Edukira joan

Kenaiko penintsula

Koordenatuak: 60°10′00″N 150°15′00″W / 60.166666666667°N 150.25°W / 60.166666666667; -150.25
Wikipedia, Entziklopedia askea
Kenaiko penintsula
Motapenintsula
Geografia
Map
Koordenatuak60°10′00″N 150°15′00″W / 60.166666666667°N 150.25°W / 60.166666666667; -150.25
Estatu burujabe Ameriketako Estatu Batuak
Estatua Alaska
Ur-gorputzaCook senadia
Ozeano Barea

Kenaiko penintsula (dena'ina hizkuntzan: Yaghenen[1][2]) Alaskako hegoaldeko kostaldean dagoen penintsula handi bat da. Kahtnuht'ana Dena'ina etnia toki honetan bizi izan da historikoki.[1]

Penintsula 240 km inguru hedatzen da hego-mendebalderantz Chugach mendikatetik hasita, Anchorageren hegoaldean. Mendebaldean Cook senadiak bereizten du kontinentetik eta ekialdean Prince William Sound sarguneak.[3] Gerasim Izmailov izan zen lehen europarra eremu hau esploratzen eta ondoren mapa bat egiten, 1789. urtean.[4]

Kenai mendiak glaziarrez estalita daude eta 2.100 m-ko altuerara iristen dira. Penintsularen hego-ekialdean kokatzen dira, Alaskako golkoko kostaldean zehar, eta mendikatearen zati handi bat Kenaiko Fiordoen Parke Nazionalean dago. Ipar-mendebaldeko kostaldea, Cook badiaren inguruan, lauagoa eta zingiratsua da, eta aintzira txiki ugari daude bertan sakabanatuta. Aintzira handiagoak penintsularen erdialdean daude, Skilak eta Tustumena aintzirak, esaterako.

Kenai ibaia

Ibaien artean Kenai ibaia dago, izokin populazioagatik ezaguna, eta bere ibaiadarra, Errusiar ibaia, baita Kasilof eta Anchor ibaiak ere. Kachemak badia penintsularen hego-mendebaldean hedatzen da eta zati handi bat Kachemak Badiako Estatu Parkearen barruan dago.

Kenaiko penintsulak glaziar asko ditu ekialdean eta hegoaldean. Eremu hau Sargent eta Harding izotz-sailen sorlekua da, baita horietatik sortzen diren beste glaziar ugarirena ere.

Kenaiko penintsulan Alaska hegoaldeko herririk jendetsuenak daude. Hauen artean Seward (Alaskako golkoko kostaldean), Soldotna, Kenai, Sterling eta Cooper Landing (Cook senadian), eta Homer (Kachemakeko badian) daude. Homertik Kachemakeko badiako urak gurutzatuz, penintsularen mendebaldeko muturrera heldu daiteke, non Seldovia, Nanwalek eta Port Graham herrixkak dauden.

Sterling errepidea

Homer herri ezaguna da Ipar Amerikako errepide zolatuen sistemaren bukaera izateagatik. Horrez gain, helmuga famatua da Estatu Batu Kontinentaletatik Alaskaraino gidatu duten bidaiarientzat. Seward Alaskako Burdinbidearen hegoaldeko azken geltokia da.

Kenai eta Homerren erregulartasunez programatutako hegaldiak dituzten aireportuak daude, baita aireportu txikiagoak, hegazkintza orokorrerako, Soldotna eta Sewarden.

Seward errepideak Seward Anchoragerekin lotzen du, eta Sterling errepidea Kenai penintsularen bizkarrezurra da, herri handienak Anchoragerekin lotzen baititu.

Penintsularen kostaldeko klima epel samarra da eta euri ugari egiten du. Alaska osoan nekazaritzarako toki apropos bakarrenetako bat da. Landatzeko garaia egokia da belar ondua eta beste uzta batzuk ekoizteko.

Baliabide naturalak eta ekonomia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Penintsulak gas naturala, petrolioa eta ikatz-metaketak ditu, baita merkataritzarako eta erabilera pertsonalerako arrantza-industria ugari ere. Turismoa industria garrantzitsua da, baita ehiztarientzako eta arrantzaleentzako gida eta tresneria zerbitzuak ere.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b (Ingelesez) «About – Kenaitze Indian Tribe» www.kenaitze.org (Noiz kontsultatua: 2021-04-28).
  2. (Ingelesez) «GNIS Detail - Kenai Peninsula» geonames.usgs.gov (Noiz kontsultatua: 2021-04-28).
  3. (Ingelesez) «About the Kenai» https://kenaipeninsula.org (Kenai Peninsula Tourism Marketing Council) 2016-06-28 (Noiz kontsultatua: 2021-04-28).
  4. (Errusieraz) «ИЗМАЙЛОВ Герасим Григорьевич» http://www.npacific.ru (Northern Pacific) (Noiz kontsultatua: 2021-04-28).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]