Kivuko gatazka
Kivuko gatazka | |
---|---|
Mota | gerra ingurumen gatazka |
Honen parte da | Kongoko gerra zibila |
Denbora-tarte | 2004ko ekainaren 2a - |
Kokaleku | Kivu (en) ![]() Hego Kivu Ipar Kivu |
Parte-hartzaileak | |
Kivuko gatazka Kongoko Errepublika Demokratikoko (hemendik aurrera, KED) ekialdean, Ipar Kivu eta Hego Kivu probintzietan Kongoko Bigarren Gerraren (1998-2003) amaieratik gertatu diren gatazka armatu luzeen multzoa da. Inguruko probintzia mugakideetara hedatzen da, iparraldeko Ituri probintziara, batez ere.
Talde armatu asko ari dira elkarren arteko lehia armatu eta harrapatzailean, KEDeko armada (FARDC) eta Nazio Batuen Erakundearen MONUSCO eta Ekialdeko Afrikako Erkidegoaren (ingelesez, EAC) bake misioetako tropez gain, gehi Uganda, Ruanda eta Burundi estatu mugakideen interes eta esku hartzeekin.
Horrenbestez, gatazka luzea, gorabehera askokoa eta ondorio sozioekonomiko eta humanitario larrikoa da. Esaten denez, II. Mundu Gerraz geroztik hildako gehien eragin duen gatazka da, dela gerra ekintzetan, dela gosearen eta eritasunen ondorioz. 2009ko bake akordioekin amaitzekoa zen, baina 2025ean indar betean jarraitzen du, etorkizun eta konponbide argirik gabe.
Milizia armatu nagusiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]CNDP
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Herriaren Defentsarako Kongresu Nazionala (frantsesez, Congrès national pour la défense du peuple), kongoar-ruandar oinarriko milizia da, 2006ko uztailetik aktibo, Ipar Kivun, Laurent Nkunda eta Bosco Ntaganda jenerala buru zirela[1].
Miliziaren jatorria Kongoko Bigarren Gerran aritutako RCD-Goma taldea zuen, aurreko RCD (frantsesez, Rassemblement Congolais pour la Démocratie) aliantzaren eszisioa, ruandar eta ugandar erroko fakzioen arteko liskarren ondorioz. Besteak bezala, 2002ko abenduaren 17ko Pretoriako bake akordioa eta gero alderdi politiko bihurtu zen, eta haren tropak KEDeko armadan sartu[2].
Baina Kivuko komunitate tutsien –banyamulenge deituak, oro har– kontrako jazarpen eta bortizkeria etnikoak salatzen segitu zuen. Eta 2006ko hauteskundeetan haien hautetsiek emaitza txarrak izan zituzten.
2009ko bake akordioen ondoren desegin zen, ofizialki, FARDC armadan sartzeko prozesuan. Baina bere oinarrietatik 2012an eratu zen M23 mugimendua, 2025an indar batean jarraitzen duena. Bere inguruan 2023 amaieran eratu da, halaber, Kongo Ibaiaren Aliantza, AFC (Alliance Fleuve Congo) mugimendu politiko-militarra[3].
FDLR
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ruanda Askatzeko Indar Demokratikoak (frantsesez, Forces démocratiques de libération du Rwanda). 1994ko ekainetik aurrera, Ruandako tutsien genozidioan parte hartu eta gero KEDen erbesteratu ziren militar eta milizia hutuek osatua zen. Hasiera batean, Ruanda Askatzeko Armada, ALiR (Armée de libération du Rwanda) izenaz[4].
Urte hartako apirilean Ugandatik abiatu zen FPR armada tutsiak Ruanda osoa hartu ahala, ehunka mila errefuxiatuk, hutuak gehienbat, KEDera ihes egin zuten, Turquoise operazio frantziarraren babespean. Haien artean FAR (Forces Armées Ruandaises) indar armatukoak, eta Interahamwe bezalako milizia zibiletako kideak. Beren armekin, eta mehatxu potentzialarekin, Ruandako botere berriak salatu zuenez, eta salatzen jarraitzen duenez, geroztik.
1996an FRD (Forces Ruandaises de Défense) ruandar armada berriak eta RCD indar militar kongoar aliatuek errefuxiatu eremuen kontrako eraso eta triskantzen ondoren, ALiR milizia sakabanatu zen, eta 2000 urtean FDLR eratu. Helburu berarekin, azken buruan: Ruandara itzuli eta Paul Kagame buru den gobernu nagusiki tutsia boteretik kentzea.
Urteak joan ahala ahultzen joan da, baina oraindik ere presentzia nabarmena du Kivuko gatazkan.
Mai-mai miliziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Izen horren pean biltzen dira KEDeko bertako miliziak, "kongoar" identitatearen defentsan, kanpotik etorritako etnia eta milizien kontra mobilizatuak, 1990ko hamarkadatik. Izena swahili hizkuntzako "maji" hitzatik dator, "ura" esan nahi duena. Ur berezi batek babesten dielakoan, balen kontra.
Oso milizia heterogeneoak dira, eta ez ziren egon Kongoko Bigarren Gerra 1999an itxi nahi zuen Lusakako bake akordioan. Bai ordea Pretoriakoan, 2002ko abenduan. Eta 2006ko hauteskundeetan Patriotes Resistans Maï-Maï izeneko alderdia aurkeztu zen.
KEDeko ekialdeko Kivu probintzietan ari dira, batez ere, baina Ituri, Maniema, Kasai edo Katanga probintzietan ere bai.
Ipar Kivun, besteak beste, NDC-R (Nduma défense du Congo-Rénové), CMC-FDP (Nyatura-Collectif des mouvements pour le changement-Forces de défense du peuple), APCLS milizia hundea, aurreko PARECO-hunde miliziatik sortua, Mai-Mai Yakutumba, edo Mai-Mai Biloze Bishambuke talde bembe batzuen koalizioa, besteak beste.
Ipar-ekialdean, Iturin, NDC-R taldea, CODECO talde lendua, edo Zaire-FPAC talde hema).
Hegoaldean, Katangan, Mai-Mai Kata Katanga taldea, kasu.
2017an, CNPSC (Coalition Nationale du Peuple pour la Souveraineté du Congo) koalizioan bildu ziren 12 talde.
2022an, berriz, Wazalendo (swahiliz, patriotak) izenaren pean bildu ziren, eta Felix Tshisekedi KEDeko presidente berriak M23 taldearen asmo espantsionisten kontra mobilizatzeko deia egin eta gero, 2023ko irailean hainbat talde VPD (Volontaires pour la défense de la patrie) aliantzan bildu ziren (NBE-2024-16.orr.). Halere, "Wazalendo" eta "VPD" deiturak berdin erabili ohi dira. Eta haien jarduera ez da batere bateratua izaten, maiz, haien arteko tirabirak sortzen[5].
Beste milizia batzuk
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ruandarekin lerrotutako UPC (Union des Patriotes Congolais) talde hema, edo Raïa Mutomboki, FDLR hutuaren kontra oso zabaldua, eta NBEren txostenaren arabera haur soldadu gehien erabiltzen dituena.
Burundiren gobernuaren kontrako RED-Tabara talde tutsia, edo Forces Nationales de Libération, FNL talde hutu muturrekoa.
Ugandarekin lerrotutako FRPI (Fronte de Resistance Patriotique d'Ituri) talde lendua. Eta Ugandako gobernuaren kontrako IS-CAP (IslamicState-Central Afrique Province) edo ADF (Allied Democratic Forces) talde errebelde islamistak.
2023ko urritik ekintza militar asko egin ditu ADF talde islamistak[6], populazio zibilaren kontra, batez ere, asko mugituz Ipar Kivu eta Ugandako mugaren bi aldeetan.
Milizien jardun bortitzaren isla grafiko bat da Zerua buruan[7] [8]komikiko Congo atala, bertako testigantzetan oinarritutako istorio fikzionatua.
Gatazkaren bilakaera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2009ko martxoaren 23ra arte
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
2002ko abenduan Kongoko Bigarren Gerra bukatu nahi zuen Pretoriako akordioak ez zuen bakea eraman KEDeko ekialdera eta ipar-ekialdera, non hainbat milizia borrokan ari ziren. 2004ko otsailean, Laurent Nkunda buru zen RCD-Goma taldeko indar armatu batzuek ofentsiba bat egin zuen, banyamulenge komunitatearen defentsan, haien hitzetan, eta Bukavu hiria setiatzera iritsi zen.
2005ean RCD-Gomako gero eta soldadu gehiagok uko egin zioten bake akordioen zutabeetako bat zen KEDeko armadan integratzeko prozesuari, eta Nkundaren agindupera pasa ziren. UPC taldeko Bosco Ntaganda jenerala ere batu zitzaien, 2006an, eta uztailean CNDP sortu zen, eta Sake hirian ofentsiba bat egin zuen.
Uztail hartan bertan KEDeko hauteskundeak egiten ari ziren, trantsizioko epearen ondoren. Joseph Kabila bera berretsi zen presidente gisa.
Bake elkarrizketak egon ziren, CNDPko tropak KEDeko armadan integratzeko, baina elkarren arteko liskarrek jarraitu zuten, eta beste milizien erasoek ere bai, eta haien ondoriozko krisi humanitarioa. 2007ko urrian 370.000 desplazatu kalkulatu ziren, urte hasieratik soilik[9].
2008ko urtarrilean bake akordio bat sinatu zen CNDP eta KEDeko gobernuaren artean, baina berriz ere ez zen bakea iritsi. Episodio bakar batzuk aipatzearren, NBEren MONUSCO bake indarrak saiatu ziren FDLRko milizia hutuei kontra egiten, eta CNDPk ere honi eraso egin zien, gero eta lurralde gehiago kontrolpean hartzen zuen bitartean. Eta egon ziren MONUSCOren baseen kontrako protesta bortitzak ere[10].
2009ko urtarrilean KEDeko eta Ruandako armaden eraso bateratu bat egon zen FDLRren kontra, bi operaziotan, Kimia II eta Umoya Wetu deituak[11].
Bi gobernuen arteko negoziazioen beste ondorio bat izan zen Ntaganda jeneralak Nkunda kendu zuela, ustekabean, CNDPko buruzagitzatik, eta iragarri zuela bere tropak KEDeko armadan integratzea. Gero, martxoaren 23ko bake akordioa sinatu zen.
Gatazkaren bukaera baino jarraipena seinalatuko zuen horrek, gerora, M23 mugimendua sortzean, akordioko terminoak bete ez zirelakoan.
2009ko martxoaren 23ko akordioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hauek dira, labur-labur, akordioaren puntu nagusiak[12]:
-CNDP alderdi politiko bihurtzea, eta bere tropak KEDeko armadan eta polizian integratzea. Haien maila militar eta polizialak mailak onartuz.
-CNDPko postu administratiboetan zeudenak Kivu probintzietako administrazioan integratzea.
-KEDeko eta Ruandako gobernuek, Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandataritzarekin batera (ingelesez, Office of the United Nations High Commisioner of Refugees, UNHCR), errefuxiatuen aberriratzea bultzatzea.
-Bi aldeek parte hartuko zuten Nazio Batuen eta Afrikako Batasunaren segimendu komisio batean.
2009ko martxoaren 23tik aurrera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Berehala nabarmendu ziren akordioko puntuak betetzeko arazoak, denetariko interesak zirela tarteko. Liskar armatuek jarraitu zuten KEDeko armadaren eta FDLR miliziaren artean, eta honen eta MONUSCOko tropen artean ere bai[13]. Milizia berriak sortzen ziren bitartean. 2009 urtean bertan Human Rights Watch erakundearen txosten batek milaka hilketa eta sexu-bortizkeria kasuak salatu zituen[14].
2012ko apirilean Martxoak 23 mugimendua sortu zen eta aparteko ofentsiba bati ekin zion, azaroan Ipar Kivuko Goma hiriburua hartzeraino.
Ordutik gatazkak aurrera jarraitu du, indar eta oihartzun mediatiko handiagoz edo txikiagoz, M23 miliziaren hiru ofentsibekin, 2017[15], 2022 eta 2025ean.
2019ko urtarrileko hauteskundeak eta gero Félix Tshisekedi bihurtu zen KEDeko presidente berri, 2001etik zegoen Joseph Kabilaren ordez. Berriz aukeratua izan zen 2023ko hauteskundeetan. Kivuko gatazkari dagokionez, 2021eko apirilean Setio-egoera deklaratu zuen Ipar Kivu eta Ituri probintzietan. Eta areagotu ziren Ruandarekiko harreman txarrak, M23 milizia sustengatzen duelakoan. 2022ko urrian eten zituen Ruandarekiko harreman diplomatikoak[16] [17].
Bestalde, Burundiko NFD tropak ere engaiatu dira Ruandako FDR indarren eta M23ren kontrako borrokan, Burundi eta Ruandaren arteko tentsioak areagotuz.
2024ean NBEko adituen komisio batek txosten bat kaleratu zuen, gatazka konplexu eta amaigabe horren klabeak, bilakaera eta ondorio larriak aztertuz, Ipar Kivu, Hego Kivu, eta Ituri probintzietan[18].
Gatazkako klabe nagusi batzuk
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ipar eta Hego Kivu oso lurralde populatuak dira, KEDeko inguruko probintzien aldean. Nahiz eta hain heriotza tasa altua izan, gatazkaren ondorioz: hilketak, eritasunak, gosea... Errefuxiatu eta desplazatu kopuru handiekin, 1993tik aurrera, hiru hamarkada direla, jada. Ondoko Ruanda eta Burundi bezala, hauek gainpopulatuak (500 bat bizt./Km2), garai hartako genozidioak eta guzti.
KEDeko gatazka etnikoak, bertako eta kanpotik –Ruandatik, batez ere– etorritako komunitateen artean.
Kinshasa hiriburu oso urrutiko gobernuaren gabeziak. Kigaliko gobernuak maiz salatuak, bere esku hartzea justifikatzeko, banyamulenge komunitateen defentsan[19].
KEDeko armadak (FARDC), bere gabeziekin, ezin du militarki M23 milizia garaitu, Mai-Mai miliziek lagunduta ere. CNDP eta aurretik RCD garaitu ez zituen bezala. Ezta aurre egin ere, hiru hamarkada hauetan KEDen inguruko herrialdeen mugetatik (Angola, Uganda, Ruanda, Burundi...) sartu izan diren indar militar eta miliziei.
FDLR milizia hutua: hiru hamarkada dira jada jardunean dela, 1994ko Ruandako genozidioa eta gero 1'5 milioi errefuxiatu hutuk KEDera ihes egin zutenetik. 2010ean kalkulatzen zen 6.000 bat kide baino ez zirela, haietatik 300 bat genozidioan parte hartutakoak[19]. Baina aski M23k eta Ruandak haien mehatxua argudio gisa erabiltzen jarraitzeko.
M23 mugimendua ez da milizia monolitiko eta paramilitar hutsa, CNDP ere ez zen bezala. Lurralde zabalak kontrolatzen ditu administratiboki ere, Kivu probintzietako elite politiko eta ekonomikoekin batera. Eta koltan eta beste mineralen nazioarteko merkatuko katean[20].
Milizien mosaikoa. Denetarikoak, txikiago eta handiagoak, handienak fakzio eta lerrokatze ezberdinekin, maiz. Finantziazio bide nagusia, harrapaketez gain, zura eta mineralen trafikoa. Izan ere, Kivu probintzietako meatzaritza "artesanala" da, eskala txikikoa, oro har, eta milizien eskura egoten da tokian tokiko kontrola, merkaturatzearen lehen faseetan.
NBEen MONUSCO misioaren gabeziak. Gero eta eragin gutxiagokoa[21]. Eta antzeko zerbait esan daiteke Afrikako Batasuna eta ICGLR (International Conference of the Great Lakes Region) bezalako erakundeen paperaz, azken hau Ugandak eta Ruandak oso baldintzatua.
Nazioarteko potentzien eta konpainia multinazionalen interesen eta joko taula geopolitiko eta ekonomikoa.
Krisi humanitario larria[22]: 2024ko martxoan, 2'2 milioi barne desplazatu; milizien eta FARCD kongoar eta ruandar, ugandar eta beste tropen kriminalitatea; haur soldaduen erabilera; bortxaketa gerra-arma gisa erabilia; komunitate osoen kontrako zigor ekintzak, kontrako milizien sostengu direlakoan, eta abar.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Stearns, Jason. From CNDP to M23. Rift Valley Institute - Usalama Project, 2012.
- ↑ (Frantsesez) «Les rebelles du CNDP intègrent officiellement l’armée» JeuneAfrique.com (kontsulta data: 2025-06-09).
- ↑ , 2-4 or..
- ↑ «UNHCR Web Archive» webarchive.archive.unhcr.org (kontsulta data: 2025-06-09).
- ↑ , 2-4 or..
- ↑ , 6 or..
- ↑ El cielo en la cabeza. Norma editorial ISBN 978-84-679-5616-9..
- ↑ Le ciel dans la tête. Danöel Graphic editorial ISBN 9782207164860..
- ↑ «BBC NEWS | Africa | Thousands flee amid Congo clashes» news.bbc.co.uk (kontsulta data: 2025-06-09).
- ↑ (Ingelesez) «As Congo Rebels Advance, Civilians Target U.N.» NPR.org (kontsulta data: 2025-06-09).
- ↑ (Ingelesez) «Hutu rebels clash with Congo-Rwandan forces» FRANCE 24 (kontsulta data: 2025-06-09).
- ↑ , 42 or..
- ↑ (Ingelesez) Stearns, Jason. (2022-08-17). «Faut-il parler des FDLR à chaque fois qu’on évoque le M23 ?» Congo Research Group | Groupe d'étude sur le Congo - (kontsulta data: 2025-06-09).
- ↑ (Ingelesez) Sawyer, Ida. (2009-12-13). «"You Will Be Punished"» Human Rights Watch (kontsulta data: 2025-06-09).
- ↑ The CNPSC Rebellion. Congo Reseach Group, February 2019.
- ↑ (Frantsesez) «Pour Félix Tshisekedi, «le Rwanda a soutenu le M23 pour venir agresser la RDC»» RFI 2022-06-06 (kontsulta data: 2025-06-09).
- ↑ (Frantsesez) «La RDC décide d’expulser l’ambassadeur du Rwanda en raison de l’«appui» au M23» RFI 2022-10-29 (kontsulta data: 2025-06-09).
- ↑ Final report of the Gropur of Experts on the Democratic Republic of the Congo. United Nations - Security Council, 2024.
- ↑ a b van Reybrouck, David. (2019). Congo. Una historia épica. Penguin Random House, 563-571 or. ISBN 978-84-306-1943-6..
- ↑ , 58 or..
- ↑ , 63 or..
- ↑ LERTXUNDI, Ainara. (2025-04-26). ««Ahaztutako krisien» multzoan egon arren, gatazka larria bizi du herrialdeak» gaur8.naiz.eus (kontsulta data: 2025-06-15).