Khersoneso

Wikipedia, Entziklopedia askea
Khersoneso
World Heritage Logo global.svg UNESCOren gizateriaren ondarea
Tauricako Khersonesoko hiri zaharra eta bere khôra
Chersonesos ruins.jpg
Kokapena
Estatu burujabe Ukraina
Hiri/herri Sebastopol
Koordenatuak44°36′46″N 33°29′38″E / 44.61288°N 33.493873°E / 44.61288; 33.49387344°36′46″N 33°29′38″E / 44.61288°N 33.493873°E / 44.61288; 33.493873
Historia eta erabilera
JabeaGreeks in pre-Roman Crimea (en) Itzuli
Arkitektura
Azalera259 ha
Gizateriaren ondarea
Erreferentzia1411-001
Eskualdea[I]Europa eta Ipar Amerika
Izen-emateabilkura)
Webgune ofiziala
  1. UNESCOk egindako sailkapenaren arabera

Khersoneso edo Kersoneso (antzinako grezieraz: ΧερσόνησοςKhersónēsos; latinez: Chersonesus; errusieraz eta ukraineraz: Херсоне́сtranslit.: Khersones), Erdi Aroko grezieraz Kerson (grezieraz: Χερσών; antzinako ekialdeko eslavieraz: КорсуньKorsun) laburtua, antzinako greziar kolonia bat izan zen, duela 2500 urte inguru Krimeako hego-mendebaldean —orduko Taurican— sortua. Heraklea Pontikako kolonoek ezarri zuten, k.a. VI. mendean.

Itsaso Beltzaren kostaldean zegoen, egungo Sebastopolen kanpoaldean, hiriko erdialdetik 2 kilometro mendebaldera. Bertan Khersones diote. «Ukrainako Ponpeia» eta «Errusiako Troia» ezizena eman zioten. Khersoneso izenak, grezieraz, "uharte kontinentala" edo "penintsula" esan nahi du, eta zuzen deskribatzen du kolonia ezarri zuten lekua. Ez da Khersoneso Taurikoarekin nahastu behar, Krimeako hegoalde osoari, Tauricari, emandako izenarekin.

Garai klasikoaren zati handi batean, hiria demokrazia bat izan zen, arkonte talde batek eta Damiorgi izeneko kontseilu batek gobernatua. Denboraren poderioz, gobernua oligarkiko bihurtu zen, boterea arkonteen eskuetan kontzentraturik.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kersoneso antzinako greziar kolonia bat izan zen, Heraklea Pontikako kolonek k. a. VI. mendean ezarria. Hiriko santutegirik nagusiena Partenos izeneko jainko bati eskaini zioten.[1] Greziarrek Partenos Artemisarekin[2] edo Ifigeniarekin identifikatzen zuten eta tauricarrek giza sakrifizioak eskaintzen zizkioten.[3]

K.a. II. mendearen amaieran, Khersoneso Bosforoko Erresumaren mende geratu zen, K. a. 110ean Mitridates VI.a Eupatorren armada, Diofanto Sinopekoa jeneralak zuzendua, hiri setiatu eta Tauricako eszitiar printze gehienak menderatu zituen; baina Asia Txikiko bere neguko kuarteletara itzuli ondoren, Palakoren altxamendua gertatu zen. Esziloro erregearen seme nagusia, erroxolanen laguntza zuen. Diofantok 6.000 soldaduko armada baten aurrean itzuli eta khersonesoarren kolonia batean matxinoak menderatu zituen.

Antzinako Erromak k.a. I. mendearen erdialdetik aurrera hiria menderatu zuen. Erromatar agintea 370ra arte mantendu zen, hunoek hiria harrapatu zuten arte hain zuzen ere.

Bizantziar jabetza izan zen Erdi Aroan,[4] baina bizantziar gobernuaren presentzia arina izan zen (Teofanes Aitortzailea eta beste batzuen arabera). Khersoneso khazariar tudunaren (gobernariaren) egoitza izan zen 600eko amaieran. Hiri babesteko, goarnizio txiki bat utzi zuten.

Bizantziok bi gauzatarako erabili zuen: tribu barbaroak zaintzeko talaia gisa, eta haien isolamenduari esker, erromatarrekin edo bizantziar azken gobernuekin haserre zeudenentzat erbestean egoteko leku ezagun bilakatu zen. «Preso» ospetsuenen artean Klemente I.a eta Martin I.a aita santuak eta Justiniano II.a bizantziar enperadore kargugabetua egon ziren. Bestetik, merkataritza gune garrantzitsua izan zen gobernu bizantziarrean. Garai haietan, hiriak Kerson izena zuen.

Viktor Vasnetsov: Vladimir Printze Santuaren bataioa Kersonen.

838an Teofilo enperadoreak Petronas Kamateros noblea bidali zuen, berriki Sarkel khazariar gotorlekuaren eraikuntza gainbegiratu zuena, hiria eta inguruak zuzenean kontrolatzera. 980ra arte bizantziarren eskuetan egon zen, Kieveko Rusera erori zen arte. Vladimir Handiak gotorlekua uztea adostu zuen, Ana Porfirogeneta, Basilio II.aren arreba, ezkontzeko entregatzen bazioten. Eskaerak eskandalu bat sortu zuen Konstantinoplan, printzesa inperiala zenez, ezin baitzen inoiz ezkondu greziarrak ez zirenekin. Ezkontza-akordiorako aurrebaldintza gisa, Vladimir 988an hirian bertan bataiatu zuten, Kieveko Rusaren kristautzearako bidea erraztuz. Handik aurrera hiria utzi egin zuten.

Khersoneso Laugarren Gurutzadaren ondoren, Trebizondako Inperioaren mende geratu zen, eta XIV. mendearen hasieran genoarren kontrolpean erori zen. 1299an, Nogai Khanen armadek hiria arpilatu zuten. Mende bat geroago Ediguk hiri osoa suntsitu eta hiritarrek betirako hustu zuten. XIX. mendearen amaieran, San Vladimir katedrala (1892an amaitua) bizantziar estiloan diseinatu eta muino txiki batean eraiki zuten; eraikina Vladimirren bataioaren lekua oroitzeko asmoa zuen.

Aztarnategi arkeologikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinako Khersonesoren hondakinak Sebastopoleko aldirietako batean daude orain. Errusiako gobernuak 1827tik aurrera induskatu ditu. Erakarpen turistiko ezaguna dira, estatuak parke arkeologiko gisa babestua.

Eraikinek greziar, erromatar eta bizantziar kulturen eraginak nahasten dituzte. Babeserako hormak ehunka metro ditu. Eraikinen artean, erromatar anfiteatro bat eta greziar tenplu bat daude.

Tokiaren zatirik handiena khôra da: zenbait kilometro karratu antzinako nekazaritza-lurrak, ardo-prentsen eta defentsa-dorreen hondarrekin. Arkeologoen arabera, ebidentziek bertako biztanleei esklabo gisa lan egin beharrean nekazari-lana egiteagatik ordaindu zietela iradokitzen dute.

Induskatutako hilobiek greziarrek ez bezalako hilobi-praktikak iradokitzen dituzte. Harri bakoitzak gizabanako baten hilobia markatzen du, familia osoarena beharrean, eta apaindurek armak bezalako objektuak baino ez dituzte, hileta-estatuen ordez. Hilobien erdian, arkeologoek haurren hezurrak aurkitu dituzte. Erretako hondakinek hiria arpilatu eta suntsitu zutela iradokitzen dute.

Texasko Unibertsitateko Arkeologia Klasikoko Institutuak eta bertako Arkeologia Parkeak 1992tik ikertu dute leku hori. 2013an, UNESCOk Kersoneso Gizateriaren Ondare izendatu zuen.[5] Hala ere, Sebastopolen zabalpenagatik eta itsas higaduragatik arriskuan dago.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Estrabon VII, 4, 1.
  2. Diodoro Sikulo IV, 44, 7.
  3. Herodoto IV, 103.
  4. Norwich, John Julius. (1998). Bizancio: Los primeros siglos. .
  5. (Ingelesez) Unesco. (2013-6-23). Sites in Ukraine, the Iran and the Democratic People’s Republic of Korea inscribed on UNESCO’s World Heritage List. .

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]