Kodiak (hiria)

Koordenatuak: 57°47′35″N 152°23′39″W / 57.7931°N 152.3942°W / 57.7931; -152.3942
Wikipedia, Entziklopedia askea
Kodiak
Kodiak
Sun'aq
Ameriketako Estatu Batuetako hiria
Administrazioa
Estatu burujabe Ameriketako Estatu Batuak
Estatua Alaska
Borough of AlaskaKodiak Island Borough
Izen ofizialaKodiak
Jatorrizko izenaKodiak
Posta kodea99615, 99619, 99697
FIPS kodea02-40950
Geografia
Koordenatuak57°47′35″N 152°23′39″W / 57.7931°N 152.3942°W / 57.7931; -152.3942
Map
Azalera13.045033 km²
Altuera15 m
Demografia
Biztanleria5.581 (2020ko apirilaren 1a)
−549 (2010)
Dentsitatea427,83 bizt/km²
Etxebizitzak65
Informazio gehigarria
Sorrera1940ko irailaren 11
Telefono aurrizkia907
Ordu eremuaAlaska Time Zone (en) Itzuli, UTC−09:00 eta UTC−08:00
city.kodiak.ak.us

Kodiak (alutiiqeraz: Sun'aq[1], errusieraz: Кадьякtranslit.: Kadiak) Kodiak uharteko zazpi komunitatetako bat da, baita horien artean herri nagusia ere. Uharteko komunitateen eta kanpoko munduaren arteko merkataritza-garraio guztiak hiri honetatik igarotzen dira ferry-ontzien edo hegazkin-konpainien bidez. 2020ko AEBetako erroldaren arabera 5.581 biztanle zituen.[2]

Jatorriz alutiiq etniako jendearen bizilekua izan zen 7.000 urte baino gehiagoz,[3][4][5] baina XVIII. mendean Errusiako Inperioko hiritarrak bertan jarri ziren bizitzen eta Errusiar Alaskako hiriburu bihurtu zen. Errusiarrek inguruko itsas igaraben larruen uzta biltzen zuten eta, ondorioz, hurrengo mendean animalia ia desagertu egin zen. Horrek gudak sortu zituen bertako biztanleekin, eta baita hauen esklabotza ere, 150 urte baino gehiago iraun zuena.

Kodiak herrian bi hondamen natural pairatu zituzten XX. mendean. Bata 1912ko Novarupta sumendi-erupzioarengatik sortu zen sumendi-errautsaren erortzea, eta bestea 1964ko Alaskako lurrikarak eragin zuen tsunamia.

1867an Ameriketako Estatu Batuek Alaska erosi ondoren, Kodiak arrantza komertzialerako gunea bihurtu zen, bere ekonomiaren oinarri nagusia izaten jarraitzen duena. Turismoak ere ekonomian eragina dauka, nahiz eta ez hainbeste; turista gehienek kanpoan abentura txangoak bilatzen dituzte. Izokinak, halibutak, Kodiak hartzak, oreinak, Sitka oreinak (buztan belzdunak) eta mendiko ahuntzek ehizako turistak eta arrantzaleak erakartzen dituzte Kodiak artxipelagora. Alaskako Arrain eta Ehiza Sailak bulego eta webgune bana mantentzen ditu ehiztariei eta arrantzaleei baimen egokiak lortzen eta Kodiak eremuko lege espezifikoak ezagutzen laguntzeko.

Kodiakek lehen hezkuntzako lau eskola publiko eta middle school (11-14 urte bitarteko ikasleentzako eskola) eta high school (14-18 urte) bana ditu. Gainera, Alaskako Unibertsitateko sukurtsal bat ere dago. Pillar mendiaren gailurrean zegoen antena sare batek kanpoko munduarekin komunikazioa ematen zuen, zuntz optikoko kablea martxan jarri aurretik. Uhartera heltzeko eta bertatik irteteko garraioa Alaska Marine Highway-ko ferry zerbitzuak eta tokiko airelineek eskaintzen dute.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herri indigenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ebidentzia arkeologikoaren arabera, alutiiq etniako jendea Kodiak uhartedian bizi izan da gutxienez 7.000 urtez.[3][4][5] Beren hizkuntzan, qikertaq edo qik'rtaq hitzak «uhartea» esan nahi du.[6][7][8][9]

Errusiar agintea: 1700–1867[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Neva gerra-bailandra errusiarrak Kodiak bisitatu zuen 1805ean.

Kodiak uhartea ikusi zuten lehen europarrak Vitus Bering eta Aleksei Txirikov esploratzaile errusiarrak izan ziren, 1741eko Kamtxatkako Bigarren Espedizioan.[10][11] 1750eko hamarkadaren hasieran, Stepan Glotovek, larruen-merkataritzan aritzen zen salerosle eta esploratzaile errusiarrak, Aleutiarretan Kodiak uhartear bat ezagutu zuen, eta honek uhartearen berri eman zion. Hurrengo bidaian Glotovek Kodiak uhartera nabigatu zuen, eta 1763an iritsi zen bertara.[12] Errusiarrek Kadiak (Кадьяк) deitu zioten uharteari, alutiiqerazko qikertaq hitza abiapuntu hartuta.[13] Beste hainbat errusiarrek larrua ehizatzeko bidaiak egin zituzten Kodiak uhartera 1770eko hamarkadan.[14] 1778an James Cook kapitain britainiarrak ingurua esploratu zuen eta bere aldizkarietan «Kodiak» izeneko lekuari buruz idatzi zuen.[15] 1779an Arteaga y Bazán eta Bodega y Quadra espainiar esploratzaileak Afognakera iritsi ziren.[16]

1792an, Aleksandr Baranovek, errusiar Xelikhov-Golikov konpainiako zuzendari nagusiak, 1784an sortutako Three Saints badian («hiru santuen badia») zegoen posta Paul's Harbor-eko gune berri batera eraman zuen. Toki hau gaur egungo Kodiaken nukleo gisa garatu zen.[17] Baranovek Three Saints badia kokaleku txartzat jo zuen, defendaezina zelako. Lekuz aldatutako herrixkak Pavlovskaia gavan izena jaso zuen (errusieraz: Павловская гавань, «Pauloren kaia»).[18][19]

Biltegi bat eraiki zuten, Xelikhov-Golikov Konpainiaren (ondoren Errusiar-Amerikar Konpainia izango zenaren) funtsezko postua bihurtu zen tokian. Bertako itsas-igarabak hazteko gunea ere izan zen, igaraben larru estimatuengatik. Biltegia oraindik zutik dago Baranov Museoan. Kultura indigenek animalia hau ohoratzen zutenez eta inoiz ez ziotelako minik egingo, errusiarren eta aleuten artean gerrak egon ziren eta errusiarrek aleutak esklabo bihurtu zituzten.

«Errusiar eliza» (Holy Resurrection Church). John Nathan Cobb-en argazkia, 1908ko ekaina.

Eliza Ortodoxoko misiolariak XVIII. mende bukaeran jarri ziren uhartean bizitzen, honela europar kolonizazioa jarraituz.

Errusiar Amerikako hiriburua Novoarkhangelsk-era (gaur egungo Sitka) aldatu zen 1804an. Konpainia Errusiar-Amerikarra 1799an ezarri zen Paulo Enperadorearen dekretuz, sozietate anonimo gisa. Helburua kokaleku iraunkorrak ezartzea eta itsas igaraba eta larrua duten beste animalia batzuen uzta jarraitzea zen. XIX. mendearen erdialdean itsas igaraba ia desagertu egin zen eta biztanleria indigenen %85 desagertu egin zen europarren gaixotasun eta indarkeriarengatik.

Ameriketako Estatu Batuen agintea: 1867–Gaur egun[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errusiak Alaska Estatu Batuei saldu zienean 1867an, Kodiak arrantza komertzialerako zentro gisa garatu zen, eta kontserba lantegiek uhartea zipriztindu zuten XX. mendearen hasieran, izokinen piszikulturak negozio horiek desagerrarazi zituen arte. Tratamendu zentro berriak sortu ziren eta industriak garatzen jarraitzen du. Theodore Roosevelten presidentetzan, mendiko ahuntzak, Sitka oreinak (buztan belzdunak), untxiak, arratoiak, kastoreak, urtxintxak eta beste animalia batzuk uhartean sartu zituzten eta Kodiak Faunaren Babesleku Nazionala sortu zuten.

1912ko Novarupta erupzioak inpaktu handia izan zuen Kodiaken.[20] Nahiz eta erupziotik 260 km-tara egon, denbora laburrean herria 30 cm-ko errauts geruza batek estali zuen.[20] Herritarrak USRC Manning ontzian babestu ziren.[20][21]

Kodiak 1941ean Bigarren Mundu Gerran sartu zenez, AEBak japoniarren erasoaren beldur ziren, eta herria gotorleku bihurtu zuten. Errepideek, aireportuak, Abercrombie gotorlekua eta arma-gotorlekuek uharteko azpiegitura hobetu zuten. 1959an, Alaska estatu bihurtu zenean, gobernuak emandako etxebizitza, garraio eta hezkuntzako laguntzak onura gehigarriak ekarri zituen.[22]

Kodiakeko kalea 1965ean.

1964ko martxoan tsunami batek hiria jo zuen 1964ko Alaskako lurrikararen ondoren. 9,1 m-ko olatuek 15 pertsona hil eta ia 10 milioi euroko kalteak eragin zituzten. Kodiak inguruko eremu batzuk 9,1 m igo zituzten betiko. Old Harbor eta Kaguyak herrixketako bizilagunak desagerrarazi zituen. Standard Oil Company, Alaskan King Crab Company eta arrantza-ontzidiaren zati handi bat ere suntsitu zituen.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kodiak herria Kodiak uhartearen ekialdeko ertzean dago. Estatu Batuetako Errolda Bulegoaren arabera, hiriak guztira 12,6 km2-ko azalera du. Horietatik 9 km2 lurra eta 3,6 km2 ura dira.

Klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kodiakek klima ozeaniko subpolarra du (Köppen Cfc), negu eta uda freskoak dituena. Klima umel kontinentala (Dfb) mugatzen du. Prezipitazioa handia da urte osoan, baina nabarmen gutxiago udako hilabeteetan, Aleutiarretako depresioa bere ahulenean dagoenean.

    Datu klimatikoak (Kodiakeko Aireportua, Alaska (1981–2010 normals, extremes 1913–present))    
 Hila   Urt   Ots   Mar   Api   Mai   Eka   Uzt   Abu   Ira   Urr   Aza   Abe   Urtekoa 
Erregistraturiko tenperatura maximoa (°C) 12 16 14 21 27 30 28 30 27 23 16 17 '
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 2 2 3 6 10 13 15 16 13 8 4 2 7.8
Batez besteko tenperatura (ºC) -1 -1 0 3 7 10 13 13 10 5 1 -0 5
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) -3 -3 -2 0 4 7 10 9 6 1 -2 -3 2
Erregistraturiko tenperatura minimoa (°C) -27 -24 -21 -14 -8 -1 2 1 -3 -14 -18 -23 '
Pilatutako prezipitazioa (mm) 211 156 140 148 143 150 125 116 187 210 174 222 1981
Elurra (mm) 330 384 287 203 5 0 0 0 0 28 163 351 1750
Prezipitazio egunak (≥ 0.01 in) 19.4 17.3 17.5 17.5 16.3 16.7 14.8 14.2 16.8 16.9 16.1 19.6 203.1
Elur egunak (≥ 0.1 in) 8.8 8.1 8.7 4.7 0.2 0 0 0 0 1.1 5.3 8.4 45.3
Eguzki orduak 124 141.3 186 240 279 270 248 217 180 124 90 93 2192.3
Hezetasuna (%) 78.0 76.6 73.4 72.4 76.2 80.4 82.4 81.7 80.6 74.9 75.0 75.7 77.3
Iturria (1): NOAA (relative humidity and dew point 1961–1990)[23][24][25]
Iturria (2): Weather Atlas (sun and uv)[26]

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kodiak 1880ko AEBetako erroldan agertu zen lehen aldiz, Saint Paul herrixka gisa (ez nahastu Aleutiar uharteetan dagoen St. Paul hiriarekin). 288 biztanleren berri eman zuen, horietatik 253 «kreolak» (Errusiako eta Alaskako bertakoen nahasketa), 20 zuriak eta 15 aleutarrak. 1890ean, «Kadiak» (orduko grafia) bezala aurkeztu zuten eta 1900ean, «Kadiak Settlement» gisa. 1910etik aurrera Kodiak izenarekin aurkeztu zuten, eta 1940an txertatu zen formalki.

2020eko erroldaren arabera, 5.581 pertsona bizi ziren bertan. 2015-2019 urteen bitartean 1.863 etxebizitza zeuden. 2020ean biztanleriaren %43,1 zuria zen, %0,2 beltza, %8,9 indigena, %41,3 asiarra, %0,5 Ozeano Bareko uharteetakoak, %5,1 arraza bat baino gehiagokoak eta %5,8 latinoamerikarrak.[27]

Hiriko biztanleriaren adinaren araberako banaketa honako hau zen: %6,4 bost urtetik beherakoak, %19,5 hemezortzi urtetik beherakoak, eta %14,2 hirurogeita bost urtetik gorakoak. Emakumeak %43,4 ziren.[27]

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kodiaken egoitza duten enpresen artean Koniag, Incorporated dago.

Alaskako Arrantza eta Ehiza Saila[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kodiak arrantza-industriari eragiten dion ingurumen-ondasun garrantzitsua da, batez ere izokinaren arrantzari dagokionez. Bertako ehiza basatia mundu osoko ehiztariek gutiziatzen dute, Kodiak hartzaren eta beste ehiza-animalia batzuengatik; arrantza- eta ehiza-jarduerak arautzen dituzten lege zorrotzak daude, bai eta errute guneen ondoan ibiltzea ere. Bai sailak bai udalak webguneak mantentzen dituzte eta liburuxkak argitaratzen dituzte zorrozki betearazten dituzten lege horiek ezagutarazten laguntzeko. Hiriko hotel eta negozio guztiek material horiek gune nabarmenetan dituzte gonbidatuentzat, eta lizentziak hiriko kirol-produktuen denda nagusian eta sarean eros daitezke.

Instalazio militarrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estatu Batuetako Itsas Armadak entrenamendu base txiki bat du herriaren ondoan, Naval Special Warfare Cold Weather Detachment Kodiak izenekoa. Estatu Batuetako Navy SEAL-ak prestatzen dituzte eguraldi hotzeko biziraupenean eta taktika aurreratuetan.[28]

Estatu Batuetako Kostazainak presentzia handia du Kodiaken.

  • USCG Air Station Kodiak
  • USCGC Alex Haley
  • USCGC Spar
  • USCGC Douglas Munro
  • Nabigaziorako Laguntza - Kodiak Taldea
  • Komunikazio Destakamendua
  • Ozeano Bareko Iparraldeko Eskualdeko Arrantza Prestakuntza Zentroa (NPRFTC)
  • Itsas Segurtasun Destakamendua
  • Itsas Ingeniaritzako Laguntza Unitatea (NESU) Destakamendua
  • Sistema Elektronikoen Laguntza Destakamendua (ESD)

Ekitaldiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bezeroak ilaran, Orpheum Antzokiaren parean.

Kodiaken urteroko ekitaldiak egiten dira, uhartetik kanpoko zein bertako jendea erakartzen dituztenak. Ezagunena Kodiak Karramarro Jaialdia da. Kodiakeko Merkataritza Ganberak antolatzen du eta Erorien Egunaren (ingelesez: Memorial Day) asteburuan izaten da ekitaldia. Azoka antzeko bat da gertaera nagusia, eta horrez gain atrakzioak, postuak janariarekin eta talde jarduerak ere daude. Beste hainbat jarduera ere antolatu ohi dira, esate baterako, kayak lasterketa, maratoia, ultramaratoia, 14,8 km-ko mendi lasterketa eta beste batzuk.

Hezkuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kodiak Uharteko Udaleko Eskola Barrutiak lehen hezkuntzako lau eskola publiko eta middle school (11-14 urte bitarteko ikasleentzako eskola) eta high school (14-18 urte) bana zuzentzen ditu, Kodiak herriko eta inguruetako jendearentzako. Beste ikastetxe batzuk daude uhartean, barrutiko landa-guneetan.[29]

Hirian Kodiak College dago, Alaskako Anchorage Unibertsitatearen «sukurtsala».

Kodiaken Saint Herman's Mintegi Teologiko Ortodoxoa ere badago, 1972an Ameriketako Eliza Ortodoxoaren babespean sortutako eskola teologikoa. Alaskako hego eta hego-mendebaldeko herrietako ikasleek San Herman'sen ikasten dute Eliza Ortodoxoan irakurle edo klero izateko.

Hedabideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garraioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

MV Tustumena ferrya Alaskako Itsas Autopistaren parte da. 210 bidaiari garraiatu ditzake eta Kodiak, Homer, Whittier eta Aleutiarretan jarduten du, mendebaldeko Dutch Harbor-eraino.
Hegazkin bat gonbidatuak urruneko ostatu batera eramaten Raspberry Uhartean, Kodiak Uhartedian. Ostatu hauetako gonbidatu guztiek Kodiak hirian hasten dute bidaia.

Kodiak aireportuak tokiko zein eskualdeko airelineak, aireko taxiak eta alokairuan dauden hidroflotagailuak eta helikopteroak erakartzen ditu, uhartean bertan eta kanpoan bidaiatzen duten pertsonei garraioa eskaintzen dietenak. Alaskako Itsas Autopistak garraio gehiago eskaintzen du bi ferryren bidez, MV Tustumena eta MV Kennicott. Ontzi hauek 211 eta 748 bidaiari eraman ditzakete, hurrenez hurren, eta Kodiak, Homer eta Whittier arteko ibilbideetan jarduten dute, nahiz eta ferry-sistemak jada ez dituen bidaiariak Sewardera eramaten. Hidroflotagailu eta landako hegazkin konpainiek maiz eramaten dituzte turistak urruneko eremuetara eta basamortuko ostatuetara, bai Kodiak artxipelagoko uharteetan bai Katmai kostaldean hartzak ikusteko, ehizatzeko eta ibilaldietarako. Hiriko enpresa komunitateak jabetza pribatuko taxien flota du, baita alokatu daitezkeen kayakak, mendiko bizikletak eta «lur-eremu guztietako ibilgailuak» (ATV) ere.

Osasun-zerbitzuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Providence Kodiak Island Medical Center da Kodiak uharteko benetako ospitale bakarra. Inguruko komunitate txikiagoetako pertsonak helikoptero edo aire anbulantziaren bidez ospitalera eraman ohi dituzte urrun egoteagatik eta errepide konexioa txarra edo hutsala izateagatik. Kodiak hiria eta komunitate txikiago hauek langile boluntarioek eta tokiko klinikek ere hornitzen dituzte.

Energia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiriarentzako energia elektriko gehiena Kodiak Elektrizitate Elkartearen jabetzako Terror Lake Hidroelektriko Zentrotik lortzen da. Haize-sorgailuek eta gasolio sorgailuek ere energia kantitate handiak sortzen dituzte. Sei aerosorgailu daude, bakoitzak 1,5 MW-raino hornitzen dutenak, eta 38,5 metroko pala luzera eta 118,5 metroko altuera dutenak.

Kultura herrikoian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2012an, Pitbull rap-kantariak Walmart-ekin publizitate-kanpaina batean parte hartu zuen. 2012ko ekainaren 18tik uztailaren 15era bitartean Facebooken «atsegite» gehien lortzen zituen Walmart dendak Pitbullen bisita izango zuen eta han ikuskizun bat eskainiko zuen. Internet bidez antolatutako kanpaina batek imajina zitekeen kokapen urrunenaren alde bozkatzeko eskatu zuen, Kodiak, hain zuzen ere, eta ondorioz denda horrek abantaila handia lortu zuen.[30] Walmartek baieztatu zuen Kodiakek irabazi zuela.[31] Pitbullek uztailaren 30ean bisitatu zuen Kodiak, Branson alkatearen eskutik hiriaren giltza jaso zuen eta gero agerraldia egin zuen ehunka pertsonen aurrean Kostazaintzaren basean.[32]

The Weather Channel kateko Coast Guard Alaska doku-serieak Kodiaken ezarritako Kostazaintzako kideen bizitza jarraitzen du.[33]

Škoda Auto automobilgintzako enpresa txekiarrak Škoda Kodiaq izena jarri zion bere kirol ibilgailu utilitario berriari, Alaskako hartz arrearen omenez, eta omenaldian Kodiaki Kodiaq izena jarri zioten egun batez (2016ko maiatzaren 6an).[34] Bertako alutiiq etnia omentzeko eginiko ortografia-aldaketa batean,[34] hiriari izena aldatu zitzaion herrn zehar hainbat seinale aldatuta,[34] portuko instalazioak eta hiriaren mugak barne. "Q" hizkia alutiiqeraz izenen amaiera arrunta da, izen singular gehienak "Q" hizkiaz amaitzen baitira.[35]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) Alaska Native Place Names | Alaska Native Language Archive. University of Alaska Fairbanks (Noiz kontsultatua: 2021-12-27).
  2. (Ingelesez) «Census | Department of Labor Research and Analysis» live.laborstats.alaska.gov (Noiz kontsultatua: 2021-12-26).
  3. a b (Ingelesez) Sweely, Tracy. (1999). Manifesting Power: Gender and the Interpretation of Power in Archaeology. Routledge ISBN 978-0415171793..
  4. a b (Ingelesez) Fitzhugh, Ben. (2003). The Evolution of Complex Hunter-Gatherers: Archaeological Evidence from the North Pacific. ISBN 978-0306477539..
  5. a b (Ingelesez) Mason, Rachel. «The Alutiiq Ethnographic Bibliography» www.ankn.uaf.edu (Noiz kontsultatua: 2021-12-26).
  6. (Ingelesez) Smelcer, John. (2011). Alutiiq Noun Dictionary and Pronunciation Guide. .
  7. (Ingelesez) Leer, Jeff. (1979). A Conversational Dictionary of Kodiak Alutiiq. University of Alaska Fairbanks, 69 or..
  8. (Ingelesez) Counceller, April G.L.. (2006). Kodiak Alutiiq Conversational Phrasebook. Alutiiq Museum and Archaeological Repository, 9 or. ISBN 1-929650-02-7..
  9. (Ingelesez) Drabek, Alisha Susana. (2012). Qik'rtarmiut Alutiit'stun Niugneret Kʀaasiirkii. Native Village of Afognak, vii or. ISBN 978-0-9858145-0-2..
  10. (Ingelesez) Grinëv, Andrei V. (2011). Russian Maritime Catastrophes during the Colonization of Alaska, 1741–1867. .
  11. (Ingelesez) Black, Lydia. (2004). Russians in Alaska, 1732-1867. University of Alaska Press ISBN 978-1-889963-04-4..
  12. (Ingelesez) Black, Lydia. (2004). Warriors of Kodiak: Military Traditions of Kodiak Islanders. .
  13. (Ingelesez) Bright, William. (2004). Native American Placenames of the United States. University of Oklahoma Press ISBN 978-0-8061-3598-4..
  14. (Ingelesez) Grinëv, Andrei. (2018). Russian colonization of Alaska. University of Nebraska Press ISBN 978-1-4962-1085-2..
  15. (Ingelesez) Beaglehole, J.C. (2017). The Journals of Captain James Cook on his Voyages of Discovery: Volume III Part 1: The Voyage of the Resolution and Discovery, 1776-1780. Taylor & Francis ISBN 978-1-351-54321-7..
  16. (Ingelesez) Sanchez, Antonio. (2004). Spanish Exploration: Arteaga and Bodega y Quadra's 1779 Expedition. .
  17. (Ingelesez) Khlebnikov, K.T. (1973). Baranov, Chief Manager of the Russian Colonies in America. Kingston: The Limestone Press ISBN 0919642500..
  18. (Ingelesez) Haycox, Stephen. (2002). Alaska: An American Colony. University of Washington Press ISBN 978-0-295-98249-6..
  19. (Ingelesez) Kodiak. Geographic Names Information System. United States Geological Survey.
  20. a b c (Ingelesez) Fierstein, Judy. The Great Eruption of 1912. .
  21. (Ingelesez) Grohman, Adam. (2015). Sentinels and Saviors of the Seas. .
  22. (Ingelesez) Rosenberg, Bernard. (2006). Kodiak Fishing at any Angle. ISBN 978-0-9777414-0-3..
  23. .
  24. .
  25. .
  26. .
  27. a b (Ingelesez) Kodiak City. United States Census Bureau.
  28. (Ingelesez) «Cold Warfare: Future SEALs Get a Firsthand Lesson in Northern Exposure» www.globalsecurity.org (Noiz kontsultatua: 2021-12-26).
  29. (Ingelesez) «About Us» www.kibsd.org (Kodiak Island Borough School District) (Noiz kontsultatua: 2021-12-26).
  30. (Ingelesez) O'Leary, Joseph. (2012-07-05). «Contest may send rapper Pitbull to Alaska Wal-Mart» Reuters (Noiz kontsultatua: 2021-12-26).
  31. (Ingelesez) «Walmart: Rap star Pitbull to appear in Kodiak» Anchorage Daily News.
  32. (Ingelesez) «Pitbull performs in Kodiak» New York Daily News 2012-07-31.
  33. (Ingelesez) The Weather Channel Greenlights New Series "Coast Guard Alaska". 2011-07-27.
  34. a b c (Ingelesez) Petrány, Máté. (2016). «Alaskans Are So Happy About The Škoda Kodiaq That They Renamed Their City For It» Jalopnik.
  35. (Ingelesez) Let's all study Alutiiq!. Alutiiq Museum.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikulu hau, osorik edo zatiren batean, ingelesezko wikipediako «Kodiak, Alaska» artikulutik itzulia izan da, 2021-05-13 data duen 1023030592 bertsioa oinarritzat hartuta. Jatorrizko artikulu hori GFDL edo CC-BY-SA 3.0 lizentzien pean dago. Egileen zerrenda ikusteko, bisita ezazu jatorrizko artikuluaren historia orria.