Koherentismo

Wikipedia, Entziklopedia askea

Koherentismoa, fundazionismoarekin batera, helburu gisa justifikazioaren estruktura azaltzea duen teoria bat da. Orokorki, koherentismoaren korronteak defendatzen duen oinarrizko tesia sinesmen bat da, beste sinesmen batzuekiko duen erlazioari esker justifikatzen dena. Hortaz, teoria honen aburuz, enuntziatu enpirikoen autoritate edo garantia epistemikoa, koherentziatik deribatzen da guztiz eta ez edozein bestelako fundamentutatik.

Bestalde, koherentismoa justifikazioaren itzulera infinitoaren arazoari irtenbide bat bilatzen saiatzen da;[1] eszeptizismoan ez erortzearren justifikazio inferentzialaren kontzepzio holistiko edo sistematiko bat onartu behar dela azpimarratuz. Hau da, sinesmenak justifikatu egiten dira, euren artean eta testuinguru orokor batean inferentzialki erlazionatuak daudelako, betiere, sistema koherente baten baitan.

Bestalde, eta plausibilitatea ematearren, azaldu beharra dago fundazionismoak arazo latzak badituela eta hauen irtenbidea koherentismoari heltzea dela. Fundazionismoaren bi bertsioen kontrako argudioa (sendoa eta ahula), igoera doxastikoaren argudioa deitutakoa, aldi berean koherentismoaren aldeko argudio bat da. Justifikazioaren iturri ez-doxastiko bat egon ezean, gure sinesmenen inguruko justifikazioa euren artean ematen diren konexio logikoetan azaleratuko da. Koherentismoak justifikazioaren itzuleraren lehen premisa onartzen du, zeinen aburuz, justifikazio guztiak inferentzialak diren baina, deuseztatu egiten du justifikazio guztiak linealak edo zentzu bakarrekoak direla dioen suposizio inplizitua.

Itzuleraren argudioari erantzun bat emateko, koherentismoa honako bi suposizioetatik abiatzen da: justifikazio guztiak linealak dira eta justifikazioa ez da lineala. Justifikazioaren funtsezko unitatea sinesmen sistema bera da. Hortaz, justifikazioaren kontzeptu koherentista hau, era oso estu batean lotzen da arrazionalitate eta ardura epistemikoaren kontzeptuekin. Izan ere, errealitatetik at kokatzen da; justifikazioa egiarekiko independentea den heinean, sinesmen justifikatu bat izateak ez du zertan derrigortzen hau egiazkoa izatea.

Koherentismoari egindako kritikak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zirkulartasunaren objekzioa. Koherentismoak itzuleraren arazoari aurre egiten dio justifikazio inferentziala era zirkularrean mugitzen dela alegatuz, fundazionistek ideia hau posible ez dela defendatuko luketen bitartean, zirkulua bere baitan itxiko bailitzateke aurretiko sinesmena justifikatua izanez gero (eta berez, lehen sinesmen hau, justifikatu beharra dago zirkulu guztia justifika dezan).

Koherentismoak zirkulartasunaren objekzioari ematen dion erantzuna bi tesitan oinarritzen da: lehenengoak dio sinesmen enpiriko partikularrentzako edozein justifikazio epistemiko, inferentziala dela naturaz eta hortaz, ez daudela ez sinesmen basikoak ez fundamenturik euren ezagutzarako. Bigarrenak, berriz, bi baieztapen ematen ditu: alde batetik, justifikazioaren itzulera ez dela infinitura arte zabaltzen sinesmen desberdinen kopuru infinitu bat suposatuko lukeena, baizik eta, bere baitan bueltatu egiten diren zirkuluen erreferentzia inplikatzen du, sistema itxiak osatuz.

Bestalde, justifikazio epistemikoaren oinarrizko unitatea sistema bera dela aldarrikatuko du, hau aldi berean bere barne- koherentzia terminoen bitartez justifikaturik dagoen heinean.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Hernandez, Fernando. Coherentismo. (Noiz kontsultatua: 17/03/2018).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]