Koma (astronomia)

Wikipedia, Entziklopedia askea
17P/Holmes kometaren koma ageri da irudi honetan.

Astronomian, koma (latinezko comatik, eta hau, grezierazko χομη, adatsa), kometa baten nukleoa inguratzen duen gas eta hautsezko hodeia da. Kometa bat, orbita eliptiko bat eginez, Eguzkira hurbiltzen denean eratzen da (6 UAko distantziatik aurrera), nukleoaren izotzaren zati bat lurrundu egiten delarik, eta, beste material batzuekin batera (oro har hautsa), inguratu egiten dute, hodei hau, argiaren errefrakzioagatik ikusgarri bihurtzen delarik, eta nukleoa ezkutatuz. Era dadin, nukleoaren ihes abiadurak, gas molekulen batez besteko abiadura baino txikiagoa izan behar du.

2007ko azaroak 16an, 17P/Holmes kometaren koma, Eguzkia gainditu arte hazi zen, honela, Eguzki Sistemako objekturik handiena bihurtuz.

Tamaina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Komak, normalean, handiagotzen joaten dira kometa Eguzkira hurbildu ahala, eta Jupiterren diametroa bezain luzeak izan daitezke, nahiz eta haien dentsitatea oso baxua izan.[1] 2007ko urrian izandako leherketatik hilabetera, 17P/Holmes kometak Eguzkia baino handiagoa zen atmosfera ahul bat eduki zuen.[2] 1811ko Kometa Handiak ere Eguzkiaren diametroaren tamainako koma bat eduki zuen.[3] Koma handia izan arren, kometak Marteren orbita zeharkatzen duenean, Eguzkitik 1,5 UAra, haren tamaina txikitzen joan ohi da. Izan ere, distantzia honetan eguzki-haizeak nahikoa indar hartzen du kometaren gainazaletik gasgabetzen diren substantziak azkar nukleotik urruntzeko, hala, kometaren isatsa eratuz.[3]

Osaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2015ean ESAren Rosetta espazio-zundaren ALICE instrumentuak 67/P kometaren koman hidrogenoa, oxigenoa, karbonoa eta nitrogenoa atzeman zituen; koma horri kometaren atmosfera ere esaten zaio.[4] ALICE espektrografo ultramore bat da, eta argi ultramoreak sortutako elektroiek ur eta karbono monoxido molekulen aurka talka egin eta haiek hausten dihardutela jakin zen.[4]

Aurrez aipatutako substantziez gain, kometetan formaldehidoa, hidrogeno sulfitoa, hidrogeno zianuroa, sufre dioxidoa eta karbono disulfuroa atzeman daitezke, kopuru txikiagoan.[5] Gainera, metanola, amoniakoa eta metanoa ere topa daitezke kometetan.[5] 67P kometaren haloan gehien atzemandako lau gasak ura, karbono dioxidoa, karbono monoxidoa eta oxigenoa dira.[6]

X izpiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1996ko martxoan jakin zen kometek X izpiak igortzen dituztela.[7] Aurkikuntza honek ikerlariak harritu egin zituen, izan ere, X izpien igorpena tenperatura oso altua duten gorputzekin lotzen da. Ustez, X izpiak kometak eguzki-haizearekin izaten duen elkarrekintzaren ondorioz sortzen dira: karga handiko ioiek kometaren atmosferan barrena hegan egiten dutenean kometako atomo eta molekulekin talka egiten dute, hala, haien elektroi bat edo gehiago "erauziz". Erauzketa honi esker igortzen dira X izpiak eta fotoi ultramore urrunak.[8]

Behaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurreko teleskopio arrunt batekin eta zenbait jakintza eta tresnekin koma baten tamaina kalkula daiteke.[9] "Mugimendu" metodoa da horretarako gehien erabilitako bat: lehenik behatzaileak teleskopioa nonbait finkatu behar du, behin horrela, behatzaileak kometaren disko ikusgaiak ikuste-eremutik ateratzeko zenbat denbora behar duen kalkulatu behar du.[9] Denbora hori kometaren deklinazioaren kosinuarekin biderkatu behar da, eta hortik aterako den emaitzak komaren diametroarena izan beharko luke, arkominututan. Kometaren distantzia jakina bada, komaren itxurazko tamaina zehaztu daiteke.[9]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Chapter 14, Section 2» lifeng.lamost.org (Noiz kontsultatua: 2020-04-07).
  2. «Dave Jewitt: Comet 17P/Holmes» www2.ess.ucla.edu (Noiz kontsultatua: 2020-04-07).
  3. a b «Comet Introduction» cometography.com (Noiz kontsultatua: 2020-04-07).
  4. a b (Ingelesez) «Ultraviolet study reveals surprises in comet coma» www.esa.int (Noiz kontsultatua: 2020-04-07).
  5. a b (Ingelesez) Starr, Michelle. «The scent of a comet: Rotten eggs and pee» CNET (Noiz kontsultatua: 2020-04-07).
  6. (Ingelesez) «Rosetta finds molecular oxygen on comet 67P (Update)» phys.org (Noiz kontsultatua: 2020-04-07).
  7. «ROSAT Image of Comet Hyakutake» heasarc.gsfc.nasa.gov (Noiz kontsultatua: 2020-04-07).
  8. «Wayback Machine» web.archive.org 2006-06-15 (Noiz kontsultatua: 2020-04-07).
  9. a b c (Ingelesez) Levy, David H.. (2003-05-15). David Levy's Guide to Observing and Discovering Comets. Cambridge University Press ISBN 978-0-521-52051-5. (Noiz kontsultatua: 2020-04-07).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]