Konstantinoplaren erorialdia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Konstantinoplaren erorialdia
Otomandar-bizantziar gerrak
Siege of a city, medieval miniature.jpg
Konstantinoplako setioa, 1499an margotua.
Data 1453ko apirilaren 6a – 1453ko maiatzaren 29a
Lekua Konstantinopla
Emaitza Otomandar garaipena
Gudulariak
Flag of Palaeologus Dynasty.svg Bizantziar Inperioa
Flag of Genoa.svg Genovako Errepublika
Fictitious Ottoman flag 1.svg Otomandar Inperioa
Buruzagiak
Konstantino XI.a Palaiologos
Loukas Notaras Skull and crossbones.svg
Giovanni Giustiniani
Mehmed II.a
Zaganos Pasha
Suleiman Baltoghlu
Indarrak
7.000[1]
26 itsasontzi[2]
200.000[3]
70 itsasontzi[2]
20 galera[4]
Galerak
4.000 erori[5] Ezezagunak

Konstantinoplaren erorialdia 1453ko apirilaren 6 eta 1453ko maiatzaren 29 arteko setioaren ondoren Mehmed II.a otomandar sultanaren Bizantziar Inperioko hiriburuaren konkista izan zen. Hiria Konstantino XI.a Palaiologos enperadoreak defendatu zuen.

Konstantinoplaren erorialdiak Bizantziar Inperioaren amaiera ekarri zuen, 1.100 urte baino gehiago iraun zuen Inperioarena. Galera kristautasunarentzat izugarrizko kolpea izan zen. Konkistaren ondorioz, Mehmedek Konstantinopla bere hiriburu berri bilakatu zuen. Greziar eta greziarrak ez ziren intelektual batzuek hiritik ihes egin zuten setioa baino lehen eta setioa eta gero, batez ere Italiara. Batzuen ustez, ihesaldiak pizkundea bultzatu zuen. Edonola ere, hiriaren eta inperioaren galerak Erdi Aroaren amaiera ekarri zuen[6].

Bizantziar Inperioa 1400 inguruan.

Bizantziar Inperioaren egoera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Konstantinopla izan zen inperioko hiriburua Konstantino Handia erromatar enperadoreak sagaratu zuenetik 330ean. Hurrengo hamaika mendeetan hiria askotan setiatu zuten, baina behin baino ez zuten konkistatu; hau da, 1204an, Laugarren Gurutzadan. Gurutzatuek hirian bertan eta inguruotan estatu latindar ezegonkor bat ezarri zuten. Bitartean, Inperioko gainerako lurrak banandu ziren estatu greziar txiki batzuetan. Garrantzitsuenak Nizea,Epiro eta Trebisonda izan ziren. Greko horiek batera egin zioten aurre Latindar Inperioaren aurka, baina baita elkarri ere bizantziar tronua eskuratzeko.

Nizeatarrek Konstantinopla berreskuratu zuten latindarren eskuetatik 1261ean. Harrezkeroztik, Inperio ahularentzat ez zen bakerik izan; latindar, serbiar, bulgariar eta, batez ere, Otomandar turkoen etengabeko erasoei aurre egin behar izan baitzien. Bere goren alditik oso urrun, katolikoen armadak bi mende geroago ezarri zion kaltetik apurka-apurka berreskuratzen ari bazen ere, Konstantinopla hustu egin zen lurralde-krisi eta ekonomiaren gainbehera zela-eta. Beraz, hiria 1453an, V. mendeko Teodosiar harresiek inguratzen zituen landetan hedatutako herrixka batzuen multzo bat baino ez zen.

1450ean akituta zegoen Inperioak hiria bera, inguruko kilometro batzuk, Marmarako itsasoko Printze uharteak eta Peloponesoa (Mystras zelarik bere zentro kulturala) mantentzen zituen. Laugarren Gurutzadan sortutako Trebisondako Inperio independenteak bizirik irauten zuen Itsaso Beltzeko itsasertzean

Konstantinoplaren arpilaketa eta Latindar Inperioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bizantziar Inperioko hiriburu Konstantinoplaren gainbehera 1190ean hasi zela esan daiteke, Mendebaldeko Erresumetan Hirugarren Gurutzadaren prestaketetan. Bizantziarrek, Egipto eta Siriako sultana eta Lur Santuan zeuden gurutzatuen etsai nagusia zen Saladino garaitzea ezinezkoa zela pentsatuz, neutral mantentzea erabaki zuten. Bizantziarren oztopo hau aitzakia hartuta eta Konstantinoplako altxorrenganako gutizia benetako arrazoi bezala, gurutzatuek asaltoan hartu zuten hiria 1204an, jada Laugarren Gurutzadan, 1261 arte iraun zuen Latindar Inperioa sortuz.

Bizantziarrek, jada euren hiriburu inperialik gabe, Estatu berriak sortu zituzten: Nizeako Inperioa, Trebisondako Inperioa eta Epiroko Despotatua izango ziren eragin handiena izango zutenak. Bitartean, gurutzatuek ezarritako erresuma lurraldeak galtzen joan zen. Azkenik, 1261ean, Nizeako Inperioak, Mikel VIII.a Paleologoren agintaldian hiria konkistatu zuen.

Prestakuntzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mehmed II.a haren aitari sultangoan jarraitu zionean 1451ean, askok uste zuten 19 urteko agintari berria gobernatzeko guztiz ezgai izango zela eta ez zela inongo mehatxurik izango Balkanetako eta Egeoko kristauen lurraldeetarako. Baikortasun sentimendu hura indartu egin zen Mehmedek laguntasun baieztapenak egin zizkienean bere gortera bidalitako mandatariei. Hala ere, Mehmeden ekintzek ozenago egiten zuten berba, haren hitz leunek baino. 1452. urtearen hastapenean hasi zen bigarren otomadar gotorlekua eraikitzen, hau da, Rumeli Hisari, Bosforoko itsasertzean. Izan ere, gotorlekua Konstatinoplatik milia batzuk iparraldera eraiki zuten; Europako aldean eta itsasartez beste aldean zegoen Bayezid bere aitonak eraikitako beste gotorlekuaren - Anadolu Hisari- aurre-aurrean. Gotorleku pare horrek Turkoei erdietsi zien Bosforoko itsas-trafikoaren kontrola, batez ere, iparraldetik zetozen hirirako laguntza oztopatzen zuen. Laguntza hori Itsaso Beltzeko kolonia genoarretatik zetorren.   

1452ko udan, Rumeli Hisari gotorlekua bukatu zutenean eta mehatxua guztiz agerikoa zenean, Konstantinok aita sainduari gutun bat idatzi zion eliza bien batuketa agintzen. Batuketa hori, hain zuzen, gorte inperial hotz batek 1452ko abenduaren 12an onartu zuen. Hala ere, Nikolas V.a aita sainduak ez zuen bizantziarrek uste zuten bezainbeste eraginik mendebaldeko errege eta printzeengan. Hauetako askok susmo txarraz begiratzen zioten aita sainduaren kontrolari, eta, gainera, ez zeukaten ahalegina egiteko beharrezkoak ziren baliabideak. Bai Frantzia, bai Ingalaterra ahul zeuden amaitzear zegoen ehun urteetako guda  zela eta. Gaztela errekonkistaren azken aldietan murgilduta zegoen eta Alemaniako printzerriak elkarren aurkako etengabeko borroketan. Poloniak eta Hungariak, beste alde batetik, ezin zuten laguntzarik igorri 1444ko Varnan gertatutako porrota zela kausa. Italia iparraldeko merkatal hiri-estatuetatik soldadu batzuk bidali bazituzten ere hirira, laguntza ez zen nahikoa izan otomandarren erasoaldiari aurre egiteko. Hala ere, mendebaldar batzuk bere kabuz joan ziren Konstantinoplara. Hauetako bat Giovanni Giustiniani Longo izan zen. Bere patrikatik ordaindutako 700 bat gerlarirekin sartu zen hirira 1453ko urtarrilean eta harresiak defendatzen jakintsua zenez, enperadoreak berehala izendatu zuen Teodosiar harresien defentsaren buru.

Ia garai berean, Urrezko Adarrean zeuden itsasontzien kapitain veneziarrek enperadorearen zerbitzura jarri ziren haien Errepublikaren aginduen aurka; eta Nikolas aita sainduak martxoan abiatu ziren horniduraz beteriko hiru itsasontzi bidali zituen.

Venezian, bitartean, Konstantinoplara zer laguntza mota bidaliko zuten eztabaidatzen ari ziren. Senatuak, azkenean, itsas armada bat igortzea erabaki zuen, baina atzerapenak egon ziren eta apirilaren amaieran abiatu zenerako, oso berandu izan zen borrokan esku hartzeko. 

Bizantziarren morala are gehiago suntsitu zuena hirira Giovanni  heldu zenean zazpi italiar itsasontzien hanka egitea izan zen. Izan ere, itsasontzi horietan hiria defendatzea agindu zuten 700 soldadu zihoazen.    

Urrezko Adarreko itsasertzean itsas armada baten erasoaren beldur, Konstantino enperadoreak kate bat portuaren ahoan ipin zezaten agindu zuen. Katea egurraren gainetik zetzan eta edozein turkiar itsasontzi egotz zezakeen. Estrategia hau hartu zuten 1204an Laugarren Gurutzadako armadak lurreko harresietan itsasotik inguru ibili ziren eta Urrezko Adarreko harresia apurtu zutelako.

Turkiarren aurkako beste estrategia bat izan zen Teodosiar Harresiak konpontzea. Enperadoreak guztiz beharrezkoa zela uste zuen eta batez ere Blachernae barrutiko harresia gotortuena izan zela egiaztatu zuen iparralderantz ateratzen baitzen. Lurrezko fortifikazioek 18 m. zabalerako lubakia zuten eta atzean bi almenadun harresi zituzten dorrez josita. Dorreen bitartean 45-55 metro zegoen. 

Indarrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Konstantinopla defendatzen zuen armada nahiko txikia zen: guztira 7000 mila gizon inguru; haietan 2000 kanpotarrak. Setioaren hasieran, ziur aski, 50.000 lagun baino gutxiago bizi ziren harresien barruan; alboko herrietako errefuxiatuak kontutan hartut. Dorgano komandante turkiarrak eta bere gizonek Hiriaren itsasaldeko aldea defendatzen zuten eta borrokan hil ziren. Genoar taldea ondo trebatuta eta armatuta zegoen. Armadaren gainerakoa ondo trebatutako soldaduak, armatutako zibilak, itsasgizonak, borondatezko kanpotarrak eta fraideak ziren. Goarnizioak kalibre txikiko artilleria erabili zuen, baina eragin handirik gabe. Zibilek, beste alde batetik, harresiak konpontzen zituzten, guardiak egiten zituzten, jakiak bildu eta banantzen zituzten eta elizetatik urrezko eta zilarrezko objektuak atera zituzten txanponak egiteko soldadu kanpotarren soldatak ordaintzeko.

Otomandarrek, beste alde batetik, armada handiagoa zeukaten. Ikasketa berrien eta otomandarren artxiboen arabera 50.000 eta 80.000 soldaduren artean zeuden. Haietako 5.000-10.000 inguru janizaroak ziren; eliteko infanteria. Baziren ere, milaka soldadu kristau, batez ere serbiarrak. Đurađ Branković buruzagi serbiarrak 1.500 zaldizkoak eraman behar izan zituen otomandar sultanekiko ituna zela eta. Hilabete batzuk geroago dirua eman zuen Konstantinoplako harresiak konpon zitzaten.

Otomandarren antolaketak eta estrategiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mehmedek itsas armada bat eraiki zuen Hiria itsasotik setiatzeko (batez ere Galipolliko greziar itsasgizonek gidatzen zituzten). Garaikideen otomandarren itsas armadari buruzko estimazioak ez daude ados: 100 itsasontzi (Tedaldik), 145 (Barbarok), 160 (Ubertino Pusculok) 200-250 (Kieveko Isidorok), 430 (Chioko Leonardok) edo 430 (Sphrantzesek). Gaur egungo kalkuluen arabera, berriz, armadan 126 itsasontzi zegoen: 6 galera handia, 10 galera ertain, 15 txiki, 75 arraundun txalupa eta 20 itsasoko garraio ontziak.

Konstantinoplaren setioa gertatu aurretik, jakina zen otomandarrak tamaina ertaineko kanoiak egiteko gai zirela. Hala ere, hara eramandako kanoi batzuen irismenak defendatzaileen ikusmina gainditu zuen. Otomandarren aurrerapen horren gakoa Orban (Urban) izeneko hungariar bat izan zen (batzuek iradoki dute alemaniarra zela). Orbanek egindako 8,2 m.ko “Basilica” kanoia 272 kiloko harrizko bola bat 1,6 km.tara jaurtitzeko gauza zen.

Maisu urtzailea hasieran bizantziarrei  haren zerbitzuak saltzen saiatu zen, baina haiek ez zuten dirurik izan. Orbanek, orduan, Konstantinoplatik alde egin zuen eta Mehmed II.arengana jo zuen bere arma “Babiloniako harresiak eurak” apurtzeko gai zela aldarrikatuz. Diru eta material asko eman eta gero, hungariar ingeniariak hiru hilabetetan kanoi bat eraiki zuen Edirnen . Bertatik Konstantinoplara ekarri zuten hirurogei idik erakarritako gurdi batean. Bitartean, Orbanek turkiar setio-indarren kanoietarako beste material asko egin zuen.

Orbanen kanoiak, hala ere, alde txar batzuk bazeuzkan: hiru ordu ematen zuten berriro kargatzeko; kanoiaren bolak urriak ziren eta, dirudienez, sei astebete tiro egin eta gero kanoiaren atzerapena zela eta matxuratu zen (gertaera hau Chioko artzapezpiku Leonardoren gutunean eta Nestor Iskander errusiarraren kronika zalantzagarrietan baino ez da agertzen). Galdategia 240 km.tara egonda, Mehmedek bere pieza ikaragarriak ekartzeko prozesu neketsuari ekin behar izan zion. Orbanen kanoi erraldoia 400 gizon eta 60 idik ekarri behar omen zuten.

Mehmeden asmoa Teodosiar harresiei eraso egitea zen. Izan ere,mendebaldetiko erasoetatik Konstantinopla babesten zuten harresi eta lubaki sistema hori, itsasoak inguratzen ez zuen Hiriko zati bakarra zen. Pazko garizumakoaren ondorengo astelehenean Hiritik at kanpatu zuen bere armada, 1453ko apirilaren 2an, hain zuzen ere.

Otomandarren armadaren zatirik handiena Urrezko Adarretik hegoaldera kanpatu zen. Alde batetik, Karadja_Pasha buruzagi zeukaten Europako tropa erregularrak harresien luzera osoan zehar kokatu ziren. Beste alde batetik, Ishak Pashak gidatzen zituen Anatoliako tropa erregularrak Lycus ibaitik Marmarako itsasoraino kokatu ziren. Mehmedek berak haren denda urre eta gorrixka ezarri zuen Mesoteichionetik gertu; bertan, Janizarien, hau da, elite erregimentuen kanoiak zeutzan. Bashi-bazoukak lehenengo lerroaren atzeko aldean sakabanatuta ziren. Zagan Pashak gidatzen zituen beste indar batzuk Urrezko Adarretik iparralderantz kokatu zituzten. Komunikazioak Adarraren buruko zingiren gainean eraiki zuten errepide baten bidez mantentzen zuten.

Bizantziarren antolaketak eta estrategiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiriak 20 km. luzerako harresiak zituen ( 5,5 km. Teodosiar Harresietan; 7 km. Urrezko Adarreko harresian; 7,5 km. Marmara Itsasoko harresietan); garai haietako harresi sistemarik indartsuenetako bat hain zuzen ere. Harresiak konpondu berriak ziren (Jon VIII.ren agintaldian) eta sasoi onean zeuden. Horrek mendebaldarrek laguntza bidali arte eutsi ahal izango ziotela sinestarazi zituen defendatzaileak. Are gehiago, itsas-armada indartsu samarra zeukaten; 26 itsasontzi guztira: 5 Genoar; 5 Veneziar; 3 Kreta Veneziar; Anconako 1; Aragoiko 1; Frantziako 1 eta 10 bat bizantziar.

Apirilaren 5rako sultana bere azken tropekin heldu zen eta defendatzaileek euren azken posizioak hartu zituzten. defendatzaile gutxiegi zirenez harresi guztien luzaeran hedatzeko, kanpokoak baino ez gordetzea erabaki zen. Konstantinok eta grekoek Mesoteichion gordeko zuten, hau da, harresien erdiko zatia, bertan Lycus ibaiak hormak zeharkatzen baitzituen. Uste zutenaren arabera zati hori tokirik ahulena zen eta, beraz, erasoa hortik etorriko zelakoan zeuden. Giustiniani, enperadorearen iparralderago jarri zen, Myriandrionen (Charisiako ateetan). Geroago, setioak aurrera egin zuenean Mesoteichionera mugitu zen Konstantinorekin elkartzeko, Myriandrion Bocchiardi anaien zaintzapean uzten zuelarik. Minotto eta bere veneziarrak Blachernae jauregian jarri ziren, Teodoro Caristo, Langasco anaiak eta Chioseko Leonardo artzapezpikuarekin batera. Enperadorearen ezkerretara, hegoalderago, bi komandante jarri ziren Pegae ateak gordetzeko: Cataneo, genoar soldaduekin eta Theophilus Paleologus grekoekin.

Otomandar Inperioaren sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Laugarren Gurutzadaren aurretik ere, Bizantziar Inperioa mende batzuk lehenagotik lurraldeak galtzen ari zen Afrika eta Ekialde Ertainean herri eta estatu musulmanen bultzadaren ondorioz. XI. mendearen hasieran Asia Erdialdetik zetorren eta gaur egun Ekialde Ertaina denaren zati handi batean agintzen zuen tribu turkiar batek, seljukarrak erasotzen eta Anatolian lurralde bizantziarrak konkistatzen hasi zen. XIII. mendearen amaieran seljukarrek jada Anatoliako ia hiri bizantziar guztiak hartu zituzten, penintsularen ipar-mendebaldeko hiri bakan batzuk izan ezik.

Garai hartan, Kayitarrek, beste klan erdi-nomada turkiar bat zena, Persiako ipar-ekialdeko Khorasanetik mendebaldera joan zen, eta, seljukarren alde eginez Anatolian Mongoliar Inperioaren aurka gertatu zen gudu batean, turkiar garaipena erabaki zuen. Ala al-Din Kay Qubadh I.a seljukar sultanak, esker on bezala, bere liderra zen Ertuğruli inperioaren ipar-mendebaldean zegoen lurralde menditsu bat eman zion Söğüt izeneko lurralde bizantziarretik gertu. Seljukar estatua, handik gutxira, seljukar eta mongoliar botereak onartzen ez zituzten emirerri txikietan banatzen hasi zen. Emirerri hauetako bat, seljukarrei lagundu zien turkiar klanarena, Osman I.a Gazi (Ertuğrulen semea zena eta otomandar edo Osmanliar Dinastiari izena emango ziona) deituriko lider baten agintepean beranduago Otomandar Inperioaren jatorrizko sorgunea izango zena.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   Runciman, Steven (1965), The Fall of Constantinople, 1453, Cambridge: Cambridge University Press, 85. orrialdea, ISBN 0-5213-9832-0 .
  2. a b Nicolle, David. Constantinople 1453: The end of Byzantium. Oxford: Osprey Publishing, 2000, 45. orr.
  3.   Norwich, John Julius (1997), A Short History of Byzantium, New York: Vintage Books .
  4.   Mesut Uyar & Edward J. Erickson (2009), A military history of the Ottomans: from Osman to Atatürk, 37. orrialdea .
  5. George Sphrantzes. The Fall of the Byzantine Empire: A Chronicle by George Sphrantzes 1401-1477. University of Massachusetts Press, 1980. ISBN 978-0-87023-290-9.
  6.   Crowley, Roger (2006), Constantinople: The Last Great Siege, 1453, Faber, ISBN 0-571-22185-8 .
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Konstantinoplaren erorialdia Aldatu lotura Wikidatan