Konbentzioaren Gerra Euskal Herrian

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search


Gehiago jakiteko, irakurri: «Ipar Euskal Herriko foruen amaiera eta Konbentzioaren Gerra»

Konbentzioaren Gerra 1793-1795 bitarteko gatazka militarra izan zen, Euskal Herrian oso eragin handia izan zuena; gerraren beste gunea Katalunia izan zen, Pirinioen inguruan. Espainietako Koroa eta Frantziako Errepublika elkarren kontra jarri zituen gerra hori Lehen Koalizioko Gerra zabalagoan kokatu zen, eta bere ezaugarri bereziak izan zituen Euskal Herrian, bertako gobernu, lege eta ohituren gaineko tentsioak eta jarrera desberdinak tarteko. Gerrarekin, itzulbiderik gabe galdu (Ipar Euskal Herrian) edo koloka batean gelditu (Hego Euskal Herrian) ziren foruak.

Ipar Euskal Herrian, Izua eta errepresio gogorra ekarri zituen Lapurdiko herritarren eta euskaltasunaren kontra eta, Bidasoaz hegoaldera, Frantses Errepublikaren aldeko zein kontrako mugimenduak eragin zituen, Gipuzkoako Errepublikaren aldarrikapenean eta Arrasateko Gerrako Diputazioan gorpuztuak. 1795eko udaberriko erasoaren ondorioz, Euskal Herri ia osoa frantses armadaren eskuetan geratu zen, Pancorboren atarian. Ataka horretan, Manuel Godoy Espainiako ministro ahalguztidunak Basileako Bakea hitzartzea erabaki zuen, Frantziari Hispaniolako mendebaldea emanez Euskal Herriko lurraldeen trukean.

Konbentzioaren Gerrak liberalismoaren eta tradizionalismoaren arteko oposizioa finkatu zuen, foruen gaia tartean zela, eta garai berri bati eman zion hasiera Euskal Herrian, "mende luzea" deitu izan dena.

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1789an, Luis XVI.ak Estatu Orokorrak deitu zituen Parisera Frantziako Koroaren finantza arazoetarako funtsak bildu nahian. Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako ordezkariak, sei bana, Parisera bertaratu ziren. Hirugarren Estatua, baina, Batzar Nazionala bihurtu zen, eta konstituzio bat diseinatu zen. Frantses ideia nazionalistak gailendu ziren, eta Luis XVI.a Frantzia eta Nafarroako errege izatetik "frantsesen errege" izatera pasa zen. Nafarrek beren herriaren subiranotasuna defendatu zuten Polverelen bitartez, baina ez zuen eragotzi 1790ko urtarrilean Parisen departamendu sistema onartu (Nafarroa Beherea barnean zela), eta Euskal Herriko hiru lurraldeok, bertako ordezkarien oposizioaz, Pirinio Apalen departamenduan sarturik geratzea, biarnesekin batera.

1790eko Elizjendearen Konstituzio Zibilari buruzko karikatura bat
Insausti jauregia Azkoitian, Gipuzkoako ilustratuen biltokietako bat

1790eko uztailaren 12an, Elizjendearen Konstituzio Zibila onartu zuen Batzar Nazionalak. Lege horren alde zin egin ez zuten apaizak ordeztuak izan ziren: Uztaritzeko direktorioak 180 elizgizonetatik 26 bakarrik zenbatu zituen "konformisten" artean.[1] Herri batzuetan, haserreak piztu zituen, hala nola Sara, Itsasu eta Mugerren.[2] 1792ko abuztuaren 26an, frantses agintariek kanporatze ediktua eman zieten konstituzioari zin egin ez zioten elizgizonei: geldituz gero, berriz, Guyanara deportatuak izango ziren. Euskal Herriko elizgizonek, gehienean, Espainia-Frantziako muga zeharkatzea erabaki zuten; Calahorrako elizbarrutian, 1.500 elizgizon aterpetu zituzten. Apaiza izan gabe, Arnaud-Michel Abbadia gazteak, Ürrüstoiko abadia laikoaren oinordeko eta Anton Abadiaren aitak, Irlandara ihes egin zuen.[3]

Hego Euskal Herrian, bitartean, tentsioak handiak ziren diputazioen eta Karlos III.aren absolutismo ilustratuaren artean. Koroak erresumaren barne merkatu bat sustatu nahi zuen, Ebroko euskal lurraldeen aduanak itsasora eta Pirinioetara eramanez. 1766an, matxinadaren lorratzean, Koroak Jesusen Lagundi boteretsua kanporatu zuen Hego Euskal Herritik eta erresuma osotik, baita hura desjabetu ere. Une horretan, Espainietako erregeak Euskal Herriko elite ilustratuak babestu zituen, eta Euskalerriaren Adiskideen Elkartea sortu zen.

Aldiz, 1778an, Karlos III.ak Liberalizazio Erregelamendua eman zuen (es), Caracasko Gipuzkoar Konpainiaren eta haren Ameriketako itsas merkataritzaren kalterako. Harrezkero, Euskal Herriko itsas merkatariak atzerritartzat hartuak izango ziren Ameriketan (legez 1836 arte, de facto 1844 arte), eta Koroak Euskal Herriko salgaien gaineko aduanetako zergak izugarri igo zituen. Euskal Herriko ekonomia ataka batean zen, eta Frantziarekiko salerosketa areagotu egin zen nabarmen.[oh 1] Donostian, Bidasoaz iparraldeko hainbat euskal herritar eta biarnes merkatari finkatu ziren, bereziki Borboiek Gaztelako Koroa eskuratu zutenetik (1715), Caracasko Gipuzkoar Konpainiaren, baleazaleen arrantzaren eta kontrabandoaren epelean.[4][oh 2]

Frantziako eta Espainietako Koroak aliatuta zebiltzan Ingalaterraren kontra Ipar Amerikako matxinoak babestuz, Diego Maria Gardokiren gidaritzapean eta Euskal Herriko gerra hornikuntzaz (Soraluze herritik, batez ere).[oh 3] Aldiz, 1792an, frantses agintari errepublikar berriek, Konbentzio Nazionalak, erregearen burua eskatu zuten, eta hala izan zen hilarazia 1793ko urtarrilean. Agintari berriek Mendebaldeko Pirinioetako Armada sortu zuten nahitaezko errekrutatze bidez eta, Karlos IV.a Borboikoaren lehengusu Luis XVI.ari burua moztean, bi erresumen arteko tentsioa igo egin zen. Bi hilabeteren buruan, I. Frantziako Errepublikak gerra deklaratu zion Espainietako Koroari martxoaren 23an.

Gerrari buruzko jarrerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ipar Euskal Herria, oro har, ez zen azaldu Antzinako Erregimenaren amaieraren aurka, baina desadostasuna zegoen antolaketa politiko eta administratibo berriarekin.[5] Dena den, gerra piztu orduko, Iraultzaren aldeko herri-mugimendua sortu zen Garazi eta Baigorri aldean, muga babestea helburu zuena; izan ere, Arnegi-Aldude-Orreaga arteko muga finkatu berria zen, 1785eko Elizondoko itunaren bitartez,[6] eta jendea beldur zen “espainiarrek” (hots, baztandarrek eta erroibartarrek) berenganatuko zituztela bertako oihan eta bazkalekuak. Horrenbestez, herritarrak Euskal Herriko Ehiztariak izeneko infanteria konpainietan antolatu ziren. Kapitainetako bat Jean Isidore Harizpe baigorriarra zen, gerra honen ondoren ere karrera militar arrakastatsua izan zuena.[2] Aldudarrak, berriz, aspalditik zeuden etsaiturik baigorriarrekin, Aldude mendiko bazkalekuak zirela-eta. Hortaz, gogo onez hartu zuten 1793ko espainiar okupazioa, eta herria Espainiako Koroari anexionatzeko eskatu zuten.[7][8] Lapurdin, muga ondoko herrietan batez ere, ez zuten berotasunik agertu gerraren alde; horren ondorioz, aristokraten eraginpean eta Iraultzaren aurka egotea egotzi zitzaien, eta errepresio gogorra jasan zuten.[5]

Nafarroa Garaian jarrera kontrajarriak izan ziren. Mendialdean eta Iruñean frantsesen aldeko giza talde sendoak zeuden;[oh 4] hegoaldea, berriz, espainiazalea zen. Izan ere, Erriberako lurjabe handiek aduanak desagertzea nahi zuten, ardoa, garia edota olioa Espainia aldera trabarik gabe esportatu ahal izateko. Eta, horrezaz gainera, Hego Euskal Herriko lau probintziak konfederatzearen aldeko iritzia ere zabaldurik zegoen. Gerra hasi zenean, agintari monarkiazaleak gizartea akuilatzen saiatu ziren frantsesen aurka altxa zedin; erlijioaren defentsaren ideia ere erabili zuten horretarako. Nafarroako Diputazioak boluntarioz osatutako bi batailoi eratu zituen, baina diruz saritu behar izan zituen gazteak izena eman zezaten. Errekrutatze horren aurka agertu zen erabat Iruñeko Udala. Mendialdeko herriek ere eratu zituzten miliziak.[9] Foruetan oinarriturik, nafar gudariek ez zuten onartzen espainiar armadaburuen agindurik, eta uko egiten zioten Frantziako muga zeharkatzeari.[10] Deserzioak ere ohikoak izan ziren, nafar instituzioen onarpenarekin. 1795eko uztailean, frantsesek Iruñea inguraturik zutela, Nafarroako Gorteek appellitum (berehalako defentsarako deia) deitu zuen, baina hilaren 22an Basileako Bakea sinatu zen.[9]

Gipuzkoako gizartea ere zatiturik zegoen. Batetik kontserbadoreak zeuden, herrietako jauntxoak batik bat, foru autogobernua murriztearen aurkakoak, eta erregearen esku-hartzea gaitzesten zutenak. Merkatari burgesek, berriz, foruak ezeztatu gabe, askatasun handiagoa nahi zuten merkataritza operazioak egiteko, bai Espainian (koloniak barne), bai Europan.[11] Gehienen ideologia ez izan arren, entziklopedismoa nahiko hedaturik zegoen, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen eta Bergarako Errege Mintegiaren inguruan batez ere. Frantziako Iraultzaren aldekoak ziren, besteak beste, Jose Hilarion Maiz eta Joaquín María Barroeta politikariak, Diego Lazkano elizgizona, eta José Fernando Etxabe ahaldun nagusia ere.[12] Bestalde, Donostian, Tolosan eta beste hiri batzuetan kokaturik zeuden Iparraldeko eta Biarnoko merkatariek garrantzi handia izan zuten ideia horien zabalkundean.[4] Gerra hasieran Batzar Nagusiek errekrutatu zituzten milizianoek nafarren antzera jokatu zuten, eta uko egin zioten probintziako mugetatik kanpo borrokatzeari.[12]

« Jeneral Caro jaunak bere samaldako soldaduakin batean nai zituzkean eraman Gipuzkoako mutilak, Franziako lurrera egiten zituen sarreraetan; bañan Probinziak erantzuten zion, ezin ausiko zebala Errege Jaunarekin egiña zeukan bainandea, eta an arkitzen zirala prest beren mugaurpeari eginal guztian kontu egiteko ill edo bizi. Bidezko errazoi indar andiko au bere arpegira ematean miñkaiztu zan lazki Jenerala; eta agindu zeban, ezik, Gipuzkoako irurki edo terzioai etzekiotela eman Erregegandik artzen zuten egunoroko ogia eta bitanza. »

— Iztueta, Juan Ignazio (1767–1845) Gipuzkoako probintziaren kondaira[13]

Indarrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gerra hasi zelarik, 9.000 soldadu zituen Mendebaldeko Pirinioetako frantziar armadak, infanteriako 14 batailoi eta erdi, infanteria arineko batailoi bat, 18 konpainia aske, eta artilleriako 15 konpainiatan antolaturik.[14] Ipar Euskal Herriko konpainia askerik garrantzitsuenak Euskal Herriko Ehiztariak izan ziren, 1793ko udaberrirako 10 baitziren, horietako zortzi Nafarroa Behereko mugaldean hedatuak. Boluntarioz osaturik zeuden, eta hasieran muga zaintzea zuten eginbeharra.[8][2] Ondoko hilabeteetan frantziar soldaduen kopurua emendatuz joan zen, Konbentzioak errekrutatze masiboa (frantsesez: Levée en masse) agindu baitzuen 1793ko abuztuan; horri esker, 1794an 60.000 gudari zituen Mendebaldeko Pirinioetako armadak.[15] Buruzagitzan aldaketa franko izan zen; Servan (1793ko maiatza-uztaila), Muller (1793ko urria-1794ko abuztua) eta Moncey (1794ko iraila-1795eko urria) jeneralek iraun zuten gehien karguan.


Konbentzioaren Gerrako zenbait militar eta buruzagi (1)


Hegoaldean, berriz, 18.000-20.000 soldadu zituen espainiar armadak gerra hasieran, Ventura Caro jeneralaren esanera. Hauei gehitu behar zaie frantziar iheslari erregezaleen armada (Légion Royale des Pyrénees), Saint Simongo markesa buru zuena.[8] Iheslarien armadak hildako anitz izan zituen Argintzuko guduan (1794ko uztaila), eta bizirik harrapatutako soldaduak gilotinatuak izan ziren.[16][17] Nafar gutxi mobilizatu ziren, 1.600 gizon inguru, gehienak Baztango muga defendatzeko helburuz.[9] Gipuzkoak 4.600 gizonez osatutako milizia antolatu zuen Joaquín María Egia Narrosko markesaren agindupean.[12] Espainiako armadak muga gotortu zuen, eta kanoi-bateriak ezarri zituen Hondarribitik Endarlatsaraino, eta Irun (Behobia, Aldabe), Bera, Zugarramurdi, Baztan eta Orreagako mendietan.[11]

Gerraren bilakaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atzera-aurrera Lapurdi eta Nafarroako mugetan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Konbentzioaren Gerra, Euskal Herriko Pirinioetako kanpaina
Gartzabalgo fortinaren hondakinak (Baztan). 1793an eraikia, Izpegitik 2,5 kilometro iparraldera, frantziarren esku gelditu zen 1794ko ekainaren 3an

1793an gatazkak ez zuen norabide jakinik izan. Gerra hasieran zuten nagusitasun militarraz baliaturik, espainiarrek hartu zuten iniziatiba, eta Hendaia eta Saran zeuden frantziar tropei eraso egin zieten apirilaren amaieran. Apirilaren 23an, bortizki kanoikatu zuten Hendaiako gotorlekua Hondarribiatik eta inguruko muinoetatik, eta erabat suntsitu zuten denbora gutxiren buruan.[18] Zazpi egun geroago Sararantz jo zuten, Bera eta Lesakatik abiaturik; espainiar infanteria eta zalditeriaren aurrerabidea geldiarazi ezinik, frantziar soldaduek bertan behera utzi zuten bertako kanpamentua. Maiatzaren 31n, berriz, espainiar konpainia bat odol eta gar sartu zen Hendaian; herria deuseztaturik geratu zen. Erasoaldi horien ondoren, Bidarten ezarri zuen Lapurdiko kanpamentu nagusia Joseph Servan jeneralak. Hurrengo hilabeteetan eraso eta kontraeraso ugari izan zen behe Bidasoan.[19][18]

Nafarroa Behereko mugari dagokionez, apirila amaieran espainiarren esku zeuden Baigorri aldeko mendi lepo guztiak, Izpegitik Linduseraino. Horiek horrela, frantziarrak ohartu ziren eremu osoa defendatzeko adinako indarrik ez zutela; beraz, maiatzaren 27an, Luzaide eta Aldudetik atera, eta atzerantz egin zuten Baigorri eta Garaziraino. Aldudarrek ongi hartu zuten espainiar okupazioa, eta haien ondoan borrokatu ziren ondoko hilabeteetan.[19] Ventura Caroren ondorengo helburua Château-Pignon (Eiheralarre) izan zen; gotorleku estrategikoa zen, Garazi eta Orreaga arteko bidea zaintzen zuena. Frantziarren arreta desbideratzeko asmoz, Bankako burdinola eta Arrolako Harria eraso zituzten espainiarrek ekainaren 3an; Arrolan, alabaina, suharki egin zieten aurre Harizperen Euskal Herriko Ehiztariek. Hiru egun geroago, Caroren indarrek Château-Pignon hartzea lortu zuten, gerrako batailarik odoltsuenetako baten ondoren; hala ere, ez zioten onurarik atera garaipen horri, eta hilaren 18an gaztelutik erretiratu ziren.[8][19]

Ekialderago, Zuberoa eta Erronkaribarren arteko mugan, ekainaren amaieran hasi ziren liskarrak. Konbentzioaren soldaduak mugaren ondoan ikusi zituztelarik, Pedro Vicente Gambra alkate eta gerra-kapitainak ibarra mobilizatu zuen eta, nafar erregimentu baten laguntzarekin, Santa Graziraino esetsi zituzten. Hurrengo asteetan erronkariar andre eta gizonak mugazain ibili ziren. Urriaren 7an, berriz ere saiatu ziren frantziarrak Erronkariko bortuak okupatzen. Erronkariarrek, Gambra buru zutela, Santa Graziraino egotzi zituzten, eta su eman zieten herri horretako 7 etxeri. Eraso eta kontraerasoetan etxe eta borda gehiago suntsituak izan zirenez gero, Santa Grazi eta Erronkariko ordezkariek bakea sinatzea erabaki zuten, bi udalerrien arteko mugak errespetatuz, beti ere.[20]

Abuztuaren 7an, frantziar armadak Aldude berreskuratu zuen. Konbentzioaren mandatariek traizioa leporatu zieten bertako bizilagunei, eta hitz larriak izan zituzten haientzat —“aldudar zitalak, Aberri Amaren desertore koldarrak, esklabo ustelak, frantziar izena merezi ez dutenak”—, baina zigorra ez zen askoz haratago joan. Beti ere, uda amaieran herria berriz ere espainiarren esku zegoen.[8] Irailaren 13 eta 14an, Konbentzioaren gudarosteak Urdazubi herria, bertako monasterioa, burdinola, errota eta ospitalea erre eta arpilatu zituen. Horren ondorioz, premontretarrak Loiolako Santutegian kokatu ziren.[21][oh 5] 1794ko otsailaren 5ean, Caroren armadak eraso bortitza jo zuen Hendaia eta Urruñako zenbait helbururen aurka, baina atzera egin behar izan zuen.[14]

1794ko udaberrian, frantziar agintari militarrek Baztan hautatu zuten espainiarren aurkako eraso erabakigarria jotzeko. Ekainaren 3an, hiru zutabetan antolatutako 5.800 gizon haranaren iparraldeko eta ekialdeko mendi lepoak hartzera abiatu ziren; lehenbiziko zutabeak Aldude eta Berderizko lepoa hartu zituen, bigarrenak Izpegi, eta hirugarrenak Otsondo.[22] Uztailaren 10ean, Konbentzioaren aurkako frantziarrek Argintzu mendian zuten kanpamentuaz jabetu ziren.[8] Azkenik, uztailaren 23an, Bon-Adrien Jeannot de Moncey buruzagi zuen espedizioak Izpegiko lepoa gainditu eta Elizondo eta Doneztebe hartu zituen, Baztan haraneko guduan.

Lapurdiko errepresioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orbaizetako arma fabrikaren aztarnak; Konbentzioaren Gerran errea

Konbentzioak (Convention, Montagnards, alegia, Menditarrak) Jean-Baptiste Cavaignac eta Jacques Pinet bere mandatariak bidali zituen Baionara (Représentants en mission). 1794ko martxoaren 3an (haizekorraren 13an), mandatari horiek ignoble ("doilor") izendatu zituzten Sara, Itsasu eta Azkaine, baita agindu ere 3tik 88 urte arteko herritar guztiak bertatik gutxienez "20 legoara" (80 kilometrora) kanporatu zitzatela, tokiko 47 gaztek beren gerrako postuak utzi eta Berara alde egin zutenean.[23][24][oh 6] Luze gabe, elizara behartu eta gero, 2.400 saratar Ziburu eta Donibane Lohizunera zuzendu zituzten (garai horretan "Chauvin-Dragon" izen berriaz deituak), 150 gurditan ilara luze batean. Konbentzioko iraultzaileek beste hainbeste egin zuten Lapurdiko herri askotan: Senpere, Ezpeleta, Azkaine, Kanbo, Makea, Lekorne, Luhuso, etab.[25][oh 7] Aldi berean, euskara "fanatismoaren mintzairatzat" jo zuten, baita aurrerabidearen eta Argien kontrakotzat ere, eta debekatu egin ziren frantsesez bestela idatzitako agiriak.[26]

Konbentzioak hainbat herriri aldatu zien izena, baita Donibane Lohizuneri ere: Chauvin-Dragon

Elizetan bildu zituzten biztanleak, gizon zein emakume, gazte zein zahar, 3.000 inguru;[27] kopuruei buruz, hala ere, askotariko estimazioak eman dira. Donibane Lohizunen eta Ziburun, Societé Révolutionnaire sortu berriko kideek irainka eta harrika hartu zituzten ilaran heldutakoak. Iparraldera bidean, herritar gehiago bildu zitzaizkien. 1794koa negu hotza izan zen, eta deportatuak ugari hil ziren bidean, bereziki zahar eta gazteenak.[28] Deportazio ilarako herritarrak hainbat departamendutan banatu zituzten Landetan, Bearnon, Pirinio Garaietan, Gers eta Lot-et-Garonan. Hor, agintari iraultzaileen maiatzaren 24ko agindu batek hala ezarri baitzuen, erabilera publiko eta pribatuko lanetan jarri zituzten lanean. Elizetan pilatzen zituzten (229 Capbretonekoan), hotzean, janaririk gabe, arrotzen artean, eta agintari etsaiek zelataturik; handik irteteko debekua zuten.[29]

« Federalismoak eta sineskeriak behe bretoiz hitz egiten dute, emigrazioak eta Errepublikaren gorrotoak alemana, kontrairaultzak italiera, eta fanatismoak euskara. Hauts ditzagun kaltearen eta errorearen bitarteko horiek. »

Salbamen Publikoko Komitearen mintzairei buruzko txostena, "Rapport Barère", 1794[30]

Landetara heldutakoan, ilara luzera behartutakoak sexuaren arabera banatu zituzten,[24] familiak banatuak izan ziren. Capbrutus berrizendatutako Capbretongo eliza euskal herritarren espetxe bihurtu zen haizekorraren 24ko aginduz. Asko hil ziren bertan, egoera latzean giltzapetuak. Hariztoi abadeak ohartarazi zuen San Bisentseko elizan 300 euskal herritar emakume zeudela giltzapetuta. Herrietako agintariek estu eta larri ikusten zuten beren burua deportatuoi janari pixka bat helarazteko eta mantenurako.[31] Agintari berriek deportatuen jabetzak enkantean saldu, etxeak eta aziendak (10.000 abelburutik gora) desjabetu, eta altzariak inguruko herrietara eraman ziren, edo/eta erre egin zituzten,[24] edo (frantses) "abertzaleei" eman.[32][33][oh 8]

Deportatuek (tartean zela Martin Ithurbide, Sarako auzapez izandakoa) protestak eta eskaerak zuzendu zizkieten askotariko agintariei egoeraren bidegabeaz gogoraraziz; haatik, gehienetan, ez zuten erantzunik izan.[34] 1794ko sapadunaren 27an (apirilaren 16an), Konbentzioak probintzietako komite eta epaitegi iraultzaileak indargabetu zituen, Pinet eta Cavaignacen iritziaren kontra.[oh 9] Haatik, uda amaierarako atzeraezina zen jada deportatuen itzulera. Baudot eta Garrau herriaren ordezkariek III. urteko mahaxtearen 8 eta 10ean (irailaren 30ean eta urriaren 2an) agindu bana eman zuten, Uztaritzeko herritarrak itzultzeko eta haien ondasunen salerosketa gelditzeko; ordurako, ordea, txikizioa handia zen.[35] Besteak ere etxeratu ahal izan ziren.[2] 1.600 lapurtar hil ziren deportazioan, gehienak Sarakoak.[24] 1795eko martxoaren 4an, deportazio agindu suntsigarritik urtebetera, ikerketa batzorde bat eratu zen, ondorengoek osaturik: Dominique Garat Hiriarte, Dominique Halsouet zaharra, Courtelarre eta Etxegoien.[36]

Gipuzkoa zatituta[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gehiago jakiteko, irakurri: «Gipuzkoako Errepublika»

Baztan haraneko guduaren ondoren, frantsesek Bidasoan behera egin zuten, Hondarribia hartu, eta Donostiara aurreratu zuten, baita abuztuaren 3an Donostiara sartu ere; hiriak ateak ireki zizkien,[5] defendatzeko hornigairik gabe eta Espainiako Koroarekiko tirabira handien erdian. Filipinetako Konpainiak bertan behera utzi zuen bere jarduera Gipuzkoan 1794ko martxoan.[37] Martín Antonio Álvarez de Sotomayor, Colomerako konde eta Espainiar Armadako jeneralak gidatutako 4,000ko gudarosteak gogor egin zien frantsesei Tolosan, baina abuztuaren 9an erretreta egin zuen Lekunberrira.[38] Tolosa frantses armadaren eskuetan geratu zen: Gipuzkoa haien menpean zen salbu eta Tolosatik hegoaldera, eta Konbentzioaren Gerraa.


Konbentzioaren Gerrako zenbait militar eta protagonista (2)

Konbentzioaren indarrak Donostian sartzean, Foru Aldundiak ez zuen Godoyren esana bete, espainiar armadaren erretretarekin batera bere egoitza lekualdatzea; aldiz, hura Getariara eraman zuen. Donostiara sartzean, frantses armadako buruzagiek, Monceyk bereziki, hitz egiteko jarrera agertu zuten, Frantziako Errepublikaren barruan kokatzearen baldintzapean. Joaquin Barroeta-Zarauz Aldamar diputatua eta Fernando Etxabe-Asu Romero diputatu nagusia, ideia aurreratuko pertsonak, frantsesekin jarri ziren harremanetan.[38] Proposamen bat egin zieten: zazpi puntuko agiri bat, Gipuzkoaren independentzia aipatzen zuena, "1200 arte izan zen bezala", eta Gipuzkoako batzar nagusien deialdi bat, Getarian egitekoa. Manuel Godoy espainiar ministroak suminkor ikusi zuen gipuzkoar agintarien jarrera, baita Gipuzkoa "probintzia traidore" deitu ere; are, foruak kentzeko premia ikusten zuen.[5]


« Donostiako okupazioa ez zen armen bidezko ekintza izan. Hainbat gipuzkoar sasipolitikari Adrien de Moncey jeneralaren lilurak jota erori ziren, hitz eman baitzien herrialdea errepublika independente bilakatuko zuela. Gizon sinesberak haiek, hiria frantsesen esku utzi zuten..." »

— Manuel Godoy, Karlos IV.aren ministro ahalguztiduna


Gabriel Mendizabal, foru miliziako buruzagia

Abuztuaren 14an, Getariako batzar nagusia eratu zen, baina Arrasate eta beste bospasei udalerri ez ziren bertaratu.[38] Zortzi puntuko agiri bat bidali zitzaien frantses agintariei. Monceyk begiko zuen errepublika subiranoa osatzeko proposamena, baina ez zen onartua izan Osasun Publikoaren Batzordean.[5] Abuztuaren 19an, Pinetek eta Cavaignacek zehazki errefusatu egin zuten gipuzkoar ordezkarien proposamena (errepublika aparte bat), eta baldintza gabe Frantziarekin bat egitea beste aukerarik ez zieten eman; proposamena guztiz onartezina zen mandatarion pentsamolde jakobinoarentzat.[38][5][39] Abuztuaren 23ko agiri publiko batean, frantses mandatari horiek lurralde konkistatutzat jo zuten Gipuzkoa. Hura argitaratu eta bi egunera, frantsesek Getariako diputatuak atxilotu zituzten, 46 guztira (beste hainbeste herritakoak), eta Baionara espetxeratu,[39] Aldamar eta Romero izan ezik, bitartekari lanetan libre utziak.[38]

Abuztuaren 29an, frantses soldaduek Eibarko hainbat eraikin erre eta txikizioak eragin zituzten; herri hori izan zen Gipuzkoan gerratik kaltetuen atera zena.[40] Frantsesen hitzarmenerako ezintasuna, jarrera bortitza eta arpilatzeko joera irainak izan ziren gipuzkoar foralistentzat, eta okupatu gabeko herriak mobilizatzen hasi ziren haien aurka, foruen eta erlijioaren defentsan. Irailaren 1ean, 18 udalerrik gerrako batzar nagusi bat egin zuten Arrasaten, frantsesen kontrako gerra antolatzeko.[oh 10] Foru milizien erasoek mantsotu zuten Konbentzioaren armadaren aurrerabidea, eta atzera eginarazi zioten kasu batzuetan.[41][39]

Urriaren 15 eta 17 artean, ofentsiba zabala hasi zuen Monceyk Nafarroako iparraldean: 46.000 soldadu abiatu ziren Baztandik eta Ibañetatik hegoalderantz, Iruñea hartzeko xedearekin; espainiarrak 13.000 besterik ez ziren. Gipuzkoan zegoen frantziar armada ere Iruñerantz abiatu zen, Lekunberrin barrena.[11] Mezkiritz, Orbaizeta, Lekunberri eta Hiriberrin izan ziren borrokaldi nagusiak.[10] Nagusitasun handia izan arren, ordea, frantsesek bertan behera utzi zuten erasoa, eta ihesi zihoazen soldadu espainiarrak Iruñera iritsi ahal izan ziren. Erasoaldian Orbaizetako eta Eugiko arma olak hartu zituen suak,[8] eta baita Auritz herria ere. Azaroaren 28an, Bergara hartu eta arpilatu zuen frantziar gudaroste iraultzaileak, baina Gabriel Mendizabal buru zuten gipuzkoar boluntario foralistek hiria berreskuratu zuten abenduaren 2an. Frantsesak egotzirik, Gipuzkoako batzar nagusia Leintz Gatzagan kokatu zen.[41]

Frantsesen oldarraldia hego-mendebaldera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1794-1795eko negua latza izan zen armada frantsesarentzat: nekeak, janari urritasunak eta arta eskasak tifus izurrite ikaragarria eragin zuten Gers eta Deba ibaien artean, eta Monceyk milaka gudari galdu zituen.[8][19] Garaiko dokumentuetan “sukar ustel” deitutako izurri horrek gogor erasan zituen espainiar tropak eta zibilak ere.[42] Apirilean, Colomerako kondeak utzi zuen espainiar armadaren buruzagitza; Castelfrancoko printzeak ordeztu zuen. Udaberrian, 12.000 soldaduko errefortzua iritsi zitzaion Mendebaldeko Pirinioetako armada frantsesari eta, denbora luze gabe, berrekin zieten erasoei. Maiatza hasieran hiru frantziar batailoi kokatu ziren Itziarren, eta beste bi Aldaban, Azpeitia eta Tolosaren arteko bidea zaintzeko.[19] Elgoibar hartzeko erasoaldia giltzarri gertatu zen Konbentzioaren armadaren aurrerabidean. Maiatzaren 19 eta 23 bitartean, herri horren aurrean dagoen Muskirutxu mendia hartzen saiatu ziren, baina ez zuten lortu. Arrakastarik gabeko beste eraso bat jo zuten ekainaren 15an eta, azkenik, hilaren 29an jabetu ziren Elgoibar eta Bergaraz.[43]

Uztailaren 2an, hiru zutabe abiatu ziren Tolosatik Lekunberrirantz; helburu bera zuen beste zutabe bat Doneztebetik irten zen. Biharamun egunsentian lau zutabeek inguraturik zeukaten Larraungo herria. Baina ordurako espainiarrak Irurtzun aldera bilduak ziren. Frantziarrak haien atzetik joan ziren, eta oso borrokaldi odoltsua izan zuten hilaren 6an. Besteak beste, Jean Isidore Harizpe larri zauriturik gertatu zen guduan. Azkenik, espainiar armada Iruñerantz erretiratu zen, eta frantsesek Irurtzun okupatu zuten.[11][19] Horiek horrela, Nafarroako hiriburua inguraturik geratu zen, bai iparraldetik, bai mendebaldetik, eta nahasmendua eta ezinegona nagusitu ziren bertan. Itxuraz, Espainiako gobernua prest zegoen Euskal Herriko mendebaldeko hiru probintziak, eta beharbada Nafarroa ere, Frantziaren eskuetan uzteko. Frantziaren eta Espainiaren arteko elkartrukearen pieza bat bihurtzea eragozteko, Nafarroako Gorteek mobilizazio orokorra (appellitum) deitu zuten, eta Castelfrancoko printzeak, gogoz kontra bazen ere, onartu behar izan zuen.[9]

Iruñerria Gaztelu mendiko gotorlekutik, magalean Arakil eta Oskiako igarobidea dituela

Elgoibarren zeuden frantziar batailoiek, 4.500 soldadu inguruk, mendebalderantz jo zuten uztailaren 12an. Espainiar osteek atzera egiteko agindua jaso zutenez gero, batere oztoporik gabe joan ziren aurrera frantsesak:[11] Eibar uztailaren 12an bertan hartu zuten, Ermua, Durango eta Legutio 13an. Egun horretan, beste 3.500 gudamutil abiatu ziren Irurtzundik eta, Sakanan zehar, Altsasuraino iritsi ziren. Arrasate uztailaren 16an erori zen, Gasteiz biharamunean, eta Bilbo bi egun geroago. Gipuzkoako batzar nagusiak Briviescan hartu behar izan zuen babes.[41] Uztailaren 22an, Gaztelu eta Erga mendi tontorretan gotortu ziren Konbentzioaren indarrak, Iruñetik hurbil, eta Miranda Ebro ere haien esku zegoen; Madrilgo gortean panikoak jota zebiltzan.[39] Egun berean, espainiarrek eta frantziarrek Basileako Bakea sinatu zuten, baina berria bi aste geroago iritsi zen. Armada frantsesa irailean zehar erretiratu zen Hego Euskal Herritik.[8]

Ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pirinioetako Gerra arrunt hondatzailea izan zen Euskal Herriarentzat, bi urtez milaka soldaduk hartu baitzituzten bertako mendi eta herriak. Herri asko izan ziren arpilatuak, eta suak erraustu zituen, besteak beste, Hendaia, Banka, Urdazubi, Auritz, Abaurrepea, Abaurregaina, Garaioa, Luzaide eta Otsagabia. Burdinola, borda, zubi eta errota ugari ere suntsituak izan ziren. Frantziar armadak aurrera egin ahala, herritarrek hegoalderantz egin zuten ihes. Luzaideko okupazioak, esate baterako, bi urte iraun zuen, eta urte bat Baztangoak. Bizilagun asko hil ziren, biztanleriaren %10 baino gehiago Iruñeko eta Zangozako merindadeetan; hiltze kopurua %20ra iritsi zen mugako udalerrietan, hala nola, Bera, Urdazubi, Zugarramurdi, Baztan, Luzaide, Erroibar eta Aezkoan. Gipuzkoak ere biztanleriaren %10 inguru galdu zuen. Gerrak ekarritako miseriarekin batera, 1794-1795 bitartean gudarosteek hedatu zuten tifus epidemia izan zen heriotza gehienen arrazoia.[44][42]

Errepresioa ere pairatu behar izan zuten euskal herritarrek. Iparraldean, Konbentzioaren ordezkariek iraultzarekin bat egiten ez zuten guztien aurka jo zuten, eta exekuzioak eta espetxeratzeak ohikoak izan ziren. Espainiarren lagun zirelakoan, milaka lapurtar deserrituak izan ziren 1794ko martxoan. Hegoaldeko probintzietako biztanleei ere leporatu zitzaien “etsaiekin” elkarlanean aritu izana. Esate baterako, Nafarroa Garaiko jendeak, bertako instituzioen babesarekin, jarrera epela izan zuen gerrarako erroldatzeko tenorean, eta mendialdean errekrutatutako boluntarioek uko egiten zioten Frantziako muga igarotzeari; desertzioak eta diziplinarik eza ere maizkoak ziren.[5][9] Gertaera horiek aitzaki harturik, 1796an Karlos IV.ak indarrik gabe utzi zituen Nafarroako foruak. Ordutik aurrera, bai berak eta bai Fernando VII.ak, nafar gazteak sarrarazi zituzten Espainiako armada erregularrean, foruen xedapenen aurka.[10] Lapurdiko deportazioaren agindu-emaileak eta arduradunak zigorrik gabe atera ziren Konbentzioak porrot egin zuenean ere.[5]

Arturo Campión-ek Pedro Mari ipuinean azaldu zuen bezalaxe, eta gaur egun, besteak beste, Xosé Estévez historialariak, gerraren ondorio politikorik negatiboena ordura arte nahiko baketsuak izan ziren Bidasoa eta Pirinioen alde banatako euskaldunen arteko erlazioen hondatzea izan zen,[45] Frantziako Errepublikak Ipar Euskal Herriko biztanleak beren Hegoaldeko senideen aurka armak hartzera behartu baitzituen. Horren harira hauxe esan zuen handik urte gutxira Wilhelm von Humboldtek: “Hondarribia eta Hendaiako biztanleak eguneroko naturaltasunez bizi dira elkarrekin. Herri berekoak izaki, hizkuntza berekoak, dialekto desberdintasun txikiak besterik ez dutela, erresuma desberdinetako beste edozein mugakide baino batuago egon behar dute. Horixe da gure gudek gutxien erreparatzen dioten ankerkerietako bat, azpian hartzen dituzten herriei begirune eskasa dietenez, haien arteko elkartasunak zakarki eraitsi eta auzo herrietako bizilagun otzanenengan etsaigo eta gorroto hesiak eraikitzea, aurreko interes zein joerei erabat arrotz bazaizkie ere”.[46]

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Rodrigo Rodríguez Garraza historialariaren arabera, XVIII. mende amaieran, Nafarroak bere kanpo salerosketa osoaren % 37,2 "Frantziako aldearekin" zuen, % 62,3 "Euskal Herriko gainerako lurraldeekin", eta % 0,5 bakarrik "Espainiarekin"; ikus Esparza Zabalegi, Jose Mari. 2012, 57. or.
  2. Donostian finkatutako Bidasoaz iparraldeko euskal herritar eta biarnes merkatari familiez gain (Aragorri, Larralde, Duistegi, Betbeder), Espainiatik Inkisizioaren eta Estatuaren jazarpenetik ihes egindako pertsonaia ugarik Baionan hartzen zuten aterpe (adibidez, Jose Marchena, Miguel Rubín de Celis, Vicente María de Santibáñez), Bilbo, Donostia, Baiona eta Bordele arteko harremanak eta negozioak dinamizatuz. Orduko Baionako auzapezak, Jean-Pierre Basterretxek, harreman estuak zituen Hego Euskal Herriko eta Espainiako merkatariekin, Iraultzaren aldeko agertu zen 1790ean, eta oso ongi zekien gaztelaniaz; ikus Aragón Ruano, Álvaro. 2011, 175-185. or.
  3. Euskal Herriko enpresaburu eta industrialariak matxinoen alde jarri ziren; Gardoki eta haren kontrabando sarea izan zen ipar-amerikar matxinoak arma eta munizioen hornitzaile nagusietako bat, tartean Caracasko Gipuzkoar Konpainia zela. 1783ko Parisko Itunean Hamahiru Kolonien independentzia onartu zen nazioartean eta, 1787an, Estatu Batuetako konstituzioa deklaratu zuten, historiako lehen errepublika demokratikoan; euskal herritarrek, bestalde, itsas salerosketa isuri oparoa zuten Ipar Amerikako Hamahiru Koloniekin, kontrabandoz hango arrantzaleen bakailaoa inportatuz, Bilbotik nabarmen (XVII. mende erdialdetik), eta Hondarribia-Lapurditik; ikus Untzi Museoa. 2018, 25-27, 32-37, 43, 53. or.
  4. Manuel Godoy eta Francisco Zamora erregearen Nafarroako komisarioaren arteko ezkutuko gutun elkartrukeak (1795ko martxoa-1795ko urria) eta Monceyren gutunek hori uzten dute agerian. Godoyk espainiar armadaburuen jokaerari egozten zizkien, neurri handi batean, porrot militarrak; Francisco Zamorak, berriz, zuzenean hego euskal herritarrei ("vasco-navarros") egozten zien errua, frantsesekin bat egitea leporatuz; adibidez, Iruñeko ordezkari bakar bat aipatzen du hiribildu horretan espainiar erregearen zalea: Barreda delako bat. Canovas del Castillok, hamarkada batzuk geroago, kasua aztertzean, bat egin zuen Zamoraren ikuspegiarekin; ikus Rodriguez Garraza, Rodrigo. 1990. 115-118. or.
  5. Loiolako Santutegia hutsik zegoen, Karlos III.a erregeak jesuitak Espainiatik kanporatu baitzituen 1767an.
  6. De la Cerdak euskal herritarren kontrako iraultzaileen jarrera oldarkorraren aitzakiatzat jotzen du desertzioa; ikus 102. or.
  7. Jean-Martin Monduteguyk, Pinet eta Cavaignacen ordezkariak, koordinatu zituen deportazio lan guztiak, irmo eta gogor jokatuz, horretarako berariaz sortutako Komite Berezian; gainera, Lapurdiko izenak aldatu zituen iraultzaileen taldean parte hartu zuen; ikus CHICO COMERÓNA, CIRILO. 2011, 66-67. or.
  8. "Les biens de internés seront donnés à titre de colons partiaires, aux patriotes qui sont restés et aux patriotes de Biriatou, Hendaye, Urrugne et Subernoa"; ikus De la Cerda, Alexandre. 2016, 87. or.
  9. Pierre-Laurent Monestier haien kideak Baionako Salbamen Publikoko Komiteak hartutako neurriak zuritu zituen, eta salatu bertako biztanleak "egoistak, fanatikoak, azpijanera eroriak eta aristokratak" zirela; ikus De la Cerda, Alexandre. 2016, 104. or.
  10. Leintz-Gatzaga, Elgeta, Eskoriatza, Aretxabaleta, Elgoibar, Antzuola, Urretxu, Itsaso, Zumarraga, Ezkio, Gabiria, Arrasate, Bergara, Segura, Zegama, Legazpi, Ormaiztegi eta Oñatiko ordezkariek hartu zuten parte Arrasateko batzar nagusian.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. De la Cerda, Alexandre. 2016, 43-44
  2. a b c d   Goienetxe, Manex Frantziako iraultza eta Euskal Herria, kronologiaren harian Jakin 51, 1989ko martxoa-apirila, 55-67. orrialdeak, jakin.eus https://www.jakin.eus/show/5ece003a69cf25d9df3c40cc6481137b71c7937b. Noiz kontsultatua: 2018-11-9 .
  3. De la Cerda, Alexandre. 2016, 45-46
  4. a b   Aragón Ruano, Álvaro (2011), «La Guerra de la Convención, la separación de Guipúzcoa y los comerciantes vasco-franceses y bearneses», Pedralbes (31): 170-175, ISSN 0211-9587, https://addi.ehu.es/bitstream/handle/10810/11324/La%20Guerra%20de%20la%20Convenci%C3%B3n.pdf?sequence=1&isAllowed=y. Noiz kontsultatua: 2018-12-09 .
  5. a b c d e f g h   «Konbentzioaren Gerra Euskal Herrian - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/konbentzio-gerra-euskal-herrian/ar-154139-144609/#144613mintzatzen%20da%22. Noiz kontsultatua: 2018-11-11 .
  6.   Capdevilla i Subirana, Joan Historia del deslinde de la frontera hispano-francesa Instituto Geográfico Nacional, Ministerio de Fomento, Gobierno de España, ub.edu http://www.ub.edu/gehc/pdf/Deslinde.pdf. Noiz kontsultatua: 2018-11-25 .
  7.   Chabagno, Albert Les Aldudes ou Pays-Quint en Basse-Navarre amisvieillenavarre.fr http://www.amisvieillenavarre.fr/wp-content/uploads/2015/12/Les-Aldudes-ou-Pays-Quint.pdf. Noiz kontsultatua: 2018-11-25 .
  8. a b c d e f g h i   Etcheverry-Ainchart, Jean La Vallée de Baïgorri sous la Révolution Eusko Ikaskuntzaren VIII. Kongresua (8. 1954. Baiona, Uztaritze), Donostia, Eusko Ikaskuntza, 2003, 207-216. orrialdeak, ISBN: 84-8419-932-0, hedatuz.euskomedia.org http://hedatuz.euskomedia.org/3206/1/08207216.pdf. Noiz kontsultatua: 2018-11-10 .
  9. a b c d e   Rodriguez Garraza, Rodrigo Actitudes políticas en Navarra durante la guerra de la Convención (1793-1795) Príncipe de Viana, ISSN 0032-8472, 51. urtea, 189. zenbakia, 1990, 113-118. orrialdeak, dialnet.unirioja.es https://dialnet.unirioja.es/servlet/articulo?codigo=15856. Noiz kontsultatua: 2018-11-9 .
  10. a b c   Guerra contra la Convención Gran Enciclopedia Navarra, enciclopedianavarra.com http://www.enciclopedianavarra.com/?page_id=7311. Noiz kontsultatua: 2018-11-12 .
  11. a b c d e   Chico Comerón, Cirilo Actitudes políticas en Guipúzcoa durante la Guerra de la Convención (1793-1795) Universidad Nacional de Educación a Distancia (España). Facultad de Geografía e Historia. e-spacio.uned.es http://e-spacio.uned.es/fez/eserv/tesisuned:GeoHis-Cchico/Documento.pdf. Noiz kontsultatua: 2018-11-29 .
  12. a b c   Zabala Unzurrunzaga, José Antonio Guipúzcoa ante la invasión de los convencionales: actitudes divergentes Eusko ikaskuntzen nazioarteko aldizkaria, RIEV, ISSN 0212-7016, 34-1 zenbakia, 1989, 51-72. orrialdeak, http://hedatuz.euskomedia.org http://hedatuz.euskomedia.org/1299/1/34051071.pdf. Noiz kontsultatua: 2018-11-30 .
  13.   Iztueta, Juan Ignazio Gipuzkoako probintziaren kondaira 3. zatia, 21. kapitulua, klasikoak.armiarma.eus https://klasikoak.armiarma.eus/idazlanak/I/IztuetaGipuzkoa040.htm. Noiz kontsultatua: 2018-12-13 .
  14. a b   1794 - Guerre d'Espagne. Armée des Pyrénées occidentales France Militaire, books.google.es https://books.google.es/books?id=nfoG5KOmVE0C&printsec=frontcover#v=onepage&q&f=false. Noiz kontsultatua: 2018-11-11 .
  15.   Balparda, Gregorio Bosquejo histórico hedatuz.euskomedia.org http://hedatuz.euskomedia.org/746/1/01715734.pdf. Noiz kontsultatua: 2018-11-26 .
  16.   Péronnet, Michel; Jourdan, Jean-Paul La Révolution dans le département des Basses-Pyrénées: 1789-1799 128. orrialdea, Horvath, gallica.bnf.fr https://gallica.bnf.fr/ark:/12148/bpt6k3330644c.texteImage. Noiz kontsultatua: 2018-11-27 .
  17.   Hugo, Abel Prise du poste d'Arquinzun France militaire: 1792-1837, 291. orrialdea, books.google.es https://books.google.es/books?id=OJ8UgRr2hbsC&printsec=frontcover&hl=es#v=onepage&q&f=false. Noiz kontsultatua: 2018-11-27 .
  18. a b   Sanchez, Pedro; Thillaud, P. L. Hendaye, 1813…mais aussi 1793: Le temps de tous les malheurs oroitza-histoire-d-hendaye.fr https://www.oroitza-histoire-d-hendaye.fr/Hendaye1813.eB.htm#Hendaye_1813.eB. Noiz kontsultatua: 2018-12-6 .
  19. a b c d e f   Beaulac Mémoires sur la dernière guerre entre la France et l'Espagne dans les Pyrénées occidentales books.google.es https://books.google.es/books?id=1MZNAAAAcAAJ&printsec=frontcover#v=onepage&q&f=false. Noiz kontsultatua: 2018-12-6 .
  20.   Estornés Lasa, Bernardo Valle de Roncal - Erronkari (Historia) Auñamendi Entziklopedia (on line), 2018, aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/valle-de-roncal-erronkari-historia/ar-129543-110481/. Noiz kontsultatua: 2018-12-9 .
  21.   Lopez de Gereño Sanz, María Teresa El Monasterio premonstratense de San Salvador de Urdax: Génesis y evolución Histórico-Artística Príncipe de Viana, 57. urtea, 207. zenbakia, 1996, 19-60. orrialdeak, dialnet.unirioja.es https://dialnet.unirioja.es/descarga/articulo/16074.pdf. Noiz kontsultatua: 2018-11-10 .
  22.   Labouche, Capitaine Le Chef de brigade Harispe et les chasseurs basques Pau, Société des Sciences, Lettres et Arts, 1893?, memoriadigitalvasca.es http://www.memoriadigitalvasca.es/applet/libros/JPG/280425/280425.pdf. Noiz kontsultatua: 2018-11-11 .
  23. (Frantsesez)  De la Cerda, Alexandre La Déportation des Basques Éditions Cairn 39. orrialdea ISBN 978-2-35068-355-3 .
  24. a b c d   Etxegoien (Xamar), Juan Carlos The Country of Basque Pamiela 23. orrialdea ISBN 978-84-7681-478-9 .
  25. De la Cerda, Alexandre. 2016, 39-41
  26. (Gaztelaniaz)  Torrealdai, Joan Mari El Libro Negro del Euskera Ttarttalo . orrialdea ISBN 978-84-8091-395-9 .
  27. Watson, C. 2003, 56-57. or.
  28. De la Cerda, Alexandre. 2016, 39-41
  29. De la Cerda, Alexandre. 2016, 39-41
  30. (Gaztelaniaz)  Torrealdai, Joan Mari El Libro Negro del Euskera Ttarttalo 20. orrialdea ISBN 978-84-8091-395-9 .
  31. De la Cerda, Alexandre. 2016, 90-100
  32. Watson, C. 2003, 56-57. or.
  33. De la Cerda, Alexandre. 2016, 85-87
  34. De la Cerda, Alexandre. 2016, 101. or.
  35. De la Cerda, Alexandre. 2016, 107-109. or.
  36. De la Cerda, Alexandre. 2016, 108-109. or.
  37.   Díaz-Trechuelo, Lourdes (2003), «La Real Compañía de Filipinas en Guipúzcoa», Itsas Memoria (Donostia) 4: 375-376, http://untzimuseoa.eus/images/itsas_memoria_04/17%20DIAZ.pdf. Noiz kontsultatua: 2018-11-17 .
  38. a b c d e Chico Comerón, Cirilo. 2011, 39-48. or.
  39. a b c d (Gaztelaniaz)  «Mondragón y la Gipuzkoa española» El Diario Vasco 2009-04-19 https://www.diariovasco.com/20090419/alto-deba/mondragon-gipuzkoa-espanola-20090419.html. Noiz kontsultatua: 2018-11-21 .
  40.   Chicón Comerón, Cirilo (2011), «La guerra de la Convención en Guipúzcoa (1793-1795): daños causados por las tropas francesas», Espacio, Tiempo y Forma. Serie IV 24: 180-181, http://revistas.uned.es/index.php/ETFIV/article/viewFile/10842/10355. Noiz kontsultatua: 2018-11-18 .
  41. a b c   Kasper, Michael La guerrilla en Gipuzkoa (1808-1835) Zumalakarregi Museoa, 1992, zumalakarregimuseoa.eus http://www.zumalakarregimuseoa.eus/eu/files/mitxel-kasper.-la-guerrilla-en-gipuzkoa-1808-1835. Noiz kontsultatua: 2018-11-12 .
  42. a b   Erkoreka, Anton Epidemiak Euskal Herrian Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea, oeegunea.eus http://www.oeegunea.eus/agiriak/ikusi/hitz/57/?urtea=2018&hila=04. Noiz kontsultatua: 2010-12-14 .
  43.   Cendoya Echániz, Ignacio Elgoibar Auñamendi Entziklopedia (on line), 2018. http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/elgoibar/ar-38021-25749/. Noiz kontsultatua: 2018-12-15 .
  44.   García-Sanz Marcotegui, Angel; Zabalza Cruchaga, Miguel Angel Consecuencias demográficas de la Guerra de la Convención en Navarra. La crisis de mortalidad de 1794-1795 Príncipe de Viana, ISSN 0032-8472, 168-170. zenbakiak, 44. urtea, 1983, 63-88. orrialdeak https://dialnet.unirioja.es/servlet/articulo?codigo=15690. Noiz kontsultatua: 2010-11-12 .
  45. Estévez, X., Historia de Euskal Herria II. Del hierro al roble. Txalaparta, Tafalla, 1999. 243-244. orrialdeak.
  46.   von Humboldt, Wilhelm Euskaldunen herrian barrena Zumalakarregi Museoa, CC BY-SA 3.0, gipuzkoakultura.net http://www2.gipuzkoakultura.net/humboldt/eus/herriak.php. Noiz kontsultatua: 2010-11-12 .

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

 

 

 

  • Esparza Zabalegi, Jose Mari (2012) Euskal Herria kartografian eta testigantza historikoetan Txalaparta/Berria ISBN 978-84-936037-9-3 .
  • Estévez, Xoxé (1999). Historia de Euskal Herria II. Del hierro al roble. Tafalla: Txalaparta.

 

 

 

  • Watson, Cameron (2003) Modern Basque History: Eighteenth Century to the Present University of Nevada, Center for Basque Studies ISBN 1-877802-16-6 .

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]