presio politikoa egiteko. Epaiko arrazoibidean, hizkera politikoko pasarte luzeak ematen dira eta, era horretan, babesten du erreferenduma ezin zela egin. Epaileek adierazi zutenez, "autodeterminazio eskubidea ez da existitzen, ez Espainiako Konstituzioan, ez nazioarteko legedian". Mossoek erreferendumaren konplize lanak egin zituztela ebazten zen.[11]

Kondenatuen eta beren abokatuen erreakzioak berehala heldu ziren. Sententziok "mendekua", "injustizia", "ideien epaiketa" deitu dituzten auzipetuek eta abokatuek. Abokatuek, tartean zela Jordi Pina, aztertu egin zituzten zigorrak, eta Oriol Junquerasenak helegiteak iragarri zituen.[11]

Erreakzioa Katalunian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Epaiek haserre bizia sortu zuten Kataluniako gizartearen zati handi batean. Ondorioz, kale mobilizazioak deitu eta ehun milaka pertsona atera ziren kaleetara, tartean izan zirela greba deialdi bat eta Bartzelona jomugatzat zuten giza zutabe jendetsuak Katalunia osotik. Tsunami Democràtic mugimendua piztu zuen "Katalunian indarkeriarik gabe autodeterminazio eskubidearen alde", bultzatzaileen esanetan. Estatuak haren webgunea itxi zuen, eta terrorismoarekin parekatu.[12]

Erreakzioa Espainian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azaroaren 10eko Espainiako hauteskunde orokorrak gertu zirela, herrialde horretako alderdi nagusiek epaien aldeko adierazpenak egin zituzten, oro har. Pedro Sanchezek PSOEko gobernurako hautagaiak auzipetuek "kondenak osoki bete behar" zituztela nabarmendu zuen, eta ez zituela indultatuko.[13] Eskuindar alderdi politikoek zigorrak edo/eta zigor kodea larriagotzea eskatu zuten. Adibidez, Pablo Casado PPko buruak Kode Penalean legez kanpoko erreferendum deialdiak, indultuen legea aldatzea altxamendu eta sedizioagatik kondenatuei hura debekatzeko, eta ezbehar sedizio (albaramendu) delitua sartzea".[14]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «9 eta 13 urte bitarteko espetxe zigorrak 'proces'eko buruentzat» www.eitb.eus . Noiz kontsultatua: 2019-10-20.
  2. The trial of Catalan referendum leaders casts a long shadow over the EU's credibility . Noiz kontsultatua: 2019-02-09.
  3. (Ingelesez) Congostrina, Alfonso L. (2019-02-01) «Catalan independence leaders moved to Madrid jails ahead of trial» El País ISSN 1134-6582 . Noiz kontsultatua: 2019-02-09.
  4. (Gaztelaniaz) Rincón, Reyes (2019-06-05) «La Fiscalía eleva el ‘procés’ a un golpe de Estado que recurrió a la violencia» El País ISSN 1134-6582 . Noiz kontsultatua: 2019-06-12.
  5. Otamendi, Gorka Berasategi «Auzia politikaren esparrura itzultzeko eskatu diote auzipetuek epaimahairi» Berria . Noiz kontsultatua: 2019-06-12.
  6. Document (Amnesty International) . Noiz kontsultatua: 2019-02-21.
  7. OHCHR - High Commissioner’s global update of human rights concerns.
  8. (Gaztelaniaz) García, Jesús (2018-12-04) «Las querellas por el ‘procés’ que catapultaron a Vox» El País ISSN 1134-6582 . Noiz kontsultatua: 2019-10-20.
  9. «El Supremo multa con 2.500 euros a Baños y Reguant por negarse a responder a Vox durante el juicio al 'procés'» www.publico.es . Noiz kontsultatua: 2019-10-20.
  10. Susaeta, Igor «Traperok adierazi du ez zutela Generalitatearekin bat egiten» Berria . Noiz kontsultatua: 2019-10-21.
  11. a b c d e «9 eta 13 urte bitarteko espetxe zigorrak 'proces'eko buruentzat» www.eitb.eus . Noiz kontsultatua: 2019-10-20.
  12. «Tsunami Democràtic: “Nos preocupa que se equipare tan rápido desobediencia civil con terrorismo”» La Vanguardia 2019-10-20 . Noiz kontsultatua: 2019-10-21.
  13. (Gaztelaniaz) Castro, Irene «Pedro Sánchez descarta el indulto a los independentistas y defiende el "cumplimiento íntegro" de la sentencia» eldiario.es . Noiz kontsultatua: 2019-10-20.
  14. (Gaztelaniaz) «El PP pide cambiar el delito de rebelión en el Código Penal e Iglesias exige el "fin de la judicialización" del conflicto catalán» eldiario.es . Noiz kontsultatua: 2019-10-20.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]