Kulturen arteko komunikazioa

Wikipedia, Entziklopedia askea

Komunikazio transkulturala edo kulturen arteko komunikazioa, kultura eta talde sozial desberdinen arteko komunikazioa, eta kulturak komunikazio horietan duen eragina aztertzen duen arloa da. Eremu erlijioso, sozial, etniko eta hezitzaile desberdinetako pertsonek osatutako erakunde edo gizarte-testuinguru baten barruan naturaltasunez agertzen diren komunikazio-prozesu eta arazo ugariak deskribatzen ditu, eta antropologia, kultura-azterketa, hizkuntzalaritza, psikologia eta komunikazio-azterketa, bezalako gizarte-zientzietan parte hartzen du.

Bi emakume komunikatzen dira hizkuntzaz harago.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Komunikazio transkulturalak desberdintasun kulturalak dituzten pertsonen arteko aintzatespenean eta errespetuan jartzen du bere fokua. Bere helburuetako bat, bi kultura ezberdin edo gehiagoren arteko egokitzapena da, multikulturalismora eramanez, erabateko asimilaziora beharrean, sentsibilitate kulturalaren garapena sustatuz eta kultura ezberdinen arteko enpatia ulertzea ahalbidetuz.[1] Horretarako, herrialde eta kultura ezberdinetako pertsonek nola jokatzen duten, nola komunikatzen diren eta inguruan duten mundua nola hautematen duten ulertzea ezinbestekoa da.[2]

Komunikazio transkulturalean diharduten pertsona askok argudiatzen dutenez, kulturak erabakitzen du gizabanakoek mezuak nola kodetzen dituzten, mezuak transmititzeko zer baliabide aukeratzen dituzten eta mezu horiek nola interpretatzen diren.[1] Kultura arteko komunikazioak, gizarte-ezaugarrietan, pentsamendu-ereduetan eta pertsona-talde desberdinen kulturetan arretaz jartzeaz gain, beste herrialde batzuetako pertsonen kultura, hizkuntza eta ohiturak ulertzea ere barneratzen du. Zentzu horretan, teoria edo ideia ezberdinak erabiltzen dira, kultura-jatorri desberdineko pertsona-taldeetan aplikatu eta pertsona horiek kultura-aniztasunaren zentzua lortzeko xedearekin. Erabilitako teoriek ikuspegi hobetua ematen diete pertsonei, kultura horien barruko egoeretan pertsonak gutxietsi gabe noiz eta nola jardun behar den jakiteko; halaber, kultura arteko komunikazio-ideien bidez kultura-aniztasuna lortzeko ikuspegia sustatzen dute.

Komunikazio transkulturala, nazioarteko enpresentzako oinarri gisa ere ezagutzen da. Hori dela eta, kulturaz gaindiko zerbitzuen hornitzaile batzuek kulturen arteko komunikazio-trebetasunak garatzen laguntzen dute, ikerketa, garapen horretarako zati garrantzitsua izanik. Horretarako, beharrezkoa da kultura arteko elkar ulertzea, hau da, kultura-desberdintasunak ulertzeko eta baloratzeko gaitasuna izatea. Kulturen arteko elkarreragina errazteko beharrezko tresnen ikasketa, kultura-bizkortasuna gaia da.[3][4] Gaur egun, termino hori gizabanako edo erakunde batek egoera transkulturaletan arrakastaz jardun ahal izateko beharrezkoak diren gaitasunen multzo konplexu bat diseinatzeko erabiltzen da.

Identitatea eta kultura, komunikazioaren diziplinaren barruan ere aztertzen dira, globalizazioak nola eragiten dien pentsatzeko moduei, sinesmenei, balioei eta identitateari kultura-giroen barruan eta haien artean ikusiz. Kultura arteko komunikazioko aztertzaileek ikuspegi dinamikoz ekiten diote teoriari, eta ez dute uste kultura neurgarria denik, ez eta kulturek ezaugarri unibertsalak partekatzen dituztenik ere. Aztertzaileek onartzen dute kultura eta komunikazioa aldatu egiten direla, gizartearen aldaketa eta teoriekin batera, eta gizartearen etengabeko aldaketa eta ñabardurak kontuan hartzekoak direla ere.[5]

Kultura arteko benetako komunikazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Benetako komunikazio transkulturala posible da. 1984an aurkitu eta 1987an berrikusi zen teoria batek azaltzen du egiaren eta ulermena lortzeko asmoaren garrantzia. Gainera, asmo estrategikoa ezkutuan badago, ezin dela benetako kultura arteko komunikaziorik egon adierazten du.[6]

Kultura arteko komunikazioan "misfire" termino moduan ezagutzen den komunikazio txarra egon liteke. Geroago, kultura arteko komunikazioaren hiru geruzako teoria bat sortu zen. Lehenengo maila komunikazio eraginkorra, bigarren maila komunikazio okerra eta hirugarren maila sistemikoki distortsionatutako komunikazioa dira. Zaila da lehen mailara iristea hizlariaren posizio eta egituragatik.[6]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bortxazko kultura-asimilazioa oso ohikoa izan zen XVIII., XIX. eta XX. mendeetako europar inperio kolonialetan. Erlijioa eraldatzeko, haurrak ezabatzeko, jabetza komunitarioa banatzeko eta genero-rolak aldatzeko politika kolonialek Ipar eta Hego Amerikan, Australian, Afrikan eta Asian izan zuten eragina, batez ere. Borondatezko asimilazioa XIV. eta XV. mende amaierako Espainiako Inkisizioaren historiaren zati bat ere izan da, musulman eta judu asko katolizismo erromatarrera bihurtu zirenean, prozedura erlijiosoaren erantzun gisa, jatorrizko jardunbideek isilpean jarraitzen zuten bitartean. Beste adibide bat europarrak Estatu Batuetara joan zirenekoa da.

Bigarren Mundu Gerra amaitu eta deskolonizazio prozesuak hastean aldaketa bat gertatu zen. 1920an Nazioen Elkartea eta 1945ean NBE sortu izanak agerian utzi zuen herrien eta kulturen arteko komunikazioaren beharra. Estatu Batuek, garaiko potentzia hegemoniko gisa, eta gerra hotzaren testuinguruan, interes handia zuten kanpoko eragina finkatzeko. Beraz, kulturen arteko komunikazioa tresna estrategiko garrantzitsua bihurtu zen.

1960ko hamarkadan, Estatu Batuetan, ikerketa-eremu horrek bultzada bikoitza jaso zuen. Bata endogenoa, bere kulturako gutxiengo batzuen aldarrikapenak bultzatua, afro-amerikarren kasuan bezala. Bestea, hasieran exogenoa, Asiako hego-ekialdeko gerretan sortu zen, eta herrialde horietako kulturekin harremanetan jartzeaz gain, Kanbodiako, Laoseko eta Vietnamgo pertsona asko AEBetan babestu ziren. Migrazio-fluxu horiei Latinoamerikako herrialdeetakoak gehitu behar zaizkie. Garai honetan, garapenaren arazoa hirugarren munduan mendebaldeko sistema politiko eta ekonomikoa mekanikoki aplikatuz konpon zitekeela uste zuen ikuspegi etnozentrikoa ere hautsi zen.

1970eko hamarkadan, Estatu Batuetan, kulturarteko komunikazioa diziplina akademiko gisa sendotuz joan zen, eta laster hasi ziren beste herrialde batzuetan arlo horretako ikasketak. Eta pertsonen arteko komunikazio-azterketak bultzatuko dira, masa-komunikazioaren kaltetan. Izan ere, kulturen arteko komunikazioaren definizio askotan pertsonen arteko komunikazioa bakarrik hartzen da kontuan.[7]

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b (Ingelesez) «Intercultural Communication» IDRInstitute (Noiz kontsultatua: 2023-02-10).
  2. (Ingelesez) Lauring, J.. (2011-07-01). «Intercultural Organizational Communication: The Social Organizing of Interaction in International Encounters» Journal of Business Communication 48 (3): 231–255.  doi:10.1177/0021943611406500. ISSN 0021-9436. (Noiz kontsultatua: 2023-02-10).
  3. «3 Tips For Effective Global Communication | Communciation & Design» web.archive.org 2010-04-13 (Noiz kontsultatua: 2023-02-13).
  4. «Intercultural Communication Law and Legal Definition | USLegal, Inc.» definitions.uslegal.com (Noiz kontsultatua: 2023-02-13).
  5. (Ingelesez) Aneas, Maria Assumpta; Paz Sandín, María. (2009-01-28). «Intercultural and Cross-Cultural Communication Research: Some Reflections about Culture and Qualitative Methods» Forum Qualitative Sozialforschung / Forum: Qualitative Social Research Vol 10: No 1 (2009): Qualitative Research on Intercultural Communication.  doi:10.17169/FQS-10.1.1251. (Noiz kontsultatua: 2023-02-13).
  6. a b (Ingelesez) Fox, Christine. (1997-02). «The authenticity of intercultural communication» International Journal of Intercultural Relations 21 (1): 85–103.  doi:10.1016/S0147-1767(96)00012-0. (Noiz kontsultatua: 2023-02-17).
  7. «Wayback Machine» web.archive.org 2016-10-20 (Noiz kontsultatua: 2023-02-13).