Kontsonante sudurkari

Wikipedia, Entziklopedia askea

Kontsonante sudurkaria sudurkaritasun bereizgarria ahosmolde bezala duen kontsonante bat da, hots, kontsonante hauen airea moldatzen duen mugimenduak sudurretik ateratzera bideratzen du. Sudurkari bat ebakitzean, airea sudurretik aske ateratzen da. Sudurkarien barnean bi talde nagusi berezi daitezke: bokalak eta kontsonanteak.

Herskari sudurkari bat ahozkatzean airea sudurretik bakarrik irteten da, ezpainek edo mihiak airearen pasabidea ahoan eragozten dute. Bestalde, euskarazko sudurkari guztiak ahostunak dira. Akustikoki, sudurkarien maiztasun banda 200 eta 2000 Hz artean kokatzen da.

Munduko hizkuntzetan ager daitezkeen kontsonante sudurkari[1] ezberdinak hurrengoak dira:

Ahostun Ahoskabe
Deskribapena NAF Deskribapena NAF
sudurkari biezpainkari ahostuna [m] sudurkari biezpainkari ahoskabea [m̥]
sudurkari ezpain-horzkari ahostuna [ɱ] sudurkari ezpain-horzkari ahoskabea [ɱ̊]
sudurkari horzkari ahostuna [n̪] sudurkari horzkari ahoskabea [n̪̊]
sudurkari hobikari ahostuna [n] sudurkari hobikari ahoskabea [n̥]
sudurkari erretroflexu ahostuna [ɳ] sudurkari erretroflexu ahoskabea [ɳ̊]
sudurkari sabaikari ahostuna [ɲ] sudurkari sabaikari ahoskabea [ɲ̊]
sudurkari belar ahostuna [ŋ] sudurkari belar ahoskabea [ŋ̊]
sudurkari ubular ahostuna [ɴ] sudurkari ubular ahoskabea [ɴ̥]

Euskaraz[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskaraz, hiru kontsonante sudurkari badira, <n>; <m> eta <ñ> idatziak.[2] Nazioarteko Alfabeto Fonetikoan <n> /n/-rekin adierazia da, <m> /m/-rekin; eta <ñ> /ɲ/-rekin.  Euskarako hitz anitzek hots horiek badituzte, eman ditzagun, jan /ʝan/; eman /eman/ eta Beñat /beɲat/. Bestalde, erran dezakegu /n/ eta /m/ sudurkariak aski orokorrak direla munduko hizkuntzetan,[3] hizkuntz anitzetan atzematen dira ahosmolde horiek (ingelesean, esaterako). /ɲ/ hizkuntza gutxiagotan atzematen da, baina ez da arraroa ere: gaztelanian edo frantsesean aurkitzen dugu, esaterako.

  • /m/ sudurkari biezpainkaria da. Hitzen hastapenean (adibidez, mahaia) edo bokalen artean (adibidez, amona) atzeman daiteke, beti ahostuna dela. Euskaraz, /m/ ez da hitz amaieran agertzen.
  • /n/ sudurkari hobikaria da. Hitzen hastapenean (adibidez, nahasi), bukaeran (adibidez, eman) edota bokalen artean (adibidez, anafora) atzeman daiteke, beti ahostuna dela.
  • /ɲ/ sudurkari sabaikaria da. Euskalkiaren arabera, ez dakigu beti zehazki fonema bat den. Testuinguru zenbaitetan sabaikaritze afektiboa adierazteko baliatua da, hau da, efektu ttipigarria du (adibidez, ñimiño). Alta, /ɲ/-k ez du halabeharrez balio hau beste hizkuntzetan.


Kontsonante sudurkariak entzuteko ikus euskararen hotsak.

Silaba egitura eta murriztapen fonologikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Silaba koda hitzaren barnean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • andre [ãn̪d̪ɾe]
  • anka [ãŋka]

Silaba koda hitzaren bukaeran[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Sudurkari bakarra: gizon, eman
  • /n/ + afrikatua: antz, mendirantz
  • /n/ + herskaria: galant, hunk

Silaba topaketa murriztapenak (ahal direnak)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Sudurkaria + herskaria: kanpo, landa
  • Sudurkaria + afrikatua: entzun, intxaur
  • /ɾ/ + sudurkaria: erne, barne

Silaba topaketa murriztapenak (ezin direnak)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Sudurkari taldeak: **nn, **mm, **nm
  • Sudurkaria + urkaria: **nl, **nr
  • Albokaria + sudurkaria: **ln, **llm

Euskalkiak eta historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Batzuetan, /n/ → /ɲ/ bilaka daiteke, sabaikaritze deitzen den asimilazio baten bidez, (adibidez, nor eta iñor hitzak, i aurrizkia gehitzen baldin badugu, /n/ → /ɲ/ bihurtzen da, hau da, inor > iñor. Hori pasatzen da mendebaldeko euskalkietan (Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan), /i/ /n/ aurretik agertzen denean.

Lapurdi edo Baxe-Nafarroan, ez da sabaikaritzerik, aurkakoa baizik, desabaikaritzea, alegia. Mainu izena hartzen baldin badugu, /mainu/ erraten da, sabaikaritzerik gabe. <ñ> /ɲ/ efekto ttipigarria lortzeko baizik ez da baliatua, eman dezagun <andereño> /andereɲo/.

Zuberoan /n/ eta /ɲ/ arteako oposaketa /h/ hasperenaren aurretik ere mantendua da. Adibide bezala, eman ditzagun unhétsi eta uñhú. Hizkera zenbaitetan, /n/ eta /ɲ/ arteko oposaketa hitz bukaeran aurki daiteke, baina ez guztietan.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Euskalterm: [Hiztegi terminologikoa] [2002]
  2. Hualde, José Ignacio. (2003). A grammar of basque. .
  3. Michelena, Luis. (1977). Fonetica historica vasca. Gipuzkoako Foru Aldundia.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]