Kontinente-ertz egonkor

Wikipedia, Entziklopedia askea

Lurrazal kontinentalaren eta lurrazal ozeanikoaren arteko trantsizioa tektonikoki aktibitate adierazgarrik gabeko eremuetan sortzen denenan kontinente-ertz egonkorra deritzo. Hauen garapena jatorrian rift kontinentalekin loturik dago, eta ondoren rift-ak aurrera jarraitu ahala ozeano-litosfera inguratuz kokatuko dira. Arroka bolkanikoen kantitatearen agerpenaren arabera ertz egonkorrak bi multzotan sailkatu daitezke: dibergentzia motela denean sortutako ertz egonkor ez-bolkanikoak eta dibergentzia azkarrekoak, luma gorakorren eraginpean daudenak eta produkzio magmatiko izugarriekin lotuta daudenak, ertz egonkor-bolkanikoak[1].

Ertz egonkor-bolkaniko eta ez-bolkanikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontinente-ertz egonkor ez-bolkaniko baten egitura simplifikatua. Zenbait eremu bereiztu daitezke izaera geometriko zein sedimentarioak dituztenak: kontinente-plataforma, kontinente-ezponda eta kontinente-glazisa. Barne egiturari dagokionez bereizgarriak dira rift garaiko faila normalen sistema konplexuak; hauen gainetik rift osteko eta rift garaiko sedimentuak aurkitu daitezke estalki sedimentarioa osatuz. Ez dago eskalan

Rift-etako irekiera azkarra puntu zehatz batzuetan kokatutako luma gorakorren arteko erlazioaren bidez gertatzen da; egoera honetan astenosferaren igoera azkarrak partzialki urtutako arroken masa handien deskonpresio isotermikoaren eraginez magma kopuru izugarriak garatuko dira, ondoren dentsitate diferentziagatik arrakalen zein sumendien bitartez lurrazalera igotzeko joera erakutsiko dutenak. Prozesu bolkaniko ugari hauen eraginez, kontinente-lurrazalaren eta ozeano-lurrazalaren artean bitarteko lurrazala definitu daiteke; rifting garaian sortutakoa da eta basaltoz eta gabroz osatuta egoten da. Material horiek plakaren azpitik abiatu eta azalean bata bestearen gainean pilatutako basalto-koladak sortzen dituzte. Batez ere arroka bolkanikoz osatutako mota horretako sekuentziei geofisikan SDRS-ak (Seaward Dipping Reflector Sequence) deritze. Ertz egonkor-bolkanikoen beste ezaugarri bat, sortzerako orduan astenosferaren igoerarengatik sortutako beroak subsidentzia ahula jasatea eragiten du eta hozten doan bitartean subsidentzia termiko handia pairatuko dute, honek batez ere sedimentuen ordenean eragina izango du. Ez-bolkanikoen kasuan rift-etako edo ozeano-gandorretako zabalkuntza geldoa izaten da, tenperatura normala duen astenosferaren gainetik sortzen denean, beraz, baldintza horietan astenosferak deskonpresio motela jasaten du eta magmarik apenas garatzen da[1].

Ertz egonkor-bolkaniko baten ebaki simplifikatua. Ertz ez-bolkanikoen moduan: kontinente-plataforma, kontinente-ezponda eta kontinente-glazisaren banaketa jarraitzen du; hala ere basalto-koladen presentziak eragina izan dezake hauen dimentsioetan eta sedimentuen kokatzeko moduan. Ez dago eskalan
Kontinente-ertz egokorren sorrera erakusten duten errepresentazioak. Ertz-bolkanikoen garapena ez-bolkanikoenaren antzekoa da, desberdintasun nagusia batean magma kopuru izugarriak garatzen direla eta bestean ez. 1) Rifta-ren sorrera, lurrazal kontienetala mehetzen hasten da, faila normalen garapenaren bidez. 2) Gandor ozeanikoa sortu baino lehenagoko transtsizioa. Estalki sedimentarioak faila normalak estali dituzte. 3) Transtsizioa bukatuta ozeanoaren zabaltzea hasten da. Estalki sedimentarioen progradaketa. Faila normalen desaktibapena.

Ertz egonkor ez-bolkanikoetan zein bolkanikoetan ezaugarri geometriko zein sedimentario oso desberdinak dituzten eremuak bereizten dira. Kosta-lerrotik murgilduz aurkitzen den lehenengo eremua kontinente-plataforma da. Bataz beste 70-80 kilometrotako zabalera eta 0-150 metrotako sakonera dauka, malda 0°07 ingurukoa da, hala ere ozeanoaren zabalkuntzak aurrera egin ahala handituz joaten da, hots, sistema sedimentarioek progradatu egingo dute[1]. Eremu hauetan gehienbat harea zein legar tamainako sedimentu detritikoak zein karbonatozko sedimentuak metatu daitezke, itsaso-aldera joan ahala hauen tamaina fintzen joango direnak[2]. Azpiko muga bapateko malda-aldaketa batek adierazten du. Malda aldaketa eta gero kontinente-ezponda bezala ezagutzen den eremua aurkitzen da, 200 metroko sakoneratik 4 kilometrotaraino hondoratzen da, bataz besteko 3°-ko malda izanda. Geomorfologikoki kontinente-ezponda ez da eremu laua, baizik eta morfologia irregularra izaten du, itsaspeko arroilez zeharkatuta baitago[1]. Zonalde hauetan harea edota basa tamainako sedimentu zein karbonato finak metatzea ohizkoa da, baita aldaparengatik ezegonkortasun grabitazionalak egotea eta labainketek, slump-ak edota debris flow-ak metatzea, ingurukoak baino sedimentu larriagoak direnak[2]. Azkenik kontinente ezpondaren azpian oso okerdura txikiko eremua aurkitzen da, kontinente-glazisa, 5 kilometrotaraino luzatzen dena[1]. Eremu honetan basa tamainako partikula finak, gehienbat karbonatozkoak eta noizbehinkako hare finak metatzea normala izaten da[2].

Ertz egonkorretako estalki sedimentarioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ertz egonkorren sedimentu geruzak ertzaren sorrerarekiko duten adin-erlazioaren arabera hiru multzo nagusitan banatu daitezke. Rift aurreko sedimentuak edo prerift sediementuak, estentsioa gertatzen hasi aurretik metatutako sedimentuak dira, estentsioa hasita lodiera konstante mantenduko dute, nahiz eta gero faila normalengatik asko deformatu. Rift garaiko sedimentuak eso sinrift sedimentuak, estensioa aktiboa den bitartean pilatutako sedimentuak; hauek bereizgarriak dira estentsioa garatu bitartean faila normalen bitartez sortzen diren hutsuneak estaltzen dituztelako, beraz ez dute lodiera konstanterik. Eta azkenik, rift osteko sedimentuak edo postrift sedimentuak, kontinenete ertza egonkortzen doan bitartean, geruza sedimentario geroz eta leunagoak metatuko dira, hauek maldan beherako forma jarraituz eta gutxien deformatuenak izanda[1]. Aipatzekoa ere sinrift eta postrift sedimentuen arteko etengune estratigrafiko baten presentzia, ozeanoaren zabaltzerako trantsizioan kontinentearen apurtzeak bapateko goratzea eragiten duenez gero. Ertz egonkorrak ozeanoetako arro sedimentario inportanteenak izanik, aintzinako itsas-mailaren aldaketa erlatiboen erregistro zuzenak dira, hau da, sekuentzia depozizionalen metaketa guneak izanik. Transgresio garaietan, ohikoa da lehorraldeko materia organikoaren pilaketa handiak gauzatzea; hauen oxidazio ezak eta metaketak gaur egungo hidrokarburoen iturri nagusi diren arrokak sorraraziz[2].

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f Apraiz Atutxa, Arturo, 1967-. (2005). Plaka-tektonika : lurraren funtzionamendua ulertzeko teoria. Udako Euskal Unibertsitatea ISBN 8484380750. PMC 433323972. (Noiz kontsultatua: 2019-05-05).
  2. a b c d Nichols, Gary.. Sedimentology and stratigraphy. (Second edition. argitaraldia) ISBN 9781405135924. PMC 259754358. (Noiz kontsultatua: 2019-05-05).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]