KiVa (eskola)

Wikipedia, Entziklopedia askea

KiVa Finlandiako Turkuko Unibertsitatean sortutako eskola jazarpenaren aurkako programa da. Izan ere, izen hori Vastaan Kiusaamista terminoaren akronimoa da (euskaraz: «eskola jazarpenaren aurkako borroka»). Eskola jazarpena murriztea baino, jazarpena desagertaraztea da helburua.

Testuingurua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jakina denez, eskola-jazarpena jarrera kaltegarria, gaitzustekoa eta errepikakorra da. Era berean, ondorio kaltegarriak ditu inplikatutako alde guztientzat. Gaur egun, eskola orotan eskola jazarpenik eman ez dadin prebentzio programak daude, baina, jazarpena errotik desagerraraztea ezinezkoa den heinean, jazarpen kasuei aurre egiteko programak beharrezkoak dira, horrelako kasu bat ematen denean egoerari aurre egiteko tresnak egon daitezen.

KiVaren oinarri nagusiak hiru dira. Lehenik, prebentzio edo aurre hartzea, hots, ikasleak eskola-jazarpenen aurrean izan behar duen rolaz jakinaraztea edota rol horren inguruan heztea. Bigarren oinarria esku-hartzea izango litzateke, ekidin ezin izan diren eskola-jazarpenen aurrean izan beharreko jokabidea. Azkenik, gainbegiratzea, hau da, ikastetxean arazo horren aurrean eman den egoeraren eta hobekuntzen jarraipen zuzena egitea. Beraz, KiVa proiektuak eskola-jazarpenen prebentzioa nabarmendu nahi duen arren, erabakitasunean ere zentratzen da.

Nahiz eta eskola jazarpenaren kontrako hainbat programa existitzen diren –TEI, AVE, Zero, Be-Prox eta abar–, KiVa da horietatik eraginkorrena. Izan ere, beste programek erabiltzen duten metodotik aldendu da; erasotzailea zigortu eta biktima kontsolatu beharrean, lekukoak diren gainontzeko ikasleek biktimaren alde egin dezaten eragiten du, eta jazarpenaren berri duten momentuan abisua eman dezaten. Metodo berri honen helburua erasotzaileari jakinaraztea da gainontzeko ikasleen onarpenik ez duela, eta, are gehiago, beste ikasleak biktimaren alde daudela.

Helburu nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

KiVa proiektuak ez ditu ikasleak erasotzailearen kontra jartzen, aldiz ikasleei jazarpenaren kontrako jarrera egokia gararazten die, lagun arteko giroa bultzatuz eta ikasgelan bizikidetza bermatuz. Izan ere, KiVa programaren eraginkortasuna ikaskideen parte hartzean datza.

Programa honetan protagonistak ikasleak badira ere, irakasle guztien laguntza eskatzen du, ikasleak beraien artean dituzten gatazkei adi egon dakizkien eta jazarpenerako protokoloa martxan jar dezaten. Horretarako, lehendabiziko pausua irakasle zein eskolako heldu guztiak, hala nola, jantokiko pertsonala, zaintzako pertsonala, gurasoak… jazarpenari buruzko informazioaren berri izan behar dute. Horretarako bilera informatiboak egingo bai guraso zein eskolako pertsonalarentzako. Bigarren pausua, eskolako heldu guztiak informazioaren berri jasotzen dutenean, batez ere irakasleak, jolas orduetan denentzat ikusgarriak diren KiVa txalekoak eramango dituzte, arazo baten aurrean ikasleek norengana jo jakin dezaten.

KiVa metodoak proposatzen dituen ekintzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun ikastetxeetan eskola-jazarpenaren aurkako programa gehienek KiVa ikasgaiak dituzte oinarrian. Programa hori ikasturtean zehar garatzen diren 10 ikasgaiz eta jardueraz osatuta dago. Era berean, ikasgai horiek eskola-jazarpenaren inguruko solasaldiak ez ezik bestearenganako errespetua eta talde lanaren garrantzia ere badituzte ardatz. Ikastetxeko eta gelako elkarbizitzaren kudeaketan funtsezko puntua da azken hori, talde-kohesioa lortzea, hau da, elkar ezagutzea, sentimenduak eta emozioak identifikatzea norberarengan eta besteengan, besteak ulertzea eta bestearen lekuan jartzeko gai izatea.

KiVa metodoa lantzeko orduan bi motatako ekintzak uztartzen dira. Alde batetik, ekintza orokorrak dira, hala nola, ikaslearen ikasgaiak edo online jokoak. Hauek ekintza hauen jazarpena prebenitzeko helburuarekin abiatzen dira eta oro har, ikasle guztiekin lantzen dira. Bertan, ikasleek jazarpena ekiditeko neurriak aztertzen dituzte eta ondoren egindakoaren ebaluazioa jasotzen dute. Beste alde batetik, berariazko ekintzak ere badira. Ekintza mota hauen helburua jazarpena jada burututa ematen denean kaltea geldiarazi eta konpontzea da. Lehendabizi biktima eta erasotzailea nortzuk diren detektatzea, eta ondoren lekuko izan diren ikasleak biktimari babesa ematera animatzea da ekintza honen xede nagusia, betiere helburua jazarpena gelditzea delarik.

Noiz jartzen da martxan KiVa?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gehienetan, bullying kasu bat ematen denean orduan hasten da interbentzio prozesua. Lehendabizi biktimarekin eta erasotzailearekin hasten da lanketa, ondoren gainontzeko ikasleei azalpenak ematen zaizkie: zer den eskola jazarpena, jarrera onartezina  dela… eta azkenengo pausua gurasoei informatzea izaten da. Baina, programa honen bitartez, ez da aldatu nahi jazarpena bizitzen duen umearen nortasuna. Ez du bere identitatea aldatu behar eskola jazarpena ez jasateko. Arazoa konpontzen saiatzen dira, ez identitatea aldatzen.

Pertsona batek jazarpena jasan ez dezan, ez da haren izaera aldatu behar. Bere buruarekin pozik dagoenak, autoestimu ona daukanak, emozioak ezagutzen dituenak, gutxitan eragiten du jazarpena. Jazarpena eragiten dutenek ez dute autoestimu handirik izaten, ez eta emozioen kontrolik ere. Beraz, aurretik lan egin behar dago, umeen autoestimua hobetu eta emozioak lantzeko, horrela jazarpenaren alde egingo duen ume gutxiago egon dadin bermatu ahal izateko.

Finlandiako kasua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

PISA txostenetan islatzen diren emaitza bikainek argi uzten dute Finlandiak munduko hezkuntza sistema beteenetakoa duela. Hori gutxi balitz bezala, eskola-jazarpenak ekiditeko eraginkortasunean ere bikaintasuna eskuratu nahi du. Helburu hori lortzeko, 2007an KiVa sistema ezarri zen hainbat ikastetxetan. Ordudanik eskolen %63an jazarpena ia desagertu egin da eta %20an jaitsi egin da. Gaur egun ikastetxeen %90ek programa ezarrita daukate eta familientzat erabakigarria izaten da seme-alaben hezkuntza aukeratzerako orduan KiVa izatea ala ez. Europa mailan ere programaren emaitzak hain onuragarriak izan direla ikusita, gaur egun Italiara, Frantziara, Britainia Handira, Suediara eta Espainiara ere esportatu da.

Esan bezala, KiVa programa Turku Unibertsitateak sortu zuen, baina sorreraren zergatia azpimarratzea ere esanguratsua suerta daiteke. Finlandian delinkuentzia eta indarkeria tasak baxuak diren arren 2007ko azaroan, 18 urteko gazte bat Jokela herriko eskolan sartu eta 8 pertsona tiroz hil zituen bere buruaz beste egin baino lehen. Urte bat beranduago, antzeko gertaera bat eman zen Kauhajoki zentroan. Kasu horretan, 22 urteko gazte batek 10 pertsona hil zituen eta ondoren bere buruaz beste egin zuen. Gertaera horiek leherrarazi zituen kausen oinarrian eskola-jazarpenak soilik kokatzea desegokia izango litzateke. Baina gobernu finlandiarrak jarrera prebentibo bat hartzea erabaki eta KiVa proiektua abian jarri zuen heziketa-sistemarekin zerikusia zuten jarrera bortitzak bukarazteko.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]