Kathrine Switzer

Wikipedia, Entziklopedia askea
Kathrine Switzer

Bizitza
JaiotzaAmberg1947ko urtarrilaren 5a (77 urte)
Herrialdea Ameriketako Estatu Batuak
Lehen hizkuntzaingelesa
Hezkuntza
HeziketaSyracuseko unibertsitatea
George C. Marshall High School (en) Itzuli
Hizkuntzakingelesa
Jarduerak
Jarduerakmaratoilaria, kazetaria, atleta, saiakeragilea eta aktorea
Jasotako sariak

kathrineswitzer.com
IMDB: nm2377657 Twitter: KVSwitzer Edit the value on Wikidata

Kathrine Virginia "Kathy" Switzer (Amberg, Alemania, 1947ko urtarrilaren 5a) estatubatuar idazle, telebista iruzkingile eta maratoi lasterkaria da. Ospetsua da, batez ere, Bostongo maratoian modu ofizialean parte hartu zuen lehenengo emakumea izan zelako [1].

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kathrine Switzer Alemanian jaio zen baina aita Ameriketako Estatu Batuetako Armadako ofiziala baitzen AEB nazionalizatu zen.[2] Familia 1949an itzuli zen Estatu Batuetara[3]. Virginiako Fairfax konderriko George C. Marshall High Schoolen lortu zuen gradua, eta kazetaritza ikasi zuen Syracuseko Unibertsitatean. 1968an burutu zuen lizentzia, eta 1972an maisutza gradua.

1967ko Bostongo maratoia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1960ko hamarkadan emakumeek debekaturik zuten Bostongo maratoian partze hartzea, «ahulegiak» zirelakoan[1]. Bobbi Gibb 23 urteko neskak amaitu zuen 1966. urtekoa, baina erregistroan izenik eman gabe. Boston Athletic Association erakundeak onartzen du Gibb izan zela maratoia egin zuen lehen emakumea, baina orduan haren balentria keinu sinboliko hutsa izan zen[4].

Ondoko urtean, Kathrine Switzerrek K. V. Switzer inizialak erabiliz eman zuen izena, eta antolatzaileek ez zuten jakin emakumea zela lasterketa abiatu arte. Maratoiaren bosgarren kilometroa bete baino lehen, Jock Semple lasterketako epailea parean jarri zitzaion, maratoia uzteko esanez, eta Switzer hura saihesten saiatu zenean gerritik heldu zion. Tom Miller mutil-laguna alboan zuen eta epailea bultzaka kendu zuen paretik. Hainbat korrikalarik babestuta egin zuen emakumeak gainerako bidea[4].

Dortsal ofizialak ez zion ezertarako balio izan; deskalifikatu egin zuten. Baina bosgarren kilometroko gertakizunaren argazkia mundu osora zabaldu zen. Aurreko urtean bizpahiru egunkarik Gibben berri eman zuten bitxikerien atalean, baina ez zuen inolaz ere lortu Switzerren argazkiak izan zuen oihartzuna. Horrek indar handia eman zion emakumeen parte hartzearen aldeko borrokari. Eta, hala ere, beste bost urte behar izan zituzten helburua lortzeko. 1972ko Bostongo maratoian emakumeei parte hartzeko eskubidea onartu zitzaien lehenengoz, eta beste hamabi urte behar izan ziren emakumezkoen maratoia Olinpiar Jokoen proben zerrendari eransteko[4].

2018ko azaroan Euskal Herrian izan da Behobia-Donostia lasterketak gonbidaturik.[5] Bertan bat egin zuen Lurdes Gabarainekin, 1977an Bordelen 42 km.-ak egin zituen Estatuko lehenengo emakumearekin.[6] Deustuko Unibertsitateak Kiroleko Baloreen Deustu Saria eman zionean Maialen Lujanbiok bertso bat eskaini zion.[7][8]

Markak eta sariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • 1974ko New Yorkeko maratoia irabazi zuen, emakumezkoen mailan, 3:07:29ko denborarekin.
  • 1975eko Bostongo maratoian lortu zuen 2:51:37 da bere markarik hoberena maratoian
  • 2017an, lehen lasterketaren 50. urteurrena betetzen zelarik, berriro egin zuen Bostongo maratoia, 70 urterekin, eta lau ordu eta 44 minutuan amaitu zuen[1].
  • 2018an Kiroleko Baloreen Deustu Saria jaso zuen.[8][7]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c Eslava Serrano, Ane. Bostongo Maratoian parte hartu zuen lehen emakumeak berriro egin du, 50 urteren ostean. argia.eus, 2017-04-18, CC-BY-SA lizentzia (Noiz kontsultatua: 2017-05-24).
  2. «Kathrine Switzer, DeustoForum Gipuzkoaren 'Emakumeak leman' zikloan» El Diario Vasco 2018-11-12 (Noiz kontsultatua: 2018-11-16).
  3. Horst, Milde. Katherine Switzer 65 Jahre - GRATULATION der Laufpionierin!. germanroadraces.de, 2012-01-05 (Noiz kontsultatua: 2017-05-24).
  4. a b c Irazustabarrena, Nagore. Emakumeentzat sei urte iraun zuen maratoia. argia.eus, 2017-04-18, CC-BY-SA lizentzia (Noiz kontsultatua: 2017-05-24).
  5. «Kathrine Switzer izango da ohorezko gonbidatua» irutxulo.hitza.eus (Noiz kontsultatua: 2018-11-16).
  6. (Gaztelaniaz) «El encuentro de dos pioneras. Noticias de Gipuzkoa» Noticias de Gipuzkoa (Noiz kontsultatua: 2018-11-16).
  7. a b (Gaztelaniaz) «Kathrine Switzer, “Premio Deusto a los Valores en el Deporte”» www.deusto.eus (Noiz kontsultatua: 2018-11-16).
  8. a b «Izandako ausardia eskertu zion Lujanbiok Switzerri» irutxulo.hitza.eus (Noiz kontsultatua: 2018-11-16).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]