Kontzientzia-askatasuna

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Kontzientzia askatasunerako eskubidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Konstituzioak ez du kontzientzia askatasuna jasotzen oinarrizko eskubideen artean, baina Espainiako estatuko ordenamenduaren arabera oinarrizko eskubidetzat hartu behar dugu: pertsona batek dituen uste sendoak biltzen ditu.

Era berean, ezberdindu behar ditugu kontzientzia askatasunerako eskubidea eta kontzientzia eragozpena. Kontzientzia eragozpena dagoela esango dugu, pertsona baten barne usteen eta estatuko legeen arteko gatazka dagoenean. Pertsona horrek  estatuko legedia jarraitzen badu, bere barne usteen kontra egingo du eta horrek zigor espirituala ekarriko dio. Beraz, esan daiteke kontzientzia eragozpena alegatuko duela pertsona batek bere barne usteei jarraitzen dienean eta albo batera uzten duenean estatuko arauren bat.

Subjektuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Pertsona fisikoak: pertsona guztiek daukaten eskubidea da kontzientzia askatasuna. Berdin du pertsona horren nazionalitatea zein den edo beraren egoera juridikoa, pertsona izateagatik daukan eskubide batez ari gara hitz egiten. Eskubide honen egikaritza modulatzen joan da; izan ere, eskubidearen egikaritzan zailtasunak aurkitu ditzakegu, baina orokorrean esan daiteke eskubide honen muga dela debekatuta dauden gauzak ez egitea. Kontzientzia askatasunerako eskubidea, gizabanakoentzat zuzenduta egoteaz gain, komunitateei ere aitortzen zaie (gizabanakoek osatutako taldeei, alegia). Beraz, esan daiteke bi alderdi dituela: indibiduala eta kolektiboa. Alderdi indibidualaren eta kolektiboaren arteko tentsio egoeraren bat sortzen denean, kontuan izan behar dugu beti norbanakoaren eskubideak gailenduko direla taldearen eskubideen gainetik.
  • Pertsona juridikoak: pertsona juridikoek ere (hau da, hainbat pertsonak helburu zehatz bat lortzeko osatzen duten elkarteek) kontzientzia askatasunerako eskubidea dute. Zuzenbideak duen xedeetariko bat kontzientziaren eta ordenamenduaren arteko kontraesanak gutxitzea da; horrela, norbanakoei askatasun eremu handiena bermatu ahalko zaie, betiere gainontzekoen eskubide eta askatasunen egikaritzarekin bateragarria bada.

Kontzientzia askatasunaren ibilbidea historian zehar eta erlijioarekin duen harremana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historikoki, kontzientzia askatasuna eta erlijioa batera joan dira; izan ere, erlijioak herritarrei moral erlijiosoa inposatu die eta inposizio hori gizabanako batek dituen barne usteekin erabat lotuta dago. Honako eredu hauek bereiz daitezke:

  • Estatu monistak: ideologia bakarreko estatuak dira eta horrek esan nahi du estatuarena ez den beste edozein ideologia baztertu egiten dela. Gailentzen den ideologia hau herritar guztiei inposatzen zaie eta beste ideologiak modu txarrean baloratzen ditu estatuak.
  • Estatu pluralistak: estatu mota hauetan ez dago ideologia ofizial baztertzailerik. Estatu hauetan eremu publiko eta pribatua bereizten dira; hots, arlo sekularra eta erlijiosoa. Elkarte-eskubidea herritarren oinarrizko eskubidea da eta ez da eskatzen talde hauen helburua bat etortzea Estatuaren helburuekin. Estatu mota hauetan ezarriko den muga bakarra ordenamendu juridikoa errespetatzea izango da.

Kontzientzia askatasunaren iturri juridikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiako Konstituzioa:[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Konstituzioa ordenamendu juridiko baten arau gorena da eta horregatik, hain zuzen ere, subsistemek ezin dute beraren aurka egin, ezta kontzientzia askatasunerako eskubideak ere. 1978ko Konstituziotik honako artikulu hauek aipatu behar ditugu kontzientzia askatasunari buruz hitz egiten denean:

1.1. artikulua[1]

« Espainia zuzenbide-estatu sozial eta demokratiko gisa eratzen da, bere ordenamendu juridikoaren balio gorentzat hartzen dituelarik askatasuna, justizia, berdintasuna eta pluralismo politikoa”. Artikulu honetatik kontzientzia askatasunarekin zerikusi zuzena duten printzipioak honako hauek dira: zuzenbidezko estatu sozial eta demokratikoa dela. »


9.2. artikulua[2]

« Botere publikoen egitekoa da bideak jartzea norbanakoen nahiz taldeen askatasuna eta berdintasuna bene-benetakoak izan daitezen; askatasun eta berdintasun xede hori galarazten edo osotara garatzea zailtzen duten oztopoak kentzea, eta herritar guztiei aukera egokia ematea bizitza politiko, ekonomiko, kultural eta sozialean parte hartzeko »


14.artikulua[3]:

« Espainiarrak berdinak dira legearen aurrean; debeku da, bada, inolako diskriminaziorik egitea jaiotza, arraza, sexua, erlijioa, pentsamoldea edo beste edozein tasun edo inguruabar pertsonal edo sozial dela eta »


16.artikulua[4]:

« 1. Bermatzen da gizabanakoen eta komunitateen ideologia-, erlijio- eta kultu-askatasuna; muga bakarra, haien agerbideetan, legez babestutako ordena publikoa gordetzeak eskatzen duena izango da. 2. Inor ezin behartuko da bere ideologiari, erlijioari edo sinesmenei buruz deklaratzera. 3. Estatuak ez du bere egingo ezein erlijio. Botere publikoek kontuan hartuko dituzte Espainiako gizartearen erlijio-sinesmenak, eta araberako lankidetza-harremanak izango dituzte Eliza Katolikoarekin eta gainerako erlijioekin »


Iturri eratorriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lege arruntak eta organikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lege hauen arteko ezberdintasun nagusia da haien onarpenerako behar den zenbatekoa; izan ere, lege arruntak gehiengo sinplez onartzen dira, eta organikoak, aldiz, gehiengo absolutuz.

Konstituzioko 81. artikuluak[5] aurreikusten du oinarrizko eskubideren batekin zerikusia duten gaiak lege organiko bidez arautu behar direla. Horiek horrela, kontzientzia askatasunerako eskubidea lege organiko baten bitartez arautu behar da.

Oinarrizko araudia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gai zehatz batzuk erregulatzeko eskumena estatuarena bada ere, Konstituzioak ahalbidetzen du gai hauen garapena autonomia erkidegoena izatea. Horren xedea da baldintza komun batzuk ezartzea estatu mailan, baina autonomia erkidego bakoitzean berezitasunak ezartzea ahalbidetzea, betiere estatu mailan ezarritako mugak gainditu gabe.

Legedi autonomikoa eta tokikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gorago esan dugun bezala, estatuak baditu gai zehatz batzuk arautzeko ahalmen esklusiboa, zehazkiago Konstituzioak 149.1.[6] artikuluan aurreikusten dituenak. Gainontzeko gai guztiak esklusibotasunez arautzeko ahalmena autonomia erkidegoei dagokie baldin eta 148.1[7] artikuluko gaiez ari bagara.

Esandakoa kontuan hartuta, autonomia erkidegoei honako gai hauek arautzeko eskumena aitortzen zaie kontzientzia askatasunari dagokionez:

a)Esklusiboak: autonomia erkidego horrentzat interesa eduki ditzaketen museo, biblioteka eta musika kontserbatorioak.

b)Garatzekoak: hezkuntza, kultura, prentsa, irrati, telebista, osasuna, gizarte segurantza eta asistentzia soziala.

c)Gainontzeko gaiek soilik exekuziorako aukera dute, ez garapenerako.

Askotan gertatzen da tokiko legedia bigarren maila batean uzten dela arlo juridikoan, hainbesteko garrantzirik ez duela pentsatzen delako; baina kontzientzia askatasunari dagokionez garrantzi itzela du. Honen adibide garbia da udaletxeek, ordenantzen bitartez zehaztu dezaketela, besteak beste, gurtzeko leku baten irekiera (abd. mezkita baten irekiera onartu).

Konfesioen eskubideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Konstituzioko 16.3.[8] artikuluan xedatzen da estatuak ez duela bere egingo ezein erlijio, baina botere publikoek kontuan hartuko dituzte Espainiako gizartearen erlijio-sinismenak, eta araberako lankidetza harremanak izango dituzte Eliza Katolikoarekin eta gainerako erlijioekin. Honen guztiaren ondorio dira bi hitzarmen: alde batetik 1979koa Eliza Katolikoarekin sinatutakoa, eta bestetik, 1992. urtean eliza protestantearekin, judutarrekin eta islamiarrekin sinatutakoa.

Europar Batasuneko eskubideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iturrien atala amaitzeko, Europako legediari begiratu behar diogu. Honako hitzarmen hauek kontuan izan behar dira kontzientzia askatasunari begira:

a) Lisboako Hitzarmena. Hitzarmen honek bere bigarren artikuluan xedatzen du Europar Batasunak dituen helburuen artean kokatzen direla askatasuna, tolerantzia, aniztasuna eta berdintasuna.

b) Oinarrizko Eskubideen Gutuna. Hitzarmen honetatik bi artikulu kontuan izan behar dira: 10 (pentsamendu-,kontzientzia- eta erlijio askatasuna izateko eskubideari buruzkoa) eta 52.3 (eskubideen eta printzipioen irispidea eta interpretazioari buruzkoa).

10. artikulu[9]a:

« 1. Pertsona orok du pentsamendu-askatasuna, kontzientzia-askatasuna eta erlijio askatasuna izateko eskubidea. Eskubide horrek norbere erlijioa edo sinesteak aldatzeko eskubidea dakar, baita bakoitzak, bakarka nahiz taldean, publikoan nahiz pribatuan, kultuaren bidez, irakaskuntzaren bidez, jarduerez eta erritoak betez, bere erlijioa edo sinesteak azaltzeko ere.

2. Kontzientzia-eragozpenerako eskubidea aitortzen da, eskubide hori baliatzeko estatu kide bakoitzean dauden legeen arabera.

»


52.3 artikulua[10]:

« Gutun honetan jasotako eskubideek, Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmenean bermatutakoak diren heinean, hitzarmen horrek emandako izaera eta irispidea izango dituzte. Xedapen hori ez da eragozpen Batasunaren Zuzenbideak babes handiagoa eman ahal izateko »


Europar Batasunaren funtzionamenduari buruzko hitzarmena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hitzarmen honetatik kontzientzia askatasunarekin zerikusia duen artikulua 17. artikulua da, baina artikulu honen interpretazioa egiterakoan kontuan izan behar dugu Europar Batasuneko Hitzarmeneko 11.2. artikulua, zeinak esaten digun instituzioek modu ohiko eta gardenean jarri behar direla harremanetan gizarte zibilarekin eta ordezkari gehien dituzten elkarteekin.

17.artikulua[11]

« 1. Batasunak errespetatu egingo du, eta ez du baldintzapean jarriko, estatu kideek, bakoitzak bere barne-zuzenbidearen arabera, elizei eta erlijio-elkarte edo -komunitateei aitortzen dieten estatutua.

2. Era berean, Batasunak errespetatu egingo du estatu kideek, barne-zuzenbidearen arabera, erakunde filosofikoei eta konfesionalak ez diren erakundeei aitortutako estatutua.

3. Beren nortasuna eta berariazko ekarpenak aitortuta, Batasunak eliza eta erakunde horiekin elkarrizketa irekia eta gardena izango du aldiro-aldiro

»


Kontzientzia eragozpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esan bezala, kontzientzia askatasuna oinarrizko eskubide garrantzitsuenetariko bat da, ordenamendu juridikoa osatzen dutenen artean (bizitzarako, osotasun fisiko eta moralerako eskubideen ondoren). Izan ere, nahi dugun modukoak izateko eta nahi dugun moduan jarduteko eskubideak dakartza.

Zuzenbidearen helburuetariko bat da kontzientziaren eta ordenamendu juridikoaren artean sor daitezkeen kontraesanak ekiditea, gizabanakoei askatasun handiena bermatzeko eta norberak bere uste sendoen arabera jokatzeko. Hala ere, hau burutzea posiblea izango da, beste eskubide eta askatasunen egikaritzea errespetatuz gero.

Behin jakinda zer den kontzientzia askatasuna, kontzientzia eragozpena agertzen zaigu. Kontzientzia eragozpena gizabanako baten uste sendoen kontra doan legearen aurrean hartzen den jarrera dela esan dezakegu. Jarrera horrekin ez da araua beteko. Ezbetetzea betebehar moralaren eta juridikoaren arteko kontraesanean oinarritzen da. Eragozpena hainbat motatako usteetan oinarritu daiteke, hala nola: filosofikoak, erlijiosoak, moralak, politikoak edo humanitarioak.

Kontzientzia askatasunak gure uste sendoen arabera jarduteko eskubidea barnebiltzen duen heinean, batzuetan kontraesanak sor daitezke. Dakigun bezala, ordenamendu juridikoan hainbat arau jasotzen dira. Arau horiek debekuak edo betebeharrak ezartzen dituzte, zeinak derrigorrezkoak diren gizartearentzat. Askotan, arau juridiko hauek gizabanakoen uste sendoen aurka joan daitezke. Horiek horrela, hor agertzen zaigu arau juridikoaren eta kontzientzia arauaren arteko gatazka.  Halaber, arauak derrigorrezkotzat hartzen duena gizabanakoaren kontzientzian debekatuta egon daiteke, gizabanakoaren uste sendoen kontra doalako. Egoera honen aurrean gizabanakoak aukera desberdinak ditu eta hartzen duen aukeraren arabera kontzientzia eragozpena egikaritu duela esango dugu edo ez.

Alde batetik, secundum legem deritzogun kontzientzia eragozpena dugu. Secundum legem eragozpena gertatzen denean ez da gertatuko kontzientzia eragozpena zentzu hertsian, baina bai, ordea zentzu zabalean. Askotan, betebeharra edo debekua ezartzen duen arau juridikoak alternatibak edo salbuespenak aurreikus ditzake. Aukera horiek aurreikusten dira arau juridikoaren eta kontzientziaren arteko gatazka frogatzen den kasurako. Esan bezala, alternatibak edo salbuespenak aurreikus daitezke, baina salbuespenei dagokienez, espresuki edo zeharka ezar daitezke. Kasu honetan, arau juridikoak gure kontzientzia-askatasuna legezkotasunaren barruan egikaritzeko aukera aitortzen digu, eta, azaldu dugunez, ez legoke kontzientzia eragozpenik zentzu hertsian.

Bestetik, contra legem kontzientzia eragozpena dugu. Azken hori bi egoeratan gertatuko da,  legeak alternatibarik edo salbuespenik aurreikusten ez duenean edo, aukerak izanda ere, hauek gure uste sendoak babesteko nahiko ez direnean. Kasu horretan gizabanakoak bi aukera izango ditu:

  1. Betebeharra edo debekua ezartzen duen arau juridikoa betetzea, bere kontzientziaren kontra doan arren.
  1. Betebeharra edo debekua ezartzen duen arau juridikoa ez betetzea, bere uste sendoak babestuz.

Berebat, gizabanakoak arau juridikoa ez betetzean bere kontzientziari lehentasuna emanda, kontzientzia eragozpena gertatuko da zentzu hertsian, contra legem deritzoguna.

Kontzientzia eragozpena Espainiako ordenamenduan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontzientzia eragozpena Espainiako Konstituzioaren 30. artikuluan jasotzen da, betebehar militarrekin batera, Konstituzioko bigarren sailean, herritarren eskubide eta betebeharretan.

30. artikulua:[12]

« 1. Espainiarrek Espainia defendatzeko eskubidea eta betebeharra dute.

2. Legeak finkatuko ditu espainiarren betebehar militarrak eta, behar beste bermeekin, kontzientzia eragozpena eta nahitaezko soldadutzatik libre geratzeko gainerako arrazoiak arautuko ditu eta, hori erabakiz gero, ordezko gizarte-zerbitzua ezar lezake.

3. Zerbitzu zibil bat ezarri ahal izango du interes orokorren helburuak lortu ahal izateko.

4. Hiritargoaren betebeharrak legearen bidez erregula daitezke, bai arrisku larrian, bai katastrofe edo lazeria publikoan.

»


Konstituzioaren 30.2 artikuluan agertzen zaigu kontzientzia eragozpena. Beraz, indarkeriaren kontra zegoen edozein arrazoi erlijioso, ideologiko, etiko, moral edo filosofikorengatik, zentzu zabal batean ulertuta, soldaduzka ez egiteko aukera aurreikusten da. Hala ere, soldaduzka ez egitea aukeratuz gero, beste aukera bat ezartzen zen: gizarte-zerbitzua egitea. Konstituzio Auzitegiak 160/1987 urriaren 27ko epaian[13] eta 161/1987 urriaren 27ko epaian[14], konstituziozkotzat hartu zuen erabaki hori. Kontzientzia eragozpena soldadutzaren salbuespen bat zela adierazi zuen eta zentzu horretan baliozkoa zela beste prestazio bat eskatzea.

Gaur egun, ez dago betebehar militarra ez egiteko kontzientzia eragozpena; izan ere, 2001eko abenduaren 31tik aurrera Espainian armada profesionala baino ez dago. Ondorioz, Gobernuak soldadutza eta ordezko gizarte-prestazioa ezabatu zituen.

Halaber, Konstituzio Auzitegiaren jurisprudentziak adierazi duenez, Espainiako ordenamendu juridikoan ez dago kontzientzia eragozpenerako eskubidearen airtorpen orokorrik, baizik eta kasu zehatzetan bakarrik.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.    .
  2.    .
  3.    .
  4.    .
  5.    .
  6.    .
  7.    .
  8.    .
  9.    .
  10.    .
  11.    .
  12.   «Constitución Española, 1978» Noticias Jurídicas . Noiz kontsultatua: 2018-11-26 .
  13.   «Sistema HJ - Resolución: SENTENCIA 160/1987» hj.tribunalconstitucional.es . Noiz kontsultatua: 2018-12-10 .
  14.   «Sistema HJ - Resolución: SENTENCIA 161/1987» hj.tribunalconstitucional.es . Noiz kontsultatua: 2018-12-10 .

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • ALONSO GARCÍA, RICADARDO, Sistema jurídico de la Unión Europea, 3º ed., ed. THOMSON-REUTERS, Pamplona 2012, 376. or.
  • ALONSO GARCÍA, RICARDO, Sistema jurídico de la Unión Europea, 396, 397. or.
  • BLAS JESÚS MUÑOZ PRIEGO, La objeción de conciencia, 2. or.