Kongoko Errepublika Demokratikoko historia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Kongoko Errepublika Demokratikoko historia luzea eta aberatsa da, giza aztarnarik zaharrenak duela 90.000 urtekoak baitira.[1] Azken 200 urteetan, ordea, kolonialismoak, gerrek eta bortizkeriak zafratu dute herrialdea.

Kolonia aurreko garaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erdi Aroan, bantu herriak barreiaturik zeuden ekuatore inguruan, eta ehiza, arrantza eta burdin eta kobre meatzeak zituzten bizibide. Laboregintzak garrantzi handia zuen, eta aurrerago artoa eta mandioka ere sartu zituzten. Nekazaritzari esker biztanle kopuru handia elika zitekeen, eta han izan zuten sorrera Lualaba haraneko erresumak.[2]

Luba Erresuma (15851889) Kamalondoko sakongunean sortu zen, egungo Katangan, luba erregearen agintepean. Buruzagi guztiak leinu berekoak ziren. Erreinu hartako aginpideak odolaren tasun sakratua zuen oinarri; tasun hori gizonen bidezkoa zen eta naturaz gaindiko agintea ematen zien buruzagiei. Erresuma Indiako ozeanorantz hedatu zen, baina zenbat eta zabalago, orduan eta batasun gutxiago zuen, eta pixkanaka-pixkanaka sakabanatuz joan zen. Lunda Erresumak XVII. eta XVIII. mendeetan izan zuen goraldia, Katanga, Zambia eta Angolaren arteko lurraldean; hango gatz eta kobre baliabideak kontrolatzen zituen, eta aberastu egin ziren Zambezi beherean kokatuta zeuden portugaldarrekin zituzten merkataritza harremanei esker. Kuba Erresuma XVI. mendean sortu zen, Lulua eta Sankuru ibaien artean; hango erregeak erabateko aginpidea zuen, jainkozkoa; erreinu hark, Lunda Erresumak bezala, gatzaren eta kobrearen merkataritzaren kontrola zuen irabazpide nagusia.[2]

Kongoko Erresuma edo Manikongokoa, lurraldez gehien hedatu zen aldian (XV-XVI. mendeak) Kongo Beheretik Kwanza ibairaino zegoen zabaldua, iparretik hegora, eta Kwango ibaitik Atlantikoko kostaldera, ekialdetik mendebaldera. Erresuma hori europarrak iritsi aurretik existitzen bazen ere, ondoren jakin izan da haren berri zehatzagoa. Kongoko erregeek oso harreman onak izan zituzten europarrekin, portulgadarrak 1482an hara iritsi ziren orduko; 1491n Kongoko erregea bataiatu egin zen, Joan I.a izenez. Haren seme Emanuel I.ak Europako joerak eta administrazioaren antolamendua kopiatu zituen, baina Afrikako ohitura eta tradizio askori eutsi zien. Erresuma horretan garrantzi handia izan zuen esklaboen salerosketak; Ngolatik (gaurko Angolatik) ekartzen zituzten, eta Mpindako portuan, Kongo ibaiaren bokalean, merkaturatzen zituzten.[2]

Aro koloniala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Kongoko Estatu Burujabea» eta «Kongo Belgikarra»
Leopoldo II.aren agintaldian mutilatutako emakume eta umeak.

Belgikako errege Leopoldo II.a izan zen Kongoren kolonizazioaren eragile nagusia. Bere benetako asmoak estaltzeko, itxuraz helburu filantropikoak zituen Nazioarteko Afrikar Elkartea sortu zuen 1876an; 1878an, berriz, Henry Morton Stanley galestar kazetari eta esploradorea kontratatu zuen. Erdialdeko Afrika kolonizatzeko, Kongo ibaiaren bidea erabiltzea proposatu zion Stanleyk belgikarren erregeari. Era horretan, Nazioarteko Afrikar Elkartearen izenean, espedizio komertziala abiarazi zuen 1879an, eta hango tribuetako buruak engainatu zituen lur guztiak bereganatzeko. Horretarako, kazetariak ez zuen errukirik izan armak erabili eta afrikarrei “tximuei bezala tiro egiteko”, Richard Francis Burton esploratzaile ingeles garaikideak salatu zuenez.[3]

Berlingo Konferentzian (1884-1885), Kongo ibaiaren arroko 2 milioi kilometro koadroko eremua bereganatu zuen Belgikak, Leopoldo II.aren jabetza pertsonal gisa (Domaine Privé).[4] Kongoko Estatu Burujabea deitu zion Leopoldok II.ak Afrika erdialdean ezarritako odolezko erregimen kolonialari. Stanleyk hasitako bidetik, herritarrak esklabo bihurtuz eta zigor krudel eta sistematikoak eraginez –eskuen mutilazioak, chicotte deituriko zartailuarekin kolpeak…– erauzi zituzten hango kautxua eta natura baliabideak. Sarritan, familiei haurrak bahitzen zizkieten kautxu kopuru baten truke. Orduko lekukoek eta ondorengo ikerlariek ondorioztatu dutenez, lurralde haietako biztanleen erdia hil zen genozidioan.[3] 1892-1894 bitartean, Zanzibarko esklabo-tratularien aurka borrokatu ziren Leopoldoren indarrak; aginpidea eskuratzeko gerra izan zen, ordea, xede humanitariorik gabea.[5]

Kongoko Estatu Burujabean egindako sarraskiak hain ziren lazgarriak Londres eta Bruselas inarrosi zituztela.[6] 1904an Roger Casement britainiar kontsulak egindako txostenak baieztatu zuen gehiegikeria horiek egiazkoak zirela. Horiek horrela, 1908an Leopoldok Belgikako gobernuaren esku utzi behar izan zuen bere jabetza; aurrerantzean, Kongo Belgikarra izena eman zitzaion koloniari. Gobernadore nagusia zen administrazio kolonialaren burua; haren egoitza Boman egon zen hasieran, 1926an Léopoldvillera lekualdatu zuten arte. Baliabide naturalen esplotazioak jarraitu zuen izaten belgikarren helburu nagusia, eta trenbideak eraiki ziren Katangako mineralak, kobrea batez ere, garraiatu ahal izateko.[7] Baina, estatus berriarekin, biztanleen bizi baldintzak hobetu ziren.

Independentzia eta Mobuturen agintaldia (1960-1997)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Kongoko krisialdia», «Kongoko Errepublika (Léopoldville)», «Zaire» eta «Kongoko Lehen Gerra»

1950eko hamarkadaren amaieran, Europako indarrak Afrikatik ateratzen hasi ondoren, liskar bortitzak piztu ziren Kongon, eta Belgika behartu zuten independentzia ematera. 1960ko ekainaren 30ean sortu zen Kongoko Errepublika Demokratikoa, Patrice Lumumba lehen ministro eta Joseph Kasa-Vubu presidente zirela. Bi aste geroago, Moïse Tshombek Katangako estatuaren banakuntza adierazi zuen, Belgikaren sostenguarekin. 1961ean, Patrice Lumumba lehen ministroa harrapatu, torturatu eta hil zuten Joseph Mobuturen aldeko tropek. Iturri batzuen arabera, Belgika eta Estatu Batuek babestu zuten hilketa, Lumumbak ez zituelako Mendebaldearen interesak defendatu nahi.[8]

1965eko azaroan, Mobutuk beste estatu kolpe bat eman zuen; Joseph Kasa-Vubu presidentea kargutik kendu, eta agintea bereganatu zuen. Zaire izena jarri zion estatuari.[8] Gerra Hotza pil-pilean zela, Mendebaldeak babesa eman zion, eta haren estatu autokratikoa onartu zuen, herrialdeko mineralak Sobietar Batasunetik kanpo uzten zituen bitartean. Estatuko eremu guztietara hedatu zuen Mobutuk ustelkeria. 1980ko hamarkadaren amaieran, lehengaien prezioen beherakadak diru iturriak urritu zizkion, eta boterea partekatzera behartu zuten.[9]

1992 hasieran, Konferentzia Nazionala sortu zen, oposizioaren ekimenez, konstituzioan aldaketak egiteko eta demokraziarako bidea zabaltzeko. Handik gutxira, otsailean, lehen ministro Jean Nguza Karl-i-Bondek debekatu egin zuen Konferentzia; gudarostearen parte batek, matxinaturik, irrati nazionala hartu zuen, eta Mobutu lehendakariaren dimisioa eskatu zuen. Handik ordu gutxira, gobernuari leial egon ziren gudarosteek matxinatuak menderatu zituzten. Lehendakariaren aurkako manifestazioak ere oso gogor zapaldu zituzten. Europar Batasunak bertan behera utzi zituen Kongorako laguntza guztiak, Konferentzia Nazionala berriro hasi artean. Aldi berean, Estatu Batuetako, Frantziako eta Belgikako ordezkariek Mobuturen kontrako presioa handitzea hitzartu zuten, gorbernuan aldaketa politikoak eragitearren. Martxoan Mobutuk Konferentzia berehala zabaltzeko baimena zuen.

Konferentzia Nazionalak Etienne Tshisekedi hautatu zuen lehen ministro, Karl-i-Bonden ordez. Shaba eskualdean, hego-mendebaldean, etnien arteko borrokak hasi ziren berriro, luba etniako Etienne Tshisekedik lunda etniako Karl-i-Bond ordeztu zuenean. Bi mila pertsona inguru hil ziren liskarretan, eta milaka lubek alde egin behar izan zuten Shabatik. Ekonomia erakundeen 1992ko txosten baten arabera, Zaireko Errepublika (herrialdearen izen ofiziala hala zen orduan) munduko hamar herrialde behartsuenetako bat zen garai hartan.

1992ko abenduan, lehen ministroak diruaren erabilera legala etetea agindu zuen, inflazio gero eta handiagoari aurre egiteko, eta diru berria jarri zuen zirkulazioan: zaire berria. Hala ere, soldaduei diru zaharrez ordaindu zitzaizkien atzeratutako soldatak, Mobutuk hala aginduta. 1993 hasieran, soldaduek, haserre bizian, hondamendi handiak egin zituzten Kinshasan, eta 1.000 lagun baino gehiago hil zen haien eta Mobuturen guardia pertsonalaren arteko liskarretan. Otsailaren 24an, Errepublikako Kontseilu Gorenak (Konferentzia Nazionalak trantsizioa gauzatu bitartean izendatutako erakundea) lehengo billeteak onar zitzala eskatu zuten Mobuturen gudarosteek. Estatu Batuek, Belgika eta Frantziak Mobuturi eskatu zioten Tshisekediren behin-behineko gobernuarekin banatzeko agintea, egoerak okerrera egin baino lehen. Eskaera horri erantzunez, Mobutuk kargutik kendu zuen lehen ministroa, eta Faustin Birindwa jarri zuen haren ordez. Estatu Batuek, Belgikak eta Frantziak Mobuturen ondasunak bahitzeko asmoa hartu zuten, haren aurka egiteko, baina herrialdea eta haien negozioak kaltetu gabe. Izan ere, munduko pertsona aberatsenetako zen Mobutu; uste zen lau mila milioi dolar baino gehiagoko ondasunak zituela.

1994ko Ruandako genozidioak eta handik iheslari pila bat sartzeak tirabira handiak sortu zituen herrialdearen ekialdean. Ruandan FPR gerrillak agintea lortu zuenean, Europako zenbait herrialdek gutxitu egin zuten Mobuturi egiten zioten presioa, tutsi ingeles-hiztunen garaipenaren ondoren aliatu potentziala izan baitzitekeen. Horrek indartu egin zuen lehendakariaren agintea, eta Léon Kengo wa Dondo lehen ministro izendatzea bideratu.

1995 erdialdean, trantsizio gobernuak beste bi urtez jardun beharko zuela iragarri zenean, protesta handiak izan ziren berriro. Uztaila bukaeran, polizien eta Tshisekedi lehen ministro izendatzea eskatzen zuten pertsonen arteko iskanbiletan, hamar lagun hil ziren. Egoerak okerrera egin zuen 1996an, ruandar milizianoek, Zaireko soldaduen laguntzaz, etnia garbiketa bultzatu zutenean Masisi eskualdean, aspaldidanik han bizi ziren tutsiak kanporatuz eta hilez. Urtearen buruan, tutsi talde armatuen eta Ruandako gudarosteko hondarren (hutuak gehienak) arteko liskarrak gerra zibil baten itxura hartu zuen: Kongoko Lehen Gerra. Borroka areagotu egin zen gobernuaren gudarostea tutsi matxinatuen aurrerabidea galarazten ahalegindu zenean. Tutsiek herrialdeko sortaldeko hiri batzuk hartu zituzten.

Mobuturen erregimena erortzeko zorian egon zen, oposizioko indarrak Laurent Kabila gerrilla-buruzagi zaharraren gidaritzapean elkartu zirenean. Mobutu Suitzako erietxe batean zegoen, baina sorterrira itzuli zen egoerari aurre egiteko. Gudarostearen soldatak igotzea onartu ondoren, Suitzara itzuli zen. 1997ko lehen hilabeteetan, oposizioko indarrek erraz konkistatu zuten lurralde osoa. Hainbat herrialde saiatu ziren arazoari irtenbideren bat ematen; Nelson Mandelaren ekimenez, esaterako, Mobutuk eta Kabilak bilera bat egin zuten, trantsizioari buruz hitz egiteko. Asmo hark, ordea, huts egin zuen, Mobutuk agintea uztea eskatu baitzuen Kabilak. Legebiltzarrak kargutik kendu zuen lehen ministroa, Kengo Wa Dondo, eta zenbait hilabeteren ondoren, hirugarren aldiz Tshisekedi izendatu zuten ostera, Mobuturen onespenez. Astebete geroago, gobernuko alderdien arteko desadostasunak zirela-eta, kargutik kendu zuten Tshisekedi, eta Norbert Likulia Bolongo izendatu zuten haren ordez.

Kongoko Errepublika Demokratikoa (1997tik aurrera)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Kongoko Bigarren Gerra», «Ituriko gatazka», «Kivuko Gerra» eta «M23ren matxinada»
Kongoko iheslariak Hego Kivun, Ruandatik hurbil, 2001.

1997ko maiatzean Mobutuk ihes egin zuen, eta hurrengo egunean oposizioko gudarostea Kinshasan sartu zen. Kabilak lehendakari izendatu zuen bere burua. Mobutu irailaren 7an hil zen, Rabaten. Gobernu berriak herriaren izen ofiziala aldatu zuen: lehen Zaireko Errepublika zena Kongoko Errepublika Demokratikoa bihurtu zen. Mugarik Gabeko Medikuen txosten batek agerian jarri zituen, 1997ko bukaeran, Kabilaren indarrek eta ruandar gudarosteek egindako desmasiak Mobutu agintetik kentzerakoan. Handik gutxira, aurreko 35 urteetako uholderik handiena gertatu zen Kongo ibaiaren ibarrean, eta gobernuak larrialdi egoera ezarri behar izan zuen.

Azkar okertu ziren Kabilaren eta haren aliatuen arteko harremanak, besteak beste, presidente berriak baztertu egin zuelako hutuen milizien aurka egitea. Bigarren matxinada bat hauspotu zuen orduan Ruandak 1998an. Zinbawe, Angola, Namibia, Txad eta Sudango soldaduek esku hartu zuten Kongoko erregimen berriari laguntzeko, eta Kongoko Bigarren Gerra deitu zitzaion gatazka odoltsua hasi zen. Borroka plaza erraldoi bat bilakatu zuten herrialdea. Gutxienez 11 herrialde nahastuta zeuden, eta lau eragin gunetan zatitu zen herrialdea. Milizia eta talde armatuak erruz ugaritu ziren. Batez ere odoltsua izan zen gatazka ekialdean, gobernuak bultzatutako talde armatuen jardunagatik. Oro har, talde armatuek zibilak hartu zituzten jomugan. 1999an, aldeek bake hitzarmena sinatu zuten, baina NBEk bidalitako soldaduek ez zuten lortu gatazka baretzea.[9] Batez ere, ekialdean jarraitu zuten borrokek; izan ere, lurralde hori diru iturri handia da, handik ateratzen direlako legez kanpo balio handiko mineral batzuk: koltana, kasiterita eta diamanteak.

Laurent-Désiré Kabila 2001ean hil zuten, eta haren seme Joseph Kabila izendatu zuten estatuburu. Gatazkan etsaitutako aldeek nazioarteko elkarrizketei heldu zieten berriro, eta Pretoriako Hitzarmena sinatu zen 2002an. Kongoko Bigarren Gerraren paraleloan gertatu zen Ituriko gatazka ere; hema eta lendu etnien arteko borroka horretan 60.000 lagun inguru hil zituzten.[10] 2003ko amaiera ezkero, egoera zertxobait baketu zen, eta trantsizioko gobernua osatu zen. Hala ere, leku askotan liskarrek bizi-bizi iraun zuten, hala Ituriko gatazkarengatik nola Herriaren Defentsarako Batzar Nazionalak (CNDP) Ipar Kivu eta Hego Kivu probintzietan egin zituen erasoengatik (Kivuko Gerra).

2006an egin ziren hauteskundeetan, alderdi askok parte hartu ahal izan zuten. Lehenengo itzulian, bi hautagai gelditu ziren: Joseph Kabila (%45) eta Jean-Pierre Benba lehendakariorde ohia (%20). Bi hautagaien jarraitzaileak borrokan aritu ziren Kinshasako kaleetan; hamasei lagun hil ziren, harik eta nazioarteko soldaduek egoera kontrolatu zuten arte. Bigarren itzulian, Kabila hautatu zuten lehendakari. Ipar Kivun, Herriaren Defentsarako Batzar Nazionalak eta gobernuak 2009an sinatu zuten bake akordioa, eta matxinoak armadara itzuli ziren. 2012ko apirilean, ordea, CNDPko kide ohiak berriz matxinatu ziren, M23 mugimendua sortuta. Borroken ondorioz, milaka ehunka hil ziren, eta 140.000 inguruk etxea utzi behar izan zuten. M23 taldeak 2013ko azaroan utzi zuen matxinada.[11]

Kongoko konstituzioak presidente berak hiru agintaldi egitea debekatzen duenez, Joseph Kabilak ezinezkoa zukeen 2016an egitekoak ziren hauteskundeetara aurkeztea. Alabaina, Kabila luzamendutan ibili zen, eta 2018ko abendura arte ez ziren bozketak egin. Dena dela, herrialdeko hiru probintziatan bozak atzeratu ziren, osasun eta segurtasun arrazoiak argudiatuta. Izan ere, Ipar Kivun ebola izurrite larria pairatzen ari zen, eta etnien arteko istiluak zeuden, Ipar Kivun, Hego Kivun eta Mai-Ndomben.[12] 2019ko urtarrilaren 10ean jakinarazi zenez, Félix Tshisekedi nagusitu zen presidentetzarako hauteskundeetan, botoen %38 eskuraturik. Kongoko eta nazioarteko hainbat erakundek zalantzan jarri zituzten emaitzak, tartean Frantziak. Apezpikuen Konferentzia Nazionalak "benetako emaitzak" argitaratzeko eskatu zion Hauteskunde Batzordeari, eta aurrerantzean, indarkeria saiheste aldera, umiltasunez eta zintzotasunez aritzeko erregutu zien politikariei.[13] 2019ko uztailean, Kivuko ebola izurritea nazioarteko larrialdi izendatu zuen OMEk.[14]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Katanda Bone Harpoon Point Smithsonian Institution, humanorigins.si.edu, archive.org-en gordea . Noiz kontsultatua: 2019-8-3.
  2. a b c Historia Unibertsala, Aro Berria: Afrika beltza Lur Entziklopedia Tematikoa, CC-BY 3.0, euskara.euskadi.eus . Noiz kontsultatua: 2019-7-6.
  3. a b Apaolaza, Urko Stanley, genozida baten konplizea gurean Angelu itsua, Argia astekaria, 2019ko uztailak 8, CC BY-SA 3.0, argia.eus . Noiz kontsultatua: 2019-7-8.
  4. Imperialismoa hiru.eus . Noiz kontsultatua: 2019-7-8.
  5. Edgerton, Robert B. The Troubled Heart of Africa: A History of the Congo St. Martin's Press, New York ISBN 0-312-30486-2.
  6. Etxeberria, Idoia Ondo lotutako korapiloa Euskaldunon Egunkaria, 2001eko abuztuak 23, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2019-7-8.
  7. Le rail au Congo: le B.C.K. rixke.tassignon.be . Noiz kontsultatua: 2019-07-12.
  8. a b Pastor, Jose Mari Kongoko Errepublika Demokratikoa. Aske izatetik, itxaropena galtzera Euskaldunon Egunkaria, 2001eko urtarrilak 1B, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2019-07-23.
  9. a b Garcia, Adrian Kongoko Errepublika Demokratikoa: Zorigaiztoko aberastasuna Berria egunkaria, 2014ko uztailak 26, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2019-6-30.
  10. Epelde, Elixabet Lubangari hamalau urteko zigorra jarri dio Hagak, haurrak errekrutatzeagatik Berria egunkaria, 2012ko uztailak 11, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2019-07-24.
  11. Rodriguez, Mikel M23 taldeak matxinada utzi du Kongoko Errepublika Demokratikoan Berria egunkaria, 2013ko azaroak 6, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2019-08-02.
  12. Susaeta, Igor 1,2 milioi herritar gabekoak Berria egunkaria, 2018ko abenduak 29, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2019-08-02.
  13. Berasain Tristan, Kristina Tshisekedi oposizioko hautagaiak irabazi ditu hauteskundeak Kongon Berria egunkaria, 2019ko urtarrilak 10, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2019-08-02.
  14. Kongoko Errepublika Demokratikoko ebola izurritea nazioarteko larrialdi izendatu du OMEk Berria egunkaria, 2019ko uztailak 17, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2019-08-03.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Kongoko Errepublika Demokratikoko historia Aldatu lotura Wikidatan