150.000 gizon arabiar iturrien arabera 300.000 mendebaldekoen iturrien arabera
717-718ko Konstantinoplako setioa,Bizantziar Inperioaren hiriburua zena, Omeiatar Kalifa-herriaren bi hamarkadatan izandako erasoen eta Bizantziar mugako lurraldeen arabiarren okupazio progresiboaren gailurra markatu zuen, garai hartan Inperioa barne krisi luze batek ahulduta baitzegoen. 716an, urteetako prestakuntzen ondoren, Maslama ibn Abd al-Malik-ek gidatutako arabiarrak Asia Txiki bizantziarrean barrena sartu ziren, jada Anatoliako beste esparru gehienak bere kontrolpean izanik. Hasieran, arabiarrak Bizantziar barne-gatazkaz baliatu nahi izan zuten, eta Teodosio III.aren aurka matxinatutako Leon Isauriarra jeneral bizantziarrarekin aliatu ziren. Hala ere, Leonek engainatu zituen eta tronua bereganatzeko erabili zituen, Konstantinopla hartzen baino. Leon III.a izena hartu zuen.[1]
Negua Asia Txikiko mendebaldeko kostaldean igaro ondoren, 717ko udaberri hasieran armada arabiarra Traziara igaro zen, Bosforo itsasarteko beste aldean, eta hiria setiatzeko lerroak eraiki zituen, TeodosiorenII.aren Harresi izugarriz babesturik zegoena. Lurreko armadarekin batera zihoan flota arabiarra, hiriaren itsas blokeo osoa osatzeko helburua zuena, Bizantziar itsas armadak su grekoa erabiliz azkar neutralizatu zuen. Horri esker, Konstantinopla itsasoz berriz hornitu ahal izan zen, eta armada arabiarrak gosetea eta gaixotasunak jasan zituen ondorengo negu gogorrean. 718ko udaberrian, laguntza gisa bidalitako bi flota arabiar suntsitu zituzten bizantziarrek, kristau tripulazioak desertatu eta alde egin baitzuten. Gainera, lurrez Asia Txikitik igorritako armada osagarri bat ere gudaroste bizantziarrak enboskatu eta garaitu zuen. Atzealdetik bulgariarren erasoekin batera, arabiarrak 718koabuztuaren 15ean setioa altxatzera behartu zituzten. Itzulerako bidean, flota arabiar ia osoa hondamendi naturalek suntsitu zuten.[2][3]
Setioaren porrotak ondorio sakonak izan zituen. Konstantinoplaren biziraupena Bizantziar Inperio osoaren jarraikortasuna bermatu zuen eta mende bateko etengabeko gerrak, lurralde-galerak eta barne arazoak amaitu zituen. Aldi berean, Kaliferriaren estrategia-ikuspegia aldatu zen: Bizantziar lurraldeetan erasoak mantendu ziren arren, konkista osoaren helburua baztertu zuten. Historialariek setio hau historiako gudurik garrantzitsuenetako bat dela jotzen dute, bere porrotak musulmanen aurrerapena Europa hego-ekialdera mende askotan atzeratu baitzuen.
↑Guilland, Rodolphe. (1959). "L'Expedition de Maslama contre Constantinople (717–718)". Publications de la Faculté des Lettres et Sciences Humaines de Paris.
↑Radic, Radivoj. (2008). Two Arabian sieges of Constantinople (674–678; 717/718). .