Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da

Komiki

Wikipedia, Entziklopedia askea

Little Sammy Sneeze (Winsor McCay)
Lapurrak (Argia, NorNai, Ignacia Zabalo, 1926)

Komikia kontakizun bat osatzen duen irudi-sorta bat da, testuekin lagundu daitekeena ala ez. Argitaratzeko modurik ohikoena komiki-tira edo ziri-marra da, egunkari eta aldizkarietan agertzen dena. Bestela, komikia bera liburutan argitara ematen dute.

Arte agerpen honen lehenengo aztarnak Europan eta XV. mendean topa ditzakegu, aurretik Amerikan beste balizko lekukotza batzuk egon dauden arren.

Mundu mailan, oso ezagunak dira Rene Goscinny eta Albert Uderzo ("Asterix"), Herge ("Tintin") komikigile europarrak eta Quino argentinarra ("Mafalda"). Aipatzekoak dira halaber Jose Escobar ("Zipi eta Zape") eta Francisco Ibañez ("Mortadelo eta Filemon") egile bartzelonarrak. Euskarazko egileen artean azpimarratzekoa da azken urteotan helduentzako lanak egin dituen Patxi Gallego.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Komikiaren historia»

Komikiaren historia azaltzea konplexua da, berez komikia zer den araberakoa. Irudi bidez kontatzeko sena gizadiak hasiera-hasieratik izan badu ere, eta askok historiaurreko leizeetako irudiak eta geroztikako irudi-segida guztiak hartzen baditu ere komikigintzaren aitzindaritzat, adituek hiru irizpide aipatzen dituzte komikia definitzeko : sekuentzia edo irudien segida ordenatu bat izatea, testuaren eta irudiaren arteko harremana, eta baliabide teknikoen bidez obra kopuru handietan kopiatu eta zabaldu ahal izateko gaitasuna.

Beste ikertzaile batzuek azpimarratzen dute komikiek Egiptoko hieroglifikoetan hasi zirela agertzen. Izan ere, kontuan izan behar da egiptiarrek istorioak marrazkien bitartez kontatzen zituztela. Halaber, hieroglifikoak papiroan eta muraletan margozten zituzten. Hala ere, marrazki horiek beraien idazteko modua ziren; aitzitik, komikiak marrazkiak dira irudiekin. [1]

Bada komikiak Erroman jaio zirela aipatzen duenik ere. Izan ere, Trajanoren edo Marko Aurelioren oroitzapenezko hodietan ere aurki daitezke istorioak kontatzen dituzten irudien adibideak. [1]

XIX. mendearen amaiera ezinbestez azpimarratzeko garaia da. Bai Europan eta baita Estatu Batuetan ere egunkariak komikiak egiten hasi ziren. Beraien helburua irakurle asko eerakartzea eta eskaera gehiago izatea ziren. Estatu Batuetan inprimatzeko sistemak modernizatu ziren; ondorioz, 1893an, kolorezko inprimakiak egiten ziren. 1895ean "New York World" egunkarian Richard F.Outcault-ek marrazki bat egin zuen. Hori oso erabakigarria izan zen komikiaren historian. Autore horrek sortu zuen pertsonaia TheYellowKid izan zen, biztanle txinatar bat. Badirudi pertsonaia hori oso ospetsua zela New Yorkeko auzoetan. Pertsonaia hori oso garrantzitsu bihurtu zen gaur egun komiki bezala ezagutzen dugun horretara asko hurbiltzen zelako. [1]

Espainiari dagokionez, komikia 1940. urteetan entretenitzeko modu nagusia bilakatu zen. Hala ere, eboluzio oso handia izan du urte horietatik gaur egunera. Urte horietan zehar aldaketa handiak izan ditu bai eremu artistikoan eta baita merkataritza-eremuan ere. [2]

1940 eta 1950 urteetan nagusitu zen loraldia beherantz joaten hasi zen 1970 inguruan. Garai hartan diru gutxi zuzentzen zitzaion komikien industriari. Gainera, zentsura geroz eta garrantzitsuago bihurtzen hasi zen eta zenbait autorek ezin izan zituzten beraien lanak publikatu. 1970 amaieran Nueva Frontera argitaletxeak aldizkari formatua asmatu zuen eta ospe izugarria izan zuen Italian eta Frantzian. Komiki tradizionala alde batera utzi eta izaera berri bat hartu zuen testuak, heldu-izaera hain zuzen ere. Nueva Frontera aldizkariarekin batera beste aldizkari batzuk ere hasi ziren komiki helduago bat egiten. Horrela, komikiak berriro jaso zuen aurretik hain esanguratsua zen ospea. [2]

1990tik aurrera autogestio saiakerak hasi ziren eta teknologiaren eta imprentaren hobekuntzek komikien eboluzioan lagundu zuten. Autogestioan hasi ziren argitaletxe txikiak nagusitzen hasi ziren eta hainbat berrikuntza egin zituzten. Horien artean zegoen formatu tradizionaletik album formatura pasatzearena.[2]

XXI. mendean komikia modu desberdinean hautematen hasi zen gizartean. Manga nagusitzen hasi zen. Horrela, komikiak irakurle berriak eta irakurtzeko modu berriak bereganatu zituen. Komikiak egunkari ia guztietan agertzen hasi ziren. Komikietako superheroiak zinemara eramaten hasi ziren. Ondorioz, atzerriko komikiak garrantzitsu bihurtzen hasi ziren. [2]

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gertaera jakin bat irudi segida baten bidez irudikatzea gizadiak hasiera-hasieratik erabili izan badu ere adierazpide gisa, komikia esaten zaion horrek bere ezaugarri, teknika, hizkuntza eta baliabide bereziak ditu; ez da literatura, ez da zinema, ez da pintura, baina badu literaturarekin, zinemarekin eta pinturarekin harremanik eta bai orobat haien eraginik.

Komikiak narrazio gisa hartu daitezke. Hala ere, komikietako narrazioa oso gutxi azteru izan da. Komikiek jakin-mina pizten dute irakurlearengan, baina ezaugarri hori gutxi aztertu izan dute ikertzaileek. Era berean, komikiak irudiz josita daude. Hori horrela izanik, irudiek atentzioa ematen diote irakurleari. Ezin dira komikiak ulertu irudirik gabe. [3]

Komikiak ez zuen bere tankera eta eginbide berezia hartu, harik eta masa hedabide handiek indarra hartu ez zuten arte, eta, bereziki, Estatu Batuetan, XX. mendearen hasieran, prentsa jabe handiek beren egunkarietako igandetako gehigarri koloredunen bidez izan zuten lehia biziak bultzada erran eta irakurle masa handi batera iristeko aukera eman zion arte.

Komikiak etengabeko bilakaera izan du bai bere egituran, bai bere irakurleengan, eta bai bere pertsonaia eta heroietan. Zinemarekin batera, eta telebista sortu ere baino lehen, eragin handia izan du irudiaren zibilizazio bat sortzen. XX. mende osoko joera estetiko eta sozial guztiak bereganatu eta adierazi ondoren, gaur egun komikiak aztarna utzia du sorkuntzaren eta komunikazioaren alor guztietan : prentsa, publizitate, pintura, zineman.

Mintzaira berezi bat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Komikiaren hizkuntza kodigo linguistikoaren (hitzak) eta ikonikoaren (irudiak) arteko konbinazioa da. Horrela, irakurleak interpretazio-gaitasunak eta hitzak ulertzeko gaitasunak landu behar ditu. Komikietan alde artistikoa (irudiak) eta literarioa (hitzak) berdin konbinatzen dira. Denbora eta toki berean hitzak irakurtzea eta irudiak interpretatzea da komikien egitekoa. Komikiek kodigo asko erabiltzen dituzte. Hori horrela. hainbat informazio transmititzeko gaitasuna eskaintzen dute. [4]

Gehienetan komikiek errepikatutako irudiak eta zeinu-sistema zabala erabiltzen dituzte. Irudi eta zeinu horiek behin eta berriz errepikatzen dira. Ondorioz, antzeko ideiei buruz aritzen dira komikiak gehienetan, hau da, komiki-irakurleek errez identifikatu ditzakete sinboloak eta zeinuak. Horiek guztiak unibertsalki ospetsuak dira. Komikiek askotan zinemako hizkuntza ere erabiltzen du narrazioa azaltzeko. Gainera, figura erretorikoak oso ohikoak dira komikietan. [4]

Hitzezko adierazpenak bunbuiloen barruan ematen dira komikian, eta horiek pertsonaien ahotik, eta objektuen barrualdetik ateratzen dira. Irudiak ez du hitza argitzen edo apaintzen, biak maila berean daude, eta, noski, askotan komikiak ez du hitzik, zarata besterik ez du, edo mutua izaten da, besterik gabe.

Komikian testua eta irudia ezin hautsizko moduan daude elkarri lotuta, elkarren osagarriak dira eta bakoitzak bere zeregina du kontakizunean. Hitzak eta zeinuak eskuz marraztuta behar dute, neurriz, itxuraz eta idazkeraz adierazgarriak izan daitezen. Laukian duten kokalekuagatik, tamainagatik, estilo grafikoagatik, bunbuiloek erritmo jakin bat ematen diote irakurketari: isiluneak, zalantzak, bat-bateko azelerazioak definitzen dituzte, irudietan zehar eta orrialdean zehar mugitzen lagunduz begiari.

Hitzak kode ideografiko jakin bat du komikian: bunbuiloek pertsonaien hitzezko adierazpenak ematen dituzte; letren loditasunak edo handi-txikiak ahotsaren indarra, doinuaren goratasuna adierazten dute bunbuiloaren barnean zeinu jakin batzuk sartuz (hodei beltzak, burezurrak, labanak, loreak ...) oinarrizko sentimenduak adierazten dira: haserrea, goxotasuna, maitasuna, tristura... Askotan, tamainaren, formaren, eta irudian duen kokalekuaren bidez testuaren tankerak testuaren edukiak bezainbat adierazten du: letrak puztu egiten dira, mehetu edo bihurritu, bunbuiloetatik gainezka egiten dute, irudia inbaditzen dute, onomatopeia huts bihurtzen dira.

Izate berezia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontakizuna plano segida batez adieraztea du komikiak ezaugarri berezkoenetako bat ; marrazki zerrenda bat da beraz, eta segidaren eta kontatzearen aipu hori du hizkuntza askotan komikiari eman zaion izenak : comic strip ingelesez "umorezko zerrenda esan nahi du"-, historietas gaztelaniaz -"istoriotxoak" edo-, "bande dessinée" frantsesez -"zerrenda marraztua"-, manga japonieraz -"irudi ugaritasuna"- , fumetto italieraz -pertsonaien ahotik ateratzen diren bunbuiloen aipuz. Hala ere ingelesezko comic hitza nagusitu da mundu osoan -baita euskaraz ere-, nahiz komikiak aspaldi utzi zion soil-soilik umorezko izateari.

Komikia zinemarekin lotu izan da askotan, eta, egia esan, harreman handia dute.

Baina komikiak baditu berezitasun eta kontatzeko modu jakin batzuk zinemaren oso bestelakoak: laukia -espazio-denboraren mugatzaile-, orrialdea, testuaren eta irudiaren anteko harremana -pertsonaien hizketak bere baitan hartzen dituzten bunbuiloak-, mugimendua eta hotsa adierazteko modua...

Laukia eta orrialdea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Laukia da komikiaren gutxieneko banakoa eta bere mintzairaren oinarria. Laukia ez da bere horretan osotasun bat, kontakizuna banatzeko zati bat baizik, sekuentziaren edo orrialde osoaren testuinguru zabalagoaren puska bat, gertaera baten aldi adierazgarrienak aukeratzen eta kateatzen baititu. Lauki jakin bat ez dago bakartuta, beste laukien eragina du eta besteekin dago harremanetan, aurrekoaren eta hurrengoaren arteko kate maila bat da, eta haien arteko tirabiran eta tenkan oinarritzen da komikia bere kontatzeko modu berezia sortzeko.

Gertaera bat banatzeko moduak baldintzatzen du sekuentzia edo segida jakin baten antolamendua. Bizkortasunak eta bizitasunak dakar kontakizun baten une erabakigarrienak aukeratzeko premia. Eta horrek berak indartzen du elipsiaren garrantzia: lauki arteko zuriuneek gauza asko adierazten dituzte, inoiz marraztu ez diren gertaerak begietaratzeko ahalmena dute.

Euskal komikigintza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Xakilixuten bost zinta urteko laburpen gisa, Euskaldunon Egunkaria (Antton Olariaga, 2000)

Biktoriano Iraola Aristegieta euskal komikigintzaren aitzindaria izan zen. Biktorianok arte adar ezberdinak jorratu zituen, antzerki, nobela zein poesia. Bere Legazpi Kaleko inprimategian aldizkari bat argitaratzen zuen, El Thun Thun, Semanario Koskhero deiturikoa. 1894ko abuztuaren 5ean agertu zen tira da gaur egun euskal komikiaren lehen mugarria. Biktorianoren lana XIX. mendeko aldizkari ilustratuen irudi tradizioan kokatzen dute, komikigintza modernoaren beste ezaugarri batzuk oraindik ez direlako ageri.

Euskal Herrian, komikigintzaren elementu berritzaile argi eta garbiak XX. mendeko bigarren hamarkadan argitaratu ziren, Euzko Deyan. Hamabostekari honetan komiki modernoaren ezaugarriekin zinta ugari agertuko dira. Artazi izeneko egile batek hainbat zinta argitaratuko ditu. Azkenik, 1918. urtean "Teles eta Niko" izeneko serieari hasiera emango dio marrazkilari anonimo batek. Lehenengo aldiz euskal komikigintzaren pertsonaiak agertuko dira.

1927an "txikitxoen aldizkingi polita" argitaratu zen Argia astekariko orrialdeetan, eta Txistu izenean 6 zenbaki argitaratu ostean arazo ekonomikoak zirela eta desagertu egin zen.

Bitartean aldizkari ezberdinetan irudi eta komiki istoriotxoak ohikoak egin ziren, batez ere, Donostian argitaratzen zen Argia astekari berrizalean. Jon Zabalo “Txiki” marrazkilari oparoa izan zen nabarmenena. Txiki eta bere estiloa, gerra aurreko baina baita osteko euskal ilustrazioaren erreferente klasikoa, bere ilustrazioak makina bat aldiz berrinprimatuak izan dira. Donostiako Txikiren eskola berekoa bere arreba Ignacia izan zen. Ignacia Zabalo, “Nor-nai” euskal komikigintzaren historian lehen emakumea. Duela gutxirarte ezezaguna zen emakumea, bere irudiak bere neba Jon Zabalorenak zirela uste zen.

1955-56 urteetan Bilboko Erribera kaleko 6. zenbakian, Euskaltzaindiaren egoitzatik argitaratu zen Anaitasuna hilabetekaria. Bat-batean, urte biko epe honetan Estatu Batuetan jatorria zuen komikiz bete zen aldizkaria.  Alfontso Irigoien hartu zuen aldizkariaren zuzendari gisa, eta jende gaztea hasi zen bertan idazten, horien artean Gabriel Aresti. Gaien aldetik aldizkaria “sekulartu” egin zen, baina, zoritxarrez, haize berritzaile hau aldizkariaren jabeei gehiegi gustatu ez eta Arantzazuko ikasle gazteen eskuetara igaro zen aldizkariaren ardura. Komikiak bukatu ziren.

Hala ere, Zeruko Argia aldizkariaren inguruan bazebilen martxan proiektu berri bat. Pan-Pin  umeentzako komiki-hilabetekaria Zeruko Argiaren  eranskina bezala sortu zen 1960 urteko otsailean. Eragilea nagusia Joseph Camino arnegiarra izan zen, garai hartan Euskualzaleen Biltzarreko idazkaria eta L’Enfance du Pays Basqueko kapilaua zena. Iparraldean euskal umeei zuzendutako ume aldizkari bat sortzeko ahaleginean huts egin ondoren, Pierre Charrittonen laguntzaren bila joan eta hau Bonifacio de Beizama Hondarribiko Kaputxinoen konbetuko buruarekin harremanetan jarri zen. Garai hartan Bonifacio Zeruko Argia aldizkariko zuzendaria zen eta proiektua gogoz hartu zuen.  Bonifacio eta Joseph izan ziran, beraz, Pan-Pin proiektuaren lehen eragile eta zuzendariak.

Ia 10 urtez iraun zuen komiki aldizkariak. Oztopo politiko ugariak, oztopo ekonomikoekin nahasten ziren,  eta batez ere, euskaraz irakurtzeko umeen ohitura falta aipatzen zuen Agustin Ezeizak, Pan-pineko zuzendariak.

Dudarik gabe, 80. hamarkada euskal komikigintzarentzat benetazko urrezko aroa izan zen. Erakundeek lagundutako komikiez gainera, Ikusager, Ttarttalo, Antxeta edo Erein bezalako makina bat argitaletxe loratu ziren, kalitatezko komikia eginez. Erein argitaletxean Antton Olariagak, Hamaseigarrenean aidanez, Anju Lertxundiren  eleberri ospetsua binetetara eraman zuen. Gaur egun hainbatetan aipatzen den eleberri grafikoaren parametroetara ezin baino hobeto egokitzen da lana.

Baina Hego Euskal Herriko zatiketa administratiboak Nafarroan beste alde ilunago bat erakutsi zuen. Euskararen ofizialtasuna partziala da erkidego horretan, lurraldeko eremu batean baino ez delako ofiziala eta Nafarroako herritar euskaldunen zati bati baino ez dizkiolako ezagutzen hizkuntza-eskubideak. 1986ko “Ley del Vascuence” delako hori salatzeko gure historian izan den komiki-fanxine interesgarrienetariko bat sortu zen Nafarroan: Napartheid. Ale bakoitzean aktualitatezko gai bat jorratzen zuen, beti ikuspuntu kritikoarekin.

90. harmarkadak berriro ere gure komikigintza betiko muga apaletara eraman zuen.

XXI. mendean eleberri grafikoaren agerpenak aire berriak ekarri ditu. Euskarazko aldizkarientzat aukera berri bat sortu da Xabiroirekin eta euskal autoreek ilusio epealdi berri bat ezagutzen hasiak dira.

Komikiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Komikigileak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Amerikakoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Asiakoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europakoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Emakume komikiegileak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Komikiaren mundua oso maskulinoa da, garrantzitsua da emakume komikigileetako batzuk ezagutzera ematea. Hona hemen emakume komikigileen zerrenda.

Informazio gehiago eskuratzeko sakatu wikipediako link hau, emakume komikiegile zerrenda handia aurkituko duzue.

Manga[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Manga»

"Manga" japonierazko hitza da, eta mundu mailan Japonian egindako komikiak oro har izendatzeko erabiltzen da, kontzeptua zabalegia izanda hainbat genero barne hartzen badu ere. Literalki, "marrazki xelebreak" edo "zirriborroak" esan nahi du. Katsushika Hokusai ukiyo-earen egileak honela sortu zuen manga terminoa: informalaren (漫 man) eta marrazkiaren (画 ga) kanjiak batuta. Manga egilea mangaka izenez ezagutzen da, eta irakurle zaletua akiba-kei edo otaku izenez (azken hau erabiliagoa da, baina esanahi negatiboagoa du). Manga ukiyo-earen eta mendebaldeko marrazki estiloaren arteko nahasketa moduko batetik sortu zen, eta Bigarren Mundu Gerratik gerora hasi zen bihurtzen, pixkanaka-pixkanaka, gaur egun den fenomenoa.

Azokak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Argitaletxeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c Blay Martí, Javier María. (2015). Dibujando la historia: el cómic como recurso didáctico en la clase de historia.. Revista Supervisión, 3 or..
  2. a b c d Pons, Álvaro. (2011). La industria del cómic en España: radiografía de ¿un mito o una realidad?. Arbor, 265 or..
  3. Pratt, Hillian John. (2009). Narrative in comics. The Journal of Aesthetics and Art Criticism, 108 or..
  4. a b Cuñarro, Leandro. (2013). Semiótica del cómic: códigos y convenciones. Sigma, 269 or..

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]