Kaxmirko gatazka
Kaxmirko gatazka Kaxmirren 1948an hasitako gatazka da, gaur egun dirauena. 2000. urtetik aurrera, bake prozesuaren bidez gatazka baretu bazen ere 2008an gatazka berpiztu egin zen. Gatazka honen ondorioz, India eta Pakistan etsaituta egon dira.
Kaxmir[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Indiak zuen Kaxmirren eremu handiena, % 43. Pakistanen esku zegoen % 37, Azad Kaxmir deitutako eremua. Eta Txinarena zen beste % 20 ingurua. Indiak eta Pakistanek eurentzat aldarrikatzen zuten eskualde osoa.
Pakistanek biztanle gehienak musulmanak zituelako eta Indiak berea izatea egokitu zitzaiolako kolonia ohia zatitzean aldarrikatzen zuten lurraldea eurentzat. Egoera horretan bi joera zeuden: Pakistanera batu nahi zutenak, eta Kaxmir herrialde burujabea nahi zutenak. Bestalde, Indiari lotuta jarraitu nahi zuten hinduek.
Testuingurua[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1846an, Erresuma Batuak India azpikontinentea kolonizatu zuen, eta Kaxmir eta Jammu estatua maharajaren esku utzi zuen. 1947ko abuztuaren 15ean India bi estatutan banatzearekin (India eta Pakistan) lotuta dago zuzenean. Izan ere, banaketa hori zela-eta, Indiako 554 protektoratu (edo [[printzerri) bi herrialdeetako bati elkartu behar izan zitzaizkion. Gehienek beren gizarte-, erlijio- eta geografia osaketaren arabera hartu zuten erabakia, baina hiruk aukeratzeko zailtasunak izan zituzten. Haietako bi, Hyderabad eta Junagadh, gatazka labur baten ondoren, Indiaren parte izatera behartu zituzten. Kaxmirko arazoa, ordea, konpontzeko geratu zen.
Britainiarrek alde egindakoan, Hari Singhe maharaja Kaxmir eta Jammur estatuaren independentzia mantentzen saiatu zen baina gehiengo musulmana matxinatu eta borrokak piztu ziren. Pakistanek Paxtum tribuko taldeak bidali zituen Srinagar, printzerriko hiriburua erasotzera. Eraso horri aurre egiteko, maharajak laguntza eskatu zion Indiari. Indiak errefortzu militarrak bidali zituen, maharajak Kaxmir Indiako Batasunean sartzea onartzearen truke.
Indiako tropak iritsi zirenean, 1948ko urtarrilaren 1ean, Nazio Batuek esku hartu zuten, eta gatazka bukatu egin zen, kontrol-lerroa eta su-eteneko lerroa ezartzeari esker. Su-eteneko lerroak ezarri zuen Indiak lurraldearen bi heren kontrolatuko zituela (ekialdeean) eta beste herena Pakistanek kontrolatuko zuela (ipar-ekialdean). Horrez gainera, NBEk Jammun eta Kaxmirren erreferenduma egitea gomendatu zuen. Indiak uko egin dio, behin eta berriz.
1947etik aurrera India, Pakistan eta Txina artean zatituta dago. Ordutik bost gerra jasan zituzten Kaxmirren. Denak Pakistanen eta Indiaren artekoak izan ziren, 1962ko Txina eta India artekoa izan ezik.
Gatazka[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Gatazkak hainbat aldi izan ditu. 2000. urtean bake prozesua abiatu zen, baina 2008n egoera berriz gaiztotu zen[2].
1947 - 1948: lehen gatazkak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1947an, maharajak Indiara jo zuen eta laguntza militarra eskatu matxinadari aurre egiteko. Laguntzaren truke, Indiaren esku utzi zuen maharajak lurraldea, gehiengo musulmanaren nahiaren aurka. 1948. urtean amaitu zen gerra, NBEk su-etena bultzatu zuen arte. Orduan ezarri zuten egun indarrean jarraitzen duten bi herrialdeen arteko muga. NBEk Pakistani agindu zion borrokatzera bidalitako militanteak erretiratzeko, eta Indiari kaxmirtarren geroa erabakiko zuen herri galdeketa antolatzeko. Biek eskatutakoa ez zuten bete.
1948 - 1965: Txinaren esku hartzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1962an Txina sartu zen Kaxmirgo gatazkan. Indiako eta Txinako armaden artean borrokak izan ziren mugaldean, baina nagusitu egin ziren txinatarrak, eta Aksai Chin deitu zioten eremua hartu zuten euren menpe. Bestalde, Pakistanek bere kontrolpeko Kaxmirren zati bat eman zion Pekini.
1965 - 1989: Indiaren eta Pakistanen arteko gerrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Beste bi gerratan borrokatu ziren India eta Pakistan Kaxmir bereganatzeko, 1965ean eta 1971n. Simlako akordioarekin amaitu zuten azkena, eta bi herrialdeen arteko auzi guztiak NBEren bitartez konpontzeko konpromisoa hartu zuten. Bi potentzien artean sinatutako beste akordioak (Simlako akordioa esaterako) ez zuten bete, eta liskarrak etengabeak izan ziren mugaldean. Bi herrialdeak banatzen zituen muga, 2003ko su-etena arte batez ere, munduko gunerik arriskutsuenetarikoa eta militarizatuena izan zen. Ia egunero borrokaldiak izan ziren bi armadetako mugazainen artean.
1980ko hamarkadaren amaieran gatazkak beste norabide bat hartu zuen. 1987an, Konferentzia Nazionala Indiari loturiko alderdiak irabazi zituen bozak Kaxmirren. Iruzur salaketa eta protesta ugari izan ziren, baina gobernua jazarri egin zitzaien, eta politikari musulmanen atxiloketekin erantzun zuen.
1989 - 2000: borroka armatua[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Gertaera hauek borroka armatuaren txinparta piztu zuten. Atxilotutako politikari horietako batzuk talde armatuak eratu zituzten gero, eta 1989an ekin zioten borrokari. Orduan gertatu zen JKLF Jammu eta Kaxmirren Askapen Frontea erakunde laikoaren eta beste hainbat talde armaturen sorrera. Askotariko taldeak sortu ziren, ikuspegi politiko askotarikoak. Talde batzuk, JKLFk esaterako, Kaxmirren independentzia eskatzen zuten. Beste batzuk, Pakistanera batzea. Hala ere, talde guztiek zuten helburu Indiaren agintetik askatzea.
Konferentzia Nazionala alderdiko kideak eta Indiako Gobernuaren interesak zituzten jomugan. Islamabaden babespeko hainbat talde islamistek ere bat egin zuten borroka horretan. Matxinatuei aurre egiteko presentzia militarra areagotu egin zuen New Delhik, Kaxmir munduko herrialderik militarizatuenetakoa bilakatu arte; Indiako armadaren soldaduen erdiak zeuden han.
JKFL izan zen borroka armatuaren talderik nabarmenena, baina Indiako informazio zerbitzuek eta armadak ahulduta, 1994ean uko egin zion borrokari. Ordutik Pakistanen babespeko talde islamistak izan ziren erresistentzia armatu nagusia. Sobietarren Afganistango okupazioa bukatuta, 1990. urtetik aitzina muturreko talde islamista ugari sartu ziren Kaxmirren.
Bestalde, oposizio osoa Alderdi Guztiak Hurriyat Konferentzia (APHC) koalizioan batu zen 1993an, baina uko egin zioten Kaxmirko hauteskundeetan parte hartzeari.
Kaxmir hartzeko azken ahalegina 1999. urtean egin zuen Islamabadek. Pakistango soldaduak beste talde armatuen laguntzarekin Kaxmirren sartu zituen, eta, neguko baldintza zailak baliatuta, mendiko hainbat gune hartu zituzten. Errepidea blokeatu, eta Kaxmir ibarraren eta Ladakh hiriaren arteko komunikazioa eteten saiatu ziren. Indiak erantzun egin zuen, eta bi herrialdeen arteko eskala handiko borrokak piztu ziren. Tentsio horrek bi potentzia nuklearren arteko gerrak suntsipen handiko armak erabiliko zituzten beldurra eragin zuen nazioartean, eta, AEBen presiopean, Pakistango armada erretiratu egin zen.
2000 - 2008: bakea lortzeko saiakerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Bakea lortzeko saiakerak 2000. urtean hasi ziren. Hizbul-Mujahideen orduko talde armaturik handienak su-etena iragarri zuen, baina negoziazioek ez zuten aurrera egin. 2003. urtean, mugan su-etena hitzartu zuten Indiak eta Pakistanek, eta elkarrizketei ekin zieten.
2008an, lehen aldiz 60 urtean, blokeoa kendu, eta bi herrialdeen artean salerosketak egin zituzten. Nahiz eta borrokek jarraitu, eta urtero muga zaintzen duten soldaduen arteko tiroketak egon, erasoak gutxitu egin zituzten talde armatuek eta Indiako armada, eta hildakoen kopuruak behera egin zuen. APHC koalizioko hainbat buruk ere bide baketsuen alde egin zuten, koalizioa zatitzea ekarriz.
2008 - gaur egun: gatazkaren berpizkundea[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Hala ere, hainbat ekintzak egoera gaiztotu zuten. Batetik, 2008an, Indiako Gobernuak landa eremu babestu bat eman zien hindu erromesei, eta bederatzi egunez protesta jendetsuak eta hinduen eta musulmanen arteko borrokak izan ziren. Bestetik, urte bereko Bombayko erasoek bi gobernuen arteko tentsioa igo zuten. 2010ean, Indiako soldaduen presentziaren aurkako protestak izan ziren, eta Poliziaren errepresioarengatik 112 lagun hil ziren.
Biktimak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Indiaren errepresioz atxiloketak, torturak, sexu erasoak, desagertzeak eta ustezko militanteen exekuzioak egon ziren. Halaber, Indiak bultzatuta talde armatuen ekintzaileek musulmanen aurkako erasoak egiten zituzten zigorrik jaso gabe.
1989. urtean Indiaren menpeko Kaxmirren gehiengo musulmana matxinatu geroztik, 100.000 lagun inguru hil ziren. Gainera 8.000 desagertu ziren. Gainera, 2011n 2.730 gorpu aurkitu zituzten Kaxmirren lurperatuta. NBEren arabera, milioi bat eta erdi lagunek ihes egin zuten Pakistanen menpeko Kaxmirrera 1989. urtetik. Indiako Kaxmir barruan lekualdatutakoak milioi erdi inguru ziren.
Giza eskubideen urraketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Pakistanen menpeko Azad Kaxmirren ere salatu zituzten giza eskubideen urraketak. Kazetariak eta gobernuaren aurkako ekintzaileak jazartzea egotzi zioten Islamabadi.
Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- ↑ Paul Kapur. 2012. Debating Nuclear Stability in South Asia. Columbia University Press. ISBN:978-0231143752. 27–28 orrialdeak
- ↑ Adrian Garcia, «Hiru erraldoik harrapatuta», Berria, 2014-07-23