Kupula
Kupula edo gopoil[1] bat egitura elementu bat da, gehienetan esfera erdiko itxura duena. Egitura mota dela-eta, gangatzat hartzen da[2].
Garrantzi handiko elementua izan da arkitekturaren historian. Historiaurretik, hainbat materialez egindako arkuak eraiki izan dira Ekialde Hurbilean, kupularen aurrekariak direnak. 64ko Erromako Sute Handiaren ostean, etxeko arkitekturan kupulak eraikitzen hasi zen, Neronen Domus Aurea jauregian. Hainbat monumentu eraikitzeko erabili izan da, hala nola Erromako Panteoian (I. mendekoa). Erromaren eraginez, Bizantziar Inperioan (Hagia Sofia eliza, VI. mendekoa) eta Islamdar arkitekturan (Arrokaren Kupula, VII. mendea) ere erruz erabili izan da.
Panteoiko kupula antzeratuz, Brunelleschik Santa Maria del Fiore katedralaren kupula eraiki zuen, Florentzian. Michelangelok ere San Petri Vatikanokoaren kupula eraiki zuen. Erromako eta Florentziako adibide hauek eragin handia izan zuten Europako eta Ipar Amerikako arkitekturan, Pizkundetik, Barroko eta Neoklasizismoa arte.
Islamaren munduan, kupulen garai gorena XVI. eta XVIII. mende artean izan zen, otomandarrek, safavidarrek eta mogolek kupula goratuak erabili zituztenean eraikin erlijiosoei transzendentzia zerutiarra emateko asmoz. Garai honetako maisulanak dira, besteak beste, Sultan Ahmed meskita, Xahren meskita eta Badshahi meskita.
Kupula ugarik, batez ere pizkundetar eta barrokoek, lanterna izeneko egituratxo bat daukate gailurrean, aireztapena ahalbidetu eta argia sartzen uzteko. Egituratxo hau bizantziar arkitekturan sortu zen, eta mendeetan zehar dekorazio elementu garrantzitsu bihurtu dira.
Euskal Herrian ezaguna da Loiolako santutegiko basilikaren kupula, barroko erromatarreko estiloan, Carlo Fontana arkitekto italiarrak diseinatua eta, besteak beste, Inazio Iberok eraikia.
Eduki-taula
Motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Hainbat dira kupula motak, itxuraren eta egituraren arabera:
- Kupula esferiko: esfera itxurako kupula
- Kupula beheratu edo apaldu: esfera erdia baino beheratuagoa dena
- Kupula goratu edo zorrotz: esfera erdia baino goratuagoa dena
- Kupula elipsoidala: oinarria elipse itxura duena.
- Erraboil-kupula: erraboil edo tipula itxura duen kupula, gehienetan islamdar arkitekturan eta eliza ortodoxoetan erabilia
- Petxina-kupula: petxinen gainean eraikia
- sare-kupula: kupularen egitura sare itxura duena
- kupula geodesiko
Diametro handienak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Taula honek diametro handienak izan dituzten kupulak sailkatzen ditu, garaika antolatuak:
| Garaia | Diametroa | Izena | Kokapena | Egilea | Oharra |
|---|---|---|---|---|---|
| K.a. 1250– K.a. I. mendea |
14,5 m [3] | Atreoren altxorra | Mizenas, Grezia | Miznasko hiri-estatua | Irtenune-kupula |
| K.a. I. mendea– K.a. 19 |
21,5 m [4] | Merkurioren tenplua | Baiae, Italia | Erromatar Inperioa | Lehen kupula monumentala[5] |
| K.a. 19– II. mende hasiera |
25,0 m [6] | Agriparen Termak, 'Arco della Ciambella' |
Erroma, Italia | Erromatar Inperioa | Kupuladun lehen termak Erroman [6] |
| II. mende hasiera– 128 |
30,0 m [7] | Trajanoren Termak | Erroma, Italia | Erromatar Inperioa | Kupula erdia |
| 128–1436 | 43,4 m [4] | Panteoia | Erroma, Italia | Erromatar Inperioa | Orain arte munduko handiena armatu gabeko hormigoiz.[8] Mendebaldeko kupula eraikuntzaren arketipoa[4][9] |
| 1436–1881 | 45,52 m | Santa Maria del Fiore | Erroma, Italia | Florentziako artxibarruti katolikoa | Kupula oktogonala. Orain arte munduko handiena adreiluz eta morteroz eginikoa. |
| 1881–1902 | 46,9 m [10] | Devonshire Royal Hospital | Buxton, Erresuma Batua | Cotton Famine Relief Fund | Arbelez estalitako burdinazkoa (Robert Rippon Duke ark.) |
| 1902–1913 | 59,45 m [11] | West Baden Springs Hotel | West Baden, AEB | Lee Wiley Sinclair | Altzairuzko eta beirazkoa (Harrison Albright ark.) |
| 1913–1930 | 65,0 m [12] | Hala Ludowa | Wrocław, Polonia | Alemaniar Inperioa | Hormigoi armatuzkoa (Max Berg ark.) |
| 1930–1955 | 65,8 m [13] | Leipzig merkatu aretoa | Leipzig, Alemania | Hormigoi armatuzkoa (Franz Dischinger ark.) | |
| 1955–1957 | 101,5 m [14] | Bojangles' Coliseum | Charlotte, AEB | Thompson and Street | Altzairuzkoa (Odell and Associates ark.) |
| 1957–1965 | 109 m [15] | Belgradoko feria (1. aretoa) | Belgrado, Serbia | Belgradoko feria | Munduko handiena aurreatezatutako hormigoiz. |
| 1965–1975 | 195,5 m (642 ft) [16][17] |
Reliant Astrodome | Houston, AEB | H.A. Lott, Inc. | |
| 1975–1992 | 207 m [17] | Louisiana Superdome | New Orleans, AEB | Blount International[18] | Altzairuzkoa (Nathaniel Curtis ark.) |
| 1992–2001 | 256.0 m [19] | Georgia Dome | Atlanta, Estatu Batuak | Brasfield & Gorrie | Tentsegritate egitura |
| 2001–2009 | 274 m [20] | Ōita estadioa | Ōita, Japonia | Kisho Kurokawa | Sabai tolesgarria |
| 2009–egun | 275 m | Cowboys Stadium | Arlington, AEB | HKS, Inc. | Sabai tolesgarria |
Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- ↑ Gopoil Zehazki hiztegian
- ↑ Kupula sarrera Harluxet hiztegi entziklopedikoan
- ↑ Atreoren altxorra
- ↑ a b c Robert Mark, Paul Hutchinson: "On the Structure of the Roman Pantheon", Art Bulletin, Vol. 68, No. 1 (1986), p.24
- ↑ Rasch, 1985, 118or.
- ↑ a b Werner Heinz: "Römische Thermen. Badewesen und Badeluxus im römischen Reich", München 1983, ISBN 3-7774-3540-6, p.60-64
- ↑ Rasch, 1985, 119 or.
- ↑ Romanconcrete.com
- ↑ Werner Müller: "dtv - Atlas Baukunst I. Allgemeiner Teil: Baugeschichte von Mesopotamien bis Byzanz", 14. Aufl., 2005, ISBN 3-423-03020-8, p.253
- ↑ E. P. Copp: "The Devonshire Royal Hospital Buxton", Rheumatology, Vol. 43 (2004), p.385
- ↑ Wayne Curtis: "Back home in Indiana", Preservation, Vol. 59, No. 3 (2007), pp.40-47
- ↑ UNESCO World Heritage: Centennial Hall in Breslau
- ↑ Leipzig Market Hall
- ↑ Survey and Research Report on the Charlotte Coliseum, cmhpf.org, http://www.cmhpf.org/Surveys&rCharlotte%20Coliseum%20Update.htm.
- ↑ Belgrade Fair (Beogradski Sajam), Hall 1
- ↑ Encarta: Kuppel. Archived 2009-10-31.
- ↑ a b Encyclopædia Britannica: Astrodome
- ↑ Air University: Eagle Biography: Winton M. "Red" Blount
- ↑ Building Big Databank: Georgia Dome, PBS Online/WGBH
- ↑ "Big Bigger Biggest - Series 2: Episode 9 - Dome", Windfall Films Ltd.
|
||||||||||||||