Edukira joan

Kishineveko pogroma

Wikipedia, Entziklopedia askea
Kishineveko pogroma
Irudia
Map
Motapogrom
Honen parte daAnti-Jewish pogroms in the Russian Empire (en) Itzuli
Denbora-tarte1903ko apirilaren 6a (juliotar egutegia) - 1903ko apirilaren 9a (juliotar egutegia)
KokalekuChisinau
HerrialdeaErrusiar Inperioa

Kishineveko pogroma edo Kishineveko sarraskia ekintza bandaliko eta juduen aurkako eraso multzo bat izan zen, berrogeita zazpi judu sarraskitu zituztelarik. 1903ko apirilaren 6tik 7ra bitartean Chisinaun gertatu zen, orduan Kishinev bezala ezagutzen zena.[1] Kishinev orduan Errusiar Inperioaren probintzia zen Besarabiako hiriburua zen. 1905ean bigarren pogrom bat izan zen, non hemeretzi judu hil zituzten.[2]

Tsarren Errusian, juduen aurkako tratu txarrak sistematikoak izan ziren. Hastapenetik, tsarren erregimenak etsaitasun gupidagabez aurre egin zien juduei. Beste autokrazia batzuek, hala nola Austriakoak eta Erromakoak, juduekiko jarrera anbibalentea izan zuten beti — batzuetan haiek babestuz eta erabiliz; beste batzuetan haien atzetik ibiliz —, tsarismoak juduak onartu gabeko atzerritar gisa tratatu zituen.

XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran, 1917ko apirileko eta urriko (azaroa) iraultzen aurretik, errusiar lurralde osoan antisemitismoa ia politika ofiziala izan zen tsarraren gobernuarentzat, eta hori ez zen hain modu irekian gertatzen erdialdeko Europan, mendebaldean, eta are gutxiago Estatu Batuetan, Mexikon edo Argentinan.

Garai hartan, tsarren antisemitismoak ezin konta ahala forma hartu zituen, pogromak antolatzetik hasi eta "Siongo jakintsuen protokoloak" bezalako libeloak faltsutu eta argitaratzeraino. Gobernuko sektore batzuek argi eta garbi bultzatzen zuten indarkeria, eta Errusiako masen juduen aurkako sentimendua manipulatu zuten, bi helbururekin. Lehena juduen populazioa ahalik eta azkarren eta zorrotzen murrizten saiatzea zen. Bigarrena, herritarren asegabetasuna bideratzea, batez ere nekazari pobretuen artean, juduen aurkako gorrotoa elikatuz, horrela 1917an tsarren erregimena suntsitu zuen mugimendu iraultzaile askoz handiagoa kontrolatu eta geldiarazteko. "Pogrom" hitza ia hizkuntza guztietan erabiltzen da juduen edo haien jabetzen aurkako erasoak definitzeko, eta errusierazko hitza da, ekaitza edo suntsipena esan nahi duena.

1903ko apirilaren 6an, errusiar kristau gazte bat, Mikhail Ribatxenko, hilik aurkitu zuten Dubăsari hirian, Chisinautik 40 kilometro iparraldera. Nahiz eta argi egon gaztea senide batek hil zuela (geroago atxilotu zutena), errusieraz argitaratutako egunkari antisemita batek, "Besarabiarra" (errusieraz: Бессарабец) izenekoak, Pavel Kruxevan editoreak, juduek hil zutela iradoki zuen. Beste kazeta batek, Argiak (errusieraz: Светtranslit.: Svet), antzinako odol-libeloak erabili zituen juduen aurka, gaztea matzah ogiaren prestaketan bere odola erabiltzeko hil zutela oinarri hartuta. Kishineveko pogroma hiru egunez luzatu zen juduen aurkako istilu eta matxinadekin. Bertokoek berrogeita zazpi judu hil zituzten, beste 592 zauritu (horietatik 92 oso larriak) eta 1.500 etxe baino gehiago arpilatu eta suntsitu zituzten.[3]

The Times egunkariak Viatxeslav von Pleve barne-ministroak egindako komunikatu faltsu bat eman zuen ezagutzera, Besarabiako gobernadoreari pogromo bat berehalakoa zela esanez, eta indarra ez erabiltzeko eta istilu-sortzaileak ez atxilotzeko agindua eman zuen,[4] baina, nolanahi ere, indar polizial edo militarrak ez ziren saiatu istiluak geldiarazteko esku hartzen, hirugarren egunera arte baizik. Esku-hartze falta hori argudio sendoa da pogroma Estatuak babestu edo, gutxienez, onartu zuela argudiatzeko.

The New York Timesek Chisinauko lehen pogroma honela deskribatu zuen:

« Besarabiako Kishinev hiriko istilu antisemitak, zentsoreak argitaratuko duena baino okerragoak dira. Plan antolatu bat izan zen hura, Errusiar Pazkoaren biharamunean juduen sarraski orokorraren zain. Apaizek jendetza gidatu zuten, eta martxetan «juduak hiltzea» oihu orokorra hiri osoan entzun zen. Juduak ustekabean hartu zituzten eta arkumeak bezala sarraskitu zituzten. 120 hildako eta 500 zauritu inguru izan ziren. Sarraski honen lekuko izan ziren izugarrikeriazko eszenak ezin dira deskribatu. Jendetzak haurtxoak erabat puskatu zituen, amorruz eta odolez. Udaltzainak ez ziren saiatu izuari aurre egiten. Ilunabarrean, kaleak gorpu pilatuz eta zaurituz beteta zeuden. Ihes egin ahal izan zutenek izututa ihes egin zuten, eta hiria ia hutsik dago juduez. »

[5]


1905eko pogroma

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bigarren pogroma 1905eko urriaren 19tik 20ra izan zen. Orduan, istiluak tsarraren aurkako protesta politiko gisa hasi ziren, baina aurki zitezkeen juduen aurkako eraso bihurtu ziren. Istiluak amaitu zirenean, 19 judu hil eta beste 56 zauritu zituzten. Lehen pogromaren ondoren juduek antolatutako autodefentsa taldeek indarkeriari aurre egiten lagundu zuten, baina haien arrakasta erlatiboa izan zen.

Mundu osoan protesta egin arren, bi gizoni baino ez zieten zazpi eta bost urteko espetxe-zigorra ezarri, eta beste hogeita biri urte bateko edo biko zigorra ezarri zieten. Pogrom hau erabakigarria izan zen Errusiako hamarnaka mila judu konbentzitzeko mendebaldera eta, batzuetan, Israelgo Lurraldera joateko. Hala, gai nabarmen bihurtu zen sionismoaen hastapenetarako, bereziki sionismo errebisionista bihurtuko zenerako, Zeev Jabotinski bezalako liderren aliantzen bidezko defentsaren aurretik inspiratuz. Artista eta idazle askok pogromari buruz hitz egin zuten. Vladimir Korolenko bezalako autore errusiarrek "13. Etxea" lanean pogromari buruz idatzi zuten, Tolstoik[6] eta Gorkik Errusiako gobernuari errua egotziz kondenak idatzi zituzten bitartean, 1880ko hamarkadako aurreko pogrometan ez bezala, errusiar intelektual gehienak isilik geratu zirenean.

Juduen artean eta literaturan ere eragin handia izan zuen. Max Sparber antzerkigileak Chisinauko pogroma hartu zuen bere lehen antzezlanetako baten gaitzat. Hayim Bialik poetak "Sarraskitutako hirian" idatzi zuen juduek jendetzaren aurpegian hautemandako pasibotasunari buruz:

Hebreera Euskara
בְּעִיר הַהֲרֵגָה Sarraskitutako hirian
קוּם לֵךְ לְךָ אֶל עִיר הַהֲרֵגָה וּבָאתָ אֶל-הַחֲצֵרוֹת Jaiki eta zoaz sarraskitutako hirira.
וּבְעֵינֶיךָ תִרְאֶה וּבְיָדְךָ תְמַשֵּׁשׁ עַל-הַגְּדֵרוֹת eta zure begiekin ikusiko duzu, eta zure eskuekin
וְעַל הָעֵצִים וְעַל הָאֲבָנִים וְעַל-גַּבֵּי טִיחַ הַכְּתָלִים hesietan, zuhaitzetan eta hormetan
אֶת-הַדָּם הַקָּרוּשׁ וְאֶת-הַמֹּחַ הַנִּקְשֶׁה שֶׁל-הַחֲלָלִים hildakoen odol lehorra eta burmuin gogorrak...

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Penkower, Monty Noam. (2004ko urria). «The Kishinev Pogrom of 1903: A Turning Point in Jewish History» Modern Judaism (Oxford University Press) 24 (3): 187–225.  doi:10.1093/mj/kjh017..
  2. Wieviorka, Michel. (2014). L'Antisémitisme expliqué aux jeunes. Buenos Aires: Libros del Zorzal, 48 or. ISBN 978-84-17318-16-1..
  3. «The pogrom that transformed 20th century Jewry» The Harvard Gazette 2009-9-4.
  4. YIVO Institute for Jewish Research: Pogroms
  5. "Jewish Massacre Denounced", New York Times, 1903-4-28, 6. orr.
  6. Lev Tolstoi. (1906). Tolstoy on Shakespeare: A Critical Essay on Shakespeare. Funk & Wagnalls Company.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]