Edukira joan

Kurialak

Wikipedia, Entziklopedia askea

Kurialak (latinez, curiales) Erromatar probintzietako hirietako goi mailako klasea zen, Erroman Senatarien klasearen imitazioa. Klase horretatik aukeratzen zituzten hiriko administrazioaz arduratzen ziren. Antza, kurial hitzak dekurioi hitza ordezkatu zuen.

Antzinako Erroman, gens (klan) baten kide nagusiak izan ziren hasieran. Eginkizun zibil eta sakratuak zituen eta gens curialis bakoitzean buru bat zuen, curio esaten zitzaioan. Batzarren antolaketa curio maximus-aren eskuetan zegoen.

Italiako kolonia latindarretan herritarrak erromatar hiritar bihur zitezen baimentzean, K.a 125. urtean, dekurioi postua sortu zuen Erromak leialtasuna ziurtatu nahian.[1][2]

Erromatar administrazio zibikoa inperioko herri eta hirietan erreplikatu zen erromatarren kontrolpean geratu zirenean. Inperio Berantiarrean, kurialak tokiko kurian magistratu eta dekurioi gisa zerbitzatzen zuten merkatari, negozio-gizon eta maila ertaineko lur-jabeak izan ziren.

Inperioaren hasieran, herritar aristokratikoek aktiboki bilatu zuten postua ospe marka gisa. Antzokiko lehen ilaran eserlekuak erabiltzeko ohorea zuten eta honestiores (gizon ohoragarriak) klasean onartzen zituzten. Behin hautatuak izan ondoren, diru kopuru handiak ordaindu behar izaten zituzten lan publikoak egiteko; normalean, dekurioiak elkarren artean lehiatzen ziren, komunitatea tenpluz, bainuz eta beste instalazio publiko batzuez hornitzeko, bai eta jokoak eta jaiak antolatzeko.[3] Dekurioiak ziren herri mailako pertsonaia politiko boteretsuenak. Kontratu publikoez, erritu erlijiosoez, entretenimenduaz, eta ordena bermatzeaz arduratzen ziren. Eta agian, garrantzitsuena zena, tokiko zerga-bilketa ere gainbegiratzen zuten.

Dominatuaren garaian (284 eta geroago), inperioaren finantzek zerga bilketarako neurri zorrotzagoak eskatzen hasi zirenean, dekurioi posizioak estatusaren ikur izateari utzi zion, eta nahi ez zen funtzio publiko bihurtu zen.[1] Garai hartan oraindik, kurialen klasea eta dekurioi kargua aristokraziara mugatuta zeuden, eta espero zen dekurioiek beren poltsikoekin konpentsatuko zutela zergen tokiko bilketako defizit oro. Gainera, lehendik ere, hiriko ohiko administrazio gastuak euren poltsikotik ordaintzen zituzten askotan, prestigioa irabazteko. K.o. III. mendearen erdialdetik aurrera, gastu hori betebehar bihurtu zen, Konstantino I.ak (agin: K.o. 306-337) hirien zuzkidurak, tokiko zergak eta kuotak, hiriko lurren eta eraikinen alokairua konfiskatu baitzituen. Julianok itzuli zituen, baina Valentiniano I.ak (363-375) eta Valentek (364-378) baliabideak berriz konfiskatu zituzten. Herena itzuli zieten Koroaren altxorretik ordainduta; administrazio zentralak hiriko ondasunak aurrekontuan bereizitako elementu bilakatu ziren. Azkenean, haien kudeaketa hirietara itzuli zen.

IV. mendetik aurrera, beraz, dekurioiek presio handia jasan zuten, eta hiriek ere zailtasunak izan zituzten beren azpiegitura eta zerbitzu publikoak mantentzeko, baita gobernu inperialaren laguntzarekin ere. Dekurioiak, gainera, zerga inperialak biltzeaz arduratzen ziren, armadarentzako janaria eta ostatua ematen zituzten, eta posta inperiala (cursus publicus) babestu behar zuten. Postaren gastua probintzietako lurjabeen ordaindu behar zuten, baldin eta beraien lurretatik igarotzen bazen.

IV. eta V. mendeetan zehar, kurial klaseko kide izatea ekonomikoki hondamena izan zitekeen, aberatsenentzat izan ezik (kasu askotan, beren betebeharretatik salbuetsiak egoteko eskubidea erosi zezaketenak), batez ere mendebaldean, barbaroen erasoak eta haien kokapenak modu nabarmenagoan jasan baitzuten. Dekurioi ez izateko, kurial asko ihes egiten saiatu ziren, armadan, gobernu inperialean edo Elizan izena emanez, edo senatari maila lortuz, horrela, hiri administraziotik salbuetsita egotea lortzen baitzuten. Horren aurrean, gobernu inperiala "ihesak" eragozten saiatu zen; betebeharrak bete aurretik ihes egin zutenak, edo haien semeak, aurkitu eta hiri kontzejuan parte hartzera behartzen zituzten. Dekurioi askok legez kanpo utzi zituzten beren postuak, zama hori arintzeko ahaleginean; aurkituz gero, jabetzak konfiskatu edo exekutatu ere egiten zituzten.[4]

Juliano enperadorea egoera horri aurre egiten saiatu zen, kurialen kontzejuen tamaina handituz, karga uniformeago zabalduz, eta dekurioi kargua merkeagoa izan zedin. Saiakera horrek ez zuen arrakastarik izan, eta Juliano bera hil egin zen politika hark emaitzak eman baino lehen. Egoera konpontzeko beste ahalegin batzuek ere porrot egin zuten, eta udal kontzejuek garrantzia galdu zuten Erroma Berantiarrean, V. mendean, hirien gobernua “handikien” eskuetan erori zen gero eta gehiago: senatariak, handikiak, estamentudun ofizial militar ohiak, kurial ohi aberatsagoak, apezpikuak, goi mailako ofizial inperialak eta salbuetsitako zenbait klase profesional, hau da, kurialak izan ezin zituenak, hain zuzen.[5][6][7]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b Bury, J.B. History of the Later Roman Empire, 1. kapitulua
  2. Salmon, E. T. (1969) Roman Colonization, London : Thames & Hudson. 118 or.
  3. «Decuriones - Livius» www.livius.org.
  4. (Ingelesez) Peden, Joseph R.. (2017). «Inflation and the Fall of the Roman Empire» Mises Daily (Mises Institute).
  5. J. f. Haldon (1990) Byzantium in the Seventh Century. 96-99 or.
  6. A.H.M. (1964) Jones, Later Roman Empire. 724-757
  7. Ramsay MacMullen, Corruption and the Decline of Rome, 1988, passim.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]