Kolonbiako historia

Wikipedia, Entziklopedia askea

Kolonbiako historia gaur egungo Kolonbiako Errepublikako lurraldearen historia da.

Espainiarrak gaur egungo Kolonbiako lurraldera iritsi zirenean, indiar herriak bizi ziren bertan, beste batzuen artean, karibeak Atlantikoan, arawakak eta guajiroak ekialdeko ordokietan, kitxuak mendebaleko eta erdiko mendietan, etab. Ekialdeko mendietan txibtxa indiarrak bizi ziren, politika eta gizarte antolakuntza aurreratua zutenak. Txibtxen hiriburua Bacata zen, gaur egungo hiriburuaren inguruetan.

Espainiar konkista[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1499an iritsi ziren espainiarrak gaur egungo Kolonbiaren itsasertzera, Alonso de Ojeda eta bere taldekideak Guajira penintsulara heldu zirenean. Handik urte batzuetara lurraldea esploratzeko espedizioak antolatu eta lehen hiriak sortu ziren (Santa Marta, 1525; Cartagena de Indias, 1533; Cali eta Popayan, 1536). Garai hartakoak dira El Dorado lurralde ustez aberatsaren lehen berriak. 1536an, Gonzalo Jiménez de Quesadaren gidaritzapean, El Dorado aurkitzeko espedizioa antolatu zen. 1538an, gudaroste urri batekin lurralde zabal bat hartu eta Santa Fe de Bogota hiria sortu zuen txibtxa indiarren hiriburuaren ondoan, eta Granada Berria izena jarri zion lurraldeari. Han elkartu ziren Venezuela eta Ekuadorretik sartu ziren beste bi espedizio, eta 1550ean Granada Berriaren gobernua (audiencia) antolatu zuten.

XVI. mendearen bukaeran, kolonoen gehiegikeriak eta gaixotasunak sortutako izurriteak zirela eta, biztanleria asko urritu zen. Denbora gutxiren buruan hango kultura moldeak erabat aldatu ziren: erlijio katolikoa ezarri zen, bertako hizkuntzak galdu ziren, arrazak nahastu ziren, eta Afrikako esklaboak inportatu ziren lanerako.

Granada Berriko Erregeorderria 1742an.

Granada Berriko Erregeorderria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Granada Berria Peruko Erregeorderriaren administrazioaren mendean egon zen harik eta 1740an Granada Berriko Erregeorderria sortu zen arte (1717-1723 bitarteko aldi laburraren ondoren). Erregeorderriak gaur egungo Kolonbia, Ekuador, Panama eta Venezuelako lurraldeak hartzen zituen.

XVIII. mendearen bukaerako eta XIX. mendearen hasierako gertaera batzuek burujabetasuna lortzera bultzatu zituen bertan jaiotako espainiarren ondorengoak (kriolloak). Arrazoi horien artean hauek aipa daitezke: zergen igoera eta horrek ekarri zituen matxinadak, bertako kulturaren garapena, Frantziako Iraultzaren ideien zabaltzea eta Espainiako Independentzia Gerra.

Independentzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Boyacáko gudua (1819ko abuztuak 7) erabakigarria izan zen Hego Amerikako independentzia prozesuan.

1810ean hasi zen independentzia lortzeko ahalegina Granada Berriko Erreinuko Batzorde Gorena sortu eta erregeordea kargutik kendu zutenean. 1813an Granada Berriko Probintzia Batuen askatasun osoa onartu zen. Hala ere, abertzaleak ez zetozen denak bat. Izan ere, mendeetako bakartasunaren ondoren hiri eta probintzia bakoitzak bere ezaugarriak zituen, eta gerra zibila piztu zen zentralisten (kontserbadoreak) eta federalisten (liberalak) artean. Hala, Probintzia Batuetan giro nahasia bizi zen bitartean, Fernando VII.a Espainiako erregeak gudarostea bidali zuen eta, zapalkuntza latz baten ondoren, Bogotara iritsi eta Erregeorderria ezarri zuen berriro lurraldean (1816). Baina Simon Bolivarrek abertzale guztien indarrak bildu eta erregearen gudarostea menderatu zuen Boyacan, 1819ko abuztuaren 7an. Bi egun geroago hiriburuan sartu zen eta abenduaren 17an Kolonbia Handiko Errepublika onartu zen. Kolonbia Handiak Granada Berria, Venezuela, Panama (1821az gero) eta Ekuador (1822az gero) hartzen zituen.

Bolivar izan zen lehen lehendakaria, baina Perura jo zuen bere gudarostearekin eta Santanderren eskuetan utzi zuen aginpidea. 1826an espainiarrak kontinentetik egotzi ondoren Bogotara itzuli zenean, Bolivarren zentralismoa eta Santaderren federalismoa aurrez aurre topatu ziren. Bolivarrek diktadore baten ahalmena eskuratu zuen, baina kargua utzi behar izan zuen 1830ean. Hilabete gutxiren buruan Kolonbia Handia hiru estatu independentetan banatu zen: Venezuela, Ekuador eta Granada Berriko Errepublika (gaur egungo Kolonbia eta Panama).

Independentziaz geroztik Kolonbiako historia kontserbadoreen eta liberalen arteko lehia gogorraren mendean izan da, eta aginpidea eskuratzeko lehia horrek gobernu aldaketa ugari eta, askotan, gerra zibilak ekarri ditu. Kontserbadoreak zentralistak eta klerikalak ziren, eta elizaren pribilejioak gordetzearen aldeko. Liberalak, aldiz, federalistak eta antiklerikalak ziren, erlijio askatasunaren aldekoak.

XIX. mendean, urte gutxitan, behin baino gehiagotan aldatu zen estatuaren egitura politikoa: 1858an Granadako Konfederazioa, 1861ean Kolonbiako Estatu Batuak eta 1886an, azkenik, Kolonbiako Errepublika.

XX. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mila Eguneko Gerra eta ondorengoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1894tik 1903ra bitarteko gerra zibila (Mila Eguneko Gerra) lazgarria izan zen, eta herria ahitua utzi zuen. 1914an Kolonbiak Panamaren independentzia onartu zuen eta 25 milioi pesotako saria jaso zuen, haren ordainez, Estatu Batuetatik.

1953an Gustavo Rojas jeneralak estatu kolpea jo zuen. 1958an, Sitgeseko Itunean, hurrengo lau agintalditan (16 urte) lehendakaritza txandakatzea eta gobernua kontserbadoreen eta liberalen artean banatzea hitzartu zuten bi taldeek, Fronte Nazionala eratuz.

1960ko hamarkadan gerrillari taldeak sortu ziren. 1974ko hauteskundeetan alderdi bakoitzak bere aldetik jo zuen, hautesleen konfiantza berreskuratzearren. Liberalak izan ziren garaile, eta haiek izan ziren agintari 1980ko hamarkadara arte. Tarte horretan izugarri areagotu zen gerrillen jarduera eta haien kontrako zapalkuntza.

XX. mendearen bukaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gabriel García Márquez, Literaturako Nobel Sariduna

Gerrillarien eta gobernuaren arteko negoziaketak, su-etenak eta amnistiak gorabehera, gerra giroan bizi izan zen. Bestalde, kokainaren trafikoaren aurkako neurriek gerra ekarri zuten gobernuaren eta kokaina merkatarien artean.

1982an Gabriel García Márquezek Literaturako Nobel Saria jaso zuen. Urte berean Belisario Betancur kontserbadoreak lortu zuen lehendakaritza. Bakearen aldeko eta narkotrafikoaren kontrako politika egin zuen (su-etena sinatu zuen M-19, FARC eta ELN gerrillekin, besteak beste) eta urrats garrantzitsuak egin zituen bai nazioarteko politikan eta bai politika sozialean. Baina neurri haietako batzuek huts egin zuten (gerrilla batzuek berriro ekin zioten borrokari). Hurrengo agintaldian, Virgilio Barco liberalaren lehendakaritzapean, gerrillari talde gehienak Simon Bolivar batasunean bildu ziren. 1985eko azaroaren 13an Nevado del Ruiz sumendiak laba egotzi eta izozgune bat urtu zuen, luizi bat sortuz eta Armero herria (Andeetako eskualdea) estaliz. 23.000 lagun hil ziren.

1989an M-19ak armak utzi eta hurrengo urteko hauteskundeetan parte hartu zuen. Halaber, batasun horretako gerrillari talde gehienek bide berbera hartzea lortu zuen. Urte horretan droga trafikatzaileen aurkako neurriak hartu zituen gobernu liberalak, eta drogaren mafien erantzun gisa, zenbait hilketa gertatu ziren, besteak beste Luis Carlos Galán lehendakaritzarako hautagai liberalarena. Larrialdi egoera aldarrikatu zen, eta gobernuak hainbat trafikatzaile estraditatu zituen Estatu Batuetara, egoera baretzearren. Harrezkero ere etengabeak izan ziren liskarrak. Gobernuak neurriak hartu orduko drogaren kartelek indarkeriaz erantzuten zuten.

1990ean hitzarmen bat sinatu zuten Peru, Kolonbia eta Nikaraguak, kokainaren hiru ekoizle nagusiek, eta Estatu Batuek, kokaina kontsumitzaile handienak, Estatu Batuetatik laguntza ekonomikoa eta militarra jasotzearen truke droga trafikoari aurre egiteko. Bestalde,César Gaviria lehendakari liberalak (1990) konstituzioa eraberritu zuen 1991n eta garrantzizko aldaketak sartu zituen. Droga trafikatzaileekiko liskarrak baretzeko neurriak ere hartu zituen, eta egoera orokorrak hobera egin zuen. Arazo nagusiak, sakonean, konpondu gabe zeuden, ordea.

1994ko hauteskundeetan Ernesto Samper liberala atera zen lehendakari, baina agintaldi oso nahasia eta ustela izan zen, hauteskunde kanpainarako kolonbiar narkotrafikoaren laguntza jaso zuelako salatu baitzuten, Caliko kartelarena hain zuzen, Andrés Pastrana kontserbadorea bezalaxe. Horrez gainera, eta egoera lasaitzeko berriro ere larrialdi egoera ezarri zen arren, ez zen bakerik lortzen gerrillekin (ez FARCekin eta ez ELNrekin) eta erabateko gerra sortu zen gerrillen eta talde paramilitarren artean: 1997ko datuen arabera, milioi bat kolonbiar inguru zegoen beren etxeetatik alde eginda, talde paramilitarren ekintzen beldur zirelako batez ere, eta gobernuaren arabera, gerrillek 750 milioi dolar garbi eskuratzen dituzte urtean (kafeak ematen duen dirua baino gehiago, baina Medellin eta Cali kartelena baino gutxiago betiere).

Andrés Pastrana, Presidentea 1998-2002 bitartean

1998ko hauteskundeetan Indar Demokratiko Berria alderdi kontserbadoreko Andrés Pastrana hautatu zuten lehendakari, eta horrela eman zitzaion amaiera liberalen 12 urteko agintaldiari. Pastranak gerrillarekin indarkeriaren amaiera hitzartuko zuela agindu zuen, eta estatuko erakundeak berritzeko hitza ere eman zuen. Bake elkarrizketak hasi ziren, baina 1999an une zailak bizi izan ziren, gerrillak talde paramilitarrak desegitea eskatu baitzion gobernuari. Aipatzekoa da 1999an Armenian 1.500 lagun hil eta 150.000 etxerik gabe utzi zituen lurrikara handia.

XXI. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uriberen garaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2002an bukatu zen Pastranak FARC gerrillarekin abian jarritako bake prozesua, eta urte horretan bertan Álvaro Uribe izendatu zuten lehendakari. 2006ko hauteskundeetan ere Uribe izan zen irabazlea eta ezkerreko Polo Democrático Alternativo nagusitu zitzaion oposizioan alderdi liberalari. Uribek erreforma ekonomiko batzuk egin zituen eta gogor egin zion aurre gerrillari, baina eskuineko taldeetako paramilitarrekin harreman estua izatea egotzi zioten. 2006an, gobernuko eta legebiltzarreko goi mailako hainbat kideren eta paramilitarren arteko lotura aurkitu izanak eskandalu handia sortu eta auzibidea zabaldu zuen. 2008an, armadak hainbat operazio gogor egin zituen FARCeko gerrillaren aurka, eta hainbat bahitu erreskatatu zituen, haien artean, Ingrid Betancourt lehendakarigai ohia. Urte horretan, manifestazio jendetsuak izan ziren FARCen kontra.

2015eko abenduaren 1ean, FARCen buruetako bat, Carlos Andres Bustos Cortes, atxilotu zuen Kolonbiako armadak. Operazio militar "probokatzaileak" egitea leoporatu zion gerrillak Kolonbiako Gobernuari[1].

Bake prozesua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2012tik 2016rako tartean, 4 urtez Juan Santos presidentearen gobernuak bake prozesua garatu zuen FARC-EP gerrillarekin La Habanan (Kuba), gatazkari irtenbide politikoa aurkitu nahian. 2016ko urriaren 2an erreferenduma antolatu zuten herritarrek ere gobernua eta gerrillaren arteko bake akordioak ontzat emateko, baina aurreikuspenen aurka ezezkoa garailea atera zen oso tarte txikiarekin. Urriaren 7an, hala ere, Santos presidenteak Bakearen Nobel Saria jaso zuen "bere herrialdeak pairatutako gerra zibilari 50 urte igaro eta gero amaiera ematen tinko ahalegintzeagatik".

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]