Kittiläko historia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Kittiläko historia Kittilä Lappiko udalerri finlandiarraren historia da. Eskualdearen iparraldean dagoen udalerri honen historia, k.a. VII. mendean hasten da.

Historiaurrea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bazter honetara iritsi zen lehen gizarte antolatua, Izotz Aroaren ondoren, iparraldeko klima leuntzen eta glaziarrak urtzen hasi zirenean iritsi zela uste da, k.a. VII. mende inguruan; izan ere, Enontekiö bizilaguneko Ounasjärvi aintziran aurkitu diren lehenengo biztanle hauen aztarnak k.a. 6.000. urtekoak dira gutxi gorabehera. Mendeetan eratu zen kulturari Komsa edo Gorravárri izena ematen zaio eta Ozeano Artikoko kostaldean ezarri zirenez gehienbat, Ipar Itsasoko lehen Fonsa kulturako tribuekin harreman estuak izan zituzten. Nahiz eta oraindik lurralde honen jatorrizko biztanleen, samitarren jatorria ezezaguna den, badirudi tribu hauen eta beranduago (Harri Aroan) Eskandinaviara immigratu zuten eta eurekin samiera hizkuntza eraman zuten herri uraldarren nahasketaren ondorioa direla. Hasiera batean, euren lurraldea Ozeano Artikotik Finlandia, Norvegia eta Suedia erdialderaino zihoan eta, gehienbat, ehizatik, fruitu-bilketatik eta arrantzatik bizi ziren; hau da, ehizakiaren atzetik ibiltzen ziren, nomadak ziren. Garai honetako bizi-aztarnak aurkitu dira, haien artean, ehiza-tresnak, harribitxizko apaingarriak, margolanak eta hainbat hilobi [1].

Suediar garaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Laponia (antzinako probintzia)»

Erdi Aroan, Moskuko Dukerri Handiaren eta Suediako Erresumaren eskuen artetik zebilen lurraldea zen Kittilä, baina Behe Erdi Aroan suediarren boterea nagusitu eta hauen eragina nabarmentzen hasi zen; lurraldea Suediar Erresumako antzinako Laponia probintziaren barruan zegoen eta Sodankylä elizbarrutiko mendebaldeko zatia zen. Kristautasuna suediarren eskutik hedatzen hasi zen XVI. mendean eta, orduan, lehen elizak eraikitzen hasi ziren. Lurraldearen zabalera zela-eta, hainbat eliza eraiki behar izan zituzten eskualdean erlijioa egonkortzeko; lehena, Hanhimaa herrixkan eraiki zuten 1605. urtean. Kristautasunarekin batera, samitarrek xamanismoa alde batera uzten eta iristen hasi ziren finlandiarren ohiturak bereganatzen hasi ziren. XVII. mende amaieran, samitarren elur-orein abeltzaintzaren kultura hasi zen. Kultura honek, hala ere, aurreko kutsu nomada izaten jarraitu zuen, sasoiaren arabera, abeltzainek elur-oreinak hegoalde eta iparraldeko Ozeano Artikoaren artean edukitzen baitzituzten. Sápmi iparrean bizi ziren samitarrak, haien artean kittilärrak, beren bizimodu bereziagatik ipar samitar deitura jaso zuten [2].

Errusiar garaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Finlandiako Dukerri Handia»
Tunturien Lappi lurraldea; XVIII. mendeko marrazkia.

XVII. mende bukaeran Izotz Aro Txikia izan zen eta samitarrek hildako asko eragin zituen gosete garai luzea pairatu zuten. XVIII. mendean aldiz, Finlandiaren kontrola izateko Suediar eta Errusiar Inperioen arteko guduak izan ziren Finlandia eta Europa osoan; azkenean, Finlandiako Gerran, Errusiar Inperioak herrialdea bereganatu zuen finlandiar nazionalismoaren laguntzaz. Urteen poderioz, Finlandiako Dukerri Handiak emandako erraztasunez baliatuta, Sodankylätik bereizi eta udalerri propioa sortu zuten herritarrek 1854. urtean; udalerri berri honek, herrixka handienaren izena jaso zuen, Kittilä. Urte hauetan, finlandiarren kopuruak izugarri egin zuen gora eta, apurka, samitarrek finlandiarren ohiturak bereganatu zituzten.

Independentzia eta II. MG[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Finlandiako Gerra Zibila», «Laponiako Gerra» eta «Rovaniemiko Bataila»

Finlandiak 1917ko Gerra Zibilean independentzia lortu ostean, eta prozesu hau oraindik egonkortu gabe zegoenean, Bigarren Mundu Gerrak eztanda egin zuen kontinente zaharrean. Herrialdeak bere independiente estatusa mantendu nahian eta SESB bere lurraldetik urruntzeko helburuarekin, Alemania naziarekin bat egin zuen. Norvegiatik iritsitako tropa alemaniarrak herrixketan egokitu ziren eta Ozeano Artikoaren defentsa antolatzeari ekin zioten; Kittilän esaterako, gaur egungo aireportua eraiki zuten.

Junkers Ju 52 hegazkina.

Hainbat guden ondoren (Neguko Gerra, Jarraipenaren Gerra), Finlandiak SESBekin bake-akordio bat sinatu zuen, eta horrek, alemaniarrak Finlandiar lurretatik botatzea eskatzen zuen. Finlandiak orduan, naziak jazartzeari ekin zion. Hauek, bizilagun den Norvegiara, euren herrialde satelitera alde egitea pentsatu zuten, baina ihes egin baino lehen, hauen atzeraldia eragozteko, finlandiarrak, mugako udalerrietan kokatu ziren. Laponiako Gerra hasi zen. Ondorio garratzak pairatu zituen udalerriak, hala nola, 1943an Junkers Ju 52 hegazkin alemaniarrak istripu bat izan zuen Aakenus muinoan eta hainbat ofizial hil ziren. Rovaniemin izandako batailaren eta hiriburuaren suntsiketaren, eta Lothar Rendulic jeneralak Lappi antzinako probintziaren suntsiketaren aginduaren ostean, alemaniar gudarosteak herrixka gehienak suntsitu zituen Norvegiarako bidean. Zutik gelditu zen eraikinetako bat eliza izan zen.

Aro garaikidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bigarren Mundu Gerra osteko urteetan, Finlandiak ekonomikoki izugarrizko hazkuntza izan zuen eta gizarte eta politika egonkortasuna lortu zuen. Gerra osteko herrialde pobre bat izateari utzi, Gerra Hotzean neutral aldarrikatu, NBEk ezarritako isuna ordaindu eta 40 urtetan, teknologikoki munduko estatu garatu eta jakintsuena bihurtu zen, merkatuko izugarrizko botere ekonomikoarekin eta bizi maila altuarekin. Hala ere, hazkunde guzti hau, ez zen ona izan udalerriarentzat; izan ere, industriak ez zituen bere sustraiak errotu Lappin (Kemi, Kemijärvi eta Tornio hirietan izan ezik) eta biztanle askok ihes egin behar izan zuen Finlandiako beste hiri garatuagoetara euren bizimodua hobetu nahi bazuten.

Leviko telekabinak.

1980eko hamarkadan Levi muinoko eski-azpiegitura ospetsuak eraikitzen hasi ziren eta, gutxinaka, negu-kirolzaleak hurbiltzen hasi ziren udalerrira. Sirkka herriaren ondoko azpiegiturak hamabost urtetan eraiki ziren eta ordutik, Finlandiako eski-estazio onenaren lehiaketa irabazi du lau aldiz. Urtero Munduko Eski Alpino Kopako slalom eski proba bat ospatzen da azaro inguruan; 2009ko eta 2010eko txapeldunak esaterako, Jean-Baptiste Grange eta Lindsey Vonn, eta Reinfried Herbst eta Maria Riesch eskiatzaileak izan dira hurrenez hurren. Urtero milaka zale erakartzen ditu probak eta udalerriko motore ekonomikoa bilakatu da urte gutxitan. Honi esker, Kittilä biztanleria galtzen ez duen Lappiko udalerri bakarrenetakoa bihurtu da [3].

2005. urtean, Kittilä zeharkatzen duen Ounasjoki ibaiaren igoeragatik, izugarrizko uholdea izan zen udalerrian; izan ere, ibaia zubiak estali arte igo zen eta inguruko herrixka gehienak ur azpian esnatu ziren egunsentian. Nahiz eta uholdeak egun gutxi batzuk iraun zuen, galerak izugarriak izan ziren eta kittilärrek beren etxeen berreraikitze-lanak antolatu behar izan zituzten [4].

Azkenik, aipatzekoa da Agnico-Eagle enpresa kanadarrak, 2008. urte bukaeran, Kiistala eta Pokka herrixken artean dagoen Europa osoko urre-meatze handiena ireki zuela. Bertan, meategia 13 urtetan irekirik mantenduko duten 150.000 ontza urre aurkitzea espero dute. Udalerriaren jarduera ekonomikoa berpizteko balio izan duen urre-meatzearen inguruan, gutxi gorabehera 500 bat langile dabiltza [5].

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]