Edukira joan

Katarismo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Kataroen gurutzea, Okzitaniako gurutzea ere.
Kataroak Carcasonatik 1209an bota zituztenean irudikatzen duen marrazkia. (Grandes Chroniques de France, 1415 ingurukoa, British Library). Boucicauteko maisuak marraztutako eskuizkribu argiztatua.

Katarismoa kataroen[1] doktrina da, gnostikoa den mugimendu erlijiosoa. Mugimendua Alemanian sortu zen, X. mendean. Garai berean eta XIII. mendean Frantziako Languedoc eskualdean eta Albi inguruan (horregatik "albitar" ere deitzen zaie).

Munduan bi iturburu daudela irakasten zuten: ongiarena (mundu izpirituaren sortzailea) eta gaizkiarena (mundu materialarena).

Mundu hau gaizkiaren iturburutik sortu bide denez, haien arabera gizon-emakumeek munduaren eta haragiaren zorigaiztotik atera beharra daukate, zorionekoak izango badira.

Bataioa, sendotza eta eukaristiaren sakramentuak onartzen zituzten, bere erara moldaturik, eta biziera latza aldarrikatzen zuten, sinestun "burutuek" erabateko kastitatean bizi behar zutelarik.

Domingotarrak izan ziren haien etsai sutsu eta erasoaldi gogor eta luzeen ondoren, Inkisizioak eta Inozentzio III.ak haien kontra bultzatutako gurutzadak desagerrarazi zituen, XIV. mendean.

Iturri batzuen arabera, agotak gurutzada honetatik ihesi ziren kataroak ziren.

Predikatzen zituzten sinesmen gai batzuk hauek dira:

  • Jainkotasunaren printzipio femeninoa onartzen zuten: Jainkoa maskulinoa zein femeninoa zen. Jainkoaren itxura femeninoa Sofia zen, jakinduria. Sinesmen horrek sexuen arteko berdintasuna sustatzen zuen komunitate kataroetan.
  • Metenpsikosia (berriz haragitzea): arima bat behin eta berriz jaiotzen da, munduari erabat uko egin eta haragitzeari ihes egin arte.
  • Dualtasun kosmikoa: unibertsoan bi jainko boteretsu daude, bata ona eta bestea gaiztoa, etengabeko borroka egoeran daudenak. Bizitzaren helburua ongia zerbitzatzea zen, besteak zerbitzatuz, eta berpizkunde eta heriotza ziklotik ihes egitea, Jainkoaren etxera itzultzeko.
  • Begetarianismoa: arraina jatea baimenduta zegoen fededun (credentes) eta jarraitzaileentzat.
  • Perfektuentzako (perfecti) zelibatua: zelibatua ere oro har sustatzen zuten, uste baitzuten jaiotzen ziren pertsona guztiak deabruak gorputz batean harrapatutako beste arima bat besterik ez zirela. Oro har, ezkontza ez zen bultzatzen.
  • Eskuzko lanaren duintasuna: kataro guztiek lan egiten zuten, apaizek laikoek bezala, horietako asko ehuleak ziren.
  • Bere buruaz beste egitea ("endura" izena ematen zioten errituala) erantzun arrazional eta duina da zenbait egoeratan.[2]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Kataro izenaren jatorria ez da ezaguna. Hipotesi ezberdinen artean Alanus ab Insulis eskolastikoak absurdoki 'cattus' latindarretik eratortzen du kataroek katuari ipurdian muin egiten omen ziotelako deabrua gurtzeko. Ik. Azurmendi, J. 2023: "Kataroen gurutzada" in Europa bezain zaharra, Andoain, Jakin. 47. or.
  2. (Ingelesez) Mark, Joshua J.. (2019-04-02). «Cathars» World History Encyclopedia (kontsulta data: 2025-11-22).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]