Aita eta ama eskola-maisuak zituen, eta bera ere eskola-maisu gisa hasi zen lanean, lehenbizi Zambian eta gero Tanganyikan. African National Congress alderdian sartu zen, eta alderdi horretako idazkari nagusi izendatu zuten 1952an. 1958an, alderdia utzi, eta Zambia African National Independence Party sortu zuen, hura baino askoz ere erradikalagoa. Alderdi horretatik, Rhodesia-Nyassa federazioa hautsi, eta Zambiako estatua sortzeko borrokan ahalegindu zen. 1964an, askatasuna lortu zuen Zambiak. Estatu berrian, Errepublikako lehendakari, gobernuburu eta Defentsako ministro karguak hartu zituen. Afrikako herrialdeen askatasun-mugimenduen bultzatzaile izan zen. 1997aren amaieran, atxilotu egin zuten Chiluba lehendakariaren aurkako estatu-kolpea bultzatzeagatik, baina hurrengo urtean aske utzi zuten.