Kurlinta bekaindun

Wikipedia, Entziklopedia askea
Kurlinta bekaindun
Whimbrel Numenius phaeopus.jpg
Iraute egoera

Arrisku txikia (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaAves
OrdenaCharadriiformes
FamiliaScolopacidae
GeneroaNumenius
Espeziea Numenius phaeopus
Linnaeus, 1758
Banaketa mapa
Numenius phaeopus distribution map.svg
Datu orokorrak
Zabalera 1,07 m
Kurlinta bekaindunak elikatzen.

Kurlinta bekainduna (Numenius phaeopus) scolopacidae familiako hegazti zangaluzea da[1]

Eurasian eta Ipar Amerikan bizi den hegazti hau neguan Australasiara, Afrikara, Hego Amerikara eta hegoaldeko Ipar Amerikara migratzen da.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hegazti limikolen artean handienetakoak dira kurlintak. Kurlinta handia baino txikiagoa da hau, 40-42 cm arteko luzera eta 76-89 cm arteko hego-zabalera ditu[2] eta batazbeste 430 gramo pisatzen ditu. Kurlinta biek antzerako itxura dute, lumaia gris-arrea eta bizkarraldeko lumak ilunagoak dira sabelaldekoak baino. Gorputz osoan lerro ilun ez-jarraitu ugari dituzte. Handiak ez bezala, buruan lerro markatuak ditu, pileo luna eta bekaiz zuria, hortik bere izena. Begi partean berriz marra iluna du eta masaila zurixka. Mokoa luzea eta kurbatua du, handiarena baino pixka bat motzagoa. Hankak grisak dira[3].

Ez du sexu dimorfismorik agertzen eta gazteak eta helduak bereiztea ere ez da erraza izaten[2].

Habitata[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ipar Amerika eta Europako iparraldeko lurretan bizi da, hala kostaldean nola kontinente barnean, tundra eremuetan batez ere. Neguan hegoaldera migratzen du, Hego Amerika eta Afrikako kostaldetara. Gure artean migrazio garaian ikusten da, beti ere kostaldean, Txingudin[4] eta Inurritzan[5] esate baterako.

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hegazti orojalea da eta urtesasoiaren arabera animalia eta landare jatorriko elikagaien proportzioa aldatzen du. Mokoarekin hareatzak arakatzen ditu ornogabe txikien bila, krustazeo, poliketo eta moluskuak batez ere[3]. Intsektuak ere harrapatzen ditu, Tirumala limniace tximeleta bereziki. Migrazio garaiaren aurretik fruituak jaten ditu kopuru handitan[2].

Ugalketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurzoru biluzian edo landaretza gutxi dagoenetan zulo bat egiten du eta bertan beis edo oliba koloreko 3-4 arrautza jartzen ditu, orban ilun ugari dituztenak. Habia defendatzeko orduan hegazti oldarkorra da eta gizakiari berari ere aurre egiten dio. 27-28 egunetan zehar txitatzen ditu eta jaio bezain laster nahiko autonomoak dira txitak. 35-40 egunetan erabat garatuta egoten dira[2].

Taxonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Carl von Linneok deskribatu zuen 1758 urtean Systema naturae liburuan. Kurlinta bekaindunak zazpi azpiespezie ditu[6]:

  • Numenius phaeopus alboaxillaris, (Lowe, 1921), Erdialdeko Asian bizi dena.
  • Numenius phaeopus hudsonicus, (Latham, 1790), Hudson badiaren inguran bizi dena.
  • Numenius phaeopus islandicus, (Brehm, 1831), Islandian, Groenlandian, Faroetan eta Eskozian bizi dena.
  • Numenius phaeopus phaeopus, (Linnaeus, 1758), iparraldeko Europan bizi dena, Norvegia eta Siberia artean.
  • Numenius phaeopus rogachevae, (Tomkovich, 2008), Siberia erdialdean bizi dena.
  • Numenius phaeopus rufiventris, (Vigors, 1829), Alaska eta Kanada mendebaldean bizi dena.
  • Numenius phaeopus variegatus, (Scopoli, 1786), Siberiaren ipar-ekialdean bizi dena.

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Mullarney, K., Svensson, L., Zetterstrom, D., Grant, P. J. (1999). Collins Bird Guide. Londres: HarperCollins. ISBN 0-00-219728-6.
  2. a b c d «Zarapito trinador» SEO/BirdLife.
  3. a b «Zarapito Trinador» www.pajaricos.es . Noiz kontsultatua: 2020-01-03.
  4. Gutiérrez, Itziar. (2014-09-21). «Plaiaundiko Hegaztiak - Aves de Plaiaundi: El final del verano» Plaiaundiko Hegaztiak - Aves de Plaiaundi . Noiz kontsultatua: 2020-01-03.
  5. «Kurlinta bekainduna Iñurritzako biotopoan -» Zarauzkohitza.eus . Noiz kontsultatua: 2020-01-03.
  6. www.worldbirdnames.org . Noiz kontsultatua: 2020-01-03.