Parmako kartusia

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
La Chartreuse de Parme» orritik birbideratua)

Parmako kartusia
Datuak
IdazleaStendhal (1846)
Argitaratze-data1839
GeneroaEleberria
Jatorrizko izenburuaLa Chartreuse de Parme
Herrialdea Frantzia
Euskaraz
IzenburuaParmako kartusia
ItzultzaileaJon Muñoz
Argitaratze-data2007
BildumaLiteratura Unibertsala
Orrialdeak711
ISBN9788497835329

Parmako Kartusia (frantsesez: La Chartreuse de Parme) Stendhalek idatzitako nobela bat da, eta 1839an argitaratu zen[1]. Napoleonen garaiko eta ondorengo italiar noble baten istorioa kontatzen du, eta Balzacek, Tolstoik, André Gidek, di Lampedusak eta Henry Jamesek miretsi zuten. Alessandro Farneseren gaztaro deseginari buruzko bertsio italiar faltsu bat du eleberriak oinarri. Nobela operara, filmera eta telebistara egokitu zuten[2].

Izenburuak kartusiar monasterio bati egiten dio erreferentzia; nobelaren azken orrialdean bakarrik aipatzen da eta argumentuan ere ez da modu esanguratsuan islatzen.

Laburpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Parmako Kartusia nobelak Fabrice Del Dongo italiar noble gaztearen abenturak kontatzen ditu, 1798an jaio zenetik hil zen arte. Fabricek bere lehen urteak familiak Comoko aintziran zuen gazteluan pasatu zituen, eta nobelaren gainerako parte handiena fikziozko Parman garatzen da (bi tokiak gaur egungo Italian daude).

Nobelaren hasieran, armada frantsesak, Milanen sartuta, Austriaren aliatua den Lombardiako eskualde lokartua astintzen du. Fabrice frantsesen aldeko eta kontrako azpijoko eta aliantzaz inguraturik hazten da: bere aitak, markesak, vienarren espioi gisa irudikatzen du bere burua txantxetan. Fabriceren arbasoa teniente frantses bisitari bat izan zitekeela iradokitzen da. Nobelaren lehen zatiak Fabricek Napoleonekin bat egiteko egindako ahalegin nahiko kixoteskoa deskribatzen du, Napoleon 1815eko martxoan Frantziara itzuli zenean (Ehun Egunak). Hamazazpi urte dituenean, Fabrice idealista da, nahiko inozoa eta frantses eskasa hitz egiten du. Hala ere, ez du amore ematen, eta, Comoko aintzirako etxea utzi, eta paper faltsuekin iparraldera doa. Frantzian zehar dabil noraezean, dirua eta zaldiak galtzen. Espioi gisa espetxeratzen dute, baina ihes egitea lortzen du kartzelariaren emaztearen laguntzaz, hura Fabricerekin maitemintzen baita. Husar frantses hil baten uniformea jarrita egiten du ihes. Soldadu frantziar baten rola hartzeko irrikan, Waterlooko gudu-zelaira sartzen da.

Stendhalek, Napoleonen zenbait kanpainatako beterano izanik (Moskuko erretirotik bizirik atera zenetako bat izan zen 1812an), Waterlooko gudu ospetsua gai kaotiko gisa deskribatzen du: soldaduak arrapaladan doaz alde batetik bestera, balek inguruko zelaiak zeharkatzen dituzten bitartean. Fabrice, aurrena, Ney mariskalaren guardiarekin elkartzen da; gero, bere aita izan zitekeenarekin gurutzatzen da kasualitatez (Fabriceren zaldiaz jabetzen dena), prusiar zalditeriako soldadu bati tiro egiten dio, hura eta bere erregimentua ihesi doazen bitartean, eta zortea izango du, zangoan zauri larri bat izanagatik, bizirik iraungo duelako. Zauri hori erretiran dagoen zalditeriako soldadu frantses batek egiten dio. Azkenean, bere familiaren gaztelura itzultzen da, zaurituta, hondatuta eta bere buruari galdezka: «Benetan egon al nintzen batailan?» Fabricek berehala ihes egin behar du, anaia zaharrenak, gaixorik eta goibel, salatu egiten baitu. Nobelaren amaiera aldera, bere ahaleginen ondorioz, jendeak Napoleonen kapitain edo koronel ausartenetako bat izan zela esango du.

Une honetatik aurrera, nobelak Fabricerengana eta bere izeba Ginarengana (aitaren arreba) bideratuko du arreta. Ginak Parmako Lehen ministroa (Mosca Kondea) ezagutzen du eta haren lagun egiten da. Mosca Kondeak proposatzen dio Sanseverina Dukearekin ezkontzeko. Gizon aberatsa da dukea, eta hiritik kanpo egongo da urte askoan, enbaxadore lanetan; horrela, kondea eta Gina maitaleak izan daitezke, garaiko arau sozialei uko egin gabe. Ginak hauxe erantzuten dio: “ba al dakizu, ordea, proposatzen didazun hori erabat moralaren aurkakoa dela?”. Hala ere, azkenean onartu egiten du eta, horrela, hilabete batzuen buruan, Gina goi mailako gizartearen parte bihurtzen da Parmako elite aristokratiko txikian.

Ginak, orain Sanseverina Dukesa denak, bere iloba atsegin du hura Frantziatik bueltatu zenetik. Napoleonekin batzea ilegala denez, Gina eta Mosca Kondea gaztearentzako errehabilitazio arrakastatsua planifikatzen saiatzen dira. Mosca Kondearen asmoa hauxe da: Fabrice Napoliko apaiztegira joatea, eta graduatzen denean Parmara etortzea, erlijio-hierarkiako figura garrantzitsu bihur dadin, artzapezpikua hain zuzen, egungoa zaharra baita.

Nobelak, gero, Ginaren eta Mosca Kondearen bizitzaren deskribapen zehatza egiten du, Parmako Kartusian bizi direlarik, (kartusiaren izena Ranuce-Erneste IV zen). Stendhalek hamarkadak igaro zituen diplomatiko profesional gisa Italiako iparraldean, eta gortearen kontakizun bizia eta interesgarria eskaintzen du, nahiz eta deskribatzen duen guztia erabat fikziozkoa izan, Parmako Dukesa Maria Luisak gobernatzen baitzuen nobela idatzi zen garaian (Maria Luisa Napoleonen bigarren emaztea zen).

Hainbat urtez Napolin teologia ikasketak egin ondoren, eta bertako emakumeekin erromantze asko izan ondoren, Fabrice Parmara itzultzen da. Fabricek uste du ez dela maitemintzeko gai izango, baina sorpresa hartzen du Ginarekin maitemintzean. Narratzaile orojakileak azaltzen du biek sentimendu berdinak dituztela, baina pertsonaiek ez dutela inoiz beren bihotza zabaltzen.

Fabrice antzezle gazte batetaz maitemintzen da. Neskaren manager eta maitaleak ez du harreman hori gustuko eta, horregatik, Fabrice erailtzen saiatzen da. Bien arteko borrokan, Fabricek managerra hiltzen du eta Parmatik Boloniara ihes egitea erabakitzen du, badaki eta Parman ez dutela era zuzenean epaituko. Parmara ezkutuan bueltatu ondoren, Fabrice Boloniara bueltatzen da eta bertan denbora luzez saiatuko da Fausta izeneko soprano erakargarri batekin harremana edukitzen. Bitartean, epaileek Fabrice hilketaren errudun dela deskubritzen dute. Fabrice hilko ote duten beldurtuta, izeba Gina Printzea ikustera doa Fabriceren bizitzagatik errukia eskatzera. Hura salbatzen ez badu, Parmatik alde egingo duela jakinarazten dio printzeari. Printzea saminduta sentitzen da Ginaren duintasuna eta independentzia ikusita, eta beldurturik sentitzen da, Gina gabe haren gortea aspergarria izango delako eta agian emakumeak herria uzten duenean haren lurraldeari buruzko gauza txarrak esango dituelako. Fabrice askatzeko intentzioa duela dio, beraz. Ginaren eskaria betetzen du eta Fabrice askatzeko idazkia sinatzen du. Baina Kondeak, haren diplomazia mantentzeko saiakeran, ez du esaldi garrantzitsu hau idazten: “prozedura bidegabe horrek ez du jarraipenik gerora izango”. Hurrengo goizean, Fabricek kartzelan hamabi urte bete behar dituela dioen dokumentu bat sinatzen du Printzeak, askatzeko eskatzen duen idazkia baino egun bat lehenago idatzia.

Hurrengo bederatzi hilabeteetan, Gina Fabrice askatzeko plana egiten hasten da. Gainera, Fabricerentzat izan beharko lirateeken mezu sekretuak aurkitzen ditu dorrean, bertan dagoen telegrafia optikoari esker. Ginarengan presio gehiago jartzeko, Printzeak Fabrice hilko dutela dio, baina txutxumutxu soilak dira. Hori gertatzen den bitartean, Fabrice ez dago larriturik, pozik bizi da Clélia Contiz, komandantearen alabaz, maitemindu delako. Fabricek kartzelako leihotik ikus dezake bere maitea, neskatxak bere txoriak zaintzen dituenean. Maitemindu egiten dira eta, denbora pasatu ahala, Fabricek neska konbentzitzen du harekin liburuetatik apurtutako orrietako letrak erabiliz komunikatzeko.

Fabricek ez die Ginaren askatzeko planei kasurik egiten, horrela pozik dago eta. Baina, azkenean, Ginak konbentzitu egiten du eta Cléliak ezkutuan hiru soka luze ematea lortzen du. Fabricek buruan duen gauza bakarra da aske denean Cléliarekin elkartu ahalko duen ala ez. Baina Clélia oso errudun sentitzen da, egindako plana aitak esandakoaren aurkakoa delako eta hori berarentzat pozoia edatea bezain txarra delako. Horregatik, Ama Birjinari hitzematen dio ez duela Fabrice berriro ikusiko eta aitak dioen guztia egingo duela.

Ginak Parmako Printzea hiltzeko plana martxan jartzen du. Printzea Ferrantek hilko du (poeta, bidelapur eta asasino denak), Ginataz maitemindu baita, Ginak bueltan maite ez duen arren. Mosca Kondea Parman gelditzen da, eta Printzea hiltzen denean (nahiko argi geratzen den moduan, Ferrantek pozoinduta) zenbait matxinok aurrera zeramaten iraultza bukatzen du eta haren semea tronuko Printze bezala koroatzen du. Parmako Printze berria (21 urte soilik dituena) Ginataz maitemintzen da. Fiskalak altxamenduaren inguruan egindako akusazioak gutxinaka egirantz bideratzen doazenean, Ginak Printze berria konbentzitzen du dokumentu guztiak erre ditzan.

Mosca Kondeak Fabrice bikario orokorra izatea nahi du, eta Gina eta Fabrice konbentzitu nahi ditu Fabrice bere borondatez itzul dadin absolbitua izateko. Herriko kartzelan sartu beharrean, Fabrice Farnese Dorrera bueltatzen da Clélia gertuago eduki ahal izateko. Mendeku modura, Conti Jenerala Fabrice pozoitzen saiatzen da, baina Cléliak pozoindurik zegoen janaria jateaz salbatzen du. Gina atsekabeturik dago eta, horregatik, Printzearen ideia onartzen du: Fabrice kartzelara berriro sartzea, eta, trukean, Gina printzearekin geratzea. Ginak baietz dio, ia derrigorturik. Hiru hilabete beranduago, Printzeak berarekin ezkontzeko eskatu dio Ginari, baina Ginak ezetz esaten dio. Men egingo die Printzearen behar fisikoei, baina berehala egingo du alde. Gina ez da bertara inoiz bueltatuko, eta Mosca Kondearekin ezkonduko da. Clélia Markes aberatsarekin ezkonduko da, Cleliaren aitak horrela erabakita. Horregatik, Clélia eta Fabrice ez dira, ez batera eta ez pozik biziko.

Azkenean, Fabricek eliza katolikoko Bikario Nagusi bezala dituen betebeharrak onartzen ditu, eta haren hitzaldiak herri osoan zehar egiten dira famatu. Fabricek hitzaldi horiek ematen baditu, Clélia bertan agertuko delako esperantzagatik da, horrela Clelia berriz ikusi eta harekin hitz egin ahalko duelako. Bereizita pasatu dituzten hamalau hilabeteetan asko sufritu dute biek eta, horregatik, neskak Fabricerekin egunero elkartzea onartzen du, baina gaueko iluntasunean. Izan ere, Cléliak Madonnari, hau da, Ama Birjinari, promes egin zion, ez zuela Fabrice ikusiko, eta ez du promesa apurtu nahi, zigortua ez izateko. Urte bat beranduago, seme bat dute. Umeak bi urte dituenean, Fabricek umea biek batera zaintzea eskatzen du, bakarrik sentitzen delako eta bere umeak etorkizunean maiteko ez duenaren beldur delako. Cléliak eta Fabricek plan bat asmatzen dute: umea gaixotasunaren ondorioz hil dela esango dute, baina, berez, gertu dagoen etxe handi batera eramango dute; horrela, biek bisitatu ahalko dute egunero. Zenbait hilabete pasatu ondoren, umea hil egingo da benetan eta, hilabete batzuk beranduago, Clélia. Hura hil ondoren, Fabrice Parmako Kartusiara (Kartusiar monastegira) erretiratzen da. Urte bat igaro baino lehenago, bera ere hiltzen da. Gina, Mosca Kondesa, beti egon da Fabricetaz maiteminduta eta haren maitearen heriotzetik denbora gutxira hiltzen da. Nobela epiteto honekin bukatzen da: “Zorioneko gutxi horientzat”.

Pertsonaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nobelako pertsonaiak haien noblezia-tituluen edo, batzuetan, abizenen izenpean agertzen dira. Hala ere, ipuinean zehar gertatzen diren ezkontzak zein titulu-eskuratzeak direla medio, horietako asko aldatu egiten dira.

Del Dongo familia

  • Fabrice Del Dongo, Lombardia-Venezia Erresumako Como aintziran dagoen Grianta gazteluko Del Dongo Markesaren bigarren semea. Ezizen asko hartzen ditu eta pasaporte faltsuak erabili ere bai, besteak beste: Vasi (barometroen merkatari bat), Boulot (hilda dagoen husar frantses bat), Giletti eta Giuseppe Bossi.
  • Del Dongo Markesa, Fabriceren ama, Markesa bezala agertzen da.
  • Del Dongo Markesa, Fabriceren aita, pertsona hotz eta erreakzionarioa.
  • Gina Pietranera Kondesa, Fabriceren izeba eta ongilea, hasieran Kondesa bezala agertzen da eta, beranduago, Sanseverina Dukesa (Sanseverina-Taxis) edo, besterik gabe, Dukesa bezala.

Parmako Aristokrazia Politikoa

  • Ranuccio-Ernesto IV. Printzea, Parmako gobernaria, Printzea bezala agertzen da.
  • Ernesto V. Printzea, Ernesto IV.aren semea eta ondorengoa, hura ere Printzea bezala agertzen da.
  • Clara-Paolina, Parmako Printzesa, Ernesto IV.aren emaztea eta Ernesto V.aren ama, Printzesa bezala agertzen da.
  • Mosca Kondea, Parmako Lehen Ministroa, Polizia Ministroa eta beste hainbat titulu dituena, denbora luzez Ginaren maitalea, Conte bezala agertzen da.
  • Fabio Conti jenerala, Parmako zitadelako eta espetxeko zuzendaria.
  • Rassi Fiskal Nagusia, politikari ezgai eta erreakazionarioa, «ohorerik zein umorerik gabeko gizona», Rassi Fiskala edo Justizia-jauna bezala agertzen da.
  • Raversi Markesa, Moska Kondearen etsaia eta Rassiren konspirazio-laguna, «azpikeriatan bikain moldatzen den emakumea», Raversi bezala agertzen da.
  • Aita Landriani, Parmako artzapezpikua.

Fabriceren maitaleak, lagunak eta etsaiak

  • Marieta, aktore komiko bat, Fabriceren lehen maitalea.
  • Giletti, aktore komiko bidaiari bat, Mariettaren maitale trauskila. Fabricek hil egiten du.
  • Crescenzi Markesa, Cleliarekin ezkondutako aristokrata aberats bat.
  • Ferrante Palla, poeta bikaina, iraultzailea eta, agian, zoroa, bere buruari inposatutako pobrezian bizi dena. Ginaren aliatua da eta berarekin txora-txora eginda dago.
  • Priore Blanes, Griantako parrokiako apaiza eta astrologoa. Fabriceren hasierako aholkularia da, eta protagonistaren bizitzari buruzko iragarpenak egiten ditu.
  • Ludovico, Fabriceren betidaniko zerbitzari eta laguna.

Itzulpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskararako itzulpena (Parmako Kartusia) Jon Muñozek egin zuen, 2007an, Alberdania argitaletxean. Beñat Sarasolak 2008an Berrian argitaratutako kritikan honakoa esan zuen: “XIX. mendeko nobela sendoenetakoa da honakoa, eta plazerez irakurri ahalko du nobela molde klasikoak maite dituen egungo irakurleak. Luzea izanagatik, ez da, inolaz ere, testu neketsu eta aldrebesa”[3]. Inma Erreak Diaro de Noticias egunkarian egindako kritikan, berriz, honakoa zioen: “Miragarria da, bestalde, kontakizun korapilatutakoez osaturiko nobela mardul honetan irakurleek gertaeren matazan galtzeko arriskurik ez izatea”[4].

Esanahi literarioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pasarte batzuetan intriga eta abentura uztartzen dituen «thriller erromantiko» bat izateaz gain, Parmako Kartusia giza-naturaren, psikologiaren eta gorteetako politiken esplorazioa ere bada.

Nobela errealismoaren hasierako adibidetzat jotzen da, Stendhalek idazten zuen aroan ezaguna zen estilo erromantikoaren oso bestelakoa. Idazle askok lana iraultzailetzat jotzen dute[5]. Honoré de Balzacek bere garaiko nobelarik garrantzitsuena bezala jo zuen, eta Tolstoyrengan influentzia handia eduki zuen, Stendhalek Waterlooko Guduari eman zion tratamenduan oinarritu baitzen Tolstoy Borodinoko Gudua deskribatzerakoan (Gerra eta Bakea lanaren zati garrantzitsuenetakoa)[6]. André Gidek inoizko nobela frantsesik onena zela esan zuen, eta Henry Jamesek «dauzkagun hamabi nobela hoberenetakoen artean» sailkatu zuen[7].

Kritika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Stendhalek 52 egunean idatzi zuen liburua (1838ko azaroaren 4an hasi eta urte bereko abenduaren 26an amaitu zuen). Ondorioz, traman batere ongi aurkeztu gabeko elementu batzuk agertzen dira (adibidez, Ferrante poeta, bidelapurra eta hiltzailea bat-batean agertzen da ipuinean. Idazleak berak onartu zuen Ferrantek Ginarekin zuen harremana istorioan lehenago aipatu behar zukeela)[8].

Egokitzapenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Garzanti, Aldo (1974) [1972]. Enciclopedia Garzanti della letteratura (italiarrez). Milan: Garzanti.
  2. M.R.B. Shaw, Penguin Classics itzulpena 1958
  3. kritiken hemeroteka » Fabriceren abenturak eta desbenturak. (Noiz kontsultatua: 2022-07-20).
  4. kritiken hemeroteka » Bidaia erromantizismoan barna. (Noiz kontsultatua: 2022-07-20).
  5. Stendhal, Charterhouse of Parma, Heritage Press edizioa(1955), Balzac sarrera, viii. orria
  6. «Стендаль // Краткая литературная энциклопедия. Т. 7. — 1972 (текст)» feb-web.ru (Noiz kontsultatua: 2022-05-05).
  7. Daniel Mendelsohn (1999ko abuztuak 29). "After Waterloo". The New York Times on the Web.
  8. On the Road: The Original Scroll – Jack Kerouac, Books Review, The New York Times
  9. Christian-Jaque. (1948-02-21). La Chartreuse de Parme. Les Films André Paulvé, Scalera Film, Excelsa Film (Noiz kontsultatua: 2022-07-20).
  10. (Ingelesez) Before the Revolution. (Noiz kontsultatua: 2022-05-05).
  11. La certosa di Parma. France 3, I.T.F., RAI Radiotelevisione Italiana 1982-10-25 (Noiz kontsultatua: 2022-05-05).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]