Kristo Portalekoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Kristo Portalekoa. Atzeko planoan, Zubieta jauregirako sarrera.

Kristo Portalekoa Lekeitioko guruztoki errenazentista bat da, Ateako errebalean kokatua.

Oharra: guruztoki hau argitalpen askotan Aitta Pieleko baselizarekin nahasia agertzen da.[1]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Guruztoki hau gurutze zahar bat zegoen lekuan eraiki zuen Kontzejuak,[2] Nicolas del Puertori 1514ean erositako lur sail batean.[3] "Venta de un pedazo de terreno, sito en el

portal viejo de la Villa de Lequeitio, donde se ideaba hacer un Crucifijo, otorgada por Nicolás del Puerto, a favor del concejo de dicha Villa, en la cantidad de 3220 maravedís, por testimonio de Martín de Amezqueta, Escribano numeral de la Villa de Lequeitio, en ella a 12 de Julio de 1514.: “...vendia e dava e dio la tierra que es en el Portal Viejo de la dicha villa, donde al presente se quiere hazer vna crus, para la dicha crus para que se haga en ella e para que qualquier que huviere de hazer la dicha crus se aprobeche della, por presçio e quantia de tres mill e dozientos e veynte maravedis...”.[4] Eraikuntza data zehatza eta harginaren izena ezezagunak badira ere, 1528an egina zela badakigu, gauetan bertan argi-kriseilu bat egoten zelako.[5]

Erdi Aroko dokumentazioan izen hauekin aipatua aurki dezakegu: Humilladero del Crucifijo del Portal; Crucifijo del Portal Viejo; Humilladero de Hatea; Humilladero del Portal Viejo.[6] 1740eko deskribapen anonimoak[7] eta Juan Ramon Iturriza historialariak Santo Cristo de Portalezarra bezala jasotzen dute.[8]

Ohitura izan da bertatik pasatzean gurutzearen seinalea egitea, eta Arropain aldeko hildakoen zerraldoak bere aurrean erakustea.[9] Era berean, ehorzketetan atseden hartzeko leku bezala erabiltzen zen;[10] Santa Maria parrokiako apaizek inguruko elizateetatik zetozen zerraldoei han itxaroten zieten, elizarainoko bidean laguntzeko.[6]

Beti Ateako errebalean egon bada ere, 1914 inguruan lekuz aldatu zen: Mandaska parean egotetik, metro batzuk iparralderago mugitu zen, pasealeku berriaren ertzean.[11]

Eraikina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Guruztoki hau Bizkaian dauden beste batzuen itxurakoa da, Durangaldekoak bereziki; haietako batzuek bezala, lau zutarri faszikulatuk teilatu bat eusten dute. [9] Zutarriok itxura poligonalekoak dira.[12]

Imajineria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bertan dagoen irudiak hilzorian dagoen kristo bat irudikatzen du, itxuraz modelo barrokoetan inspiratutako lan berria.[12]

Kondaira[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lekeition hedatua dagoen kondaira baten arabera, gurutze hau Adan de Yarza familiako kide batek Santa Maria elizako apaizerian eginiko hilketa bat salatzeko eraiki zen; halere, Lekeitioko artxiboan ez dago jasota gertaera honi buruzko daturik. Garai haietan (XVI mendea) herriko jauntxoek toki zehatza izaten zuten mezatan, eta haiek heldu arte ez zen elizkizunik hasten. Kontakizunak dioenez, egun batean, Adan de Yarzako jauna ohi baino gehiago atzeratu zen; eta apaizak, etorriko ez zelakoan, meza hasi zuen. Azkenean ailegatu zen jauntxoa, ordea; eta apaizak meza bera gabe hasi zuela ikusita, bertan hil zuen. Kondaira honen arabera Kristo Portalekoa gertaera hau gaitzesteko eraiki zuen Lekeitioko herriak, haien Zubieta jauregiko atarian bertan.[13]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Ermita del Sto. Cristo de la Piedad» lekitxo.info . Noiz kontsultatua: 2019-04-25.
  2. PLAZA TXOPITEA, Ander. (2018). Lekeitioko kultur eta natur ondareari buruzko eduki-fitxak. Lekeitioko Udala, 148 or..
  3. «Acontecimientos del Siglo XVI» www.lekitxo.info . Noiz kontsultatua: 2019-04-29.
  4. Lekeitioko Udal Artxiboa.- Rº 17, nº 1. (11-07-1514)
  5. Jaione Velilla Iriondo. Arquitectura y Urbanismo en Lekeitio – Siglos XIV al XVIII. Lekeitioko Udal Artxiboa. Rº 42, Fº 84v. 1528. p. 16, nota 47.
  6. a b Iñaki Madariaga Valle.
  7. Rodríguez Herrero, Angel. (D.L. 1970). Descripción sumaria de la villa de Lequeitio (1740) : transcripción, prólogo y notas / por Angel Rodriguez Herrero. Real Sociedad Vascongada de los Amigos del País . Noiz kontsultatua: 2019-05-17.
  8. http://www.euskalmemoriadigitala.eus/handle/10357/1437 287 orrialdea.
  9. a b Lekeitio. Bizkaiko Foru Aldundia Kultura Saila [1992] ISBN 8477520895 PMC 33071155 . Noiz kontsultatua: 2019-04-29.
  10. (Gaztelaniaz) «Lekeitio repara el humilladero de Aita Piedad para preservar su patrimonio» El Correo 2019-03-01 . Noiz kontsultatua: 2019-04-25.
  11. «Acontecimientos del Siglo XX» www.lekitxo.info . Noiz kontsultatua: 2019-04-29.
  12. a b MUÑIZ PETRALANDA, Jesus. (2008). Guía del patrimonio religioso de Lekeitio. Vitoria-Gasteiz: Museo Diocesano de arte Sacro, Ayuntamiento de Lekeitio.
  13. MUGARTEGI, Eider. (2017-XI-17). «Herriko jauntxoari egindako mendekua» Hitza.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]